Banoa. Eskerrik asko!

Toki guztietara ohitzen zara azkenean, baina horrek ez du esan nahi, inondik ere, toki hori maite duzunik. Egon zaitezke gustura antzean leku batean, baina horren ondorioa ez da edonon eta edonoren aurrean leku hori gomendatuko, are laudatuko duzunik. Nik neuk, hemen idatzitako sermoien bidez askotan, gehienetan, badakit, kontrakoa adierazi dudan arren, duela hilabete batzuk, itzulera data zehaztu nuenean hain zuzen, ondorio bat atera nuen: Mexiko Hirian, finean, ondo pasatu dudala azkeneko urte eta erdian. Hori bai, inori ez nioke aholkatuko hemen bizitzea. Bolada baterako? Ez nioke inori gomendatuko, ez dudalako, oro har, hemengo bizimodua atsegin; sutu egin nazakeelako, tristatu. Baina tira, ejem, persona irekiak gara, eta Jesus Mari Garralda irakasleak zera esaten zigun: bakoitza den bezalakoa da eta nahi duen bezala jaisten ditu eskailerak.

Hasiera-hasieratik konturatu nintzen zirku basati hau ez nuela maite, baina beti egon naiz ekilibristarena edo pailazoarena egiteko prest. Hartu nuen erabaki bat, etorri nintzen, eta norberaren duintasun hutsagatik soilik baldin bada ere, borrokatzea deliberatu nuen. Behin etorrita, zer egin nezakeen…

Baina ez dut hemen aterrizatu aurretik kontatu zidatenarekin topo egin. Hasteko, eta ez daukat inori ezer leporatzeko asmorik, baina nahiko bakarrik sentitu nintzen, zentzu batean behintzat. Tira, leporatuko banie ere, ez lukete ulertuko… Kostatu zitzaidan onartzea bakarrik aurre egin beharko niola egoera berri bati, baina tira, batzuetan baldarki, beste batzuetan, bai, zergatik ez, trebetasunez, ba hartu nien neurria egoera batzuei, eta, batez ere, hartu nion neurria neure buruari.

Baina ez ezazue pentsa, zirku honetan izan ditut-eta bidaideak azkeneko urte eta erdi honetan. Nire lagun maiteak, esaterako, kapitulu, sarrera oso bat merezi du. Harengatik etorri nintzen hona, eta haren ausentzian ez dut uste hemen hamazazpi hilabete igaroko nituenik. Ala bai? Auskalo…  Bestela, hor egon da beti Gorka Larrañaga Iranixe laguntzar azkoitiarra. Bere etxeko ateak ireki zizkidan elkar ezagutu eta berehala, eman genion konfiantza elkarri, eta hitz-aspertu ederrak egin ditugu. Iruditzen zait, gainera, bai nik eta baita berak ere gogoan, edo inkontzientean, behintzat, bagenuela ba hor, Azkoiti eta Urretxu arteko punturen batean, Elosun, Gorlan, Aizpurutxon edo Oletan geundela, huntaz eta hartaz serio antzean edo barrez mintzatzen ginen bitartean. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko, Gorka.

Mikel lagun herrikideari (eta baita Sabinari ere) ere eskerrak eman beharrean nago. Hemen zegoen bitartean, banekien beharra izanez gero hor egongo zela, gauza askotan elkar ulertuko genuela. Izan ere, antzeko ingurune batean jaio eta hazi bazara, antzeko heziketa jaso baduzu, antzeko bizipenak eduki, ba hori nabaritzen da gero, bai. Halere, neure burua justifikatzeko, ondokoa esango: uste dut hala dela…

Begira, elkartu etxe batean zazpi mexikar, sei espainiar, lau euskaldun eta bi frantziar, eta bai, hasieran denak nahastuta ikusiko dituzu, ija eta aja, baina jo ditzatela trago batzuk, igo dezatela musikaren bolumena, has daitezela dantzan, bestela mundua konpotzen, eta espainiarrak espainiarrengana bilduko dira, mexikarrak mexikarrengana, euskaldunak euskaldunengana, eta bi frantsesak elkarrekin hitz egiten ikusiko dituzu. Hori frogatu nuen New Yorken, eta hori frogatu ahal izan dut hemen. Normala da, ezta?

Eta ez ezazue pentsa, esan dizuedan LEGEZ morroi aski irekia naizenez, egin ditut-eta lagun mexikarrak. Tira, ikusteko dago lagunak, ezagunak, edo, azkenean etsaiak ote diren… Izan ere, harreman batzuek, batez ere rolak oso markatuta daudenean eta testunguru jakin batean sortzen direnean, epe luzera eta beste testuinguru batean ez dute funtzionatzen.

Testuingurua aipatu dut, eta, hain zuzen, hiria bera da maite ez dudana. Blog honetako sarrerak irakurri baldin badituzue, konturatuko zineten. Ez dut maite, kito. Zer egingo zaio ba… Jokatu nezakeen entusiastaren papera, kalean ikusten duen ororekin, bizi dituen gauza guztiekin emozionatzen edo harritzen denaren rola, baina ezin dut. Egunerokoan gerta daitezkeen eta gertatu zaizkidan gauzekin sutu naiz, ordea, eta ez, kasu horietan ez dut teatrorik egin. Izan ere, eta hau, beste gauza askorekin gertatzen ez zaidan bezala, oso argi daukat: gauza bat da Mexiko Hirian edo Mexikon barrena turista exotikoarena egitea, hango eta hemengo indigenekin pattarra edan eta kafea hartu duzula esatea, eta beste bat hiri honetan, 2015eko azaroan, gutxi-asko huts-hutsetik hastea.

Eta, zer arraio, barrenean eramango dudan gauzetako bat izango da, ba hori, ba beno, izan naizela gai mugitzeko, neure kabuz eta koipekerian aritu gabe gauza batzuk, sikira diru pixkat, lortzeko eta aurrera egiteko. Halako esperientzia batean zeure burua frogatzen duzulako, batez ere.

Orain, hemendik alde egin behar dudenean, sentitzen dudan beste gauzetako bat bitxia iruditzen zait. Ni banoa igandean, maiatza erdialdean berriro hasiko naiz BERRIAn lanean, eta hemen geratzen direnekiko nolabaiteko errukia sentitzen dut. Ez dakit ondo azaldu ote dudan… Ea, euskaldun edo espainiar batzuek esan izan didatenean ez dutela itzuli nahi, hemen gustura daudela, harridura eta tristura sentipen batek ibili izan ditu ene barrenak. Ba nik bai, nik nahi dut itzuli. Zergatik ez dute bueltatu nahi? Garraldak esaten zuena: bakoitza den bezalakoa da eta nahi duen bezala jaisten ditu eskailerak. Halere, lagunok, utz nazazue harritzen hori esaten dutenean…

Agian izango da nik ezin dudalako bat egin hiri honen idiosinkrasiarekin. Ea. Gizaseme baldresa baina pragmatikoa nauzue, eta hemen pragmatikotasunez hitz egiten baldin badiezue, aurpegira barre egiten diezu. Pailazokerietarako joera nabarmena daukat, bai, baina morroi serioa nauzue nire gauzetan, aizue. Eta hemen… Konpromiso faltak sutzen eta tristatzen nau, eta hemen… Horixe ba, grosso modo; ezin denean, ezin da. Eta bestetik, nahiz eta askori, beharbada, apeta burges bat iruditu, ba oso gogoko dut itsasoa 35 kilometrora edukitzea, ordenatua nauzuen neurrian kutsadura akustiko-bisual-ingurumenarena ez nozitzea, mendira joatea, azaroa eta apirila bitartean ahotik lurruna botatzea, abrigoak janztea, bizikletan ibiltzea, neguko eguerdi igande eguzkitsuetan ardoa edatea, beldurrik gabe eta balantzaka etxeratzea, Pitillo-renean kafea hartzea eta periodikoak leitzea, bat agurtzea, bestea egurtzea… Horixe dena.

Ez pentsa, halere, kalbario bat bizi izan dudanik; inondik ere. Hemen oso ondo jaten da, adibidez. Ezetz! Txantxetan ari naiz, ez nuen hain axalekoa izan nahi. Tira, ondo jaten dela egia borobila da. Bestela? Begira, ni sekula ez naiz izango Mexikoren gida turistiko bat; esan bezala, ejem, ez da nire asmoa hain axalekoa izatea. Baina argi eduki: mexikarrek umore ona dute, hizketarako pronto daude orokorrean, badakite disfrutatzen, oso-oso irudimentsuak dira… Eta bizitzari baikortasunez begiratzen diote. Hori nabarmenduko nuke, eta uste dut asko dela, kontuan hartzekoa bai behintzat. Baina lagunok, nik ez nuke hemen bizi nahi; ezta neskamea, txoferra eta rantxoa edukita ere. Ala bai?

Baina tira, pasatu direla hamazazpi hilabete eta nahikoa dela. Hemendik hilabete batzuetara askoz ere hobeto ikusiko dut zer eman duen urte eta erdi honek, baina coach-ek eta gisako XXI. mendeko apaizek esaten duten bezala pertsona bezala hazteko balio izan baldin badit, ba primeran, gustura, nahikoa. Ez dut Mexikorik behar, ordea.

Eskerrik asko, familia.

Eskerrik asko kuadrilla, betiereko helduleku hori, eta eskerrik asko lagun minei.

Eskerrik asko, Buru.

Eskerrik asko BERRIAko lankide eta lagunei eta beste komunikabide batzuetakoei nire lanak argitaratzeagatik.

Eskerrik asko Carlos Corral handiari, Carlos Ramirezi, Sergiori, Michelleri, Nachori, Xabier Santakiteriari, Josu Landari, Edurneri, Ricardori, Migueli, Paolari, Brunari, Imanol Lopezi, Txeskosi, Zapatari, Maiderri, Daiset eta Karinari, Marianari, Lourdes eta Joxeani, Juliari, Diegori eta Diegori, Edgarri, Clarari, Carlesi, Beatrizi, Luis eta Ameliari, Nahikori, Caradura-ri…

Mila-mila esker zuri, irakurle, sermoi hauek agoantatzeagatik, sarrera hauek irakurtzeko adorea erakusteagatik.

Eta eskerrik asko lagunari, noski.

Gora gu!

Kantua:

 

18 thoughts on “Banoa. Eskerrik asko!

  1. Plazer bat zure mexikar esperientzia irakurtzea. Egi berdaderoak beti eskertzekoak dira. Gertutik jarraituko zaitut!! Ongi etorri!!!

  2. Mundua ez da Mexikon ez hasten ez bukatzen (ezta Urretxun ere, noski). Ondoetorri bada bueltan euskal zerara, Susa!

  3. Nik ere oso gustora irakurri ditut blog honetako sarrerak. Bai New York-ekoan eta bai oraingoan, bereziki gustatu zaizikit bakardadea eta patxadari buruzkoak: bizikleta bueltak iluntzean Urretxu inguruan, plan berezirik gabeko igandeak eta deskonektatu beharrik gabeko opor-egunak… Hurrengorarte!

  4. Oso gusture irakurri izan dotzut New york eta Mexiko hiritik bidalitako eguneroko kronikak.
    Eskerrik asko, Igor!!

  5. Gustura irakurri dut ba nik blog hau. Pena eman dit dagoeneko bukatzeak baina bueno, irakurriko dizut beste nonbait.
    Ondo segi!

    1. Eskerrik asko zuri, Nagore!

      BERRIAn irakurri ahal izango nauzu, baina ez naiz, noski, hain librean arituko. Jeje.

      Ondo ibili!

  6. Eskerrik asko Rubio!

    Gozagarria eta desberdina! bi aldiz gozagarria izan da!

    Hartuko diagu bat Pitillorenean!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude