Biktimak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak kontatu zuen asteazkenean Memoria eta biktimak jardunaldian: “oso esperientzia gogorra” pasatu zuen bere lagun eta biktima batek, baina lagun hori ez zen askatzen, ez zuen negar egiten; denbora batera bainuetxe batera joan zen, eta masaje bat hartzen ari zela lehertu zen. Gema Varona EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlariak zioen makina bat alargun geratu direla psikologora joan gabe, esanda nahikoa lan bazutela familia aurrera ateratzen. Premiak, horiek.

Loiolako hegiak, Ekarri armak... Urriaren 20an genioen Un final para ETA izango duela izenburu Imanol Murua Uriaren Ekarri armak liburuaren espainolezko bertsioak. Haren Loiolako hegiak-en (2010) 5.000 ale saldu dira, eta El triángulo de Loiola-ren 1.750. Euskaraz, beraz, ia hirukoitza. Ekarri armak (2015eko abendua), 3.000 aleko salmentan doa.

Sortu. Sortun Zohardia txostenaren egileek zuzendaritza proposamenean ez dakarte alderdiko presidente figura. Sortuk bere sorreran (2013) jarri zuen egituran kargu hori, eta Hasier Arraizek bete du. PSE-EEk ere kendu zuen presidente kargua, 2014an; Jesus Egiguren 2002tik zegoen bertan.

Matute. Alternatibako zuzendaritzan lehen aldiz sartu da Oskar Matute. Orain arte alderdiaren bozeramaile izan da, baina larunbatetik aurrera boto eskubidea du eta zuzendaritzakide bihurtu da.  Harrigarria aurreko egoera, Alternatiban bertan ere dioten bezala.♦