‘Ixa xuxen’

Hogeita bost urte xuxen edo, gutxienez, ixa xuxen idatzi behar genuela tematu zirenetik: ez dute meritu makala guztiz despejatu ezin dugun xuxen idaztearen ixa inkognita argitzeko tema.

Baina gaizki hasi naiz: despejatuk Xuxenen txibato gorria piztu dit. Txibatok ere bai. Honaino heldu haiz, amigo!

Ez ditut zuzenduko. Eskola zaharreko honek gaztelaniaz ikasi zuen inkognitak despejatzen —ahaztu ere bai hizkuntzen beharrik gabe— eta zaharrez nagi naiz inkognitak askatu egiten direla ikasten hasteko. Txibato hitzari dagokionez, oso erro gaizto bihurriak hartuak ditu gure hizkeran, hain erraz baztertzeko. Biak gordeko ditut, bada. Nire aukera da. Xuxenek abisua eman dit. Eta askatasuna. Erratuko banintz, kulpa ez luke, Axularren hartan bezala, Xuxenek, baldarrontzi honek baizik.

Ixa xuxen ibiltzeko makuluak eutsiko ahal dio beste hogeita bost urtez bideari eta bertan topa dezala Euskalerria Irratia albistea eman dezan.

OHARRAK (Post scriptum)

Xuxen ez da, jakina, Ixak hogeita bost urteetan egindako lan bakarra (Ixarik gabe, euskarak ez luke gaur duen tokia informatikaren plazan) baina Xuxen da Ixaren bandera ontzia, edo niri hala iruditzen zait behintzat. Orain hamar urte zutabe honekin hasi nintzenetik Xuxenekin bizi izan dudan harreman sentimentalarengatik izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude