BERRIAko analisiaren (2016-2-6) laburpena:  Hegoaldeko ezker abertzalearen egitura politiko-zibilak klandestinitatea, debekua eta kartzela baino ez zituen beretzat, eta, politikan nor izateko, aukera bakarra zeukan: Espainiako legedia betetzea. Duela sei-zazpi urte dagoeneko ezin ziola eutsi estrategia politiko-militarrari, eta aldatzea erabaki zuen. Zutik Euskal Herria (2010eko otsaila), Gernikako Akordioa (2010eko iraila), Sorturen estatutuak (2011ko otsaila) eta ETAk jarduera armatua uzteko jakinarazpena (2011ko urria) dira adierazpenik adierazgarrienak. Dena dela, gogoetak, eztabaidak eta saioak lehenagotik zetozen: 1992, 1995, 1998, 2004, 2006. Gatazkaren ondorioen konponbiderako A planak, gehienean, huts egin zion ezker abertzaleari, eta ikusi da ez zuela B plan azkar bat. Plano teknikoan —politikoak badu bere zailtasuna, propioa—, ezker abertzalearen operazioa ez da bukatu. Ikusi da presoenean bide berriko lehen urratsak ez direla aski izan estatuek eta euskal gizarteak aintzat hartzeko, eta Sortuk presoei eskatu die pauso “berriak” eta “ausartak” egiteko. Estrategia independentistaren barruan kokatu nahi ditu haien ekarpenak, baina jendea kartzelan dela zaila izango zaio estrategia independentista bat garatzea. Alez aleko emaitzekin, energia positiboaren beharrean da. Ilusiorako.♦