Gure Esku Dago-k pedagogia egiten segitzen du. 2013ko ekainean sortu zenean ekin zion zeregin horri, autodeterminazio eskubidea edo –termino honi heldu zion– erabakitzeko eskubidea politikarien zurrunbiloan eta lokatzetan sartuta zegoela irizten ziolako, eta, ondorioz, horrek “gatazka” sortzen zuelako. Bi urteko ibilbide emankorarren ostean, joan den ekainean estadioetako-eta ekitaldietan beste jauzi bat eman zuen: “Erabakiaren aroa hasi da”. Hau da, galdeketena. Esan zuen Zelai Nikolas eledunak BERRIAn: “Gure Esku Dago ez da sortu erabakitzeko eskubidea urteetan eta urteetan aldarrikatzen ibiltzeko. Eskubide hori praktikara eraman nahi dugu”. Pedagogiaren bigarren partea hasi du orain, lehengo astean ezohiko batzarra eginda: erabakia gauzatzeko urratsak finkatu nahi ditu, eta “zer, noiz eta nola erabaki” galderei erantzuteko adostasunari garrantzia emango dio. Hala ere, oraindik Gure Esku Dago-k, pixka bat edota oro har, itzulinguruka jarraitzen du. Hala, bidea urratzeko, datorren urteko ekainaren 12an “erabakitzeko adierazpenak” aurkeztuko ditu. Burujabetza prozesu bati ekiteko baldintzak sortzen joatea da kontua, oraindik ez baitago nahikoa baldintzarik. Baina konkreziorako garaia ere bada, eta orain jakin da hark sustatuta Gipuzkoako Goierriko 22 herrietan –ia 70.000 biztanle– hurrengo ekainaren 19an galdeketak egingo dituztela; menturaz, ibilbide luze bati esker baldintzarik onenetakoak han baitaude –Diman eta Ispasterren ere izango dira; Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan egin ziren–. Elementu katalizatzaile bila jarraitzen du Euskal Herriaren parte batek.♦