Saizarbitoriaren ‘zaska’ Arambururi eta beste emozio batzuk

Jakin-minak eta aukerak eraman ninduten atzo arratsean Donostiako Lagun liburu-dendara, Ramon Saizarbitoriak eta Fernando Aramburuk, Donostia 2016k antolatuta eta Ignacio Latierro gidari zutela, izatekoa zuten solasaldia entzutera. Ez nuen bihotza bizkortu eta serieak egiten jartzeko inolako asmorik, baina aitortu behar dut une batzuetan sutan jarri nintzela barrutik.

Nire emozioei buruz hitz egin baino lehen, ordea, esan beharra daukat asko gustatu zitzaidala Saizarbitoriaren jarduna, eta, nire ustez behintzat, orain esaten den bezala, zaska edo belarrondoko —dialektiko— ederra eman ziola Arambururi, eta Aramburu erantzuteko argudiorik gabe geratu zela oro har, edozein ohol usteli heltzen dion naufrago baten antza hartuta. Tira, beharbada hooligan samarra jarri naiz hori idaztean, baina nik uste dut Arambururen jarraitzailerik sutsuenak ere aitortuko lukeela atzo Saizarbitoriak erantzunik gabe utzi zuela behin baino gehiagotan Aramburu, eta alderantzizko erreakziorik ez zela une bakar batean ere izan.

Saizarbitoriak esan zuen, beste gauza askoren artean, berari ez zaiola iruditzen euskarazko literatura —nik, berez, “euskal literatura” idatziko nuke, baina solasaldia gaztelaniaz izan zenez eta itzultzen ari naizenez, badaezpada ere, argiago gera dadin, aurerrantzean ere “euskarazko literatura” idatziko dut—, bada hori… esaten ari nintzen bezala, Saizarbitoriak esan zuen, gauza askoren artean, berari ez zaiola iruditzen euskarazko literatura hiper-subentzionatua dagoenik; bera behintzat ez dela inondik ere idazle hiper-subentzionatua sentitzen —ez zuen esan, erdaraz ari zelako, baina neure artean irudikatu egiten dut esaldia “Akabo ba!” batekin errematatzen—; euskaraz idatzitako literaturak subentzionatuegia dagoelako kexatzea DBA (gaztelaniaz RGIa) gehiegizkoa delako kexatzearen antzekoa iruditzen zaiola; euskarazko literaturari emandako subentzioak, azken batean, ezinduei ematen zaizkienen antzekoak direla; benetako bidegabekerien eta gehiegikerien etsai denak baduela aurretik nora begiratua franko; eta, batez ere, euskaraz idazten duten idazleek, subentzioaren amorez, pentsatzen dutena esateari uko egiten diotela esatea —Arambururen behialako adierazpenak ez zeuzkan ahaztuak— euskaraz idazten duten idazleak iraintzea dela, eta bera hori eta horrelakoak entzutean halaxe sentitzen dela, irainduta.

Beraz, orokorrean, ondo joan zen dena, nire ustez, eta zentzuzkoa, aberatsa eta hezitzailea izan zen solasaldia. Eta gainera, aitor dezadan horrek ere eragina izan zuela, nire taldea izan zen garaile deman. Gogotik jo nuen txalo, beraz, bukaeran.

Nahi ezta ere, sutan!

Hala ere, lehen esan dudan bezala, une puntual batzuetan, neuk halakorik nahi ez nuen arren, sutu egin nintzen; bitan batez ere: batetik, Aramburuk esan zuenean euskaraz idazten duten idazleek 400 euro kobratzen dutela eskola batera joan eta hitzaldi bat emateagatik; bestetik, Aramburuk esan zuenean Euskal Idazleen Elkarteak 60.000 euroko laguntza jasotzen duela urtero, eta Euskadiko Idazleen Elkartea —“euskaraz idazten dutenak ere onartzen dituen elkartea”, nabarmendu zuen, gogoratuz Euskal Idazleen Elkarteak ez duela horren zabal eta inklusibo jokatzen, euskaraz idazten ez dutenak ez dituelako bazkide gisa onartzen— subentziorik gabe utzi zuela Jaurlaritzak, nahiz eta gero, eskaria berrituta edo, azkenean 5.000 eurokoa eman omen dion.

Horregatik, urduri eta damutuko zitzaidalako segurtasun ia osoz, hitza hartu nuen solasaldiaren amaieran, esateko —ez hemen bezain argi, askoz modu traketsagoan baizik, ez bainaiz batere plazagizona—, batetik, eskolako saioengatik idazleek ez dutela Aramburuk esandakoaren erdirik ere kobratzen; eta, bestetik, Euskal Idazleen Elkartea aspaldi sortutako elkartea dela, sortzaileen artean Anjel Lertxundi izan zuela —eta pena daukat ahaztu zitzaidalako, besteak beste, Juan San Martin aipatzea, eta baita Patri Urkizu ere, solasaldiko entzuleetako bat hain zuzen ere—, urteekin lan finko batzuk bereganatu eta sendotu egin dituela, eta beharbada beste elkarteak —Euskadiko delako horrek— neurri bereko subentzioa jasoko badu, neurri bereko lana eta ibilbidea egin beharko duela aurretik. Horrez gain, komentatu nuen —nik ere ez baineuzkan ahaztuak Arambururen behialako adierazpenak— justu atzo bertan Jokin Muñozen Bizia lo izan nuela solasgai adiskide batekin, ETAren eta ezker abertzalearen kritika zorrotza egiten duen ipuin liburua, euskaraz idatzia eta 2003an argitaratua. Amaitzeko, Mikel Hernandez Abaitua entzuleen artean zela baliatuta, hark bide hori are lehenago ere jorratua zuela ekarri nuen gogora, eta idazle gehiago ere badirela eta izan zirela, bilatu nahi badira…

Orduan Latierrok jarri ninduen sutan, esan zuelarik: “Bai, Jokin Muñoz, egia da, baina badakizu… Jokin Muñoz ez da oihartzun handiko idazlea, ez da asko aipatzen…”. Esanez bezala —nik behintzat hala ulertu nuen—: “Bai, baina euskaraz idatzitako literaturak horrelakoak ezkutuan gordetzen ditu”. Dedio! Betiko matraka!

Zuek ez duzue aipatuko, Ignacio! Bizia lo-k Euskadi saria irabazi zuen 2004an, eta harrezkero, nire ustez behintzat, Jokin Muñoz idazle “kanonikoa” da euskarazko prentsan eta euskarazko literaturaren sisteman oro har, eta hark liburua argitaratu orduko hari egindako elkarrizketa zabalak dituzu irakurgai han eta hemen. Beraz, zer girotan eta norentzat da Jokin Muñoz oihartzun handirik gabeko idazlea, ez oso aipatua? Eta norena da horren ardura, horren errua?

Ez nion ezer erantzun Latierrori, entzuleen komentarioen txanda monopolizatzeko beldurrez, baina, igarriko zenutenez, erantzuteko gogoz geratu nintzen.

Liburu-dendatik irten eta etxerako bidean, neure pentsamenduetan galduta, jabetu nintzen erdaldun askok gaztelaniaz tutik ere ez jakiteko sekulako gogoa pizten didatela. Ez haienganako edo haien hizkuntzarekiko destainaz, mespretxuz edo gorrotoz; haiekin enpatizatzeko modu bakarra izan daitekeela iruditzen zaidalako baizik; haiek euskarari eta euskadunoi buruz pentsatzen eta esaten dutena pentsatzera eta esatera nola arraio irits daitekeen ulertzeko modu bakarra iruditzen zaidalako.

Badirudi, ordea, zoritxarrez, ezin izango garela inoiz enpatia horretara iritsi, ia-ia erdaldun batzuek euskaraz ikastea bezain zaila baita euskaldunok erdara ahaztea.