Berria.infoko blog komunitatea

Login

Txinpantze biluzia

Juan Ignacio Perez Iglesias

2010-06-10

Permalink Orokorra, 505 hitz  

"f" faktorea

Kontu ezaguna da jende adimentsuak, oro har, osasun eta bizitza-kalitate onak dituela, bai eta luze bizi dela ere. Orain arte pentsatu dute hori gertatzen dela jende adimentsuak normalean euren bizimoduari buruzko erabaki hobeak hartzen dituelako. Baina baliteke zeharkako harreman horrez gain beste harreman zuzenagoa egotea ere; hau da, baliteke pertsona adimentsuak osoasuntsuagoak eta indartsuagoak izatea berez. Hori ere pentsatu dute batzuek.

Arden eta lankideen arabera (2009) (Intelligence, vol. 37: 277-282; doi:10.1016/j.intell.2008.11.001) korrelazio oso garaia dago itxuraz euren artean zerikusi zuzenik ez duten bi aldagaien artean, hazi-kalitatea eta adimena. Egileen arabera, arrakasta- edo egokitasun-faktore bat (fitness factor) egon daiteke zenbait ezaugarriren oinarrian, eta hori horrela balitz, zentzuzkoa litzateke ezaugarri horiek batera aldatzea. Beraz, biziraupenerako eta ugal-arrakastarako joera estatistiko gisa ulertu behar da hemen arrakasta.

Bestalde, oinarri genetikoa duten malformazio edo anomalien eta adimenaren arteko korrelazio negatiboa aurkitu du ikerketa-talde berberak (Arden et al, 2009; Intelligence; doi:10.1016/j.intell.2009.03.008). Egileen arabera, arrakasta- edo egokitasun- faktore (“f” faktore) beraren eraginari legokioke korrelazio negatibo hori. Ikerketa-taldearen aburuz bi izan daitezke zerikusi zuzenik ez duten ezaugarrien arteko harremanak egotearen arrazoiak.

Batetik, baliteke eragin pleiotropikoak dituzten geneetan egotea horren oinarria; gene batek ezaugarri fenotipiko batean baino gehiagotan eragin anitzak dituenean, “pleiotropikoak” esaten zaie eragin horiei. Eta bestetik, baliteke “assortive mating” ingelesezko esamoldeaz ezaguna den gertaeraren ondorio izatea ere; “irizpide sorta jakin baten araberako parekatzea” esaldi luzea atera zait “assortive mating” delako hori euskaraz emateko. Adigaia ongi ulertu badut, belaunaldiz belaunaldi, era sistematikoan, ezaugarri jakin batzuk bilatu dituzte bikotekide potentzialek bikotearen beste kidea aukeratzerakoan, eta horren ondorioz, bilaturiko ezaugarri horiek, batera agertzen dira orain. “Assortive mating” delako hori gertatu bada, banakoaren “kalitate genetikoa” islatzen duten ezaugarriak izango lirateke bai adimena bai eta kalitate espermatikoa eta malformaziorik eza ere.

Biziki interesgarria iruditu zait lanaren egileek bigarren artikuluan egin duten gogeta; horregatik sartu dut hemen:

“Adimen eta osasunaren arteko balizko kausa-harreman guztiez aritu beharko litzateke kognizio-epidemiologiaren esparrua, eta ez, orain arte gertatu den bezala, adimen fenotipiko, bizimodu, gizarte-giro eta osasunaren artekoaz bakarrik. Kognizio-epidemiologiak osasun-desberdintzak ezabatzea du helburuetako bat. Arrakasta- edo egokitasun-faktorearen gure hipotesia zuzena bada, beste begi batzuekin erreparatu beharko genieke osasun-desberdintzei. Baliteke talde sozioekonomikoen artean diren desberdintasunak gaizki dabilen gizarte baten emaitza ez izatea; hau da, baliteke bai osasun fisikoari bai adimen orokorrari -eta beraz, arrakasta sozioekonomikoari- eragiten dioten eragina duten mutazioen multzo baten isla izatea desberdintza horiek. Mutazio pleiotropikoen bitartez edo irizpide sorta jakin baten araberako parekatzearen bitartez, eboluzioak berak handitu ditzake banakoen artean dagoen kalitate genetikoaren tartea eta ezaugarrien arteko korrelazio genetikoak; gainera, gizabanako batzuen osasun-, hezkuntza- eta ekonomia-egoeraren itxurazko bidegabekeria maximizatzen da era horretara. Horrek, baina, ez luke inolako atsekaberik sortu beharko. Izan ere, zorroztasuna, ulermena, enpatia eta justiziaren sena ere eman dizkigu eboluzioak. Mundua den bezala ulertzeko gai diren eta aldi berean gizalegez jokatzen duten gizabanakoek, oinazea moteltzeko aukerak aurkitu dituzte beti, dohain horiek era egokian baliatuz”.

Deigarria da, benetan, nola babestu duten euren burua ikertzaileek paragrafo horren bitartez. Giza izaera den bezala edo eurek ikusi duten bezala aurkeztu izanagatik E. O. Wilsonek eta enparauek pairatu behar izan dituzten irain eta erasoei ekidin nahi izan diete horrela. Ea zorterik duten!

2010-06-01

Permalink Orokorra, 278 hitz  

Desleialtasunaz (II)

Aurreko batean, “desleialtasunaren” edo “bikotearengandik kanpoko sexuaren” kontua aztertu nuen hemen. Duela bi urte lan batean irakurri nuena azalduko dut oraingo honetan, eta ondorio nagusiei dagokienez, ez da urruntzen aurreko sarrera horren ondorioetatik. Hori bai, datu gehiago ematen dizkigu lan honek (P. G. Andrews et al, 2008; Human Nature, vol. 19: 347-373).

Human Nature aldizkarian argitaraturiko ikerketan 203 bikote heterosexuali egin zitzaien galdeketa bat. Emaitzen arabera, bikotekide batek bestearekin desleial jokatzen duenean oso erraza da azken honek desleialtasunaren susmoa izatea, baina desleialtasunik gabe ere, holako susmoak izatea ez da hain ezohikoa arraroa.

Euren bikotekideek beste batekin sexu-harremanik izan ote duten ala ez galdetu zitzaienean, zuzenak izan ziren emakumeen uste gehienak (%80), -baiezkoak edo ezezkoak-, eta are gehiago gizonezkoen kasuan, (%94). Hortaz, gehiagotan asmatzen dugu gizonek andrazkoek baino, kontu hauetan behintzat.
Era berean, euren bikotekidea desleial izan zaiela uste dutenean, %75en kasuetan asmatzen dute gizonek, eta askoz gutxiago asmatzen dute emakumezkoek, %41 bakarrik.

Horren truke, baina, gizonezkoek joera handiagoa dute euren bikotekideak desleial jokatzen duela pentsatzeko. Izan ere, gizonezkoen akats positibo (positibo faltsu) eta akats negatiboen (negatibo faltsu) arteko zatidura 1’22koa den bitartean, 0’18koa da bakarrik andrazkoen artean.

Oso zentzuzkoa da zehartasun hori eboluzio-teorien aurreikuspenen arabera, gizonezkoak ezin baitaitezke seguru egon euren seme-alaben aitatasunaz eta emakumezkoek baino askoz ere gehiago dute jokoan ezjakintzasun horretan. Azken batean, emakume batek bere bikotekidea ez den beste gizonezko batekin seme-alabak dituenean, ugaltzeko aukera gal lezake bikotekide arrak eta kontuan har dezagun, gainera, bere baliabideak bereak ez diren umeak hazteko erabiltzen ari dela; negozio txarra, beraz!

Hori dela eta, uztiz zentzuzkoa da gizonezkoek bere bikotekidearen desleialtasuna antzemateko tresnak garatu izana guztiz zentzuzkoa da. Emakumezkoen eta gizonezkoen ugaltze-taktikekin zerikusia du trebezia-desberdintasun horrek, baina horretaz, beste egun batean arituko naiz.

Erreferentzia: hemen

2010-05-25

Permalink Orokorra, 264 hitz  

Ona da semeak aitaren antza izatea

Semearentzat ona da, bai, aitaren antza izatea. Senegalen egin den ikerketa baten ondorioak irakurriz etorri zait burura baieztapen hori. Poliginia oso zabalduta dagoen herri batean egindako ikerketa da eta, aurrera jarraitu aurretik, argitu dezadan poliginia poligamia mota bat dela, gizonezko batek andrazko bikotekide bat baino gehiago duenean gertatzen dena hain zuzen ere.

Poliginia duten gizarteetan, gizonezko gazteek zailtasun handiak dituzte emakumezko bikotekide iraunkorra izateko. Bestalde, ezkonduta dauden andrazkoen artean oso status desberdinak daude; izan ere, emazte zenbait bigarren mailakoak dira familiaren barruan eta bigarren mailako horiek, normalean, tratu txarragoa jasan behar izaten dute senarrarengandik. Hori dela-eta, gizon gazte ezkongabeek eta bigarren mailako emakume ezkonduek pizgarri handia somatzen dute elkarren arteko sexu-harremanak izateko.

Hortaz, demografiaren eta eboluzioaren arloetako berbak erabiliz, gizon gazte horiek ugaltzeko aukeraren bat dute horrela jokatzen badute, eta euren ugal-postura dibertsifikatzen dute andrazkoek. Hori bai, jokaera horien ondorioz, handia da aitatasunaren gaineko ziurgabetasuna, eta horrek, semeekin aitak izango duen portaera baldintzatu dezake.

Aipatu ikerketan, gorputz-usaina eta aurpegiaren antzekotasuna erabili zituzten semearen eta aitaren arteko antzekotasuna “neurtzeko” irizpide gisa. Eta aurkitu zuten bere antza handiagoa duten semeak hobeto tratatzen dituela aitak. Hobeto tratatzeak esan nahi du arreta eta ahalegin handiagoa eskaintzen dietela seme horiei, eta horren ondorioz, hobe da seme horien elikatze- eta osasun-egoera.

Lorturiko emaitza horiek bat datoz ugal estrategien teoriaren arabera egindako aurreikuspenekin. Teoria horren arabera, oraingo seme-alabeei eskaintzen zaizkien baliabideak ezin izango dituzte erabili etorkizuneko seme-alabek. Hori dela-eta, aitatasunaren gaineko zalantzarik edo ziurgabetasunik badago, antzekotasun fenotipikoari dagozkion ezaugarriak erabiltzen dituzte aitek seme-alaben hazkuntzarako baliabideak nola bideratu erabaki behar dutenean.

Erreferentzia: Alexandra Alvergne, Charlotte Fauriek eta Michel Raymond (2009): Animal Behaviour; 78: 61-69.

2010-05-12

Permalink Orokorra, 165 hitz  

Musika eta hizkuntza tonalak

Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan, hamar mila gizabanakoen artean, batek bakarrik asma dezake, segurtasun osoz, zein den entzuten duen tonua, tonu hori bata zein bestea izanik.

Ahalmen hori apur bat handiagoa da musika-formakuntza duten pertsonen artean, eta 2006tik hona dakigun bezala, are handiagoa mandarin txinera, Kantongo txinera edo Vietnamera hitz egiten dutenen artean. Dirudienez, txikitatik tonu-hizkuntza bat hitz egitea da horren ahalmenaren oinarrian dagoena. Izan ere, tonu-hizkuntzetan, silabak ahozkatzen diren tonuaren menpekoa da, - era kritikoan gainera-, soinuen esangura.

Ausazko hurrenkeran emitituriko 3 oktabako 36 notak zein ziren ba ote zekiten galdetu zuten proba batean. Aipatu hizkuntza horiek hitz egiten zutenek noten %90 baino gehiago asmatzen zuten bost urte bete baino lehen hasita bazeuden musika ikasten, eta %90 baino apur bat gutxiago bost eta bederatzi urte bete artean hasita bazeuden musika ikasten. Ingeles hiztunek, berriz, noten %25 eta %12 bakarrik asmatzen zuten kasu bakoitzean.

Oharra: Californiako Unibertsitateko (La Jolla) Diana Deutsch psikologoak zuzentzen duen lan taldeak erdietsiriko datuetan oinarrituta dago informazio hau eta Journal of Acoustical Society (125, 2398 or.) aldizkarian argitaratu dute.

2010-05-05

Permalink Orokorra, 336 hitz  

Desleialtasunaz (I)

“Errare humanum est” izenburuko sarreran aritu nintzen diren errore mota biei buruz, I (negatibo faltsua) eta II (positibo faltsua) motako erroreei buruz hain zuzen ere. Bereizte hura ekarri nahi dut hona berriro ere, baina beste egoera bati aplikatuko diot, oraingo honetan bikotekidearen balizko desleialtasunaz inferentziak egiteari. Evolutionary Psychology aldizkarian argitaraturiko artikulu bat da hemen aztertuko dudana eta artikuluaren ondorioak laburtuko ditut horretarako.

Euren bikotekidea desleial izango zaiela pentsatzeko joera handiagoa dute gizonezkoek andrazkoek baino. Horixe da ikerketa horren ondorio nagusia. Bestalde, bitxi samarra da gizonezkoek euren etorkizuneko portaerari buruz duten iritzia ere. Izan ere, euren bikotekideei etorkizunean desleial izango ote zaien galdetzerakoan, horretarako aukera gehiago ikusten zituzten gizonezkoek emakumezkoek baino. Hau da, gizonezkoek askoz ere konfiantza gutxiago dute euren leialtasunean emakumezkoek eurenarenean baino. Eta bi erantzunak dira zentzu handikoak.

Orain emango ez ditudan (baina etorkizunean aztertuko ditudan) arrazoiengatik, zentzu handikoa da euren bikotekideari desleial izango zaiela pentsatzeko joera handiagoa edukitzea gizonezkoek emakumezkoek baino. Baina orain, hasieran azaldu dudana da interesatzen zaidana, hau da, euren bikotekidea desleial izango zaiela pentsatzeko gizonezkoen joera handiagoa. Ikerketa horretan gizonezkoen eta emakumezkoen susmoak noraino baieztatzen diren egiaztatu ez zen arren, I motako akatsa egiteko probabilitate gehiago dute gizonezkoek II motako akatsa baino; hau da, bere bikotekidea desleial izateko probabilitatea neurriz kanpo baloratzen dute.

Hortaz, desleialtasuna antzemateko gizonezkoek duten sistemak neurriz kanpo baloratzeko jokaera du ikertzaileen arabera. Izan ere, hautespen naturalaren ikuspuntutik, zentzu handikoa da zehartasun hori, gizonezkoak ezin baitaitezke seguru egon euren aitatasunaz, eta asko da kontu horretan jokoan dagoena. Azken batean, andrazko batek bere bikotekidea ez den gizon batekin sexu-harremanak dituenean, ugaltzeko aukera gal dezake bere bikotekidea den gizonezkoak, bereak ez diren kumeen hazkuntzarako baliabideak erabiltzen ari den bitartean. Hau da, bereak ez diren geneak aurrera ateratzeko baliabideak alferrik gastatzen egongo litzateke gizonezko hori. Hori dela eta, zentzu handikoa da bere bikotekidearen balizko desleialtasunaren probabilitateari neurriz kanpo balorea ematea, balizko desleialtasun hori antzematen eta ekiditen ahalegin handiagoa egingo baitu horrela.

Erreferentzia: A. T. Goetz et al (2009): “Sex differences in perceptions of infidelity: Men often assume the worst”. Evolutionary Psycology 7 (2): 253-263.

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Txinpantze biluzia

"Gizasemea naiz; ezer ez zait arrotz gizon-emakumeengan” (“Homo sum, humani nihil a me alienum puto”, Publio Terencio Africano, k.a. 165)

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Urria 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!