Lehengo ostiralean Juan Kruz Lakastarekin eta Joxerra Senarrekin batera Donostian emandako hitzaldian Ivan Gimenez El Corralito foral liburuaren egileak kontatu zuen duela urte batzuk Noticias de Navarra-ko lankide batzuekin erredakzioan hitzaspertuan zela eta hizpide UPN, PSN, Opus, CAN, patronala eta enparauak zituztela, batek bromatan “erregimen” bezala definitu zuela kuadrila hura. Definizioa gustatu, eta erregimena-ren zabalkundea potoltzen joan zen. Hiztegietan bazen, baina ez XXI. mendeko diskurtso politikoan.

Iñigo Aranbarrik Hitzak eta giltzak liburuan Gurea atalean:

“Hori gurea duk”, esan ohi da gurean norbait ideologikoki gure ingurukoa dela adierazteko. Izendatuak ez daki, baina ezagutzeko moduko orbana darama atzean. Lasai doa. Ez da ohartu ere egiten espaloi gainean uzten ari den odol hariaz. Ez du egundo jakingo hainbeste nahi dion hizkuntza izan dela gorpu utziko duena.

Nafarroan batzuk hasi ziren orain urte batzuk: “Hori erregimena duk…”. Gorpu utzi dute. Baina Opusekoak tartean egonda, berpiztu ahal dira.♦