Oporrak eta ‘deskonektatzea’

Ez pentsa, oporrak edukitzearena kontu nahiko berria da. Frantziako Gobernuak eskubide hori ahalbidetuko zuten akordio batzuk sinatu zituen 1936an, eta, ondorengo urteetan, gutxi asko, eredu hori kopiatu zuten munduko gainontzeko administrazioek. Euskal Herrian, bataz beste, ordaindutako 30 opor egun ditugu, eta sailkapen horri dagokionean ez dakit zehazki puntaren puntan ote gauden, baina ez gabiltza gailerrutik oso urrun. Mexiko, aldiz, kontrako muturrean dago. Hemen, lanean hasten zaren urtean, sei opor egun dauzkazu, eta urtez urte bi opor egun gehitzen dituzte. Hori dio Lanaren Lege Federalak. Hamalau urte daramatzazunean, adibidez, hamasei dira egunak, eta 40 daramatzazunean, demagun 60-65 urterekin, 26 egun; hori da muga. Zortedunak gu, hortaz.

Noski, kasuak eta kasuak daude, lanak eta lanak, baina nik mexikarrekin izandako esperientziak aintzat hartuta, esango nuke ez direla horregatik kexatu zaleak. New Yorken jatetxe batean izan nituen lankide ia gehienak mexikarrak ziren, eta astean sei egunez lan egiten zuten. Astean zehar libratzen zuten gehienetan, eta, adibidez, nik galdetzen nion ostegun batean lankideren bati ea Victor, adibidez, zergatik ez zetorren lanera. “Hoy no viene, hoy descansa“, izaten zen erantzuna. Eta descansar horrek atentzioa ematen zidan. “Descansa” esaten zidatenez, ba Victor, esaterako, ohean etzanda edo sofan paretari begira botata imajinatzen nuen. Nik neuk nahiago dut “ez, gaur ez dator, gaur JAI DU” esatea. Baina gurean ere “atseden egun” gisa definitu genituen aspalditxo astean zeharreko jaiegunak. Bai, igual, bereizteko modu bat izan daiteke, jaiegunak, berez, teknikoki, Ostegun santua edo Urteberri eguna direlako, baina tira… Oraindik ere ez dit belarrira ondoegi ematen “atseden eguna” delakoak. Ene! Hau da hau funtsik gabeko eztabaidagaia… Edo ez? Tira, Euskal Herrian, bilera batean, non bestela, kontu ezdeusagoez eztabaidatzen orduak eta orduak pasa ditzakegu… Espezialistak gara horretan.

Eta Euskal Herrian, zuk zeuk kontrolatzen ez dituzun erabakiengatik besteek baino opor egun gehiago baldin badauzkazu, ba ziurrenik alferrontzi edo behintzat susmagarri bat izango zara besteen begietara. Mexikon ere bai, noski. Jatetxean lankide izan nituenek “flojo” esaten zieten lanerako gogorik ez zutenei, egun batean edo bestean, auskalo zergatik, nork daki, lanera azaltzen ez zirenei. Bizikletarekin janaria banatzen lan egiten nuen nik han, eta asteazken eta ostegunetan bezeroek 22:30ak bitartean eska zezaketen jatekoa. Ba noizbait tokatu zitzaidan jatetxetik nahiko urrun bizi zen bezero bihotz gaberen batek eskari dirutan eskasen bat egitea 22:28etan edo 22:25ean, eta noski, une horretan, berria ematen zidatenean, ni mekagoendioska hasten nintzen. Eta nire erreakzioa ikusita, oso ondo gogoratzen dut behin zer esan zion sukaldari mexikar batek besteari: “El Igor es un flojo. ¿Qué Igor? ¿No tienes ganas de trabajar?”. Oso gizonak dira hemen, oso langileak, badakizue… El Salvadorreko sukaldari batek, ordea, ulertzen ninduen. Hark hala esaten zidan ikusten ninduen aldiro: “Vigor!! El gallego de Marbella!”. Ez galdetu zergatik…

Tira, joan naizela adarretatik… Hemen, nire ezagun batek, zortzi opor egun dauzka aurten. Duela gutxi, Gabonetan, ez zegokion egunetan lan egin zuenez, pare bat jaiegun eduki zituen urtarrilean. Elkar ikusi genuenean esan zidan oporrak zituela. “Oporrak???”, harrituta nik. “Bai, astelehen eta asteartean ez naiz lanera joango”. Hori ez dela oporrak edukitzea erantzun zion ene ni urtarrileko zuri-zuri mendebaldarrak.

Beste ezagun batek ere zortzi opor egun ditu. Gabonetan bere lantokia ixten dute bi astez, eta urtean zehar dauzkan opor egunak ez dira ordaindutakoak. Esan izan dit, gainera, ugazabak trabak jartzen dizkiola egun batzuk (gehiegi ez, noski), hartu nahi dituenean, eta bere lankide gehienek ez dituztela zortzi egun horiek baliatzen, ez dutelako nagusiaren aurrean itxura txarrik eman nahi. Kontuan hartu behar da, gainera, soldata duina, are ona, izan arren, hemen jende dezentek nekez libratzen duela hilabetea…  Ezin, beraz, ordainduta ez baldin badago, opor egun bat hartu.

Baina berriro diotsuet ez direla gehiegi kexatzen. Asumituta ote daukate? Bestela, ez dute oporren beharrik disfrutatzeko. Gu, eustearen kultura-erlijioan hazitakoak, oporrak hartu zain egoten gara, jasanezinak izaten gara askotan, (“Barkatu, ez nago nire onenean. Oporrak behar ditut”), eta gero bai, gero sare sozialetan zintzilikatuko ditugu auskalo nongo txiringitoko, Indonesiako azken muturreko hondartza galdueneko edo Valderejoko zuhaitz zaharrenaren argazkiak. Ordura arte, kieto. Hemen, berriz, uneoro gozatuzaleak dira. Hamabost egunez behin kobratzen da lan formaletan, eta dirua kobratutakoan mexikar ertainak ez du bakerik izango diru hori ia guztia asteburuan edo gau horretan bertan auskalo zertan xahutu arte.

Euskal Herrian, aldiz, ia egunero, ia astebururo daukagu deskonektatzeko beharra. DESKONEKTATU. Termino nahiko berria da hori gurean…. Baina besteak zer esan nahi du “deskonektatzeko beharra daukat” esaten digunean? Opor garaitik kanpo zerbaiti erabat lotuta, konektatuta bizi garela eta konexio horretatik kanpo dauden zereginetarako denborarik edo gogorik ez dugula? Ez ote da guk geuk geure bizkarrean, beste erantzukizun edo aukera batzuk saihestearren, nahita zamatutako karga edo aitzakia bat? Nik zer dakit ba…

Gero, bestetik, oporretarako lekuak eta lekuak daude. Ezta? Johan Cruyffek zera esaten zuen: “Esan iezadazu zein den zure taldeko erdiko erdilaria, eta esango dizut nola jokatzen duzun”. Miguel lagunak antzeko zerbait pentsatzen du opor lekuei dagokionean. “Esan oporretara nora zoazen, eta esango dizut nolakoa zaren”. Hala dio berak. Duela gutxi, adibidez, esan zidan jasangaitza egiten zaiola oporretan Asia ekialdera joaten den jendea: Malaysia, Singapur, Vietnam, Indonesia… Molde batekoak direla zioen. Barre egin genuen eta multzoka sailkapentxoa egin: Latinoamerikara “motxila soil batekin” bidaiatzen dutenak, Sobietar Batasun ohieko Asiako herrialdeetara joaten direnak (multzo horretakoa izan nahiko nuke), etxetik gertu ibili eta kanpora ateratzeak merezi ez duela diotenak… “Etxean, inon ez bezala”. Eta horrela.

Baina egia da azkeneko hamabost-hogei urteotan, hegaldiak merkatu zirenetik-edo, modan-edo dagoela bidaiatzea. Eta batzuentzat, gainera, behar ia fisiologiko bat bihurtu da hegazkin batean sartu, hiruzpalau eskala egin, ahalik eta urrunen joan, txikituta iritsi, eta hurrengo 10-15 egunetan esperientzia “bizigarriak” edukitzea. Guau! Zer pena… Galdera egiten zaie: “Zer duzu gogokoen?”. Eta ez dizute erantzungo ba, nik zer dakit, Reala, Athletic, arte garaikidea, Gaztelugatxe, 8-10 ordu lo egitea, Maradona eta Laudrup talde berean, lagunekin barrez lehertzea, sexua, zinema edo puzzleak egitea, ez. Erantzungo dizute gehien maite dutena bidaiatzea dela. Badakizue, bidaiatzea (baina urrun, e?), duela 50 bat urte arte, gustuz, jende jakin batek bakarrik egin zezakeena. Baina irentsi dugu amua, eta urrun-urrun iritsi arte, bakerik ez gugan, antsietateak jota gu, beste ezer ez buruan, sare sozialetan argazki bidez paisaia epatatzaileenak erakusteko, kultura ezezagunak deskubritzeko eta esperientzia arriskutsuenak bizitzeko egarriz gu.

Datorren astean deskonektatu-ko dugu lagunak eta biok, eta deskonekxio egoera horretan, asmo burges bakarra dut: eguzkia hartzea, bainujantzia janztea, irakurtzea, etzanda egotea…. eta Indurainek atseden uneetan bezala, nire bihotzak, minutuko, 28 taupada markatzea. Besterik ez.

Apuntetxoa (I): Datorren astean ez dut bloga elikatuko. Hurrengo sarrera martxoaren 28an.

Apuntetxoa (II): Zorionak, Pini!

Apuntetxoa (III): Kafetegiaren atarian nengoen zigarreta bat erretzen, eta 85-90 urteren bueltako emakumezko batek galdetu dit ea non zegoen sendategia. Bertaraino eraman dut besotik helduta. Eguna egin dut jada.

Kantua: Lagun min batek akabatuko nau, baina…

 

 

 

 

 

4 thoughts on “Oporrak eta ‘deskonektatzea’

  1. Ona guero, argigarria ere, oporren kontua.
    Eskerrik asko eta irabazitako atsedena gozatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude