Enekoitz Esnaola

Hilabetea: ekaina 2017

Autokritika

BERRIAko analisiaren (2017-6-17) laburpena: Mahai gainean dago euskal presoen auziaren konponbiderako nahia, eta, EPPKren pausoa laster datorrela ahazteke, indar berezia har dezake urte bukaera aldera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako dinamika zibil-instituzionalaren ondorioz. Hego Euskal Herrian, berriz, EAJ eta ezker abertzalea autokritikarekin dabiltza bueltaka, berriro. ETAren indarkeriagatik ezker abertzaleak ardura berezia dauka alor horretan, baina estrategia politiko-militarra uztea erabaki zuenetik, era ofizialean eta batzuetan modu solemnean, mintzatu izan da ETAren indarkeriaz zentzu kritikoan edo hura desagertzeko eskatuz. ETAk hilabete batzuk barru bukatuko du bere geroari buruzko eztabaida, eta segurutzat jotzen da ibilbidea amaituko duela. Sasoi horretarako jada egon daitezke presoen banakako eskaerak espetxeetan. Ia 60 urteko historiaren balorazioa egiteko unea izango du ETAk orduan, eta ezker abertzale osoari ere balegokioke azterketa bat egitea, saihestu gabe ETAk 800 lagun pasa hil dituela. Iaz Otegirekin izandako kalapita batean, Urkulluk zioen EAJk “iraganaren autokritikaz posizionamenduak” hartu izan dituela, eta, zehazki, Elkarbizitzarako bake-bideak dokumentua (2005) aipatu zuen. Baina hamabost orrialdeko idatzian EAJk ez dio bere buruari kritikarik egiten. Iparraldea Hegoaldea ezkerreko erreitik pasatzear da berriro.♦

Patxi Lopez

PSOEko primarioetan Patxi Lopezek Pedro Sanchezi, tonu zera batekin: “Ea, Pedro, ba al dakizu zer den nazio bat?”. Baietz Sanchezek. “Bai? Eta zer da?”, besteak. Erantzuna: “Hiritar askok eta askok duten sentimendua; adibidez, Katalunian eta Euskal Herrian [‘Pais Vasco’], arrazoi kultural, historiko edo linguistikoengatik”. Lopezek: “Begira, erabat termino modernoa da nazioa. Ez ditu berrehun urte ere. Eta beti bi korronte historiko egon dira nazioa definitzeko: nazio politikoa —burujabetza dakar, eta, beraz, estatu independente bat lortzea— eta nazio kulturala —ez dakar inolako estaturik—. Baina berriro diot: hori al da sozialiston eztabaida?”. Iritzi bera izango dute biek, baina… Sanchezek irabazi zituen primarioak, eta zein jarri du PSOEko zuzendaritzan Politika Federalaren idazkari? Lopez. Lurralde politikaren arduradun. Haren idazkaritzaren eginkizuna izango da, diotenez, Espainiako Estatuaren erreforma federala diseinatzea. 2012ko udazkenean, artean Jaurlaritzako lehendakari zela, PSE-EEko Boluntarioen Koordinaziorako Zentroaren inaugurazioan izan zen Lopez, Bilbon, eta bisitako bideoaren hasieran ageri da: PSEkoek Euskal Herriko mapa daukate horman. Ez dakigu galdetu zien Lopezek: “Ea, boluntariook, ba al dakizue zer den Pais Vasco?”.♦

Ipar Euskal Herriko emaitzei begiratu bat

Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak zirela kontuan hartuta —alegia, tokikoen aldean desberdinak, berez—, emaitza esanguratsuak dira Ipar Euskal Herrikoak. Batetik, Frantziako alderdi nagusien beherakada nabarmena gertatu da: 2012an Modemek, UMPk eta PSk 92.956 boto (%71,6), joan den igandean Martxanek, Errepublikanoek eta PSk, 70.291 boto (%57,8).  Beraz, 22.600 boto pasa eta ia hamalau puntu behera. Bestetik, EH Baik gora egin du —1.242 boto eta 1,6 puntu, orotara 12.665 boto eta %10,4 lortuz—; berriz ere hirugarren geratu da, baina orain askoz gertuago bigarren indarretik —2012an 27.500 botora, orain 2.741era—; eta atzean utzi du PS. Frantzia Intsumisoa alderdi berriak 10.950 boz jaso izana garrantzitsua da, baina ikusi beharko da gerora zer lankidetza sor daitezkeen. Horretaz guztiaz gain, zenbait arlotan eragileen eta herritarren artean egon daitekeen distantziaz gogoetatzeko moduko hitzak egin ditu Collette Capdeviellek (PS) Euskal Irratietan, 5. hautesbarrutian Florence Lasserre (Martxan) gailendu dela medio: “Euskal lurraldeak, dituen berezitasun guziekin, Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren kontra zen diputatu bat hautatuko du? Presoen gaian inoiz ezer egin ez duen bat hautatuko dute hautesleek? Hautagai anti-euskalduna ote da?”.♦

Legezkotasuna

BERRIAko analisiaren (2017-6-10) laburpena: Uztailaren 15ean hamar urte beteko dira Josu Jon Imaz EAJren EBBko orduko presidenteak No imponer, no impedir (Ez inposatu, ez eragotzi) artikulu esanguratsua idatzi zuenetik. Praxi politikoaren emaitza: eragotzi, Espainiako Estatuak. Kasik hamar urtera, gehien-gehiena eragotzi-tik duen pieza bat idatzi du Josep Antoni Duran i Lleida CiUko buru ohiak El País-en: Esto va de democracia (Demokrazia da hemen kontua). Carlos Garaikoetxea EAko presidente ohiak Imazen idatziari erantzunez zioen PSOEri eta PPri betorako eskubidea ematea zela. Ikusi zen hori Ibarretxe planaren (2005) eta EAEko Kontsulta Legearen (2008) kasuetan. Madrilek berdin jarraitzen du. EAJ, berriz, ez da Ez inposatu, ez eragotzi-tik aldendu. Aldiz, Katalunian izan da mentalitate aldaketa bat, Madrilen debekuak debeku prozesu subiranistan aurrera eginda. Katalunian legedi propioa eratu nahi dute urriaren 1ean erreferenduma egin ahal izateko. Gure Esku Dago-k gaur Herritarron Itunaren aurkezpenean izaera horretako ideia bat jasoko du. Azken lau urteotan ikusi da haren kontzeptuek bidea egiten dutela.♦

Eusko Ikaskuntza, post scriptum

Eusko Ikaskuntzak irailean lurraldetasunari buruzko “zoru komun bat eta diagnostiko partekatu bat” —Liburu Berdea— aurkeztuko duela argitaratu dugu gaur BERRIAn, eta, toki faltan, artikuluan sartu ez den pasarte bat da ondorengoa. Mario Zubiaga: “Terminologia landu dugu, esate baterako. Eztabaidatu genuen eta saiatu gara ados jartzen. Nola deitu: Euskal Herria, Euskadi, Pais Vasco, Pais Vasco-Navarro, Vasconia, Pays Basque… Historian zer erabilpen izan duten jorratu dugu, eta badakigu deituraz gutxieneko adostasunik ez dagoela. Dena dela, Euskal Herria kontzeptu bezala nahikoa onartuta dago denen aldetik, baldin eta kontzeptua eremu antropologiko-kultural batera eramaten bada. Gazteleraz arazo gehiago dago, eta Territorios vasco-navarros edo Vasconia erabiliko dugu Liburu Berdearen zirriborroan; Eusko Ikaskuntzaren tradizioan gazteleraz adostasun handiena izan dutenak dira bi horiek, kontzeptu zabal bezala ulertzen baitira, Espainiara edo Frantziara edo hainbat euskal lurraldez osatutako egitura batera mugatu gabe”.♦

EAJren beste zakua

Mundu jeltzalearen propaganda eta komunikazio estrategia ahaltsuaren beste atal batzuen berri izan dugu EITB Focus-en bidez. Hego Euskal Herriko datozen udal eta foru hauteskundeei buruzko inkesta batzuk ekarri ditu, eta, oraindik bi urte falta diren arren, haren arabera ikusten da EAJk hazten jarraitzen duela. EAEn hezurretan lagatzen ari da PP —Araban salbu—, ahultzen-ahultzen PSE-EE, eta badu beste zaku bat botoak ateratzeko: Elkarrekin Podemosena. Inkestako datuak: Arabako foru bozetan EAJk 3,1 puntu irabaziko lituzke duela bi urteko emaitzetatik, eta, han ere, funtsean, PP eta Ahal Dugu+Irabazi —hauena, batura eginez, aparte aurkeztu baitziren— jaitsiko lirateke: 3,2 eta 1,9 puntu, hurrenez hurren. Bizkaian EAJk +4,2 puntu, eta PPk -1 eta Ahal Dugu-Irabazik -1,7. Eta Gipuzkoan EAJk +4, PPk -0,8 eta Ahal Dugu-Irabazik -1-1. Batez ere, bietatik egingo luke arrantzuan EAJk. Alde horretatik ere patxada Sabin Etxean.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑