“Euren espetxe onurak probestu ahal izateko, erakunde terrorista uztea da presoek egin behar dutena. Hau da, ETAko presoak izateari uztea. Eta banan-banan hartu behar duten erabaki bat da”. Javier de Andres Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren hitzak dira, joan den larunbatean Vocento taldean esanak. EPPK-ko zuzendaritzak barne eztabaidarako iazko abenduan jakinarazi zuen oinarrizko txostenean, azkeneko puntuak ere bazeukan garrantziarik aurrera begira: “7. Azken hitza. Aieteko Adierazpenean presoen gaia ETAk bere gain hartu bazuen, gaur egun, halako aldebiko negoziaketaren zantzurik ez dagoenean, EPPK-k bere burua, Ezker abertzalearen dinamikaren baitan, herriaren eta prozesu independentistaren garapenaren menpe jartzen du, preso guztion askatasuna Euskal Herriaren askatasunarekin lotuz”. EPPK-k Espainiako eta Frantziako estatuetako legedi arrunta erabiltzea erabaki du —De Andresen iritziz, “hori da egin behar dutena” presoek—. “Uda betean” argitaratuko ditu kolektiboak barne hausnarketaren ondorioak. Ikusiko zehazten duen puntu hori —”EPPK-k bere burua, Ezker abertzalearen dinamikaren baitan” hori—, eta, zehazten badu, zenbateraino.♦