Koalizioa, alderdia, mugimendua

Sintesi bat irudikatu zuten Batasunak eta Eusko Alkartasunak Euskalduna jauregian 2010eko ekainaren 20an; bi familia politikoek estrategia politiko bat partekatzea ahalbidetzen zuen sintesi bat, alde batean eta bestean egon zitezkeen kontrakotasunen gainetik, akordioaren abantailak nagusitzen zitzaizkiona. EAJrekin koalizio gobernuak osatzetik zetorren EA azken hamarkadan, eta estrategia politiko-militarretik soilik politikora igarotzeko prozesuan zen ezker abertzalea; abiapuntuko posizio urrun horietatik heldu ziren bi familiak puntu komun batera, nork bere etxeko desadostasunak kudeatuta.

Lortu arte-ri —ezker abertzalearen eta EAren 2010eko hitzarmenari, ez larunbateko martxaren leloari— Euskal Herria Ezkerretik agiriak eman zion segida, Alternatiba batuta, eta Bildu sortu zen hurrena; 2011ko udal eta foru hauteskundeetan panorama politikoa astindu zuen koalizioa. Ezker subiranistaren batasuna, sei hilabete geroago Aralar batzean osatu zena.

Ezker abertzalearen eta EAren sintesi horren emaitza da hein batean EH Bildu, eta sintesi horrek oraindik ere estres testak bizi ditu. Koalizioak hamar urteko ibilbidea egin duelako, eta bide horretan norabide bat ere hartu duelako; alderdi formarekin eta politika instituzional jakin batekin. Kontua da jada testuingurua ez dela 2010ekoa, eta ETAren indarkeria alboratzeak zekarren pizgarri politikoa ez dela existitzen gaur egun. Eta, hor, 2010eko sintesiaren josturak daude proban.

Estrategia politiko-militarrari buruzko eztabaida gaindituta, ezker abertzaleak bere baitan du beste debate bat, Sorturen kongresuan aurkeztutako Lurrari Lotuz osoko zuzenketak adierazten duenez: EH Bilduk, aparatu elektoral gisa, zenbaterainoko zentraltasuna behar duen ezker independentistaren estrategia integral batean, eta, horrez gain, Sortuk zer rol jokatzen duen estrategia horretan. «Sortu ahultzen eta desegiten ari da EH Bilduren eta EH Bairen mesedetan, hirurak beharrezkoak direnean. Ahultze gradual horren ondorioz, Sortuk ezin du dagokion funtzio ideologiko-politikoa bete: askapen prozesuaren zuzendaritza estrategikoa», diote Lurrari Lotuz-en egileek. Asteburuko emaitzek adierazten dute Sortuko zuzendaritzak proposatutako norabideak kideen babes zabala duela, baina norabide horrekin kritiko direnen ahotsa entzuteko adina ozena dela.

Beste koordenatu politiko batzuetan bada ere, Eusko Alkartasunaren zuzendaritzarekin kritikoa den sektorearen argudio nagusietako bat ere horixe da: beren alderdia ahultzeko edo desegiteko arriskua. EAren barruan bizi den egoerak ere badu zerikusirik EH Bildu ulertzeko moduarekin: EAko kritikoek lehenetsitako alderdien koalizio klasikoa versus «koalizio forma, alderdi egitura eta mugimendu bokazioa» duen EH Bildu, bigarren kongresuan aurkeztu zuten bezala. Alderdien aniztasuna adierazten duen batasuna edo alderdiekiko kidegotik harago doan espazio politikoa, bestela esanda.

Mugimendu gisa, hauteskundeetako emaitzez eta instituziogintzaz harago, EH Bilduk asteburu honetan bertan erakutsi du aldarrikapen batzuk egituratzeko —«nazio feminista, sozialista, burujabea, ekologista, parekidea»— eta horien inguruan mobilizatzeko —40.000 lagunetik gora elkartzeko— gaitasuna. Baina, antolaketa ereduari dagokionez, ikusteko dago EAren barruan bi ildoen arteko sintesi komunik posible den, eta horretarako borondaterik badagoen; bi EAk bakarrean kabitzen ote diren, edo irtenbide posible bakarra zatiketa den. Eta, bide batez, EH Bilduren josturak zenbaterainoko malguak diren, Sorturen eta EAren (eta, noski, Alternatibaren) barruan diren ikuspegi ideologiko eta organizatibo guztiek elkarrekin bizitzeko.

Ziur aski, aniztasun horrek eman dio EH Bilduri bere alderdi fundatzaileez haragoko hautesleengana iristeko aukera, baina, aldi berean, soilik alderdi horiek gainditzen dituen proposamen politiko batek -eta hori islatzen duen egituraketa batek— lor dezake ezkerreko subiranismoaren mugimendura gero eta jende gehiago biltzea.

Eskozia: bilduma bat

Azken asteetan, Eskoziako independentzia prozesuari begira egon gara BERRIAn. Bilduma gisa, honakoak izan dira gaiari buruz landutakoak:

Horrez gain, Jim Sillarsi eginiko elkarrizketa argitaratu dute Kataluniako Vilaweb atarian ere.

Eskozia, beste behin

2014an, triangulazio subiranista bat gertatu zen Euskal Herriaren ikuspegitik; Eskozian, Erresuma Batuko Gobernuarekin hala adostuta, Eskoziako Gobernuak independentzia erreferendum batera deitu zuen irailaren 18rako. Ezezkoak irabazi zuen, jakina denez: %55-45. Handik ia bi hilabetera, Katalunian kontsulta bat egin zuten bere etorkizun politikoaren inguruan; %37 inguruk hartu zuten parte, eta %80k eman zuten Katalunia estatu independente bat izatearen aldeko botoa. Euskal Herrian, ziklo mobilizatzaile subiranista bat abiatu berri zen, Gure Esku Dago-k urte hartako ekainerako antolatutako giza katean 150.000 pertsona inguru elkartuta.

Euskal Herrian, Nafarroan eztabaida zabaldu gabe eta Ipar Euskal Herrian Euskal Hirigune Elkargoa sortuta, estatus politikoari buruzko eztabaidak katramilatuta jarraitzen du Eusko Legebiltzarrean, azken urteetan pausoak eman badira ere. Baina ate subiranista ez zen itxi duela zazpi urte; jakina denez, Kataluniako Parlamentuan gehiengo izaten jarraitzen dute diputatu independentistek, eta ikusteko dago Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaiak, 2010-2017 zikloko ondorioei erantzuteaz harago, zer adosteko gai den burujabetza gatazkari aterabide bat emateko.

Eskozian, berriz, eta paradoxikoki agian, 2014ko porrotak hauspotu egin zuen independentismoa, SNPk bere kidegoa biderkatuta eta, harrezkero, hauteskunde guztietan aise irabazita. Gero iritsi zen brexit-a, eskoziarren %63ren iritziaren kontra, eta ahalbidetu zuen bigarren erreferendumaren eskakizuna eztabaida politikoaren erdigunera mugitzea berriro.

Horretan dabiltza oraindik. Eztabaida hori zertan den eta nola bizi den ezagutzeko, Eskozian izan gara azken asteetan, IPI Nazioarteko Prentsa Institutuak eta Midas elkarteak sortutako NewsSpectrum diru-laguntza baliatuta eta The Herald egunkariko kideek hartuta eta lagunduta; Eskoziako Parlamentuan, alderdien (eta kazetaritza politikoaren) dinamikak bertatik bertara ezagutzeko, eta nagusiki Edinburgoko kaleetan, mugimendu independentistaren tenperatura neurtzeko: Eskoziako Gobernuak 2023 amaierarako iragarritako erreferenduma egingo al da? Zer aldagaik baldintzatzen dute data? Nola bizi du gizarte mugimenduak impasse momentu hau? Zer ikasi du eta zer aldatu da 2014ko porrotetik? Datozen egunetan argitaratuko ditugu asteotan entzun eta ikusitakoak; eragileek esandakoak eta lehen pertsonan bizitakoak.

Mendiaren legatua

Idoia Mendiak alderdiarentzako garai zailetan hartu zuen PSE-EEren lema: 2012an Jaurlaritza galdu ondoren, basamortuko zeharkaldi bat zeukan aurretik: sozialdemokraziaren hondamendi globala, PSOEren historiako emaitzarik kaskarrenak Espainian, EH Bildu saritu zuen ziklo berri bat Euskal Herrian, eta, 2014etik aurrera, Ahal Dugu: lehiakide berri bat Espainiako ezkerrean.

Ekaitz horren ondorio dira alderdiaren azken hamarkadako zenbakiak: Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEren ibilbideko emaitzarik kaskarrenak azken bi hauteskundeetan, portzentajeetan nahiz eserlekuetan. Baita boto kopuruan ere: 1998az geroztik, alderdi sozialistaren zorua 220.052 bototan zegoen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta 2009an, ezker abertzalearen sektore handiena legez kanporatuta eta Patxi Lopezek lehendakaritza eskuratzeko aukera izanda, 318.112 botorekin jo zuen sabaia. Iazko hauteskundeetan, emaitza horretatik ia 200.000 boto beherago ibili zen: 122.248.

Mendiaren legatuaren parte izango da tresna elektoral gisa PSE-EEk erakutsitako ezintasuna. Haatik, oraindik idazkari nagusi denak bertute handi bat erakutsi du: ekaitz horren erdian aterkia atera eta zaparradari eusten jakitea. Mendiak oinordetzan jaso zuen alderdia Jaurlaritzako, diputazioetako eta hiriburuetako gobernuetatik kanpo zegoen, eta EAJrekiko harremanak ere gaiztotuago zeuden, Patxi Lopezen agintaldiaren ondoren.

Mendiak idazkari nagusi kargua hartu eta hilabete batzuk geroago, ordea, sozialistak diputazioetan eta Jaurlaritzan ziren berriro, EAJrekin akordioa eginda. Ez zen apustu ziurra, gobernuetan aterpea bilatzearena: jakina da sarri gertatzen dela gobernu bateko bazkide handiak txikia irenstea. 2020eko hauteskundeetan, behintzat, uste hori ustel bihurtu zuen PSE-EEk, EAJk ordezkari gehiago bai, baina sozialistek ere lehen baino legebiltzarkide bat gehiago lortuta.

Eta, gobernutik, edo gobernu akordioen bidez, alderdi sozialistak eragiteko gaitasuna irabazi du; besteak beste, eta Eusko Legebiltzarrean 75 legebiltzarkidetik hamar izan arren, nahi duen puntuan daukalako autogobernuari buruzko eztabaida: hozkailuan. Ukaezina da sozialistek eztabaida hori baldintzatzeko daukaten gaitasuna, eta ahoan bilorik gabe aldarrikatzen zuen rol hori Mendiak gaur bertan, bere agurra iragartzeko hitzaldian: “Badakite, gu ez bagaude akordioan, beren proiektuak porrot egingo duela, duela bi hamarkada bezala. Ez da xantaia, ez da betoa; posizio politiko sendoa da”. Hori ere izango da Mendiaren legatua, agurra iragartzeko hitzaldiaren hamabi orrialdeetatik euskarari eskaini dion tartearekin batera: “Eskerrik asko”.

Gruyère estatutua

Datorren hilabetean beteko dira 42 urte Euskal Autonomia Erkidegoko estatutua onartu zenetik. Jakina da hura adostu eta onartu zen testuingurua, estatutuaren beharrezkotasunari edota antzutasunari buruzko garai horretako arrazoiak. Baina, batez ere, gaur egun jakina da eredu estatutario horrek eman duena; zuloz beteriko autogobernu bat, Gruyere gazta bat bailitzan.

Hamarkadotan, askotarikoak izan baitira aitortutako autogobernuaren urraketak; LOAPA legea izan zen lehenbizi, guztientzako kafea orokortu zuena; gero etorri dira estatutua bete gabeko 42 urte, eta bitartean, Europako Batasunaren integrazio prozesu bat, estatuen boterea indartu duena baita autonomia erkidegoei dagozkien alorretan ere. Eta, batez ere, Espainiako botere exekutiboaren eta judizialaren ekinaldi bat egon da, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako legeak auzitara eramanez, judizialki baliogabetuz edo Madrilek euskal instituzioenak diren eskumenei buruz arautuz.

Zenbakietan: 1980-2018 artean euskal erakundeek 129 helegite edota eskumen gatazka aurkeztu zituzten Espainiako arauen aurka, eskumenak urratu zituztelakoan: 127 Jaurlaritzak eta bi Nafarroako Gobernuak. Madrilek, berriz, EAEko 56 legeren eta Nafarroako seiren kontra jo du. Gainera, euskal erakundeei dagozkien 50 eskumen baino gehiagok Espainiako Gobernuaren esku jarraitzen dute.

Urraketa horiek liburu batean jaso ditu orain Jaurlaritzak: Higadura isila. Urteotan lan mardula egin izan da autogobernuaren mugei buruzko diagnostikoa egiteko, eta hain zuzen horixe jasotzen dute liburuan bildutako txostenek: zenbakiez harago, Madrilen esku hartzeak euskal erakundeen gaitasuna murrizten duela eguneroko erabakiak hartzeko; besteak beste, hezkuntzan edota osasungintzan.

Hori horrela, interesgarria izango da ikustea liburuak zer ibilbide egiten duen, kontuan hartuta lana argitaratzen den momentua ere; teorian, estatus politiko berriari buruzko eztabaida berriro aktibatzekoa denean. Bi norabide posible ditu, gutxienez: porrot egin duen eredu baten frogagiri bihurtzea, eta, horrela, beste harreman eredu baterako akuilu bilakatzea; edo, oraindik ere, Gernikako Estatutua izan zitekeena (baina sekula izatera heldu ez dena) jartzea helburu gisa.

2010eko apiril hura

Makroepaiketa eguna Espainiako Auzitegi Nazionalean. Goizeko bederatziak dira, eta pixkanaka jendea pilatzen ari da San Fernando de Henaresko Limite kalean (poesiarako aukera ematen du Auzitegi Nazionalaren egoitza dagoen kale izenak); kazetari gutxi batzuk hasieran, hautetsi politiko batzuk segidan, zazpi auzipetu eta haien senide eta abokatuak azkenean. Bizpahiru dozena lagun eguzkipean. Eskanerra pasatu, eta barrura.

13/13 sumarioko epaiketak lehen eguna du; abokatuek, fiskalak eta epaileek diotenaren zain, hitzaspertuan lasaitasun itxura ematen dute auzipetuek. Prozesioa barrutik omen doa, eta sumatzen da ezinegona aurpegi batzuetan. Akordio baterako apenas itxaropenik: fiskala ez dago aldarte horretan, eta herri akusazioek ere (AVT eta Dignidad y Justicia) gogorik (edo baimenik) ez.

Auziak 2010ko apirilaren 14ko Polizia operazio batean du jatorria. “Hamar lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, tartean hiru abokatu”, zioen biharamuneko BERRIAk. Ezker abertzaleak aurreratuta zeukan eztabaida estrategikoa, estrategia politiko-militarra alboratzen zuena, eta bi hilabete lehenago plazaratu zuen Zutik Euskal Herria ebazpena, 2010ko otsailaren 16an. Martxoaren 29an, atxiloketak baino hamasei egun legenago, Bruselako adierazpena aurkeztu zuten. Konponbide prozesua pausoak ematen ari zela iritsi zen operazioa.

Beste data seinalatu baten ondoren heldu ziren atxiloketak: Egunkaria auzia-ren absoluzio epaia heldu eta bi egunera. Sententziaren arabera, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagak ez zuten deliturik egin, ez zuten ETArekin loturarik eduki, eta itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen. Orduan, gaurkoan bezala, Dignidad y Justicia eta AVT ziren herri akusazioak: 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituzten Egunkarikoentzat. Absoluzioaren ondoren, ez zuten helegiterik aurkeztu.

Gaur, Auzitegi Nazionaleko aretoan, atsedena amaitzear zela, AVTko abokatua BERRIA egunkariko zuzendariari gerturatu zaio. “Perdone, no se si se acuerda de mí”. 2010eko apirileko abokatu bera: Antonio Guerrero. Ezagutu dute elkar; abokatua ez zegoen ziur, baina “esan didate zu zinela” dio AVTkoak, kaleko jantzitako bi lagun seinalatuta. Agurtu dute elkar: “Pozten naiz ikusteaz”, dio AVTkoak.

Estatus berria eta alderdien trilema

Marc Sanjaume politologo katalanak Eskoziako SNPren ibilbideari buruzko liburu interesgarri bat argitaratu du azken asteetan. Haren tesietako bat da SNPren hiru helburuk trilema bat osatzen dutela eta hiruren arteko oreka zailean mugitzen dela Eskozia gobernatzen duen alderdia: gobernatzea, babesak lortzea —indarrak metatzea— eta estatu independente bateranzko pausoak ematea. Adibidez: arreta guztia agenda independentistan jartzen duen gobernu batek babesak gal ditzake, eta, beraz, baita gobernua ere; edo gobernabide hutsean zentratzen denak arriskua du independentzia alde batera utzi, babesak galdu, eta, azken batean, gobernua bera galtzeko. Hiruren kudeaketan datza arrakasta.

Euskal Herrian, amaitu zen alarma egoera hegoaldean, aurrera doa txertaketa, eta neurri batean koronabirusak inposatutako agenda lekua uzten ari zaie gaitzaren kudeaketaz haragoko gaiei. Pandemia beheranzko joeran eta Katalunian indultuak emanda, badirudi estaturik gabeko nazioen auziak udaberri zapore edo koloreko udazken bat izan dezaketela. Eta Nafarroaren estatus politikoari buruzko eztabaida noiz zabalduko zain, badirudi Eusko Legebiltzarrak udazkenean berrekingo diola azken bi legealdietan abiatutako lanari.

Alderdiak ari dira posizioak finkatzen. Espainian, Pedro Sanchez gobernuburuak esana utzi du ez duela sekula autodeterminazio erreferendumik onartuko, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoari begira, PSE-EEk eta PPk asteburu honetan bertan adierazi dute beren ikuspegia: Gernikako Estatutuaz haragoko autogobernu bat planteatzea «debate identitarioa» sustatzea litzatekeela eta herritarrak ez direla egunero esnatzen estatus berrian pentsatzen —pentsa liteke, Espainiaren lurralde batasunean pentsatzen jaikitzen ez diren neurri berean—.

Azken egunetan, ordea, udazkenetik aurrera izan dezakeen estrategiaren ezaugarriak azaldu ditu EAJk ere. Luzaroan gaiaz hitzik egin gabe egon eta gero, buruzagi jeltzaleak egunero irten ziren hedabideetan ekainaren 24tik 27ra, estatus berriari buruzko titularrak nabarmentzen, eta Andoni Ortuzarrek Euskadi Irratian eta El Diario Vasco-n zedarritu zituen Eusko Alderdi Jeltzaleak helburu gisa jarri dituen zutabe nagusiak: nazio aitortza, Espainiako Estatuarekiko aldebikotasun harremana eta berme sistema bat gatazkak konpontzeko. Alde batera utzita nazio aitortza hori zer terminotan garatu daitekeen —ondorio politikorik gabeko aitortza kultural bat defendatu izan du PSE-EEk—, aldebiko harremana nola mamituko litzatekeen edota egungo eredu autonomikoak zenbaterainoko marjinak eskaintzen dituen berme sistema bat ezartzeko, moldaketa bat dago diskurtso jeltzalean: erabakitzeko eskubidetik erabakitzeko gaitasunera: orain arte, bigarrena lehenari lotuta, baina, azkenaldian, bereizita.

Bozketa usaina darion kontzeptua izan daiteke erabakitzeko gaitasunarena, baina lotura handiagoa izan dezakeena quantum konpetentzialaren zabalkunde batekin eta autogobernu tresnetan sakontzeko ideiarekin. EAJk, ordea, bere planteamendutik kanpo uzten du erabakitzeko eskubidea, akademikoki onartuen dagoen terminoetan: lurralde jakin bateko herritarrek daukaten eskubidea prozedura demokratiko baten bidez beren estatus politikoa birdefinitzeko borondatea adierazi eta gauzatzeko; baita estatu independentea osatzeko ere. «Irteera» mekanismo bat, «egokitzapena» egokia ez balitz. Euskal Herrian, %70ekoa da kontsentsu hori; nekez aurkituko da arlo horretan adostasun politiko zabalagorik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Horretan datza EAJren trilema eta Gure Esku-k eta Hamaika Gara-k larunbatean ezarritako «lerro gorriaren» garrantzia; erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasun sozialaren zabaleran eta hura urratzearen kostuan. Zein litzateke EAJk —edo EH Bilduk, gobernuan balego— babes sozialaren arloan ordaindu beharreko prezioa estatus politikoari buruzko erreferendum baten aukera alde batera utziko balu? Erabakitzeko eskubidea ez arautzeko kostuak zenbateraino igoko luke erdibideko proposamen batek jaso beharreko edukien langa? Mugimendu subiranistaren mobilizazio gaitasunak eta hark planteatutako marra gorriaren babes sozialak izango dute zeresana. Udazkenetik aurrera.

Lau datu soziometrotik

Joan den astean, 73. soziometroa argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Independentzia nahiari buruzko datuak nagusitu ziren prentsan, baina txostenak baditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteslegoei buruzko datu interesgarriak. Proposamen gisa, hemen lau:

  1. Voxen politikotasuna:

Soziometroak herritarrei galdetu die zenbateraino dauden interesatuta politikagintzan, eta, alderdika bereizita, 2020ko hauteskundeetan Voxi botoa eman ziotenek azaltzen dute politikarekiko interes handiena: %73k daukate interes handia edo nahikoa. EH Bildukoen arteanm %66 dira interes handia edo nahikoa daukatenak; Elkarrekin Podemos-IUkoen artean, %58. Interes gutxi edo batere ez duten herritarren multzorik handienak Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietan daude: EAJn (%58) eta PSE-EEn (%49).

Joera bera errepikatzen da herritarrari alderdi politiko batekiko gertutasunaz galdetzean: Vox da alderdi batekiko oso edo nahikoa hurbil sentitzen diren herritar gehien dituena (%61), hurrengotik oso urrun (EH Bildu, %39). Galdera horretan ere EAJk eta PSE-EEk dituzte gertutasun gutxien adierazten duten herritarren portzentajeak (%24 eta %22, hurrenez hurren).

2. EAJren nagusitasuna: herri / hiri ardatza

Sinpatia kontuekin jarraituta: Soziometroak herritarrei galdetu die, 0tik 10era, zenbaterainoko sinpatia eragiten dien alderdi bakoitzak, eta erantzuna eman dutenak udalerriaren tamainaka sailkatu ditu. Ondorioa: EAJk dauka puntuazio handiena (4,8), udalerriaren tamaina edozein dela ere, eta, gainera, puntuazio hori nahikoa homogeneoa da udalerri txikietan (4,7), ertainetan (4,7) nahiz hiriburuetan (4,8). Homogeneotasun hori Elkarrekin Podemos-IUren ezaugarria ere bada: 3,4 – 3,6 bitarteko sinpatia eragiten du udalerri txiki, ertain nahiz hiriburuetan.

EH Bilduk, ordea, alde nabarmena du udalerriaren tamainaren arabera: bere sinpatia maila 4,4koa da txikietan, baina 3,3ra murrizten da hiriburuetan. Desoreka txikiagoa daukate PPk eta PSE-EEk, baina kontrako norabidean.

3. EH Bildu: ikasleak eta langabeak

EAJren nagusitasun horrek beste neurgailu bat dauka; inkestari erantzun diotenen lan egoera. Jeltzaleak nagusi dira ordainpeko lanean ari direnen (4,6), etxeko lanean dihardutenen (5,4) eta, batez ere, pentsiodunen artean (5,5). Beste bi multzotan, ordea, EH Bilduk biltzen du sinpatia gehien: ikasleen (5,2) eta langabetuen (3,9) artean.

Indar subiranistari dagokionez, interesgarria da beste datu bat: esan liteke boto fidelizatuena duela. Oso konbentzituta ditu konbentzituak. EH Bilduk dauka puntuazio handiena bere 2020ko hautesleen artean (7,7); adibidez, EAJrekiko sinpatia 7,5ekoa da jeltzaleei botoa eman zietenen artean. Aitzitik, EH Bilduk sinpatia eskasa eragiten du gainerako alderdiei botoa eman zietenen artean, EP-IUko bozkatzaileak salbuetsita (4,8): 3,7koa jeltzaleen artean eta 2,5ekoa sozialisten artean. EAJk, aldiz, lau puntu baino gehiagoko balorazioa lortzen du alderdi guztien bozkatzaileen aldetik (Vox izan ezik). Hortaz, gaur-gaurkoz, EAJk errazago du gainerako alderdiei boto emaileak “kentzea” EH Bilduk baino.

4. PSE-EE: sinpatia handiagoa eskuinean

Adierazgarria da alderdi bakoitzak pizten dituen sinpatiei buruzko beste datu bat: PSE-EEren kasuan, harekiko estima handiagoa dute beren burua eskuinerago kokatzen dutenek ezkerrerago kokatzen dutenek baino. Alegia: beren burua ezkerrean kokatzen duten herritarrek 3,7 puntu ematen dizkiote PSE-EEri, baina beren burua eskuinerago dutenek, ordea, 4,9 puntuko sinpatia diete sozialistei.

EAJk ere sinpatia handiago biltzen du eskuinekoen artean (4,2 ezker, 6,0 eskuin), eta gauza bera gertatzen zaie PP+C’s-i eta Voxi. Kontrakoa, aldiz, EH Bilduri eta EP-IUri.

Demokratak eta biolentoak 2.0

Iraganera begiratzeko astea izan da iragandakoa; Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inaugurazioa, Felipe Gonzalezek GALen izandako rola ikertzeari emandako ezezkoa, Txabi Etxebarrieta oroitzeko trabak. Hirurek, elementu batzuk komunean: biktimen kategorizazioa, batzuen aitortzarik eza eta, azken batean, ziklo armatuaren garaiko marko politikoetarako itzulera.

Historia latza dauka herri honek, eta saihestezina da iragana presente edukitea. Komenigarria ere bai. Besterik da 2021eko agenda politikoa zergatik dagoen ia monopolizatuta iraganari buruzko eztabaidekin; biktima batzuen egiarik eta aitortzarik ezarekin, indarkeriaren gaitzespenarekin, sektore jakin batzuei esleitutako gorroto mezuekin. Ez baitago orainari eta etorkizunari erantzuterik iraganeko orriak igarotzen ez diren bitartean. Biktima guztiek gutxienez egia eta aitortza ez duten bitartean.

Behin alderdi bateko kide batek emandako gomendioa izan zen: albiste bat irakurtzean, pentsatzeko albisteak nori egiten zion mesede, jakiteko nork filtratzen zuen informazio jakin bat medioetara. Ariketa bera egin liteke; pentsatzea nori egiten dion mesede memoria agendako lehen lerroko eztabaidagai izatea gaur egun.

Izan ere, Gasteizen zabaldu berri duten zentroak izan zezakeen bestelako inaugurazio bat. Bestelako eduki bat. Asteartea izan zitekeen herri honetan nozitu diren sufrikario anitzak gogoratzeko egun bat, biktima guztiak eroso sentiaraziko lituzkeen zentro batek ateak zabaldu dituela ospatzeko egun bat. Izan zezakeen izaera eraikitzailea, erreparatzailea.

Horren ordez, baina, Espainiako Gobernuak bultzatutako zentroak erabaki du garaipenaren museo bat egitea, pedagogia alde batera utzi eta errelatoaren garrantzia biktimen gainetik jartzea, demokraten eta biolentoen eskema betikotzen saiatzea eta kontakizun hori Gasteizen egitea, jakinik errelato horren ordezkaritza politikoa, gehienez, ez dela iristen Eusko Legebiltzarraren laurdenera. Beste behin, euskal gizartearen memoria Madrildik diktatzea.

Joxe Azurmendik, hain zuzen Demokratak eta biolentoak liburuan (1997), zera zioen: “Demokrazia baino lehen estatua da. Gero, zuzentasuna zertan datzan eta zertan ez, estatuak erabakitzen du”. Eta horixe egin du.

Eskozia eta sinkronia

ERCk eta Junts Per Catalunyak Kataluniako Gobernua osatzeko akordioa lortu zutenetik (eta lehenagotik) jakina da gehiengo independentista ispilu eskoziarrari begira dagoela, han bigarren independentzia erreferenduma nola mamitzen den eta Katalunian erreferendum adostuaren aukerak zein (barka erredundantzia) aukera dituen, batere baldin badu.

Iparrorratz eskoziarrak pizten duen interesaren bi adibide azken orduetan: ERCren Josep Irla fundazioak Eskoziako hauteskundeen ondorenaz eta ondorioez antolatutako mahai-inguru hau; eta, batez ere, CUPek Ara-ren erreportaje honetan esandakoa: bi erreferendumek denboran bat egitea nahi dutela eta, horretarako, jarraipen batzorde bat sortuko dutela eragile eskoziarrekin harreman zuzena izateko.

Sintonia eta sinkronia” sendotzeko beharra aipatzen zuen Gure Esku-k duela bi urte. Horixe gakoa; unea heltzean, hitzordu horretara euskal herritarrak (eta erakundeak) nola iritsiko garen.