Zer ari zara NYPD-en biserarekin?

Ricardori euskara eskola eman nion atzo arratsaldean, gero Metrobusa hartu nuen etxera iristeko, eta ibilgailuaren barruan ikusitako morroi batek aztoratu, haserretu, tristetu eta harritu ninduen. Disimulatuz-edo argazki bat ere atera nion.

Morroi bat, atzo, Metrobusean.
Morroi bat, atzo, Metrobusean.

Nik uste sutu ere egin ninduela eszenak, lagunari kontatu nion aurreneko gauza hori izan baitzen, hain zuzen: Metrobusean tipo bat ikusi nuela New York Police Department-en (NYPD) bisera batekin. Igual esajeratzen naiz, auskalo, ez dakit, baina ulergaitza egiten zait norbaitek poliziaren propaganda-edo egitea, polizia ente hori edonongoa dela ere haien ikurrak erabiltzea erabilera hori guztiz naturala balitz bezala, are sinpatizatzea –argi baitago, nago ni, poliziaren kamiseta bat, giltzatako bat edo bisera bat baldin badaukazu, janzten-erabiltzen baduzu, poliziak sinpatikoak iruditzen zaizkizula–. Baina tirak, botereak uneoro sartzen dizkigu golak, eta baloia ate barrutik hartu eta berriro altxatzera ohituta gaude. Etsigarria da gero boterearen kontrako borroka TITANIKO hau…

Ados, ados, baietz, bakoitzak nahi duena egin dezakeela. Konforme. Noski, ez nuen tipoa egurtu, ez nion eraso egin, inork ez ninduen gelditu behar izan biseraduna jipoitzeko intentzio argia azaldu nuelako, baina oso deigarria egiten zait eta gorputzaldi txarra utzi zidan ikusitakoak; are okerragoa, tipoak buelta eman eta begietara begiratu nionean. Ez egin dudarik: Gora Euskadi-ren kapela folklorikoa jantzita eraman izan balu ere, sekula ez nuke hark ordaindutako kafe bat onartuko. Muturrekoa haizela gero, Igor!

Biseradunak ez du, ziurrenik, artikulu hau irakurri. Tira, beharrik ere ez du, bere herrialdean antzekoak edo okerragoak gertatzen direlako. Hemen, hamar pauso eman, eta polizia batekin topo egingo duzu. Banku baten atean, adibidez, horietako bat ikusiko duzu metralleta bat aldean duela. Hori ez da biolentzia, ez… Ados, nik ere diskurtso demagogikoari helduko diot, eta adieraziko dizuet baietz, hiri honetan beharrezkoak direla poliziak. Baina mexikarrek, oro har, ezin ditute parean ikusi ere egin, eta pozten naiz.

Ezin dituzte ikusi ere egin, haien portaera, orokorrean, okagarria dela. Haiek ere, haien jarrerarekin, narkoestatu hau elikatzen dute. Adibide batzuk jarriko ditut, zeinen patetikoak eta lotsagabeak izan daitezkeen azaltzeko asmo didaktikoarekin.

Duela urtebete-edo, pareko bizilagunek 02:00etan musika ozen-ozen jarrita zutenez, poliziari deitu behar izan genion gure bizitzan aurrenekoz. Lo egin nahi genuen… Baietz-baietz, berehala joko zutela harantz, ofizialaren erantzuna. Hurrengo bi orduetan zazpi-zortzi aldiz deitu genuen, eta azkenean iritsi zen patruila bat, antza, Gelati kalera. Jaitsi zuten bolumena bizilagunek, alde egin zuen patruilak, eta handik gutxira, musika ozen-ozen berriro. Poliziari deitu berriro, eta aurreko zazpi-zortzi aldietan erantzun zigun ofizialak zur eta lur utzi gintuen: “Ya, quieren dormir, claro… Pero es que es una propiedad privada“. Ez genion, noski, deus sinetsi. Pareko bizilagunek mordida ordaindu zuten eta kito; ziurrenik hori gertatu zen. Izan ere, kontatu didatenarengatik behintzat, hemen, poliziek, goitik daukatenari astero edo egunero mordida bat, diru kopuru bat emateko obligazioa daukate. Beraz, gure pareko bizilagunak eman zizkion, demagun, 500 peso, eta Aurrera, kito; izorra daitezela besteak.

Hortaz, hori jakinda ezin dut ulertu mexikar batek, tira, edozeinek, nola eraman dezakeen poliziaren zerbait soinean, horri souvenir hutsaren balioa ematen baldin badio ere.

Gehiago. Kaleko saltzaileak kikildu zaleak dira poliziak. Ikusten dituzu, bi, bizpahiru, hiruzpalau polizia, lau sos irabazteko kalean edo metroan zerbait saltzen ari direnen aurrean harrotuta. Motiboa? Bada saltzaileari zerbait, diru bat, ateratzea, haiek gero goikoari zer eman eduki dezaten.

Eta, halere, tipoa poliziaren bisera batekin.

Lagun bat marihuana txirri bat erretzen harrapatu zuten behin, eta lagunak esan zion: “Ea, ofizial, nola konpondu dezakegu?”. Kamera batzuk omen zeuden inguruan, eta ofizialak adierazi zion urrundu zedila handik. Joan ziren toki diskretuago batera, eta lagunak 500 peso-edo eman zizkion. Kito. Esaten du, bai, Josetxo Zalduak, mordide-k bizimodua errazten dutela Mexikon…

Kontatu didatenarengatik, behintzat, poliziak kikiltzea ez da zailegia. Morroi batek jakinarazi zidan behin, zerbaitez libratu zaitezkeela, baita mordida-z ere, poliziari irmotasunez hitz egiteko abilidadea baldin badaukazu; ahotsaren tonuak berebiziko garrantzia duela… Tira, trantze horretan ez egotea espero dut. Baina bitxia iruditzen zait…

Metrobusean ikusitako tipoak badu horren guztiaren berri. Beraz: zer pentsatzen ari da bisera hori janzten duenean? Ez nintzateke harrituko nik ez, beste norbaitek baiziko egurtuko balu. Neurri batean, neurri batean bakarrik, probokaziotzat har daiteke bere keinu biseraduna.

New Yorken Pedicab bezala lan egin nuenean, turista asko ikusten nituen bisera horrekin, eta sutu egiten nintzen. Behin, Central Parken, bueltatxoa eman nion bikote kataluniar jator bati. Eskatu zizkidaten helbide batzuk, eskatu nion bikoteko kide bati boligrafo bat, eta, joder, NYPD-en boligrafoa zen. Ordubeteren ondoren bagenuen, jada, nolabaitako konfiantzatxoa, eta zer okurrituko niri eta errieta egitea boligrafo hori edukitzeagatik. Speech, nola esan, iraultzaile bat eskaini nien, eta baita kontatu ere Sam ene lagun pedicab kirgizistandarra atxilotu zutela behin, gau osoa ziega batean pasa behar izan zuela, pedicabaren pedalei eragiten ari zen bitartean gidatzeko karneta soinean ez zeramalako.

Ikusten nituen NYPD-eko kideak edonon eta edonola aparkatzen, edo, esaterako, erotzeko pronto zegoen homeless bati kargu hartu aurretik lurrera txistu egiten eta urruneko mendebaldeko pelikuletako sheriff etikarik gabekoak bezala sentitzen. “Get out of here!!” Tira, hori Euskal Herrira ere estrapolatu genezake lasai asko, ezta?

Gogorarazi nahiko nioke biseradunari 1999an New Yorkeko polizia batek, edo pare batek, zuloz bete zutela Amadou Diallo jatorri afrikarrekoa, ez zutela gupidarik izan harekin, dozenaka tiro jo zizkiotela, bakarrarekin edo birekin, nik zer dakit, nahikoa ez balitz bezala. Aitzakia? Gizonak, antza, pistola bat atera behar zuela. Gero frogatu zen ez zela hala… Edo zergatik ez oroitu AEBetan poliziak beltz diruz txiroekiko daukan jarrera oldarkorra, are hiltzailea. Ez dut uste ezer asmatzen ari naizenik; hor dauzkazue, irakurgai, azken urteotako hainbat eta hainbat albiste.

Jatorri euskalduneko newyorkdar batek behin baino gehiagotan galdetzen zidan ea zer daukagun euskaldunok poliziaren aurka-edo. Ba ez dakit soilik euskaldunon gauza ote den… Baina tira, Euskal Herrian, eta munduaren luze-zabalean, hor dauzkazue gertatutakoak. Hori bai, Euskal Herrian Ertzaintzaren kamisetak eta biserak erakusten eta janzten hasten garenean, orduan bai, orduan gureak egin du.

Bitartean, jendeak lasai ederrean janzten-erabiltzen ditu, are harrotasunez jantzi-erabili, poliziaren kamisetak, biserak, xukaderak edo, nik zer dakit, giltzatakoak. Gol ederra sartu digute ba. Hori ere asimilatu dugu ba, asimilarazi digu botereak, gure ikuspegi akritikoak. Edo exajeratzen ari naiz? Zer erantzungo zuen tipoak, bisera horri buruz galdetuz gero? Auskalo…

Apuntetxoa (I): Maite ditut maite, entzuten ditudanean, kafetegian egiten dituzten laneko bilerak.

Apuntetxoa (II): Atzo, Banamex-en kutxazain batean, 30-40 pertsonako ilara. Hemen hamabostean behin kobratzen da… “Mira! La gente reponiendo sus gastos innecesarios!“, Ricardo ikaslearen komentarioa.

Kantua: Unai Emery PSGko entrenatzailearen anaia da Beti Mugan-eko abeslari eta gitarra jotzaile Koldo Emery.

 

 

 

 

 

 

 

 

Guerra zikina

 

Irmotasunez

Uste dut, zer demontre, hau kontatu beharrekoa dela, nahiz eta unea eta unearen aurretikoak ez diren bereziki atseginak izan. Deserosoa da aspalditik dirua zor dizun baten atzetik ibiltzea; gogaikarria pertsona horren aldetik erantzun arraroak, ulertezinak jasotzea; eta etsigarria norberak duintasunari buruzko galderak egitea bere buruari eta duintasuna, kontzeptua bera, modaz pasatuta dagoela konturatzea.

Dirua zor zidanarekin 10:30etan geratuta nengoen bere etxebizitzaren atarian. Aurrez, baina, 09:45etan, BBVA Bancomer bankura jo dut txeke bat kobratzera. Ez dakit denetan gertatzen ote den, baina hemengo banku batzuetan bezeroen eta ez-bezeroen arteko bereizketa egiten dute. Sartu naiz, ikusi dut jende dezente zain zegoela, eta bankuko langile batek galdetu dit ea bezeroa ote naizen. Ezetz. Beraz, harategietan-eta bezala, txarteltxo zenbakidun bat eman dit, eta ez-bezeroen eremura bidali nau . “Tira, 20 bat minutu beharko ditut”.

Eseri naiz, eta sakelakoa atera dut poltsikotik, kalkuladorarekin kalkulu matematiko bat egiteko intentzio noblearekin. Ez pentsa erro karraturen bat-edo burutu dudanik; ez,ez, biderketa eta zatiketa sinple bana egin nahi nituen. Baina bankuetan, han eta hemen, oso ohikoa da bi hankadun zakurrekin topo egitea, eta, hortaz, segurtasuneko zaindari batek jakinarazi dit bankuaren barruan debekatuta dagoela sakelakoa erabiltzea. Ados. Gorde dut Alcatel etxeko tramankulua.

089 zenbakia nuen. Hiru lehiatila zeuden irekita bezeroentzako eta bi ez-bezeroentzako. Hasieran nahiko atzean eserita nengoen, baina ikusi dut sartu dela morroi bat eta ahalegindu dela zenbakien ordena ez errespetatzen. Horretarako ere langile bat daukate bankuan, eta hark kargu hartu dio denoi barre egin nahi zigun gizonezkoari. Badaezpada ere aurrean eseritzea deliberatu dut, eta zakurrak hezurrarekin nola, hala nengoen ni, pantailan txanda emango zidan zenbakia agertu zain.

10:20 ziren jada; hau da, ordu erdi pasatxo igaro dut bankuan. Euskal Herrian ere gertatzen da batzuetan, baina hemen ohikoa da; batez ere, jendeak hamabostaldiak kobratzen dituenean. Txeke bat kobratu beharra neukan, Casa del Lagoko gidoi ikastaroa ez zelako atera azkenean, eta nik ikastaro hura ordainduta neukalako. Tira ba, jo dudala lehiatilara zakurrak hezurrera jotzen duen bezala. Epakehaykaixoegunonaupi esan ondoren, txekea eman diot langileari, eta ene DNIa ere barneratu dut metakrilatozko kristalean egindako zirrikitutik. Eztala da nire bigarren abizena, baina txekean “Etzala” jartzen du. Hori ez da nire errua, baina bankuko langileak eta langileak daudenez, ba badakizue… Ez diot ezer esan, begiratu du, altxatu da, eta metakrilatoaren eragin isolatzailearen eraginez ia-ia ez diot aditu esan didana. “Señor jhsdgfkjhsgd”, edo horrelako zerbait. Eta nik: “kjsdkjlfhsdjk”. “Kagoendios, zer dugu orain…”, pentsatu dut neure artean. “Abizenarena esaten baldin badit, segurtasunekoak ez, nik neuk aterako dut pistola bat”. Itzuli da, eta harekin zetorren beste langile bat, bankuaren jerarkia, ziurrenik, itogarrian maila handiagoa duena, antza. Hurbildu da metakrilatora eta esan dit nire identifikazioa, DNIa alegia, ez zela baliagarria txekea kobratzeko, pasaportea erakutsi beharko nuela horretarako. Muturra okertu dut, pare bat segunduz pentsatu dut esan behar nuena, eta azkenean, laugarren mailako ironia erabiltzearen aldeko hautua egin, eta, paradoxikoki, zaunkaka hasi naiz ia-ia: “Noski. Duela pare bat hilabete, zuen bankuan diru hori sartu nuenean, ez zenidaten pasaportea eskatu”. Momentu horretan berriro sentitu dut ni serbokroazieraz ari nintzela eta langilea, aldiz, persieraz, ez baitio erantzun nik esandakoari, eta aurrez jakinarazitakoa errepikatu dit. Ahalegindu naiz atzera, baina alferrik, hirugarrenez, robot batek bezala, gauza bera esan baitit: “Señor xjgvzjhdxgfdsjhgjhf”. Atzera begiratu dut, bi hankadun zakurra enteratu ere ez dela egin ikusi, eta handik hanka egin dut.

Ziurrenik ez dut ondo jokatu, langileak, seguruenik, ez zuen nire purrustada merezi, baina iruditzen zait, geroz eta konbentzituago nago, gainera, banketxeak gune egokiak, geroz eta egokiagoak, direla sesioetarako. Banketxe baten noizbait paperak galdu dituen ororekin enpatizatzen dut. New Yorken, ondo gogoratzen dut, banketxe bateko langilea jipotu nahi zuen morroi bat arrastaka atera zuten segurtasuneko bi zaindarik. Izan ere, igual dirutza bat galdu du bezeroak bankuak arduragabe jokatu duelako –nik esango nuke ia denok daukagula gisa horretako kasuren baten berri–, baina noski, ezin duzu inor paparretik heldu.

Alde egin dut, eta dirua zor zidanaren etxea bankutik gertu dagoenez, ba puntual iritsi naiz hitzordura. Ea, egin dezagun atzera eta testuinguratu dezagun gaur goizeko zita. Morroi horrek Espainiako probintzia galdu batean inoizko zinemagile espainiar famatuenetako bati buruz argitaratu behar duten monografikoa koordinatu du, eta nik hiru lan egin dizkiot. Urria erdialde-amaieran entregatu nion azkena, azarorako dena eginda egon behar zela esan zidalako.

Ea ba. Heldu naiz eta idatzi diot guasap bat atean nengoela jakinarazteko. Bazetorrela. Heldu da eta, ohi bezala, irribarre behartu bat marraztu du. Luzatu dit eskua bostekoa emateko, eta utzi zidan liburua itzuli diot; gero eman diot bostekoa. Galdetu dit ea zer moduz, eta lehor erantzun diot. Atera du dirua, eta galdetu dit ea etxera sartu nahi nuen kafe bat hartzera. Ezetz, presaka nenbilela. Eman dit dirua eta kontatu dut. Ados. “Jakin dezazula nire poltsikotik ari natzaizula dirua ematen. Oraindik ez ditugu testu guztiak jaso eta ekainean emango didate kolaboratzaileei ordaintzeko dirua”, leporatu dit. Tonua igo gabe erantzun diot, baina irmotasunez, nik uste: “Bat, esan zenidan testuak azarorako behar zenituela. Bi, testuak zuzendu behar zenituela, baina deus ez dakit horri buruz…”. Nire diskurtsoa eten du: “Orain ari naiz zuzentzen”. Ez diot ezer esan, ez diot sinetsi. Nire speech-arekin jarraitu dut: “Sergio, ez zara ezertaz arduratu. Zure ardura da kolaboratzaileak jakinaren gainean edukitzea. Azaroan esan zenidan azaroa bukaeran bertan kobratu behar genuela. Orain diozu ekainean izango dela. Hasieratik argi jokatu izan bazenu, nik ez nizun ezer exijitu; zaude ziur”. Apal mintzatu zait uneoro, baina bota dit dirurik gabe utzi dudala –ez diot sinesten, berak esanda dakidalako unibertsitate batean dirutza bat irabazten duela–, agobiatu egin dudala. “Eta? Zer nahi duzu esatea…”, nik. Berak jarraitu du esanez mesede bat egin zidala lanerako ni hautatuz, beste hamaika kultur kazetari ezagutzen dituela eta haiek ere egin zezaketela. “Ados. Askotan eskertu dizut. Orain ere bai: ‘Eskerrik asko’. Baina nik lan bat egin dizut, eskatutako datetan entregatu nuen, eskatutako formatuan, eta zuri dagokizu ordaintzea; besterik ez”. Inoiz baino apalago ikusten nuen tipoa. Gehitu du jada ez duela nirekin kolaboratu nahi –”nik ere ez zurekin, lasai, Sergio”, bota diot–, eta beste norbaitekin ere gaizki bukatu nuela. “Vice aldizkarikoaz ari zara?”, serio demonio nik. Ezetz, arte kritikari batekin gertatutakoaz ari zela.

(Ah! Tira, orain konta daiteke. Irailean arte kritikari bat elkarrizketatu nuen bere tesiaren harira, eta eskatu zidan testua bidali niezaiola, argitaratu aurretik ikusi nahi zuela. Bada bidali nion, eta bueltatu zidan testua gorriz idatzitako oharrez josita; nik idatzitako karaktere kopurua berdindu zuen ia bere zuzenketekin. Hitz egin genuen, esan nion zuzenketa gehien-gehienekin ez nengoela ados, artikulua egunkari baterako zela, ez unibertsitateko aldizkari baterako, esandakoa guztiz desitxuratzen ari zela, horretarako idatz zezala elkarrizketa bere gustura. Ez zuen ulertu eta harrotu zitzaidan. Zuzenketak egiten ez banituen ez nuela elkarrizketa argitaratzeko baimenik. Solas hau telefonoz izan zelako… Eta azkenean, kontuak kontu, nahiko ondo bukatu genuen. Zergatik? Kazetari gizarajo honek liburu best seller-aren egilearen esanak bete zituelako; protesta egin ondoren, baina bete azkenean)

Jarraitu dut hizketan eta leporatu diot, tonua igo gabe, hori bai, desatsegina izan dela berekin lan egitea; kakaren pare tratatu nauela askotan, ez naizela ume bat, badakidala, uste dut, elkarrizketak egiten, eta, ba hori, agian horregatik nengoela erresuminduta. Erantzun dit, berriro, ni gaizki sentiaraztearren, ziurrenik, dirurik gabe utzi dudala eta, noski, bere orain arteko ibilbideari erreparatuta, ba ez diot sinetsi eta ez dut penarik sentitu. Ez diot gogoratu nahi izan unibertsitatean zenbat irabazten duen…

“Ba hori, Sergio, sentitzen dudala hala jokatzea, baina nik nirea dena defendatu beharra daukat. Baina berriro diotsut, argi jokatu izan bazenu, nik ez nuen hala jokatuko”. Eta esan dit denborarik ez duela gauza guztiez arduratzeko. Jakina… Bost minutuko kontua izan da. Handik alde egin nahi nuen. “Ba horixe…”. Bostekoa eman diogu elkarri, eta aio.

Gertatzen dena da badakidala morroiak nola jokatzen duen. Nire lagun-ezagun batzuekin ere kolaboratu izan du, eta menpean eduki arte, lausengatuko zaitu, zure txisteekin barre egingo du, baina benetako ordua heltzen denean, goikoen aldean posizionatuko da, eta ez dizu kasurik egingo. Ni baino bost urte gutxiago dauzka, baina goi mailako burokrata bat da tipoa.

Ondo posizionatuta dagoenez, ez dago halakoak entzutera ohituta, baina gustura geratu naiz irmotasunez mintzatu natzaiolako, aspalditik esan nahi nizkionak bota dizkiodalako tonua igo gabe.

Gero, etxerako oinezko bidean, freelance-ez errukitu naiz. Ni neu freelance zirkunstantziala naiz hemen, baina benetan, edozein esparrutako freelance-ek badute meritua, bai. Izan ere, ez baita batere atsegina beti atzetik ibiltzea, eskean aritzea antza, eskatzen duzun bakarra dagokizuna denean.

Barka ene zabarkeria.

Apuntetxoa (I): Zinema areto batzuek tabernak dirudite. Eseri zen tipo bat atzo gure alboan, etorri zen zinema aretoko zerbitzaria, eta kafe bat eskatu zion.

Apuntetxoa (II): Gure ondo bizilaguna, bi zakur ero dituena, inoiz ezagutu dudan emakume arraroena da.

Kantua: Lehengoan, auskalo zergatik, Lou Reedi buruzko dokumental txukun bat ikusi genuen lagunak eta biok.

 

 

 

Gabriel Orozcoren erakusketaren irekieran, VIPekin batera

Mexiko Hirian gertatzen dira halako gauzak.  Herenegun, asteartean, 20:35etan joan nintzen nire konfiantzazko ciber-era orrialde pare bat inprimitzera, eta ordaintzeko pronto nengoenean, jabeak betikoa galdetu egin zidan: “Quiere un folder?”. Eta nik betikoa erantzun nion: “Ez, eskerrik asko. Grapagailua erabil dezaket?”. Tira, behin, aspaldi, inprimitzen ari nintzenari erreparatuta, zera galdetu zidan: “Esto qué es? Euskera??”. Morroi diskretuaren itxura du, eta, hortaz, ez berak eta ezta nik ere ez genion solasari tira egin. Leku bitxia da nire konfiantzazko ciber-a. Iluntzeetan bakarrik irekitzen du, hamar bat ordenagailu dauzka, eta baita lauzpabost kontsola ere, zeintzuek erakartzen dituzten auzoko nerabe aknedun akziozale eta vicious-ak. Beraz, pendrive-a edo pintxoa USB sarreran sartu –informatikari bitarren hizkuntza menperatu nahi dut–, behar dudan dokumentua topatu, inprimitzera bidali, eta ordaintzeko behar ditudan bost minutuetan, entzuten ditut kontsola-joko-jolasetako tiroak, heroi edo gaizkileen oihu irabazle edo lazgarriak, eta baita “goooool!!!!”-ak ere, hemengoak, ciber-ean ikus-entzun dudanagatik behintzat, futbol-joko-jolasen zaleak baitira.

Esan nahi dudana da Mexiko Hirian, bost minutuko tartean, gauza kuriosoak gerta daitezkeela. Atera nintzen ciber-etik 20:40etan, eta etxerako bospasei minutuko bidean, Mexiko Hirian dagoen arte garaikideko galeria entzutetsuenaren paretik pasatu beharra neukan. Laguna eta biok aspalditik genbiltzan esaten joan beharra geneukala Kurimanzutto galerian jarritako erakusketaren bateko inaugurazio ekitaldira; sikira txalo jotzera edo txistu egitura, aizu. Kontua da inaugurazio ekitaldi horietan janaria eta alkohola ase arte irentsi eta edan daitekeela; edo hori jakinarazi izan digute, behintzat, inaugurazioz inaugurazio nahiko lituzketeeen bizitzak bizitzen aritzen direnek.

Kurimanzutto etxetik minutu eta erdi edo bi minutura daukagu oinez. Lehengo astean webgunean sartu ginen eta irakurri genuen Gabriel Orozco artista mexikarraren erakusketa otsailaren 8an, atzo alegia, irekitzekoa zela. Beraz, etxeko egutegian data borobildu genuen errotulagailu batekin. Beharrik ez zegoen, egia esan, batzuetan zorionez eta beste batzuetan zoritxarrez, memoria ona daukadalako. EJEM.

Baina etxerako bidean Kurimanzuttotik pasatu beharra neukan lehengoan. Eta aste barruko ene zarpail itxurarekin haren aterantz hurbiltzen ari nintzela, konturatu nintzen jendea zebilela sartu-irtenean, kotxe handiak zeudela aparkatuta kanpoan, eta segurtasuneko pare bat pinganilladoun ere atzera eta aurrera zebiltzala. Iritsi nintzen atera eta ateko biei galdetu nien ea Orozcoren inaugurazioagatik zegoen hainbeste jende. Baietz. Ea sar nintekeen. Ixten ari zirela. “Es que tengo que ver una cosa…”. Sartzeko, baina ixtear zeudela. Barrura ba.

Jakinarazi nahi dizuet Orozcok zapata-kaxa huts bat erakutsi zuela 1993ko Veneziako Biurtekoan, eta hari esker artista madarikatu-aren edo dena delakoaren etiketa jarri ziotela. Enfin… Morroi estimatua da, oso estimatua, arte garaikideko guruen artean. Kurimanzutto-n ikusgai dagoena Oxxo ultramarinos denden erreplika bat da, bere produktu guztiekin. Bai,bai, hori da erakutsi nahi duena. Tipoak esan du erakusketaren bidez artearen merkantilismoa eta gizartearen kontsumismoa analizatu nahi dituela. Ño!

Tira ba. Sartu nintzen eta topo egin nuen Javi artista espainiar eta danza butoh-ko irakaslearekin. Pentsatu nuen neure artean: “Jada bagara bi tokiz kanpo, offside, orsay, gaudenak”. Azaldu zidan gezurretazko dolar bat eska nezakeela harreran, eta horri esker Oxxo-an zerbait erosi ahal izango nuela. Joan nintzen harrerara, begiratu nion dolarrak banatzen ari zenari, eta… “Eh…”. Ondokoa erantzun zidan: “Alkohola, tabakoa, gailu eletronikoak eta interbenitutako piezak kenduta, edozer har dezakezu”. Aurrera ba.

Sartu nintzen erakusketa-dendara, eta artean zer erosi ez nekienez, aurrerantz jo nuen. Galeriako sala handian Oxxo-ko produktuak zeuden jarrita apal batzuetan: botilak, txokolatinak, kondoiak, paketeak… Barruan bizi-bizirik daukadan perfomerra atera, eta, zer nahi duzue esatea, dena aurrean eraman nahi nuen; zela kolpeka, zela putz eginez, zela bate batekin txikituta… Hori egin eta kargu hartuz gero, ba begirada galduarekin azalduko nien ene ekintza performatibo gorena, erretiratu aurretik denetan azkena, interpretatzen ari nintzela. Epaiketa egunerako ondo barneratuta eramango nuen diskutsoa; akzioaren arrazoia, alegia.

Baina nik, Kurimanzuttok daukan fama edukita, ba garagardo bat eztarriratu nahi nuen. Taberna-terrazarantz abiatu nintzen. Denda eta sala handia ia hutsik baldin bazeuden, terraza-taberna MUKURU, lepo, zegoen. Han zebiltzan gizonezko zerbitzari pajaritadunak atzera eta aurrera haien bandejekin, eta, pelikuletan bezala, literalki, bandeja batetik garagardo bat hartu nuen. Smooth Jazz doinuak entzun zitezkeen bozgorailu hemen bocina deitutakoetatik, eta jendea espainolez bezala frantsesez eta ingelesez mintzatzen. Zer jende? Ba exekutibo gorbatadunak, kanonen araberako emakumezko dotoreak, hipster bizardun tripa-handi biseradunak… Eta nik, bazter batetik, galdetzen nion ene buruari zer demontre ari nintzen egiten han. Dena iruditzen zitzaidan gezurretazkoa, dena handiustekoa… Dena zero askoko negozioa, artearen beraren gainetik, oso gainetik dagoena. Orozcok dio, halere, zerbait analizatu nahi duela erakusketarekin. Bejondeiola! Edo Xabier Usabiagak esaten duen LEGEZ. “Bea jon deiola!!”

Une batean Orozco bera ikustea iruditu zitzaidan, eta burutik pasatu zitzaidan Taxi Driver pelikulan New Yorkeko Columbus Circle-n Charles Palantine senataria ematen ari den mitinean Travis Bickle-k (Robert de Niro Bobegiten duena egitea. Hori bai performancea eta artea, joder…

Garagardoa nahiko azkar bukatu, eta performance suizida egiteko idea beste baterako utziz, erakusketa-denda-ultramarinosera jo nuen nire gezurretazko dolarra gastatzera. Ez zebilen jende gehiegi. “Ea, zer erosiko dut…  Arropa leungarria, kondoiak, patatak, olioa… Litrona bat? Ez Igor, ezin dela… Zakurrarentzako janaria? Ez dugu eta zakurrik. Tira, etxera gonbidatutako norbaiti adarra jotzeko, sikira…”, pentsatzen nuen neure artean. Azkenean, ene ni gozozalea gailendu zen, eta txokolatezko gaileta batzuk erosi nituen. Ordaintzera nindoanean gogoratu nuen artistak interbenitutako produktu batzuk ere bazeudela denda-n. Halere, bitan pentsatu gabe jo nuen kaxara. Han zeuden hiru tipo, Oxxo-etako langileen arropa ofiziala jantzita. Eman nion horietako bati gaileten zorroa, eta duda bat nuenez, galdetu egin nien, serio demonio: “Barkatu. Zuek atrezzo-ko langileak zarete, edo benetakoak?”. Benetakoak zirela esan zidaten, beste Oxxo batean egoten zirela normalean. Joño! “Aio!”

Alde egin nuen handik, eta kanpoan zeuden bi hankadun zakur eta basurde pinganillodunak, haien nagusientzako lanean. Den-dena oso artistikoa, aizue. Etxerako bide laburrean pentsatu nuen ea zergatik sartu ote nintzen erakusketara, ez didala ezer aportatzen, baina berehala gogoratu nuen deskontestualizazioak maite ditudala, eta New Yorken Wall Street-era joaten nintzela broker-en kafetegietara kafea hartzera, haien konbertsazioak aditzeagatik soilik.

Jokaldia kontatu nion gero lagunari, eta barre egin genuen. Atzo esan zidan, gainera, beste lagun batek komentatu ziola  Orozcoren kasuan ez zegoela inaugurazio ekitaldi irekirik, herenegungoa, inaugurazio ekitaldi bakarra, VIPentzako soilik zela. Hortaz, VIPen inaugurazioan sartzea lortu nuen. Ez dakit nola, ez nuen-eta ateko langileak limurtzeko beharrik sentitu.

Aukeran, lagunok, nahiago dut konfiantzazko ciber-a. Han, behintzat, futbolaz hitz egin ahal izango nuke nerabe aknedun akziozale vicious edo biziotsuekin.

Apuntetxoa (I): Auzoan bada morroi hankaluze seduktore eta bizizale bat, lauzpabost zakur handiren jabea dena. Kafetegira sartzen den bakoitzean nabaritzen da bera hemen, kafetegian dagoela, eta zerbitzariek adoratu egiten dute. Harekin eta lebitatzen duen edo lebitatzera iritsiko den yoga irakaslearekin afari bat antolatu nahiko nuke.

Apuntetxoa (II): Zorionak Unai eta Izaro! Zorionak Adrian!

Apuntetxoa (III): Metrobusean, atzo, ia-ia kolpeka bi morroi. Zergatik? Atzera eta aurrerakoan batak bestea ukitu zuelako. Oso gizonak dira hemen.

Kantua: Kafetegiko telebistan George Michaelen hit hau zegoen jarrita duela minutu batzuk.

 

 

 

 

 

 

Nire performerra

Jaiegunean, gidoi ikastaroaz

Jaieguna da, gaur astelehena, hemen. Mexikoren konstituzioaren eguna ospatzen ari gara denok, eta horregatik bakarrik, jaieguna delako, kontu deserosoez, ilunez, ezkorrez eta sutzen nautenez MARMARTIKI hitz egin beharrean, morroi happy, inkontziente, baikor, beti-positibo eta jatorman-aren jaka entallatua jantzi, eta gauza on batez, zinemarako gidoigintza ikastaroaz, haren ingurumariez eta burura bat-batean, BERSOLARIEI bezala, etortzen zaizkidanez mintzatuko natzaizue.

Testuinguruaren berri eman nahi dizuet aurrena. EJEM eta EJEM. Ostegunetan izaten da ikastaroa, 18:00etatik 21:00etara, La Cuarta Pared izeneko eskolan, eta azken bi asteetan eskolan nabaritu dudanagatik, esango nuke sei garela ikasleak. Erwin publizista, Cuca bi semeren aita zakurzalea, Jesús, Clara Armendariz 70 urteko emakumezkoa, literatura irakaslea izandakoa, Victor samurai koletadun Freddy Kruegerren jarraitzailea, eta ni neu. Zer? A priori, behintzat, Victorrek ematen du beldur gehien, ezta? A posteriori  ere hala ez izatea espero dut, Carlos irakasleak planteatzen dituen arikeketan odola erakustearen aldeko hautua egin baitu Victor ahots sarkorrekoak, oraingoz BEDEREN. Vladimir estreinako egunean lagungarria izan zitzaidan tipoa ez da klasera joan azkeneko bi egunetan, eta auskalo…

Lehen ordu eta erdian etxeko lanak erakusten ditugu. Nire asmoa sekula ez da izaten gaizto-aren papera jokatzea, eta, hortaz, lasai asko aitortuko dizuet ikasle prestu samarra nintzela, klasetik, barre egiteagatik, dezentetan kanporatzen ninduten arren. Tira, nire logika matematikoa ulertezina zitzaiolako bota ninduen behin Mariajek, jada 17 urte nituenean. Klasetik kanpo igaro nuen denbora Mariajeri planteatukoa aztertzen pasatu nuen; badakizue, Baga-Biga testuliburu amesgaiztoko Buruari eragin ataleko tximuaren posturan.

Adarretarako bidea hartu dut, eta, ea, zentra nadin. Ba horixe, esan nahi dudana da etxeko lana bidaltzen digula Carlos Hermosilloko (Sonora) cowboy-ak, eta pare bat bat ordu behar izaten ditudala, nik behintzat, 4.000 bat karaktereko testua idazteko.

Testu horiek bidaltzen dizkiogu irakasleari, ikasgelako pantaila batean jartzen ditugu gero, eta egilea ez den ikasleetako batek leitzen ditu ahots goran. Tallereo deitzen dio Carlosek; hala esaten omen zaio. Gustatzen zait ariketa hori; sanoa iruditzen zait. Tira, duela bi aste, aurreneko etxeko lana erakustea tokatu zitzaigunean, sufritu zuen ba Erwin gizarajoak. Nire testua irakurri behar izan zuen, eta, testua behar bezala errepasatuta ez neukanez, tilde dezentek ihes egin zidaten. Mea culpa. Chicho Sibilio edo Ferran Martinezek bezala besoa altxatu, eta pertsonala onartu nuen. Tira, azkenean itsua ez zen morroi bati buruzko nire istorioak beharrean, nire akatsek eragin zituzten barre batzuk ikaskideen artean, eta giroa nasaitu zen.

Horren harira, gogoratu dut 2003ko uztailaren 2an, Santa Isabel egunean, Gara egunkariarentzako Bittor Alkiza Realera itzuli zeneko aurkezpena kubritu behar izan nuela, eta ondoren idatzitako testuan tilde bat bakarra ez nuela jarri ia, Jon Ormazabal lagun kazetariaren eta bere errotulagailu gorriaren zoritxarrerako. Kosta zitzaidan hura, eta kosta zitzaidan gaztelerazko elkarrizketak berorika, behintzat, idaztea; izan ere, ez baitut ene burua imajinatzen Realeko jokalari atzerritar bati edo Fernando Bernuesi, adibidez, de usted hitz egiten. Julen Luzuriagak bezala, ordea, norbaiti “¿¿le puedo tutear??” galdetzearekin fantaseatzen dut. Hemen master bat egin dut ba horri dagokionean, baina Asier Zaldua maisu parerik gabekoa izan zen Otamotz aldizkariarentzako Kaleko galdera atala egiten genuen garaian adineko jende pauso azkarrik gabekoa kikiltzea tokatzen zitzaigunean. Urretxu eta Zumaragan inork ez du inoiz Susaeta-Zaldua bikoteak bezainbesteko beldurrik eman.

Ba GARAn gazteleraz egin nuen lehen elkarrizketan, berorika idaztea ahaztu nuen. Testuaren kalitatearekin, planteatutako galderen ausardiarekin, haluzinatu zuten, ziurrenik, testu hura errepasatzeko ardura zutenek, testua ez baitzen de usted idatzita argitaratu. Joxemari Uribarri kazetari oñatiar  beterano karisma handikoa konturatu zen, ordea. “SUSAETA!!”, esan zidan, eta testua erakutsi, zigarretari eusten zion bitartean. Bide batez, besarkada  bat, Joxemari.

Ba berriro adarretatik joan baino lehenago, jakinarazi nahi dizuet tallereo-an oso ondo pasatzen dugula, ikasten dugula uste dudala; sanoa dela, alegia, norberak ondo eta gaizki egindakoei buruz umorez hitz egitea. Egurra jasotzen dut eta egurra partitzen. Carlos irakaslea, Google-n hari buruz  dagoen informazioa aintzat hartzen badugu behintzat, Literaturan lizentziatua da, eta, beraz, hitz egokiak erabiltzen ditu uneoro. Izan ere, gogoratu, irakurle lagun: guk “echar azúcar” esango dugu, baina latinoamerikar batek edo kubatar batek “AÑADIR azúcar“. Enfin… Duela bi aste ez dakit zeri buruz ari nintzen klasean, eta “irresolbible” esan nuen. Carlos, nik uste, esaten ari nintzena-nintzaiona tentuz entzuten ari zen, eta segituan zuzendu zuen nire akatsa. Burua gora eta behera mugitzen zuen bitartean, “irresoluble“, esan zidan. Barre egin genuen.

Tallereo-ak balio du, gainera, bakoitzaren gustuak detektatzeko. Cuca-k kalean abandonatutako zakurrez hitz egiten du, Clarak familietan gertatzen diren traizioez, Erwinek kontu sozialez, kartzelez-eta, Victorrek maitasun-istorio odoltsuez eta borrokez, eta Jesusek ez dakit, etxeko lana bi orrialdetara errenditzen ez dakienez, irakasleak ez baitizkigu, oraindik, bere testuak erakutsi. Ni mintzatu naiz, oraingoz, egunean zehar diru eskean ibili baina gauez sos guztiak karta-jokoan galtzen dituen ustezko itsuaz, eta baita psikoterapeutarekin zeukan hitzordura iristen ez den zikloturistaz.

Atsenaldiaren ondorengo ordu eta hogei minutuetan teoria ematen du Carlosek, eta eztabaidarako bazka eskaintzen duten film laburrak ere ikusten ditugu. Teoria ematen duenean, adibideak jartzen dituenean, ordea, gauza batek harrapatzen nau jokoz kanpo; eta horixe da, hain zuzen, eskolari topatzen diodan traba bakarra. Barka, irakurle, gauza ez-positibo bat sartzeagatik. Ba horixe, Carlosek arrotzak zaizkidan pelikulez hitz egiten duela gehienetan. Banekien, bai, Google-k txibatu zidanagatik, errelato fantastikoen zalea dela, eta… Eta hori. Staw Wars aipatzen du sarritan, edo Matrix, edo The Sixth Sense… Eta ez dut ukatuko bikainak direnik, hori esaten dute, baina lehenari dagokionez bat bera ere ez daukat ikusita, eta bigarrena eta hirugarrena ene gogoko ahanzturaren putzuan hondoratu ziren aspaldi. “Barkatu? The Sixth What?”. Bide batez, lehengoan gogoratu nuen guretzat, espainolontzatStar Wars nomenklatura hori, gauza berria dela, gure ezjakintasunean, gure itxitasunean, La guerra de las galaxias deitu izan diogula orain gutxi arte. “¡¡Y no se hable más!!”

Esan nahi diot Carlosi hitz egin dezala Peckinpahez, Mariano Ozoresez, Don Siegelez eta Dirty Harry-z, Louis Mallez, Rambo-z, estatubatuarrek kirol-epika kontatzeko daukaten erraztasunaz, El acorazado Potemkin-ez, Chuck Norris fenomenoaz, Arte y Ensayo zinemako bitxikeriez, Panahiz, Victor Ericez… Nik zer dakit… “Hi! Carlos! Izan hadi eklektikoagoa!! Ejem…”. Esajeratzen ari naiz, fribolizatzen nahi baldin baduzue, baina argi dago norantz jotzen duen. Berdin du, bere klaseak oso onak iruditzen baitzaizkit.

Errealismo zikina delako korronte literarioa ere gogoko du, baina, eta hori izugarri atsegin dut. Hartara, azkeneko etxeko lanean Charles Bukowskiren ipuin baten zati bat eman digu, eta lehengo astean istorioak nola bukatu landu genuenez, guk geuk bukatu behar dugu ipuina. “Quiero leer a Bukowski!!”, esan zigun klasetik atera aurretik. Eta zer nahi duzue esatea, gaur goizean, idazten ari nintzela, gozatu egin dut; ez dakit egin dudana, stricto sensu, teoria kontuan hartuta, ondo dagoen ala ez, baina ondo pasatu dut behintzat.

Diktadoretik, nago ni, gutxi dudan arren, diziplina eta ordenaren zalea naiz, eta entretenituta egoten, tximuak bezala buruari eragiten, sortzen, laguntzen dit ikastaroak ere. Benetan diotsuet gauza ederra dela kafetegi batean 10.000, 12.000 karaktere idaztea eta ez gogaitzea, ez sufritzea, nahiz eta batzuetan tildeei erreparatu behar zaien; ez baita gauza bera “hacía” eta “hacia“. “Ahí hay un niñó que dice ai!”, diktatzen zigun Gregorik. Ba hori. Baina kontuz, bukatzen ari baita jaieguna…

Apuntetxoa (I): Ura erosten dugun dendan zakar samar tratatzen gaitu jabe berriak. Gaur berdin. Nik uste dut gure azentuagatik dela. Gertatzen dira halakoak, bai, radarraren azpian gertatzen diren arren…

Apuntetxoa (II): Lagun bat kanpora joan da asteburua pasatzera, eta zakur txiki ezagun bat eduki dugu etxean. Pasiran atera, zakurrari bi hitz egin (“Eibarrek mailari eutsiko dio… Ezta, Uma?) eta bere gorotzak jasotzean, XXI. mendeko gizaki erabatekoa sentitu naiz.

Kantua: Goazen, nik zer dakit, Toskanako herri zoragarri baterantz eta erosi dezagun limoizko izozki bat.

 

Alerta aktibatuta eta gutxieneko neurriak hartuta

Klaseetan soilik baldin bada ere, hemengo nire ikasle batekin dezente hitz egiten dut, eta lehengoan jakinarazi nion Emilio grebalariarekin geratuta nengoela, bere eta bere lankide ohien kasua daramaten abokatuekin zeukan hitzordu guztiz profesionalera gonbidatu ninduela. Ikaslearen galdera: “Segurua da? Ezagutzen duzu? Eta abokatuak?”. Ezetz nik, Emilioren berri bakarrik nuela, harekin, duela hiru bat aste, kale bazter batean ordu erdi konpartitu nuela. Eta orduan nik galdetu nion ikasleari: “Zergatik? Arraroa al da?”. Berak irribarre txikia marraztu zuen, eta esan zidan ba hori, hiri honetan edozer gauza gerta daitekeela, eta…

Eta gertatu zena izan zen klase-egunetik astelehen eguerdiraino, hitzorduaren eguneraino alegia, ez nuela erabateko bakerik izan, eta burutik denetik pasa zitzaidala. Tristea eta gogaikarria da ba horrela ibiltzea, baina hiri honetan, zoritxarrez, hala tokatzen da.

Abokatuaren telefono zenbakia baneukan Pepe kazetariak eman zidalako, eta larunbatean, klasetik bueltatu ondoren, Rincón abizeneko abokatuari deitu nion bileraren berri bat ote zuen baieztatzeko. Ez zidan hartu. Astelehen goizean berriro deitu nion eta itzalita zeukan. Beraz, apur bat arduratuta abiatu nintzen ustezko bilera-lekurantz; areago, batzaldi-tokiaren helbidea googlemaps-en kontsultatu eta eraikinak itxura onegia ez zuela ikusi ondoren.

Beraz, paranoiaren mugetan, beharreko, nire eskura zeuden segurtasun neurriak hartzea deliberatu nuen. Lagunari pasatu nizkion Emilioren, Peperen eta Rinconen telefono zenbakiak, bilera-lekuaren helbidea, eta harantz abiatu nintzen ginasioko bizikleta estatiko madarikatuetako batean izerdia gogotik bota ondoren.

Interes politiko-ekonomiko asko daude tartean lantzen ari naizen gaian, eta Mexikon egonda ezin inoiz erabateko ziurtasuna sentitu. Denborarekin iritsi nintzen Revolución metro geltokira, eta bilera-tokirantz joan aurretik Emiliok kotxeak zaintzen eta aparkatzen dituen kaletik erabakitzea pasatu nuen. Han zegoen tipoa. Adeitasunez elkar agurtu genuen grebalariak eta biok, eta galdetu nion ea, oraindik han egonda, bazen Rinconekin zuen bilerara joatekoa. Baietz, Rinconek eskatu ziola niri tokiraino laguntzea, nire zain zegoela. Urduri nabaritu nuen, eta hortaz, beraz, ondorioz, ni neu urduritu nintzen. Txantxetan hasi zen paretik pasa zen morroi batekin, eta lasaitu nintzen. Proposatu nion argazki batzuk ateratzea, eta esan zidan baietz, “con mucho gusto“, itxaroteko minutu bat kamiseta eta bisera egokiak jarri nahi zituelako sesiorako. Bueltatu zen berehala eta egin nizkion argazkiak.

Hanka egin genuen handik eta bilera-tokirkoa bidea hartu genuen. Googlemaps-en ikusitakoaren arabera, bost bat minutuko bidea genuela kalkulatu nuen. Emiliok hitz egin zidan grebaz, zebrabideetan geratzen ez diren autoez, jaso dituen mehatxuez, behinolako bere lanaz, bere seme-alabez… “Fidatu zaiz Emiliorekin. Morroi zintzoa da”, esaten nuen neure artean, solasari ganoraz eusten nion bitartean. “Ez da tranpa bat, komeni zaie nirekin hitz egitea, haiek kontatutakoa kaleratzea”, pentsatzen nuen, baietz eta noski esan, eta tarteka barre egiten nuen bitartean.

Heldu ginen ba bilera-lekura. Orduan Rinconek deitu zion Emiliori, itxaroteko, iristear zegoela. Atezain bat zegoen eraikinaren sarreran, eta, ez galdetu zergatik, baina presentzia horrek lasaitu egin ninduen. Segituan konturatu nintzen sindikatu baten egoitza batean egin behar genuela batzaldia. “Allí esta Rincón“, esan zidan Emiliok. Traje eta gorbatarekin atera zen auto batetik, eta alboan baino, inguruan zeuzkan pare bat morroi, erretzaileak biak. Haiengana jo genuen Emiliok eta biok. Rinconek irribarre egin zidan, bostekoa eman, eta Euskal Herriari buruzko topikoren bat aipatu. Egoitzarainoko 50 metroetan auziaz hitz egin genuen. Geroz eta lasaiago nengoen, baina… “Inoiz ez da jakiten noiz…”

Atarira iritsi eta segurtasunekoak, hemen ohikoa den bezala, gure datuak koaderno batean idatz genitzala eskatu zigun. Sinaduraren tokian, ekintza performatibo gisa, X bat idatzi-marraztu-izkiriatu nuen. Rincon saiatu zen, ez dakit norekin egon behar zuela argudiatuz, erregistratu gabe igotzen, baina ez zioten utzi. Hori bai, behin bete beharrekoak beteta hari bakarrik sartzen utzi zion aurpegikera zuhurreko zaindariak.

Han geratu ginen zain, 2×1,5 metroko atarian, Emilio, Rinconen laguntzaileak eta ni neu, presentzia estrainio hori. Laguntzaile erretzaileetako batek galdetu zidan, lehor, ea nolatan ezagutzen nuen Emilio, ea nolatan neukan, atzerritarra izanda, auziaren berri. Tipoarekin seriotasunarekin eta bigarren, are laugarren mailako gangster itxura zein posearekin apur bat nazkatuta, egia erantzun nion, eta esan lasai egoteko, nire egitekoa ez zela haiek izorratzea, kontrakoa baizik. Inork ez zuen ezer erantzun; ezta aguretutako beste laguntzaile bibotedunak.

Ordu laurden bat geroago agindu ziguten sartzeko. Igo genituen eskailerak eta heldu ginen bilera-gelara. Handia zen, mahai erraldoi bat zuen erdian, eta idazkari bat-edo ur botilak jartzen ari zen mahaiean. Badakizue, eztarriak ez lehortzeko… Beno, ez, atrezzo gisa… Agindu-eskatu zidaten esertzeko, eta parean jarri zitzaizkidan Emilio, abokatua, eta haren bi laguntzaileak; bilerak aurrera egin ahala bi horiek ere sicarioak beharrean abokatuak zirela konturatu nintzen. Hasiera hartan ikaslearen hitzak neuzkan gogoan…

Serio-demonio zeuden laurak. “Hainbeste txantxa, hainbeste ahorita, hainbeste aitzakia gauzak zuzen ez esatearren, eta orain, grabagailu bat piztu dudalako, beldurtuta zaudete nire aurrean?”, pentsatzen nuen neure artean. Tira, nik neuzkan, nire ikaslearen hitzak oroituz gero, behintzat, beldurtuta egoteko motibo gehiago. Hemen daramadan denboran frogatu ahal izan dut mexikarrentzat gauza serioa dela elkarrizketa bat. Bai, Euskal Herrian elkarrizketatu dudan jendearekin konparatuta, orokorrean oso tensionatuta bezala ikusi izan ohi ditut, eta hainbeste maite dituzten txantxei ez diete bidea irekitzen. Egia esan, lehengo elkarrizketa-bileran irribarre, are barre egin zuen bakarra ni neu izan nintzen. Hain surrealista eta ez sinesteko modukoa iruditzen zitzaidan kontatzen ari zitzaizkidana…

Baina momentu batean idazkaria-edo sakelako batekin solasaldia grabatzen hasi zen. “Zer demontretarako…”, pentsatu nuen neure artean. Fantaseatzen hasita, prentsa arrosako pertsonaia horietako bat izan nahi nuen une horretan, altxatu eta sakelakoa txikitzeko; nik zer dakit, Ramoncin bat, Karembeu bat… Beste askotan bezala bulkadari eutsi nion eta profesionaltasunez jokatu.

Ordu erdi bat iraun zuen solasaldi emankorrak, eta amaieran telefono zenbakia eta emaila eskatu zizkidaten. Laguntzaile-abokatu erretzaileekin zigarreta bat erre nahi nuen atarian, futbolaz edo emakumezkoez hitz egin, tentsioa arintze aldera, baina barruan geratu ziren. Emiliorekin atera eta kotxeak zaintzen-aparkatzen dituen tokira bueltatu ginen. Orduan bai, orduan, lasaituta eta lagunari mezu bat bidalita, pentsatu nuen nolatan jarri nuen zalantzan Emilioren hitza; are gehiago, harrotasunez bezala apaltasunez bere seme-alaben bizitzaren berri eman zidanean.

Hotzean pentsatzen hasita, ordea, normala ere izan daiteke zalantza egitea, segurtasun neurriak hartzea, eta dena pasatu arte erabateko bakerik ez edukitzea. Mikelekin eta Gorkarekin askotan hitz egin izan dut horri buruz: ez da komeni enparanoiatuta bizitzea, baina alerta egotea ez dator gaizki, horrek, ordainetan, une txarrak, deseroak igarotzea dakarren arren. Alerta, egunero hemengo egunkari sentsazionalisten azalari erreparatzea bezalakorik ez dagoelako alerta hori aktibatzeko. Turista exotikoek esango dute ez dela hainbesterainokoa, jendea adeitsua dela, jatorra, baina…

Eta azaletan agertzen ez diren kontuak kontatzen dizkizute, gainera, hemen bizi direnek. Atzo, esaterako, beste ikasle baten mezua. Zorabiatuta zegoela, buruko mina zuela, bezperan, metroko bagoi baterako sartu-irten bortitz eta jendetsuan, chaka batzuek astindu egin zutelako eta bukaeran ukondokoa eman. “Me cago en dios. Puta ciudad“, esan zidan. Horregatik komeni da alerta aktibatzea eta eskura dauden segurtasun neurriak, gutxienekoak, aplikatzea. Begiratu, bestela, zenbat kazetari akabatzen dituzten hemen. Argi daukadana da hemen sekula ez naizela freelance txalekodun bat, eskauten erlijiokoa, izango, hurrengo egunerako ahaztuta dagoen albiste edo erreportaje bat kaleratzeagatik. Ez du merezi.

Apuntetxoa (I): Gure bizilagunaren zakur ero eta begirada galdukoaren zaunkek esnatu naute 04:30etan. Hori da hori zaunka egitea! Ziur amesgaiztoren bat nozitzen ari zela…

Apuntetxoa (II): Ahal den neurrian, baina metroko sartu-irten bortitzetan diskrezioz eta hoztasunez jokatu behar da. Diskretua eta hotza da ba nire ikaslea…

Kantua: Lehen miretsia zen eta orain gutxietsia den taldetzar baten kantua. “Susen-susenean”.

 

 

 

 

 

Ustez, behintzat, denekin ikasten baita

Den-denak ez, baina gure hemengo lagun mexikar gehienak burgesak dira; eta ez dut nik esaten, haiek baizik. Pasa den urtarrilaren 21ean Mararen urtebetetze festan egon ginen, eta ez dakit zehazki nori, baina esaten ari nintzaion oso gustura geundela; zoragarria zela Mararen etxebizitza; ederra festaleku bihurtutako patioa; bikaina jana eta edana; kontuan hartzekoa pintxatzen ari ziren musika… Halako zerbait erantzun zien nire lausengu eta losintxei: “Mexikoko burgesiaren festak halakoxeak dira”. Bai, alafede! Burges horiek, mundu guztiko burgesak bezala imajinatzen dut, moko finekoak dira. Ez dira edozein mezcalekin konformatzen, Pedro Paramo-ren pasarteak buruz dakizkite, Jackson Pollock eta Kandinskiren margolanen aurrean jarri eta ez dira nahasten autoretza erabakitzerako orduan, etxean kultuzko pelikularen bateko posterra daukate itsatsita, eta irakurriak bezala oso bidaiatuak dira. Kasta horretako jende dezente ezagutu dugu azken 15 hilabeteotan apurka-apurka egindako bidean; egia esan, hemen europar zuri bat baldin bazara, ohikoena molde horretako jendea ezagutzea dela iruditzen zait.

Baina burgesetik batere ez dutenak ere ezagutu ditut, zorionez. Zorionez diot, bestela Mexikoren gehiengoa osatzen dutenak, herrialdi honen fatalismoari, hobeto edo okerrago baina finean lurralde honi eusten diotenen bizimodua nolakoa den jakin gabe bueltatuko bainintzen Euskal Herrira.

Lehengoan, iaz bezala, Marianaren amonaren urtebetetze festan egon ginen. 88 urte bete zituen, eta, oraindik ere, sofistikaziorik gabeko cumbia baten doinuak aditzen dituenean, kapaza da aulkitik altxatu eta pauso batzuk dantzatzeko umore onean. Apala da, oso apala, gentrifikzioaren birusak, indarrak, laster birrinduko duen haren etxea, baina zahar, heldu, gazte, ume eta despistauen artean 25 bat lagun bildu ginen han, eta Las Mañanitas ederra ere kantatu genion.

Han ez zegoen ardo garestirik, Oaxacan ez dakit zeinek egindako mezcalik, eta garagardoak zein freskagarriak litrokoak edo litro eta erdikoak ziren. Mahaiaren bueltan eseri ginen, bildu eta ahoratu genituen pare bat taco eta beste pare bat tlacoyo, eta han aritu ginen, hitz eta pitz, musika ekipoak Juan Gabrielen  eta Los Angeles Azulesen hit-ak aireratzen zituen bitartean.

Bada beste kontu bat dezente harritzen nauena. Igo dira jaki batzuen prezioak, gasolinarena, gasarena, metroko txartelarena ere igotzekotan direla diote enteratuek, baina benetan neurri horiek nozitu ditzaketenak ez dira gai horiez gehiegi mintzatzen; edo ezikusiarena eta entzungogorrarena egin nahi dute, edo ez dakite zer esan, denborarik ez dutelako Interneten webgune sozialek argitaratzen dituztenak irakurtzeko. Haiekin ez duzu teorizatuko, ez dizute The New York Times-ek edo Gatopardo-k argitaratutako erreportaje sorta gogoangarriaz hitz egingo, baina herri jakinduriaz eta pragmatikotasunez blaituko zaituzte.

Izan ere, aipatutako burges horiek dira, nik ikus eta entzun dudanagatik behintzat, bidegabekeria sozial horien aurka sare sozialen bidez gogorren borrokatzen direnak; gasolinazoa salatzen dutenak; Donald Trumpek esandakoen aurrean sutzen direnak nahiz eta “bye” esaten jarraitzen duten agurtzerakoan; herritar xumeen dendak alboratu eta Starbucks-etan eta azoka organiko orgasmikoetan kontsumitzea nahiago dutenak; jende arruntarekin ahalik eta gutxien nahasten direnak, finean. Baina nago ni, Mexikon bezala, hori Euskal Herrian ere berdin-berdin gertatzen dela; ala ez?

Zinemarako gidoi ikastaroan ez nuen ni bezalako burges zuri eta dirudunekin topo egin nahi. Izan ere, ba badakizue… Ba ez, topo egin dut, nolabait ERRATEARREN, herriarekin, eta benetan diotsuet pozten naizela. Vladimir, Clara, Erwin, Jesús, Cuca eta Carlos irakaslea bera ez zaizkit burges batzuk iruditzen. Irakasleari nabaritzen zaio, adibidez, gustuetan, jartzen dizkigun film laburretan, bere hitz egiteko moduan, janzkeran… Etiketatzaile zikin, ezjakin eta kirten bat naiz, zer egingo diogu ba, baina detaile horiek zerbait esaten dutelakoan nago. Besteei ere nabaritzen zaie eta ni neu, oraingoz behintzat, gustura nago haiekin; modu gordin bezain zuzenean esanda, azal zuria ez duten horiekin. Tira, batzuetan, nola bestela, zertarako ukatu, hitzontzi samarrak dira egiten dituzten iruzkin eta komentarioetan, baina haiekin (ere) zerbait, ez dakit zehazki zer, ez naiz esateko gai, ikasi edo barneratuko dudala uste dut.

Burgesen konpainian ere bai, noski; ez ditut, gainera, haien konpainiaren onurak ukatu nahi, nahiz eta, oraingoz behintzat, zeintzuk diren identifikatzeko gauza ez naizen. Aurrerago, agian… Batzuetan lotsa sentitu dut zenbait egoeren aurrean, non sartu ez nekiela sentitu naiz, baina ez dizuet esango haiekin aspertzen edo gogaitzen naizenik, gezurretan ariko bainintzateke. Gertatzen dena da Euskal Herrian ez daukadala gisa horretako adiskiderik, nire lagun artea bestelakoa dela, eta, horregatik, batzuetan bederen, tokiz kanpo sentitzen naizela oraindik ere, burgesekin burgeskerietan ibiltzea nahikotxotan tokatu zaigun arren. Pentsatu nahi dut baietz, ordea, ikasiko dudala Pollock eta Kandinski bereizten, buruz gogoratuko dudala errealismo magigoko libururen bateko pasarteren bat, Michelangelo Antonioniren L’Eclisse pelikularen posterra itsatsiko dudala nire etxeko pareta zuri eta alturen batean, eta futbolaz, txirrindularitzaz, bezperako parrandaz, Ruper Ordorikaz, Roberto Rosselliniz eta Jon Azpillagaz gain, azaletik aritzeko bada ere beste hizketagai batzuk gehituko dizkiodala ene errepertorioari.

Bestela, denok berdinduko gaituen ekitaldi batera jo dezakegu; adibidez, Mexiko Hiria hil bakoitzeko azken igandean zeharkatzen duen Cicloton deitutakora. Hemengo burges batek behin ziurtasun osoz esan zidan futbolak berdintzen gaituela (Vargas Llosa orain politikari eta estadistaren zalea da, beraz kasurik ez bere burgeskeriari…), eta nik, nola bestela, nola eztabaidatu entzuten ez zaituen batekin, ba baietz, jakina, esan nion. Tira, ba Cicloton-ean, 32 kilometroz, den-denok berdinak garela; klase popularrak, burgesak eta aberatsak, horiek ere existitzen baitira zirku honetan, eta ez dira gutxi, gainera. Ba atzo, bizikletak alokatzen dituzten postutxoan geunden 09.15etan-edo, eta ilaran, atzean, bizpahiru pijo, aberaskume, gorrotagarri tokatu zitzaizkigun lagunari eta bioi. Barkatu benetan, ene herra, baina… Tonua eta jarrera ziren okagarriak, gaixotzeko modukoak, eta atzean zeukaten ez-zuria jartzen ari zen aurpegia oso kontuan hartzekoa.

Bizikletak hartu eta berehala lagunari esan nion, serio demonio, ez niela aberaskumeei gu aurreratzen utziko, hori ez zela gertatuko, edozertarako kapaza nintzela hori saihestegatik; baita istriputxo bat eragiteko gauza ere. Marianaren amonarekin gogoratu, eta behingoz irabazi egin nahi niela gehitu nuen sututa. Eta uste dut, ustez berdintzen gaituen ekimen horretan, irabazi geniela…

Apuntetxoa (I): Bada auzoan lebitatzen duen edo laster lebitatuko duen Yoga irakasle bat. Ba bada beste bat, argentinarra bera, hizketan sekulako, alimaleko bakea transmititzen duena.

Apuntetxoa (II): Emilio lagunak ez nau engainatu.

Apuntetxoa (III): Zerbaiti buruz idatzi behar, eta…

Kantua:

 

“Joe” ere ez dizute esango

Hemen mundu guztiak gauzatzen ditu proiektuak. Batzuek zein besteek kolaboratu dute hemengoarekin edo hangoarekin. Kontatzen dizutenaren erdia, are laurdena, sinetsi ala ez, norberaren esku dago. Niri ere galdetu izan didate inoiz: “Zein proiektu dituzu esku artean?”. Zer esan ez dakidala geratu izan naiz halakoetan eta, besterik gabe, kazetaria naizela, Euskal Herrira gauza batzuk, pieza-k, bidaltzen ditudala baina hemen euskara eskolak ere ematen ditudala erantzun izan dut. Benetan diotsuet hemen dauzkadan lagunei, ezagunei eta beste piztia batzuei mekanikaria, arotza eta ez ebanista, okina, igeltseroa edo bróker-a naizela esan nahi izan diedala. Izan ere, bokaziozkoa edo ez baina kazetaria zarela jakinarazten badiezu, bakoitzaren adinari erreparatu gabe pentsatzen edo irudikatzen dute idazlea ere izan beharra daukazula bai ala bai, eskaut erlijio edo pentsamoldeko freelance txalekoduna, ironikoa, seduktorea, bidai-kronikak argitaratutakoa, arrakastatsua, Tiananmengo plazan egondakoa, serbiarrekin zigarretak eta patarra konpartitutakoa, EZLN-koekin mendi ibilaldiak egindakoa… Eta ez, gure ofizioak ez dauka horrenbesteko glamour-ik, ez dauka hainbeste sormenetik, artistikotik, bohemiotik nahi baldin baduzue. Dena den, egon badaude begirada galduarekin gisa honetako boutade-ak edo esaldi epatatzaileak ahoratzen dituztenak: “Kazetaritza bizitzeko modu bat da”.

Proiektu gauzatzaile horiekin tentuz ibili behar duzu kontatu nahi diezun istorioa aukeratzerakoan. Esan diezaiekezu ondo harilkatutako gezur bat, nik zer dakit, peyotea hartzera joan zinela San Luis Potosira, esperientzia hori bideoan erregistratu duela lagun batek, kolaboratzaile batek, agian Monterreyko zinema esperimentaleko biurtekoan proiektatuko dutela, eta gainera, horri buruzko hamar orrialdeko erreportaje bat enkargatu dizutela Vice aldizkarikoek. Segituan hurbilduko zaizkizu dozena-erdi bat kurioso, despistatu, euliak gorotzera nola.

Esaiezu, aldiz, egia, eta kontatu Frontón Mexico delakoak hogei urteren ondoren ateak irekiko dituela berriro; zentroan dagoela, art deco estilokoa dela eraikina, enpresariek eta hiriko gobernuak dirutza bat inbertituko dutela; langileen greba bategatik itxi zutela duela hogei urte eta grebalarietako batzuek borrokan jarraitzen dutela, Mexikon inoiz egin den grebarik luzeena bilakatuz. Kontatu hori, fantastikotik ezer ez duen egitate bat, eta proiektu gauzatzaile guztiak uxatuko dituzu.

Jakina, istorioak kontatzeko ere abilidadea behar da. Nork ez du ezagutzen sekulako istorioa esku artean eduki eta kontatzerakoan entusiastena ere aspertu duen norbait? Nik bai, nik ezagutzen ditut. Beste kastakoen artean ere baditut lagunak, ezagunak edo bistaz bakarrik ezagutzen ditudanak: istorioa kontatzen ari diren bitartean aulkira, barrara edo mahaira lotzen zaituztenak, baina azken kolpean, zoritxarrez, kale egiten dutenak. Behin kontakizuna bukatutakoan zer egin ez dakizula geratzen baldin bazara, tonua ondo aukeratu eta ondokoa esan: “Joe…”.

“Joe…” hori ere ez nien atera proiektu gauzatzaileei, hemengoekin edo hangoekin kolaboratzen dutenei, Emilioren istorioa kontatu nienean. Gizon horrek 60-70 bat urte dauzka, 20 urte daramatza greban, eta kopuru bera Frontón Mexicotik gertu dagoen kale bateko kotxeak aparkatzen eta zaintzen, 05:30etatik 19:30etara, sos eskas batzuen truke. Lehengoan ezagutu nuen, kale bazterrean. Pepe hemengo aldizkari ospetsu bateko kazetari prestuak, EZLNkoekin mendi ibilaldirik egin ez arren eskarmentudunak, eraman, gidatu ninduen harenganaino. Greba oztopatu edo isilarazi nahi dutenek mehatxatu egin dute, aurpegira barre egin diote, baina Emiliok ez du etsiko.

Hasieran ez zen nitaz fidatzen. Galdera bat egiten nion bakoitzean zuzen-zuzen begiratzen ninduen, eta kosta egiten zitzaion erantzutea. Bien bitartean, alde guztietara begiratzen zuen; eta ez, hain zuzen, auto asko zeuzkalako aparkatzeke. Pare bat aldiz Peperekin bakarrik utz nezala eskatu zidan. Distantziatik ikusten nituen biak eztabaidatzen bezala, eta bi aldietan eskuarekin gerturatzeko eskatu zidan Pepek. “Tranquilo, Don Emilio, es buena onda, no le va a perjudicar“, esaten zion Pepek. Eta nik: “Tranquilo, no va a pasar nada, es para un medio de comunicación del País Vasco“. Eta begira neukan berriro, mesfidati.

Lasaitu zen gizona eta hasi zen gauzak kontatzen, Pepek eta biok den-dena edo ia dena koadernoan ORGANIKOKI apuntatzen genuen bitartean. Ordu erdi bat pasatu genuen harekin, eta azkenean bere telefono zenbakia ere pasatu zidan. Atera zuen txartel mordo bat bere alkandorako poltsikotik, eta horietako batean zeukan apuntatuta bere zenbakia. Nirea ere eman nion eta boligrafo batekin paper mutur batean idatzi. Elkarri agur-gero arte-aio esateko orduan, bostekoa eman genion elkarri. Modu bitxian, nire eskua astinduz bezala eman zidan, eta nik barre egin nuen ezinbestean. Emiliok azaldu zidan zergatik eman zidan eskua modu horretan: “En el norte, si alguien te cae bien, así se le da la mano“. Ondo zegoela, pozten nintzela esan nion, eta, egia esan, hunkitu ere egin nintzen, une horretan hainbat kontuk bete zutelako nire gogoa.

Hunkitzera bultzatu ninduen arrazoietako bat zen Pepek oso-oso eskuzabal jokatu duela nirekin. Irakurri nuen gaiari buruz idatzi zuen erreportaje bat, eta harekin harremanetan jartzen ahalegindu nintzen. Lortu nuen haren telefono zenbakia, bidali nion guasap bat, eta nor nintzen jakin gabe zera erantzun zidan: “Con quién tengo el gusto?”. Eta orain arte lagundu didanagatik, behintzat, hura ez zen izan, ez, kortesiazko galdera bat. Eta orduz geroztik askotan pentsatu dut kazetarion artean badagoela elkartasuna, zoragarria dela hori, baina askotan mesfidantzaz jokatzen, elkar oztopatzen, jarraitzen dugula. Zergatik ote?  Egoak zeinen puztuta ditugun konturatzen naizenean globo guzti horiek lehertzeko gogo latza edukitzen dut.

Baina kazetarion arteko elkartasunak ez du glamour-ik; 20 urte greban daramatzatenen istorioak ez du, antza, Ibon ene laguntzarrak esaten duen moduan, grandeza-rik, ez dauka batere ironikotik, freelance txalekodunetik, nahiz eta Monterreyko zinema esperimentaleko biurteko esklusibokoek dioten, aldarrikatzen duten, haien piezei esker mundua aldatzen lagundu nahi dutela.

Proiektu gauzatzaileek eta kolaboratzaileek haien egitekoaren alderdi soziala, guztiz ezkertiarra, eraldatzailea eta berritzailea aldarrikatuko dute haien terrazetatik, baina errealitatea, bidegabekeria bat aurpegiratzen diezunean, istorioa kontatzen bukatzen duzunean “joe…” ere ez dizute esango. Beharbada aspergarria naiz kontatzerakoan; akaso amaieran kale egiten dutenen kastakoa naiz… Batzuetan nahiago okina, arotza eta ez ebanista, edo igeltseroa banintz. Gezurra: kazetari izaten jarraitu nahi dudala konturatu nintzen lehengoan, nahiz eta badakidan sekula ez dudala serbiarrekin tabakorik eta pattarrik konpartituko.

Apuntetxoa (I): Mexikarrek, orokorrean, nahiko ozen hitz egiteko ohitura daukate, eta, hortaz, haien sakelako bidezko elkarrizketak esfortzu handirik egin gabe entzun ditzaket. “Ahorita le marco“, “ahorita voy” entzuten diedan bakoitzean barrez lehetzen naiz.

Apuntetxoa (II): Etxean ere tokatzen zait euskara irakasle lanak egitea.

Kantua: Gaur Tindersticksen eguna izan da. “I (can’t)  have the city sickness“.

Vladimir ikaskideak egindako mesedeaz

Ikerrek idatzi zidan duela aste eta erdi-edo, Donald Trump Mexikori, a priori behintzat, ekonomikoki kalte egingo dioten neurriak hartzekotan denez, aditu mexikarren bat elkarrizketatzeko eskatuz. Baietz erantzun nion lankide beteranoari, eta maileko enviar klikatu ondoren, pentsalariaren posturan jarri eta zera galdetu nion ene buruari: “Nor ostia elkarrizketatu dezaket? Nor demontre? Nora jo dezaket? Nork lagun nazake pistaren batekin?”. Etxean daukagun ikurrinatxoari begira pasatu nituen ondorengo bost minutuak… Euskara ikasle bati galdetu, eta berak ezagutzen zuela aditu bat; proposatzen zidana izango zela gauza gaiaz luze eta zabal hitz egiteko. Google-atu nuen, modernoek-edo esaten duten moduan, bere izena, eta bai, iruditu zitzaidan morroi egokia izan zitekeela.

Instituzio bateko zuzendaria da eta, beldurrez-edo, mesfidantzaz, bertara deitu nuen. Zuzendaritza sailarekin jarri ninduten, eta eskatu nien, arren, mesedez eta otoi, ea hitz egin nezakeen elkarrizketatu nahi nuenarekin. Ezetz. “Zer nahi duzu?”, galdera. Azaldu nion idazkariari edo dena delakoari zuzendaria elkarrizketatu nahi nuela. “Nor zara? Zein komunikabidetarako?”. Bost minutu behar izan genituen gauzak argi gera zitezen. Gero: “Zeren karietara?”. Ba hori, Trumpek aurreikusita dauzkan neurriek  Mexikori nola eragin diezaioketen galdetu nahi niola. “Doktoreak ez du gai horretaz hitz egiten”. Taka! Ez ezazue pentsa morroia medikua, sendagilea, denik, ez. Hemen, ibilbide, karrera edo lasterketa akademikoan doktorea bazara, Doctor esango dizute emailetan-eta. Lizentzitua zarela? Licenciado.  Arkitektoa zarela? Arquitecta edo Arquitecto. Nik, benetan diotsuet, master bat egin nahi dudala, hala baldin bada Mexikon Maestro esango didatelako. “Mujika maestro! George Cue…eeeeee!!”

Ordubete geroago deitu zidan idazkariak esanez baietz, doktorea prest zegoela. Astelehena zen, eta aurreko ostegunetik etzi asteazkena arte edozein unetan elkarrizketatu nezakeela jakinarazi nion. Ohartarazi zidan idazkariak edo dena delakoak doktoreak agenda oso estua zuela, baina deituko zidatela eguna eta ordua adieraziz. Ados ba. Musean jokatzen edo jolasten jakin ez arren, museko argota erabiliko dut: ez nituen hogeita hamaika eskutik, inondik ere. Zirku batean gaudenez, edozer gerta zitekeela pentsatzen nuen.

Hurrengo hiru egunetan egunean bi aldiz deitu nien: dei bat eguerdian eta bestea arratsalde-iluntzean. Gauza bera erantzun zidaten idazkariek, batek baino gehiagok, alegia, dei bakoitzean: doktorea jakinaren gainean zegoela baina oso okupatuta zegoela, bileraz bilera zebilela. Joño! Ostegun goizean ia erreguka esan nien baieztatzeko lehenbailehen, “arren, mesedez eta otoi”, bestela denboraz  estu eta larri ibiliko nintzelako este elkarrizketatu bat topatzeko. “No se preocupe,. Usain txarra hartu nion, eta adierazi nion idazkarietako bati esateko doktoreari, mesedez, hiruzpalau egun generamatzala bueltaka. “Pero como entenderá yo no puedo ir y decirle al doctor que usted quiere que yo le confirme cuanto cuanto antes“. Ez? Ezin duzu egin? Idazkari batek ezin du hori egin? Galdera bat planteatzen ari naiz, besterik ez, zalantza hori baitut… Tira, Mexikon, agian, ez… Auskalo… “No se preocupe“, berriro.  Nire uste pesimistenak ordu batzuk geroago baieztatu ziren. Deitu zidan idazkari batek, hiruzpalauetako batek: “El doctor no tiene tiempo y no va a poder concederle la entrevista“.  Aho bete zotz, aizu. Hoztasunez beharrean, berotuta ihardetsi nion: “Digale al doctor que su tiempo es tan preciado como el mio, que no tiene derecho a marerme“. Serbokroazieraz gain, beste hizkuntza bat ikasi dut mexikon, berorika ere polito moldatzen bainaiz, lagunok. Idazkariaren erantzunak utzi ninduen lur jota, ia mutu: “Se lo digo“. Eta nik: “Seguro que sí…”.

Pasa den larunbat arratsaldean Mararen urtebetetze festa ederrean egon ginen, eta han Miguel Errazu lagunarekin topo egin genuen. Garagardo eta garagardo, eta garagardo, eta garagardo artean komentatu nion gertatutakoa, bera ere doktorea baita, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Ikus-Entzunezko fakultatean klaseak emandakoa. Adierazi nion, batetik, errespetu falta bat iruditzen zaidala aurrena baietz esatea eta gero ezetz. Ez dudala guztiz sinesten doktoreak, akademikoak, hain-hain okupatuta bizi direnik, haien bulegoan 30-45 minutuko elkarrizketa bat emateko denborarik ere ez dutenik. Miguelek ezagutzen ditu akademiako zirrikituak, handik abailduta, triste, atera zen bere garaian, eta esan zidan gezur galanta dela denborarena, “mesedez!!! Jeje!”, nahi baldin badute badutela denbora, baina jakinarazi zidan mundu akademikoa osatzen dutenen egoa oso handia dela, berak ere bizi izan dituela eta bizi dituela gisa horretako esperientziak Mexikon, amorragarria dela, korridoreetako botere-borroka latza, ez sinesteko modukoa, dela. Ene gogoan bor-borka zebilena baieztatu besterik ez zuten egin Miguelek sututa bezala etsipenez eta umorez botatako hitzek.

Ordurako beste elkarrizketatu bat lotuta neukan, bai, baina niri errespetu falta bat iruditzen zaidanak barrenak erretzen zizkidan artean, eta erretzen dizkit oraindik ere, ez ezazue pentsa. Ezezkoa jaso ondoren B plana jarri nuen martxan, eta erabakita neukan ostiral goizean UNAMeko Ekonomia fakultatera joko nuela elkarrizketatu bila. Burugogorrei “necio” esaten diete hemen. Dei nazazu, ba, necio, baina eskatutakoa eta hitzartutakoa bete beharra daukat. Pentsatu nuen fakultatera joatea eta kartel bat zintzilik nuela harrera-gelan sartzea: “Busco profesor de economía, a poder ser un doctor con un poco de tiempo y ‘best sellers’ publicados, para sesuda y  profunda entrevista con medio de comunicación vasco. Se harán fotos. Se ruega compromiso y/o seriedad“. Erabakita neukan.

Baina nork esango zidan niri ostegunean bertan, gidoi-ikastaroko aurreneko eskolan, Vladimir izeneko ikaskideak gauzak erraztuko zizkidala. Jo nuen klasera abaildu antzean, apur bat urduri ere bai, eta han topo egin nuen lau ikaskiderekin. Oso ondo pasatu genien, eta atsenaldian, zigarreta batzuen bueltan topo egin genuen ikaskideok. Galdetu zidaten ea zertan ari nintzen Mexikon, azaldu nien nire egoera, esan nien kazetaria nintzela, eta, artean bero-bero nengoenez, elkarrizketatu batek huts egin zidala jakinarazi. “Nor elkarrizketatu behar zenuen?”, galdetu zidan Vladimirrek. Erantzun nion eta esan zidan berak ezagutzen zuela irakasle pretijiodun bat, egunkarietan-eta artikukuak idazten dituena. Galdetu nion ea bere kontaktua bazuen, eta baietz, idatziko ziola. Sakelakoa atera, niri informazio apur bat eskatu, eta txio bat bidali zion. Hunkitu ere egin nintzen: ordu eta erdi lehenago ezagututako tipoa mesede bat egiten ari zitzaidan. Klasean esan zituenengatik, gainera, ondo erori zitzaidan. Hipsterrak ez ditu gogoko, eta irakasleak etxeko lana bidali zigunean erantzun zion ez zela posible, Norvegian ez dagoela etxeko lanik. Bravo Vladimir!

Ostegun gauean etxera iritsi, irakasleari txio bat bidali, eta segituan jarri zen nirekin harremanetan. Mail bidez egitea proposatu zidan, baina nik esan nion nahiago nuela aurrez aurre, “en vivo y en directo“. Eguna eta lekua proposatu zizkidan eta elkarrizketatu egingo dudala uste dut; uste dut diot, tipoa aurrez aurre euki arte ez bainaiz fidatzen. 14:14 dira orain, eta 17:00etan geratu naiz. Ea!

Apuntetxoa (I): Ados, ospitale baten ondoan dago nire kafetegia, baina pardiez, hau da hau igeltsudun eta maingu saldoa ikusten dudana egunero…

Apuntetxoa (II): 25 minutu beranduago baina agertu da elkarrizketatu behar nuena.

Apuntetxoa (III): Peseretako gidarien arteko arteko mafia aztertzeko modukoa da… Baina nik ez dut aztertuko.

Kantua: Sufjanekin gogoratu bat-batean, eta…. Hau da hau kantua! Irrati esatariek esaten duten bezala, “goazen” AEBetako landa eremuetarantz…

 

 

 

Intxaustiri: adiskidetasun baten kontaera

Morroi batek ez dit elkarrizketa baterako audientzia eman nahi izan nahiz eta baiezkoa eman zidan duela lau egun. Telefonoaren saldoa agortu dut haren idazkariei deika, eta erantzuten zidaten beti, baina beti, gizon entzutetsua bileraz bilera zebilela, agenda oso-oso betea duela, eta ordubete barru deituko zidatela. Mexikoko egonaldiak pazientziaren zakua agian lehertzeraino betetzen lagunduko dit. Aizu, Asier, zer iruditzen zaizu? Zuri galdetzen dizut, pazientziaren zakua beti goraino beteta edukitzen duzulako. Nik Beloki Pilota Elkartearen txosnarako “Salda badago” kartela idazteko minutu bat behar baldin badut, minutu bakar bat erabili nahi baldin badut, zuk hamar behar eta nahi dituzu. Hori bai, azken emaitzan sekulakoa da aldea. Eta zure pazientzia aipagai dudanez, aitortuko dizut ziur nagoela Alaia jaioberriaren oihu eta negarren aurrean espanturik gabe erreakzionatzen duzula, jaikitzen zarela ohetik, hartzen duzula zure pilotari besoen artean, eta lasaitzen duzula.

Hain zuzen ere, transmitizen duen lasaitasuna da Asier Intxausti ene lagun minaren bertute nabarmenenetako bat. Beste hamaika dohain dauzka ordea. Intxausti konpainia bikaina da kafe bat hartzeko, garagardo batzuk eztarriratzeko, parranda goiz-eguerdira arte luzatzeko, mendira, lege zaharrean, bakeroak jantzita joateko, oporretan abiatzeko… Eta Alaia pasiran ateratzen dugunean ere lagun ederra izaten jarraituko du. Umore finekoa, ateraldi zorrotzak eta oso barregarriak dituena, ikasgaiak suspenditzen zituena errekuperaketetan giro berezia egoten zela iruditzen zitzaiolako, argazkilari trebe eta saritua, Matz-Erreka enpresan (Antzuola) estañadorea erabiltzeari buruzko ikastaroak eman beharko lituzkeena, Neil Young, Radio Birdman, Petti, The Hot Dogs, Lou Reed edo, besteak beste, Ruper Ordorikaren zalea… Eta datorren irailean 36 urte beteko dituen arren, federatutako pilotan jokatzen jarraitzen duena plazeragatik, gustuagatik, kirol horri dion maitasunagatik. Pilotari klaseduna, elegantea, Gipuzkoako pilotalekuetan beti pozten dira Intxaustik eta Mikelek osatutako bikotea hamasei urteren ondoren oraindik kantxan jo eta su ikusten dituztenean.

Intxausti atzelaria lege zaharreko pilotaria da: praken poltsikoan mukizapi bat eramaten duen horietakoa, tanto luze eta gogor baten ondoren soilik denbora galtzeko eta gorputzari buelta emateko ateratzen duena. Ikusi izan dut Intxausti kantxan sufritzen, gozatzen, ezkerreko besoarekin aurkako atzelariari tokia uzteko eskatzen, txokora iristen, Mikeli “zuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuu!!!!!!!!!!!!” esaten, eta baita 21-21ekoarekin bosgarren koadrotik zabalera mozten eta partida irabazten ere. Joder, zeharo hunkituta nago eta kafetegia beteta dago!

Intxas
Intxausti, 2008ko Herri Arteko Txapelketan.

Bai, txikitan, Iker Barroso legazpiarraren antza zeneukanean, ilea motze zeneramanean eta bizarrik ez zenunean, jolas orduetan-eta, atezain jartzen zinen, baina segituan hasi zinen pilotan Ederrena zaharrean, Hermanoetako pilotalekuan Goñirekin. Eskolan, futbola alde batera utzi eta jolas orduetan pilotan jolasten hasi ginenean, txokatxe-etako finalera iristen zinen beti. Oraindik ere gogoan daukat Zelai Ariztiko frontoian hamar urterekin irabazi zenuela lehen txapela Aitor Aranzadirekin batera, finalean Jon Ayuso eta Julen Ormazabali irabazita. Eta duela gutxi, Gabonetan, ez dakit zeren karietara barrez ari ginen batean, jakinarazi zenidan egun hartan bi pareta bat egiten ahalegindu zinela, behera joan zitzaizula pilota, eta tipo batek kargu hartu zizula. “Ez baldin badakizu egiten, ez egin”. Zu ez zara ba gorrotatzailea…

Tira, baduzu, lagun artean txantxetan ari garenean, besteen miseriak edo esanak urteen ondoren gogorarazteko eta plazaratzeko abilezia. Libreta bat beti aldean daramazula dirudi. Halere, interesatzen ez zaizkizun elkarrizketen aurrean entzungogorrarena egiteko gaitasuna duzu, nahiz eta adi-adi zauzedela dirudien.

Diskrezioa ere bada zure beste bertuteetako bat. Ez dakit gogoratuko duzun, baina nire lehen muxu eta zirrien berri eman nizun duela 20 urteko larunbat gau batean, Floridatik Osaba zaharrerako bidean, eta inori ez zeniola esango zin egin zenidan.

Lehertzaraino barre egin izan dut Inxaustiren konpainian, baduelako antzerkirako edo, nahi baldin baduzue, performancerako joera. Esaterako, Andoitz bera bezala, munduko kopilotu desatseginena izan daiteke. Behin, nire autoan gindoazen batean, kaseteak jartzen eta kentzen, jartzen eta kentzen ari zen. Disgustu handia hartu zuen entzundako kantu batekin, eta zer okurrituko eta leihoa irekitzea eta kasetea errepidera botatzea harrika. Bikaina! 2010eko apirilean Salamancatik Cadizera (Espainia) joan ginen bizikletarekin Intxausti, Lager, Homer eta laurok, eta ondo gogoan dut aldapa baten bukaeran erotzear zegoela tipoa, euli bat kaskoaren zirrikitutik sartu eta ilajean trabatu zitzaiolako. Bidaia hartan bertan, Sanlúcar de Barramadera bidean, jota zihoan, sekulako ipurdiko mina zuen egun bakan batzuetan pilatutako kilometro kopuruarengatik, eta semaforo batean saiatu nintzen, umorez-edo, hura animatzen. Pikutara bidali ninduen baina barrez lehertu ginen. Baina kontuz, bidaia eder hartako egun bakoitza txaranga baten soinua imitzen bukatzen baizuen; horrek esan nahi du pozik dagoela. Animalia sozial bat da, gainera, edozeinekin eta edonon moldatzeko gai dena.

Egunkari, aldizkari eta kaleko karteletako argazki eta esaldi xelebreak karteran pilatzen ditu, Ingalaterrako boxeoan aditua da, Lennox Lewisen zale amorratua, eta uste dut italieraz mintzatzen dakiela, behin Bergamoko aireportuko (Italia) langile batekin izan zuen bost minutuko solasaldiari soilik erreparatzen badiogu. Gidari bikaina da, gainera. 2008an Italiako Giroa ikustera joan ginen elkarrekin, eta Dolomita ederren La Villa herrira bidean auto batek aurreratu gintuen. Auto hartan Alberto Contador zihoan kopilotu eta maglia arrosa jantzita zeraman. Intxaustik gidatzen zuen alokatutako Ford Fiesta hura, eta ikustekoa izan zen ondorengo bost kilometroetan nola jazarri zuen Contadorren autoa, harik eta bidegurutze batean txirrindulariak eta mekanikariak eskuinera jo eta guk ezkerrera jo genuen arte. Bai, Contadorren oso zalea da. Tira, Athleticen zalea ere izan zen, besteak gogaitzea eta saltsa pixkat sortzeko asmoa besterik ez zuen egun batetik bestera hartutako erabakian. Ez dago egiaztatuta, baina kondairak dio 1 Formulako lasterketetan bere Citroen ZX zaharra ateratzen zuela pistara eta Safety Car-aren lanak egiten zituela, gidatzen ari zela zigarreta bat erretzen zuen bitartean.

Orain ez duzu erretzen, eta Iraiak, azkeneko dozena pasa urte hauetan zure laguna izan dena, Alaiaren amak, ere ez. Zer esan Iraiari edo Amaia-ri buruz… Orri zuri baten aurrean jartzen denean bertigoa sentitzen duela? Antzuolako pertsona maitatuenetako bat dela herrigintzan egindako lanarengatik? Tira, Intxaustik herrigintzan egin duen lan isila ere ez da makala… Are, hunkitzeko modukoa da. Gertatzen dena da pilota klub batean egindakoak ez duela glamour-ik, lagun.

Iraia!!Ba Iraia ere hor, nire bizitzan, oso-oso presente egon dela azkeneko dozena pasa urteetan. Hori bai, gurekin etorri zen lehen aldian, Intxaustik ohartarazi zion lasai egoteko, ez preokupatzeko, Pinik eta biok kasurik egiten ez bagenion…. Zeinen gogorrak garen, joder… Iraiak, bai kontzertuetan, bai tabernaz taberna, bai New Yorkera joan aurretik mano a mano geratu ginenean eta baita haien Antzuolako (Gipuzkoa) etxera kafea hartzera edo afaltzera gonbidatu nautenean, aditu behar izan ditu nire zalantza sentimentalak eta existentzialak, jasan behar izan ditu nire adar-jotzeak ziurrenik askotan graziarik gabeak eta txorakeriak, eta ez du erreparorik izan umorez eta irribarre batekin nire lekuan jarri behar izan nauenean. Eskerrik asko.

Azkenekoz elkarrekin egon ginen egunak, duela pare bat astekoak, oso bereziak izan ziren; edo hala gogoratzen ditut, behintzat. Ikusten zintuztedan pozik, oso pozik, Alaia bazetorrelako, tripatik ateratzeko pronto zegoelako, eta baita oso lasai eta eroso ere. Nik eskatu nahi dizuet goza ezazuela, aldaketak aldaketa jarrai dezazuela orain arte bezala edo hobeto, jarrai nazazuela babesten, zuen baldintzarik gabeko adiskidetasuna eskaintzen. Baina batez ere gauza bat eskatu nahi dizuet: jarrai ezazue elkarrekin tontoarena egiten, Behin batean Loiolan dantzatzen, eta zer demontre, musikarekin Alaia esnatzen eta pizten. Lasai, nik aterako dut-eta pasiran eta Johan Strauss-en Danubio urdina tarareatzen irakatsiko diot, gainera.

Ruta
2010ean Sanlúcar de Barramedan (Cadiz, Espainia). Homer, Lager katutxoarekin eta Intxaustirekin batera. Ukabilkada bat eman nahi didan arren, uste dut Intxaustik maite nauela…

Apuntetxoa (I): Zer sentitzen da dei baten zain egon, dei bat jaso, eta Movistarrekoak direla esaten dizutenean?

Apuntetxoa (II): Oso ondo egon da zinemarako gidoi ikastaroko lehen eskola.

Kantua: Intxausti!

 

 

Pragmatikotasunez eta burugogorkeriz

Sekulako, alimaleko ilusioa egiten zidanez, Gabonetan lagun guztiei jakinarazi nien gidoigintza ikastaro batean izena eman nuela. Lagun min bat gidoigintzan trebatutakoa da, Michel Gaztanbiderekin eskolak hartutakoa, eta esan zidan, bai, hemendik aurrera, hortaz, jasanezina izango dela nirekin pelikula batez bizpahiru hitz egitea. Txantxetan ari ginen… Edo ez hain txantxetan, auskalo. Halere, aitortu beharra daukat nire asmo ezkutukoa dela Zinemaldiko prentsaurrekoetan txanda eskatzea, kazetari argentinarrekin luze eta zabal, gainontzekoak gogaitu arte, eztabaidatzea, eta, bide batez, haien erretorikarako gaitasuna gainditzea. Tabakalerako sinposioak edo dena delakoak ere aurkeztu edo moderatu ditzaket. Ideia ona iruditzen zaizu, Victor? Ahal dut? Kontuz, mikrofono bat eskuratzen dudan bakoitzean hazi egiten bainaiz…

Lagun min horrek eskatu zidan bidali niezaiola idazten dudana, eztabaidatuko dugula, forma emango diogula gidoi bati, eta egingo dugula film labur bat. Euskal zinemagintzaren edo telebistagintzaren (????) ingurumarietan lagun handiak, altuak eta fidagarriak ditugunez, ejem, nik uste zerbait duina eta, ejem, oso-oso errealista, zikina eta gordina egiteko gai izango ginela.

Hori guztia neukan buruan pasa den ostegun arratsaldean, esna nengoela amets egiten ari nintzen, ilusionatzen, Chapultepec parkean barrena Casa del Lago eraikinera lehen eskola hartzera nindoanean. Ene akreditazioa hartu beharra neukan, eta jo nuen harrerara. Hango langileari eman nion bankuan egindako ordainketaren frogagiria, eta txostenen artean nirea bilatzen hasi zen. Topatu zuen, ikusi nuen eskuen artean nire akreditazio argazkiduna zeukala, eta esan zidan: “Eh….”. Parkerantz begiratu, eta “zer dugu orain… Zer demontre dugu 0rain!!!????”, pentsatu nuen neure artean. “Ez du ikasle nahikorik izena eman, eta ikastaroa ez da emango”, jakinarazi zidan. Aho bete enpaste geratu nintzen. “Nola?”. Ahoratu ez arren, ene barrenean mekagoendios-ka hasi nintzen, nola bestela. “Nola da posible? Atzo iritsi eta mexikarrez segituan hasi behar ote dut ba gaizki esaka…. Joder…  Pelikula bat ikusi ondoren ezin izango dut jada jasanezinki portatu… Film labur bat egin nahi nuen ba Pinirekin eta Zapiraindarrekin batera… Bi muturreko bortitz eta belaunkada zehatz zein lehor bat eman nahi dizkiot edonori…”. Orduan idazkariari, harrerako langileari, hitza eman nion. Aurrera ba. “Abenduko bigarren astean deitu genizun baina inork ez zuen erantzuten”. “Nola da posible!!”, esan nion apur bat sututa. Baina nire barreneko ahotsek harrerako bulegotxoa txikitzea eskatzen zidaten. “Lasai Igor, hartu bate bat eta txikitu kristala gupidarik gabe. Txikitu Igor! Dinbi-danba!”. Bulkadari eutsi nion, ordea. “Eta zergatik ez didazue ba email bat bidali?”. Bidali zidatela erantzun zidan baina “errorea” ematen zuela. “Nola???”. Hori bai ez dudala sinesten… Bi alternatiba eskaintzen zizkidatela. Batetik, beste ikastaro batean hastea toki berean; eta bestetik, dirua itzultzea. Harrerakoak esan zidan gidoigintza ikastaroa eman behar zuenak bideo errealizazioari buruzko beste bat ematen duela. “Puede probar… Y si no le gusta, le devolvemos sus dinero“. Itsututa nengoen eta Mexiko, Mexikoko gizartea, funtzionamendua besterik ez nuen buruan. Nola da posible!! Nola da posible nik telefono zenbakia, email helbidea ematea, eta ez asmatzea, joder!! Ez da ba hain zaila!! Erantzun nion pentsatuko nuela. Astelehen eguerdia da orain, eta arratsaldean bideo errealizazioko ikastaro horretara joango naiz, probatzera. Baina nik, gizarte honekiko sentitzen dudana baieztatzeko, edo, bestela, barkamena eskatzeko, baterako edo besterako, ikusi nahi nuen ea telefono zenbakia eta email helbidea ondo eman ote nizkien. Eskatu nion fitxa, eman zidan, eta telefonoa zenbakia gaizki jarri nuela konturatu nintzen; azkeneko bi zenbakietan 78 beharrean 58 jarri nuen. Tira, abenduan deitu izan balidate ere, berdin-berdin, egia esan. Eta emaila? Hori ondo idatzita zegoen… Onartu beharra daukat, ordea, txikitan kaligrafia egin beharra neukala, nire letra, auskalo zergatik, abilezia faltagatik ziurrenik, medikuena baino ulergaitzagoa baitzen eta baita. Niri ez eskatu autograforik, mesedez… Prentsaurrekoetan hartzen ditudan oharrak transkribatzea ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko puzkarra… Kontuak kontu: erdi nire mea culpa.

Beraz, ahotsaren tonua baretu, irribarrerik ez egin, eta harrerako langileari barkamena eskatu nion handik hanka egin aurretik. Gero, etxera bidean, oinez, suminduta oraindik, pentsatzen nuen nire artean zegoen ikastaro eskaintza egonda jendeak nolatan ez duen gidoi ikastaroaren aldeko hautua egiten. Nola da posible!!?? Zinema, dantza, literatura, antzerkia, ekologia, software, argazkilaritza, bideo eta xakearei buruzkoak dira ikastaroak. Ah! Yogari buruzko pare bat ere badaude! Tira, mexikarrek nahiago dituztela performancea, literatur saiakera eta Hidroponia y sostenibilidad (sic). Nik zer dakit, esateagatik diot, analisi zehatzik egin gabe, nire minetik oraindik, baina mexikarrek ez dute pragmatikotasuna gehiegi maite; ez horixe.

Baina burugogorra izaki, nik gigoigintza ikastaroa egin nahi dut; oinarri bat eduki nahi dut hainbeste maite dudan diziplinan apur bat trebatzeko; amets egin nahi dut eta irudikatu Pini eta zapiraindarrekin zerbait oso errealista, zikina eta gordina egiteko gai izango garela, ejem. Eta egingo dugu. Une ero batean burutik pasatu zitzaidan ikastaroa eman behar zuenari deitzea (“Gabon!!!”), eskola partikularrak eskatzea eta gero, aitzakia txoro bat asmatuta, horiek ez ordaintzea. Segituan uxatu nuen burutik, eta ene pragmatikotasunak eta burugogortasunak bultzatuta, sarera jo nuen ikastaro-lekuen peskizan.

Halakoetan, Mexiko Hirian biziz gero batez ere, inportantea da ikastaro-lekuaren kokagunea. Nire buruari muga bat jarri eta erabaki nuen tokiak etxetik garraio publikoan hiru ordu laurdenera egon behar zuela, gehienez. Eta topatu nuen gune aukeran, itxuraz behintzat, hispter samar bat, baina baldintzak betetzen dituena: ostegunean da hastekoa ikastaroa, Casa del Lagokoa baino apur bat garestiagoa da baina ez gehiegi, eta etxetik ordu erdi-hiru ordu laurdenera dago. Aurrera ba. Deitu nuen, eta, antza, antza diot, izena eman dezaket ostegunean bertan. Izan ere, lagunok, bai telefonoaren bestaldekoak eta baita nik ere espainolez hitz egin arren, batzuetan bera serboakroazieraz eta ni persieraz ari ginela zirudien-eta. Eta hemen ohikoa da halakoak gertatzea, ez pentsa…

Beraz, kontatuko dizuet. Gidoi ikastaroa hartuko dudala dirudi, baina eskuin oineko behatz lodiko azkazal zati bat ere ez nuke jokatuko. Pentsatu nahi dut etorkizunean Pinirekin eta zapiraindarrekin zerbait duina eta, ejem, oso-oso errealista, zikina eta gordina egiteko gai izango garela. Hala bedi.

Apuntetxoa (I): Kafetegira iritsi, eta kuadrilla bat hiru mahai okupatzen. Ingelesez ari ziren. Galdetu diet ea mahairen bat libratu zezaketen. Tartean zegoen auzoko yoga irakaslea, ligoia eta bizarduna, noizbait lebitatzera iritsiko dena jada iritsi ez bada, eta gazteleraz, ez espainolez, erantzun dit kontua eskatuta zutela, laster alde egingo zutela. Erabili duen tonuagatik bakarrik, horregatik bakarrik, zaplazteko zaratatsu bat merezi zuen. Ez dakit, agian ni izango naiz, oso sentsible nabilela, e?

Apuntetxoa (II): Gaur, berez, ezin da Chapultepec parkera sartu, baina bere lana ezinbestekoa dela sinetsarazio diot nola edo hala, eta sarreretako bateko polizia limurtu dut.

Kantua: