Aldaketa berderik ez

Laster bi urte beteko dira aldaketaren indar politikoek, nolabait, Nafarroako Gobernuaren gidaritza hartu zutenetik. Eta euskaltzale amorratuok behin eta berriz kexatu gara euskararen azkartzeko guk nahi adina urrats egin ez dituelako Uxue Barkoxen exekutiboak.

Bada, ordea, bertze gizarte mugimendu bat aldaketaren erritmoekin amorratuago dagoena: mugimendu ekologista. Indar txikia du Nafarroan. Ez da Cordovillako edo Uharteko egunkarietan lerroburuak lor ditzakeen lobby bat. Eta agian horregatik ez du Gobernuan eragiteko aukerarik izan. Eta haserre dago, noski.

Aldaketaren lau indar politikoen arteko akordio programatikoan ingurumenarekin loturiko hainbat konpromiso agertzen dira. Eta hainbat plan eta estrategia sektorial abiatu ditu Gobernuak horiei begira. Baina ingurumenarekin loturiko lege bakar bat ere ez du prestatu. Eta ez dirudi eginen duenik.

Ziurrenik krisi ekonomikoa dela-eta, berotegi efektuko gasen igorpena beheranzko joeran zegoen Nafarroan Garaian 2010. urtetik. Bortz urte geroago, ordea, handitzen hasi zen berriz. Eta horri aurre egin beharrean, Nafarroako Gobernuak, EAJko buru ohi Manu Aierdiren eskutik, desarrollismoaren eta gas igorpen gehiagoren aldeko apostua egin du abiadura handiko trenaren proiektua berriz ere martxan jarriz.

Desarrollismoaren bide horretan, Geroa Baik oposizioko alderdiak ditu lagun, eta ipurdi masailekin ari zaizkio txalo egiten.

Mugimendu ekologista ez da lobby bat, eta ez du horretarako indarrik. Baina abiadura handiko trena, Nafarroan inoiz egin den gastu eta triskantza handienak dakartzana, berriz martxan jartzea ez ote da Nafarroako Gobernua pikutara bidaltzeko nahikoa arrazoi?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko ekainaren 13koa] bannerra-EHI

One thought on “Aldaketa berderik ez

  1. asier

    Gaur egun behar dugun aldaketa oinarrizkoena, inguruarekikoa da. Sistemari aurre egiten dio jarrera bakarra gizakeria utzi eta biozentrismorunzko transizioa da.Beste GUZTIAK erren gelditzen dira hau erdigunean jarri ezean. Postureo estetiko hutsak,berriketa laberintikoak leku berean jarraitzeko.

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude