‘Zuzenean’: berehalako informazioa, zuzeneko kontakizuna

‘Zuzenean’: berehalako informazioa, zuzeneko kontakizuna

Captura de pantalla 2015-11-27 a la(s) 11.10.25

Gertatu ahala, kontatu. Internetek izugarri erraztu duen kazetaritza. Irratigintzan eta telebistan lantzen zen berehalakotasuna jauzi handia egin internet, streaming eta sare sozialei esker.  Hedabideei erronka handia ekarri die. Gertatzen ari dena gertatu ahala azkar kontatzearen balioa handitu delako. Azkar eta zorrotz, jakina. Eginkizun horretarako, formula egokiarekin asmatzeak berebiziko garrantzia du.

Gaur aldi bereko kontakizuna egiteko formula berri bat probatu dugu BERRIAn: Zuzenean.  Berria guretzat, noski, beste hainbat hedabidek antzeko formulak erabiltzen dituztelako: The Guardian-en Live, Le Monde-ren Direct, Ara eta Vilaweb-en Minut a minut,… ‘Zuzenean’ BERRIA-n bertan garatutako formula da, Iker Balentziaga garatzailearen eskutik. Lehen proba Nafarroako Parlamentuak erabakitzeko eskubideari  buruz izan duen eztabaida monografikoa kontatzeko erabili dugu, Jon Olano kazetariaren eskutik.

Garatutako ‘Zuzenean’ formula albiste batean txertatzen da eta automatikoki eguneratzen da. Post laburrez osatzen da, baina karaktere kopuru mugarik gabe. Post bakoitzak bere argitaratze ordua darama, eta kronologikoki pilatzen da. Osagai ezberdinak argitaratu daitezke post bakoitzean: titularra, testua, argazkia, bideoa, txertatutako txioa, sinadura… Eta gainera, banatzeko botoiak: Facebook, Twitter eta WhatsApp (telefonoetan). Amaitutakoan, kontakizun osoa gordeta gelditzen da lotutako albistean. Gaurko kasuan, albisteari Nafarroako Parlamentuaren streaming bidezko bideo emankizuna ere txertatu dugu albistean.

Captura de pantalla 2015-11-27 a la(s) 11.11.12Captura de pantalla 2015-11-27 a la(s) 18.21.49

 

Honelako tresna bat mota askotako gertaerak jarraitzeko erabil daiteke. Denboran irauten duten eta informazioa eguneratzea eskatzen duten gertaeren kasuan egokia da bereziki. Pariseko erasoen kasua izan daiteke adibide argi bat. Balio dezake hauteskunde eguna eta gaua kontatzeko, epaiketa bat, polizi operazio bat, jardunaldi bat, batzar bat, kirol partida bat,…

BERRIAn orain arte Twitter sare soziala erabili izan dugu gertaeren aldi bereko kontakizunak egiteko. 2009ko maiatzean hasi ginen kontatzen EAEko lehendakariaren inbestidura saioa Twitter bidez, eta handik gutxira Athletic eta Barcelonaren arteko kopa finala. Eta 2009ko abenduan, BERRIA izan zen Auzitegi Nazionaleko epaiketa bat (Egunkaria auzia) Twitter erabiliz aldi berean kontatzen zuen lehen hedabidea. Twitter erabiltzen jarraituko dugu, ‘Zuzenean’ deituriko formularekin bateragarri eta osagarri delako.

Aurrerantzean, tresna honen bidez irakurleei zerbitzu informatibo hobea ematea espero dugu.  Azkar eta zorrotz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer