(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– bigarren post scriptum-a). 1979tik aurrera eta Izagirre baino lehenago, Jesus Maria Alkain zena, Ramon Labaien zena, Xabier Albistur eta Odon Elorza izan ziren Donostiako alkateak, eta Izagirrek dio bere agintaldian harremanik onena Labaienekin izan zuela. “Gertutasun handia izan nuen harekin, eta oso harreman ona. Alkate zen garaian ere, Igeldo herritzat zeukan hark”.  1983-1987 artean izan zen alkate Labaien, EAJtik.

1983ko azaroan, ordurako karguan zegoela, EAJk Sabino Aranaren heriotzaren 80. urteurreneko ekitaldi bat antolatu zuen Donostian, eta Labaien ere mintzatu zen: “Sabino Aranak ikusten zuen sozialisten arriskua: euskal nazioaren kontzeptua desegiteko masak erabiltzeko profesionalak zirela”.♦