Berria.infoko blog komunitatea

Login

Inon izatekotan

Juan Luis Zabala

Mezua: Hori ez da txirrindularitza

2006-07-28

Permalink Atala, 340 hitz  

Hori ez da txirrindularitza

–Hi literaturzalea haizenez, galdera bat egin nahi dinat: zer iruditu zain Floyd Landisena?

–Oso nobela ederra. Pasarte zoragarriak zauzkak, batez ere Alpeetako hori, Joux-Plane eta Morzine inguruan kokatutakoa… Aspaldian irakurri dudan zirraragarri eta gogoangarrienetakoa.

–Bai, bai, baina orain beste bat dun kontua: esaten ari ditun plagioa dela.

–Plagioa dela? Nik entzun diat ezkutuko idazle talde batek idatzi diola nobela, berak ordainduta.

–Hori ere zabaldu dun, bai. Eta ordenagailu batek diktatu ote dion ere…

–Auskalo!

–Tira, baina, kontuak kontu, ez omen din zuzen jokatu behintzat, eta nobelaren egiletza ukatuko ote dioten... Hik hobeto jakin beharko huke. Hi haiz literaturzalea, ez ni.

–Baina hori ez duk literatura!

–Ez dela literatura?

–Ez niretzat behintzat. Nik kontu horietaz ez zakiat ezer, ez zaizkidak interesatzen.

–Azkenean jakiten dun ba hik ere kontu horien berri.

–Jakina, baina ez gogoz, inguruak horretaratuta baizik. Nahi gabe ere kutsatu egiten hau horrek azkenerako.

–Eta… literatura ez badira, zer dira hire ustez kontu horiek?

–Literatura, inon izatekotan, liburuetan zagok. Ez idazleen bizitzako gorabeheretan; ez idazlearen ustezko, balizko edo zinezko oinazeetan; ez idazlearen ustezko, balizko edo zinezko tranpetan; testuetan baizik. Idazleak testuan jartzen dik jokoan bere burua, hor ematen dik onena, eta guk idazleari ezer hartzekotan hor hartzen zioagu, testuan. Gainerakoa arrunkeria baino ez duk (arrunkeria horren ustezko, balizko edo zinezko txundigarritasuna gorabehera).

–Baina idazle batzuek, beste batzuen aldean, abantaila handiak zauzkaten idazteko, eta ezin zienagu meritu bera eman.

–Meritua? Niri ez zaidak idazlearen meritua axola. Nik idazleari ematen didana hartzean zioat, eta niri idazleak liburua ematen zidak, testua zehazki, ez beste ezer. Ez zidak ez besarkadarik eta ez ukabilkadarik ematen, ez musurik eta ez horzkadarik, ez gerezirik eta ez txakur janik. Adiskideak eta etsaiak, zordunak eta hartzekodunak izango ditik idazleak, nitaz aparte ere.

–Baina gaur egun ezin dun literaturaz hitz egin Landisen aferaz hitz egin gabe.

–Hori ez duk, ordea, literaturaz hitz egitea. Irakurle naizen aldetik, niretzat Landisen handiena bere nobela duk, Alpeetako pasarte hori barruan duela, indarrez gainezka, horren prosa neurtu baina biziz kontatua, dagokion leku zehatzean ezin egokiago txertatua. Eta hori honezkero ezin izango zidak niri inork kendu.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Igor [Bisitaria]
Apa Pipi! Ona, ona!!
Ez takigu zer gertauko dan Landisekin. Dirudienez positiboa berea da. Ez takit, zurea irakurtzen Ben Johnsonen kasua etorri zait burura. Hura Landisenarekin konparatu al daiteke?
Noski, ezin konporatu 130 kilometrotan edo 9 segundotan egindako lana. Baina badute zerikusirik. Edo hori uste det nik behintzat.Jhonsonena ere literatura ote da?
Permalink-a 2006-07-28 @ 13:15
Bidaltzailea: koldo [Bisitaria]
Txirrindularitza ere bere barne egoeraren gatibu da,batez ere tour eta,gisako lasterka luzeak,etapak benetan gogorrak honen guztiaren inguruan sotua den giroa ikaragarria da,bertara(etapetan)bide bazterreko ikuslego ugari joaten da,ez dugu besterik nahi txirrindulari erraldoia baino berdin zaigu nola lortzen duten garaipena.Antolatzaileak gero eta zailtasun handiagoak ipintzen dituzte,ze arraio nahi dugu baldintza guzti horiekin xuriak izatea miloi € asko daude jokoan etxe komertzialeen ospea eta inbertsioen etekina otx !!goi mailako kirola antzeko da eta,aurrerantzean ere "potajia"azalduko da ezbairik gabe.Landisi gertatutakoa hori guztiaren emaitza baino ez baita,nola ulert egun batean 10'galdu eta ezinean doi doi bizikletaren gainean ahal zuela aurrera egin eta urrengo egunean 8'-ko aldea atera bera buru eta gainera tourra irabazi,eten egin behar dut sekulako kiratsa dario eta ezin dut jasan .
Permalink-a 2006-07-29 @ 21:52
Bidaltzailea: Juan Luis Zabala [Kidea]
Aupa koldo:

Arrazoia izango duzu, baina ez guztian.
Zuk diozu: "… nola ulert egun batean 10'galdu eta ezinean doi doi bizikletaren gainean ahal zuela aurrera egin eta urrengo egunean 8'-ko aldea atera bera buru eta gainera tourra irabazi".

Batetik, kopuruak exajeratu egin dituzu: esate baterako, Landisek sei minututik beherako aldea atera zion Sastreri Morzineko etapan, eta ez, zuk diozun bezala, zortzi minutukoa. Badakit horrek ez duela ezer aldatzen, baina egin beharreko zahaztapena dela uste dut.

Bestetik, txirrindularitzan txakalaldi larriak edo "pajarak" aspaldiko kontuak dira, ez ditu Landisek asmatu, alajaina! Indurainek ere eder askoa harrapatu zuen behin Vuelta a los valles Mineros lasterketan. Minutu pila bat galdu eta lidertzarik gabe gelditu zen. Hurrengo egunean, berriz, topelaren buruan jarri eta denak "gantxoarekin" eraman zituen, ito beharrean, helmugaraino; eta uste dut etapa irabazi zuela gainera. Medi askorik gabeko etapa zen, eta beharbada horrek eragotzi zion lidertza eskuratzea. Asko inporta ere ez, Tourra prestatzen ari baitzen.

Bi puntualizazio horiek ez dute zuk diozunaren funtsa aldatzen, badakit hori, bi puntualizazio horiek ez dizute arrazoia kentzen. Ados. Baina gai honen inguruan mintzatzean nagusitzen den arinkeria uzten dute, nire ustez, agerian. Eta arinkeria horrek ere badu kiratsik, nire sudurraren gustuaren eta iritziaren arabera behintzat.




Permalink-a 2006-07-31 @ 15:11

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Inon izatekotan

Nahiz eta 2006ko maiatzean jarri abian, blog hau, berez, 1984an hasi nuen ohar-koaderno edo egunkariaren jarraipentzat daukat. Koaderno horretako gogoeta, artikulu, ipuin, poema eta era guztietako apunterik ustez interesgarrienekin "Inon izatekotan" liburua osatu nuen (Susa, Zarautz, 2006). Blog hau sortu aurretik ohar-koadernoan idatzi nituen testu guztiak (liburutik kanpo utzitakoak barne) irakurri nahi dituenak beheko linkblogean dauzka, pdf formatoan, urtez urte sailkatuta.

Martxoa 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31          

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!