Berria.infoko blog komunitatea

Login

Txinpantze biluzia

Juan Ignacio Perez Iglesias

Mezua: "f" faktorea

2010-06-10

Permalink Orokorra, 505 hitz  

"f" faktorea

Kontu ezaguna da jende adimentsuak, oro har, osasun eta bizitza-kalitate onak dituela, bai eta luze bizi dela ere. Orain arte pentsatu dute hori gertatzen dela jende adimentsuak normalean euren bizimoduari buruzko erabaki hobeak hartzen dituelako. Baina baliteke zeharkako harreman horrez gain beste harreman zuzenagoa egotea ere; hau da, baliteke pertsona adimentsuak osoasuntsuagoak eta indartsuagoak izatea berez. Hori ere pentsatu dute batzuek.

Arden eta lankideen arabera (2009) (Intelligence, vol. 37: 277-282; doi:10.1016/j.intell.2008.11.001) korrelazio oso garaia dago itxuraz euren artean zerikusi zuzenik ez duten bi aldagaien artean, hazi-kalitatea eta adimena. Egileen arabera, arrakasta- edo egokitasun-faktore bat (fitness factor) egon daiteke zenbait ezaugarriren oinarrian, eta hori horrela balitz, zentzuzkoa litzateke ezaugarri horiek batera aldatzea. Beraz, biziraupenerako eta ugal-arrakastarako joera estatistiko gisa ulertu behar da hemen arrakasta.

Bestalde, oinarri genetikoa duten malformazio edo anomalien eta adimenaren arteko korrelazio negatiboa aurkitu du ikerketa-talde berberak (Arden et al, 2009; Intelligence; doi:10.1016/j.intell.2009.03.008). Egileen arabera, arrakasta- edo egokitasun- faktore (“f” faktore) beraren eraginari legokioke korrelazio negatibo hori. Ikerketa-taldearen aburuz bi izan daitezke zerikusi zuzenik ez duten ezaugarrien arteko harremanak egotearen arrazoiak.

Batetik, baliteke eragin pleiotropikoak dituzten geneetan egotea horren oinarria; gene batek ezaugarri fenotipiko batean baino gehiagotan eragin anitzak dituenean, “pleiotropikoak” esaten zaie eragin horiei. Eta bestetik, baliteke “assortive mating” ingelesezko esamoldeaz ezaguna den gertaeraren ondorio izatea ere; “irizpide sorta jakin baten araberako parekatzea” esaldi luzea atera zait “assortive mating” delako hori euskaraz emateko. Adigaia ongi ulertu badut, belaunaldiz belaunaldi, era sistematikoan, ezaugarri jakin batzuk bilatu dituzte bikotekide potentzialek bikotearen beste kidea aukeratzerakoan, eta horren ondorioz, bilaturiko ezaugarri horiek, batera agertzen dira orain. “Assortive mating” delako hori gertatu bada, banakoaren “kalitate genetikoa” islatzen duten ezaugarriak izango lirateke bai adimena bai eta kalitate espermatikoa eta malformaziorik eza ere.

Biziki interesgarria iruditu zait lanaren egileek bigarren artikuluan egin duten gogeta; horregatik sartu dut hemen:

“Adimen eta osasunaren arteko balizko kausa-harreman guztiez aritu beharko litzateke kognizio-epidemiologiaren esparrua, eta ez, orain arte gertatu den bezala, adimen fenotipiko, bizimodu, gizarte-giro eta osasunaren artekoaz bakarrik. Kognizio-epidemiologiak osasun-desberdintzak ezabatzea du helburuetako bat. Arrakasta- edo egokitasun-faktorearen gure hipotesia zuzena bada, beste begi batzuekin erreparatu beharko genieke osasun-desberdintzei. Baliteke talde sozioekonomikoen artean diren desberdintasunak gaizki dabilen gizarte baten emaitza ez izatea; hau da, baliteke bai osasun fisikoari bai adimen orokorrari -eta beraz, arrakasta sozioekonomikoari- eragiten dioten eragina duten mutazioen multzo baten isla izatea desberdintza horiek. Mutazio pleiotropikoen bitartez edo irizpide sorta jakin baten araberako parekatzearen bitartez, eboluzioak berak handitu ditzake banakoen artean dagoen kalitate genetikoaren tartea eta ezaugarrien arteko korrelazio genetikoak; gainera, gizabanako batzuen osasun-, hezkuntza- eta ekonomia-egoeraren itxurazko bidegabekeria maximizatzen da era horretara. Horrek, baina, ez luke inolako atsekaberik sortu beharko. Izan ere, zorroztasuna, ulermena, enpatia eta justiziaren sena ere eman dizkigu eboluzioak. Mundua den bezala ulertzeko gai diren eta aldi berean gizalegez jokatzen duten gizabanakoek, oinazea moteltzeko aukerak aurkitu dituzte beti, dohain horiek era egokian baliatuz”.

Deigarria da, benetan, nola babestu duten euren burua ikertzaileek paragrafo horren bitartez. Giza izaera den bezala edo eurek ikusi duten bezala aurkeztu izanagatik E. O. Wilsonek eta enparauek pairatu behar izan dituzten irain eta erasoei ekidin nahi izan diete horrela. Ea zorterik duten!

Erantzunak:

Bidaltzailea: PELLO [Bisitaria]
Ez dut uste gehiegi ulertu dudanik, baina gustatu zaizkit burutazioak, Juan Ignacio. Ohitura falta baino ez. Zu bezalakoen premia dugu. Eta gu, gehiago saiatu beharko ginateke kontu hauekin.
Permalink-a 2010-06-10 @ 20:32
Bidaltzailea: Buru ta hazi [Bisitaria]
Ea ulertu dudan: pertsona adimentsuak gehiago bizitzeko joera dute, hazi kalitatea hobea eta malformaziodun haurrak izateko joera txikiagoa. Hori da ikerketaren ondorioa. Ikerketa zientifikoen ondorio horiek izan lezaketen itxura arrazista edo "bereizkeriarako tentazioa" kendu nahian idatzi dute beste paragrafo hori, guztiok izan behar dugula zoriontsu dioena, gutxi gora behera.
Permalink-a 2010-06-11 @ 10:25
Bidaltzailea: Juan Ignacio Perez Iglesias [Kidea]
Pello: Eskerrik asko zure hitzengatik. Uste dut sarrera honen edukia konplexu samarra dela eta ez dela ulertzeko erraza. Saiatuko naiz, hala ere, hurrengoak ulerterrazago idazten.

Buru ta hazi: Ez dakit ondo ala gaizki ulertu duzun. Nik arraza ez dut inon aipatu (besteak beste arrazak ez baitira existitzen) eta are gutxiago bereizkeriarako tentazio edo horrelakorik. Eta ez, ez dut esan denok zoriontsu izan behar dugunik, eta ez dut uste ikertzaileek holako zerbait esan dutenik ere.
Beste kontu batez ari da. Duela urte asko Edward O. Wilson biologo eta soziobiologiako sortzaileak eraso izugarria jaso zuen giza izaeraren ezaugarri batzuk eboluzioaren emaitza zirela eta moldatze-balioa zutela aldarrikatzeagatik. Hainbatentzat gizabanakoen arteko desberdintasunak hezkuntzak eta kulturak sortzen dituzte eta ez geneek. Bada, gero eta argiago dago hori ez dela egia, izaera eta ingurumenak (nature & nurture), biek baitute eragina gure izaeran. Jendeak, hala ere, ez du ahaztu zer gertatu zen Wilsonekin (eraso fisikoak ere pairatu behar izan zituen) eta horregatik idazten dira holako gauzak. Ikerleek diotena da gizabanakoen artean desberdintasun genetikoak daudela (egia berdaderoa) eta horren ondorioz, batzuk osasuntsuago eta adimentsuago direla (hori aurkitu dute eurek), baina horrek ez du esan nahi osasuntsu eta adimentsu ez direnak bazter batean utzi behar direnik; alderantziz, bestelako ezaugarriak eman dizkigu eboluzioak, eta ezaugarri horien eraginez, -elkartasunerako joera, esaterako-, gure artean dauden desberdintasunen ondorio txarrak neutralizatzeko moduan gaude.
Espero dut kontua apur batez argiago azaldu izana, nahiz ez den bat ere erraza.
Eta eskerrik asko zure oharragatik.
Permalink-a 2010-06-11 @ 11:27
Bidaltzailea: Buru ta hazi [Bisitaria]
Mila esker erantzuteagatik. Ez ditut termino egokiak erabili esan nahi nuena adierazteko. Nik uste gure izaeran geneek eta kulturak biek dutela eragina, eta askotan ez dela erraza jakitea zer den "kultura" eta zer "natura". Gainera, ingurune eta kulturaren arabera geneak "aldatu" edo "egokitzen" badira, gaia oraindik gehiago korapilatu daiteke.
Permalink-a 2010-06-11 @ 12:20
Bidaltzailea: Juan Ignacio Perez Iglesias [Kidea]
Buru ta hazi:
Arrazoia duzu. Geneen adierazpena ingurumenak baldintza dezake eta gainera, gero, garapenean ere ingurumenak eragiten du. Atzo bertan irakurri nuen estresak neurogenesia (neuronen sorrera) muga dezakeela. Beraz, estres-egoera baten pean garunaren garapena oztopatu liteke, eta estres-egoera goseak, indarkeriak eta abarrek sorraraz dezakete.
Korapilotsua da gaia, bai.
Permalink-a 2010-06-11 @ 12:29

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Txinpantze biluzia

"Gizasemea naiz; ezer ez zait arrotz gizon-emakumeengan” (“Homo sum, humani nihil a me alienum puto”, Publio Terencio Africano, k.a. 165)

Iraila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!