<![CDATA[Juanma Gallego | Berria.eus]]> http://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 18 Aug 2017 18:26:45 +0200 hourly 1 <![CDATA[Juanma Gallego | Berria.eus]]> http://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png http://www.berria.eus <![CDATA[Sei milurtekoz Trebiñun]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2098/008/002/2017-07-30/sei_milurtekoz_trebiun.htm Sun, 30 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2098/008/002/2017-07-30/sei_milurtekoz_trebiun.htm
Neolito aroko Europako meatzaritza gunerik zabalena da Pozarrate, eta hango sekretuak pixkanaka ateratzen ari dira. Zortzi urte eman ditu jada Andoni Tarriño geologoak aztarnategia arakatzen, baina iaz lortu zuen hiru kanpaina abiatzeko beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa, Espainiako Lehiakortasun Ministerioan aurkeztutako proiektu bati esker. Aurtengo kanpainarako, Gaztela eta Leongo Juntaren eta Arabako Diputazioaren laguntza ere lortu dute.

CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Zentroko ikertzailea da Tarriño, eta, bere doktoretza tesia egin zuenetik, gertutik erreparatu dio silexaren arrastoari. Adituak azaldu duenez, Euskal Herrian, bereziki, hiru tokitan dago silexa: Urbasan (Nafarroa), Barrikan (Bizkaia), eta Trebiñun (Araba). Baina silexa eskuratzeko meatzaritza Trebiñun baino ez zen garatu. Duela 6.000 urte inguru, Neolito garaiko gizakiek baliabide horren ustiaketa sistematikoari ekin zioten. Ondorioz, paisaia eraldatu zuten. Aspaldi jakin zen Trebiñun historiaurreko silex asko zegoela. 1950eko hamarkadan, Deogracias Estavillo irakasleak silexezko milaka nukleo aurkitu zituen. Material preziatua zen. «Eskura izanez gero, historiaurreko gizakiek silexa erabiltzen zuten beren tresnak egiteko».

Duela 40.000 edo 50.000 urte sortu zen silex hau, Miozeno aldian. Garai horretan, aintzirak eta zingirak zeuden gaur Trebiñu den eremuan. Hango uretan silizioa prezipitatu zen, eta silexezko noduluak eta estratuak sorrarazi. «Mendilerro hau, funtsean, kaltzitaz osatuta dago, eta, barruan, silexezko 30 edo 40 estratu inguru daude; kalitate handikoa da, gainera. Horregatik, historiaurreko gizakiei asko interesatzen zitzaien eremu hau».

Mendia zulatuta

Paleolito arotik baliabidea ustiatzen bazuten ere, Neolito aroan sortu zen baliabide hori ustiatzeko beharrezkoa zen garapen soziala eta ekonomikoa. Guztira, zortzi tokitan mendilerroa zulatu zutela uste du Tarriñok. Aurretik susmoa bazuen ere, LIDAR izeneko teknikari esker baieztatu zuten mendi horretan aski interesgarria zen zerbait zegoela. «Hegazkin batetik laser baten bitartez egiten den eskaner antzeko bat da hori. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori eskaintzen du, eta, horri esker, aztarnategia ikusi genuen», esplikatu du geologoak.

Lan gogorra dute aurrean. Izan ere, historiaurreko meatzariek botatako hondarrak jasotzen ari dira. Interes arkeologikoa izan ala ez, 25 zentimetro baino gehiagoko tamaina duten harri guztiak dokumentatzen ari dira, eta horrek lana moteltzen du. Orain arte, material arkeologiko interesgarriak azaldu dira: garrantzitsuena, agian, pikotx gisa erabilitako orein adarra da, hiru metrokoa. Zundaketa batean agertu zen, iazko kanpainan. Induskatu baino lehen, arkeologoek zundaketak egiten dituzte jakiteko lurpean dagoena interesgarria ote den.

Aurten lortutako piezak ditu esku artean geologoak. Harri arruntak dirudite, eta, mendian ikusiz gero, seguruenera, ez lukete batere arretarik erakarriko. Baina, testuinguru egokian, eta aditu baten begirada arretatsuari esker, iragana argitzeko gako garrantzitsuak dira. Horietatik, batzuk alboratutako silex noduluak dira, duela sei milurteko meatzarien «kalitate kontrola» gainditu ez zutenak eta, ondorioz, hondar artean geratu zirenak. Beste batzuk, ordea, lurra zulatzeko tresnak dira. Tartean, ofitaz egindako mazoak eta silexez egindako tresnak ere badira.

Harri puska horietatik abiatuz, duela 6.000 urteko gizartearen bizimodua argitu nahi dute. Modu antolatu batean joaten ziren. Baina Tarriñok aitortu du zaila izango dela meatzari horien herrixkak eta lantegiak topatzea. Gertuen dagoen aztarnategia Larrenkekoa da, Eneolito arokoa —gizakia lehen metalak erabiltzen hasi zen garaikoa, hain zuzen—. Halere, Trebiñuko silexa aintzira batean sortu izanak abantaila garrantzitsua dakar: inguruetan ez da ohikoa jatorri horretako silexa, eta, hor harrapatuta dauden mikrofosilak aztertuz, adituek haren aztarnari jarraitzeko aukera dute. Mendebaldetik, Asturiasera iritsi zen (Espainia); ekialdetik, Landetara (Frantzia). «Gure lehen multinazionala izan zen», azaldu du geologoak, txantxetan.

«Era antolatuan» ari ziren

Lehenengo «merkataritzaren» aztarna horiek, gainera, Neolito garaia baino lehenagokoak dira. Paleolitoan ere —gizakiek ehizan eta fruituen bilketan oinarritutako ekonomia bat zutenean—, trukeak izan ziren. «Garai horretan harrobiak ez zituzten era antolatuan ustiatzen, baina hemengo silexa ere eskuratzen zuten. Esaterako, Trebiñuko silexa Altamiran aurkitu da», azaldu du geologoak.

Tarriñok azalpenak ematen dituen bitartean, aztarnategiko lanak aurrera jarraitzen du. Aurtengo kanpainan, guztira, 30 bat lagunek parte hartu dute. Tartean dira hiru arkeologo profesional. Baina, ohi bezala, gehienak ikasleak dira. Horietako bat Cesar Sanchez Dominguez da. Salamancako (Espainia) Unibertsitatean ondarearen itzultzeari buruzko doktoretza tesia egiten ari da. Funtsean, bere tesiak Huescan (Espainia) zegoen erromatarren garaiko tenplu bat «orainera itzultzea» du helburu. «Horretarako, neurketak egiten ditut hiru dimentsiotan, eta ordenagailuz berreraikitzeak osatzen ditut. Baina, softwareaz gain, asko irakurri behar da tenplua ahalik eta hoberen irudikatzeko». Halako teknologia bat Pozarraten erabil daiteke? «Noski. Laser baten bitartez puntuak eskura genitzake, eta, horrekin, puntu desberdinez osatutako hodei bat egingo genuke. Irudi bat osatzeko puntu bat eta bestea lotzea eskatzen duen denbora-pasa horren antzekoa litzateke». Lanera bueltatu da Sanchez Dominguez, bizpahiru metroko sakoneran dagoen harrien labirintora. Handik ateratzen den lur guztia bahetze tokira joaten da. Hor daude beste ikasle batzuk, lurra arakatzen. Hiru bahez osatutako sistema berezia jarri dute, bata bestearen gainean jarrita, bahetzea ahalik eta gehien azkartzeko. Puntu horretan atera da hasieran aipatutako ofita puska. Normalean, silexa ateratzen da; animalien hezurtxoak eta ikatz zati txikiak ere bai. Guztira, halako zortzi bahetze puntu jarri dituzte. Eguneko 5 tona material prozesatu nahi dute. «Pozarratekoa ez da ohiko aztarnategia, eta, hortaz, ezohiko metodologia erabili behar dugu», zehaztu du Tarriñok. Harrobiaren hondora iristeko irrikan dago. Han aztarnarik interesgarrienak agertzea espero du. Zeintzuk? «Seguruenera, tresna gehiago, edo garai horren inguruan informazioa emango digun beste elementuren bat. Hilobiratzeren bat ere egon liteke. Zenbaitetan, historiaurreko gizakiek honen moduko zuloak baliatzen zituzten jendea ehorzteko».

Hemendik ateratzen diren materialak Euskal Herriko Unibertsitatera eramango dituzte. Hango adituek arretaz aztertuko dituzte aztarna horiek, bakoitzak bere diziplinan: datazioa, geologia, tipologia, teknologia… Ondoren etorriko dira zientzia argitalpenak eta kongresuetako komunikazioak. Azkenik, CENIEHko instalazioetan gordeko dituzte aztarnak, etorkizunean ikertzaileek eskura izan ditzaten. Halere, prozesuak denbora eskatuko du. Harrobi hau arakatzen bukatzen dutenerako, mendian gora, gutxienez beste zazpi harrobi gehiago daude. Dena ondo bidean, horiek guztiak pixkanaka induskatzeko era izatea espero du Tarriñok. Horrela, sei milurtekoz lurpean egon ondoren, aspaldi bizi zirenen oihartzuna egungo garaiotara ekartzeko bidea irekiko litzateke; eta orainaren inguruan ikastekoa. Aztarnategian lanean ari den 19 urteko Maria Rodriguez EHUko ikasleak, hain zuzen ere, halaxe azaldu du: «Jende guztiak jakin beharko luke zerbait historiari buruz, gauden unean zergatik gauden azaltzeko balio duelako».]]>
<![CDATA[Rapanuien ekozidioa, zalantzan]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1856/012/001/2017-07-23/rapanuien_ekozidioa_zalantzan.htm Sun, 23 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1856/012/001/2017-07-23/rapanuien_ekozidioa_zalantzan.htm
Halere, adituek ez dute argi hondamendi horren jatorria zein izan zen. Batzuek uste dute gizakia izan zela horren erruduna, baina beste talde batek kontrako ideia defendatzen du. Lehen planteamendua «ekozidioaren» hipotesia da. Jared Diamond geografo eta antropologoak ideia hori babestu zuen Collapse izeneko liburu ezagunean. «Baliabideen gehiegizko ustiapena zela eta, bere buruaz beste egin zuen gizarte baten adibiderik argiena» zela idatzi zuen Diamondek.

Istorio horren arabera, Pazko uharteko biztanleek gaizki erabili zituzten eskura zituzten baliabide naturalak, eta horrek gosea eta bertakoen amaiera ekarri zituen. Besteak beste, uhartean zeuden palmondo guztiak txikitu zituzten, eta horrek kanoak egitea eragotzi zuen. Kanoarik gabe, beraz, arrantzan egiteko zailtasunak hasi ziren, eta horrek gosetea areagotu omen zuen. Nekazaritzari erabat lotuta geratu ziren, baina, denborarekin, lurrak ere ahitu ziren, eta gizartearen porrota erabatekoa izan zen. Kanibalismoa ere agertu zen. «Ekozidio» hori, beraz, gaurko gizarteak kontuan hartu beharreko irakaspena litzateke, hipotesia babesten dutenen arabera.

Ikuspegi horren arabera, egoera zail horri beste elementu berri bat ere gehitu zitzaion: ahalik eta eskulturarik handienak —moai ezagunak— sortzeko lehia. Ahozko tradizioetan eta aztarna arkeologikoetan oinarrituta, adituek uste dute uhartea hamabi eremutan banatuta zegoela, eta bakoitza klan baten kontrolpean zegoela. Haien artean elkarlana bazegoen, baina, zenbaitetan, gatazkak ere sortzen ziren. Ahu izeneko harri plataformak eratu zituzten, eta, haien gainean, moai estatua ezagunak. Guztira, 300 ahu inguru egin zituzten, eta 113 moai. Metro bat eta hamar metro arteko altuera dute moaiek, eta, horietatik 25, bereziki, handiak dira. Harritzar horiek harrobietatik gaur egun dauden lekuetara nola eraman zituzten jakina ez bada ere, adituek uste dute palmondoen enborrak erabili zituztela horretarako, eta horrek ere eragina izan zuela deforestazioan. Uharteko harrobian bukatu gabeko moaiak daude, eta horregatik uste dute gizartearen beherakada bat-batekoa izan zela.

Erantzun baten zain dauden galderen artean, honakoa ere bai: haien kolonizazio ibilbideetan, polinesiarrek txerriak, txakurrak eta oilaskoak eraman ohi zituzten, baina Pazko uhartera oilarrak eta arratoiak baino ez ziren heldu, eta egoera horrek zaildu egin zuen bizirik irautea.

Arratoi izurritea

Beherakada gertatu zela onartuta ere, Terry Hunt eta Carl Lipo arkeologoek ñabardura garrantzitsu bat proposatu zuten. Haien ustez, deforestazioaren errua ez zen gizakiena izan, arratoiena baizik. Aztarnategietan topatutako palmondoen fruituen arrastoetan oinarritu ziren hipotesi hori defendatzeko. Nahita edo nahi gabean, gizakiek eraman zituzten arratoiak uhartera, eta, predatzailerik ez zutenez, izurrite bihurtu ziren. Fruitu guztiak jan zituztenez, pixkanaka palmondoak desagertu ziren. Hilabete honetan argitaratu dute bigarren ideia horren aldeko beste ikerketa bat American Journal of Physical Anthropology aldizkarian. Hunt eta Lipo ikertzaileek ere parte hartu dute, baina egile nagusia Catrine Jarman Bristolgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) antropologoa da. 1.400 urtetik aurrerako aztarnen analisian ondorioztatu dutenez, rapanuien dietaren erdia itsas produktuetan oinarritzen zen.

Anakena eta Ahu Tepeu aztarnategietan aurkitutako arrastoak aztertu dituzte ikertzaileek. Arrasto horien isotopoen analisian oinarritu da ikerketa. Zehazki, karbono eta nitrogeno isotopoak eta hezurretako kolagenoa aztertu dituzte. Teknika hori baliatuz, gizakien eta animalien hezurretatik ebidentziak zuzenean eskura daitezkeela nabarmendu du ikertzaileak. «Nahiko metodo berria da, eta bereizmen handikoa. Horregatik, erabili ohi diren metodoek baino emaitza sakonagoak izaten ditu», azaldu du Jarmanek. «Gure ikerketak frogatu du bertako populazioa modu iraunkorrean bizi zela, eta tokiko ingurumenera ondo egokituta zegoela», erantsi du. «Hau ekozidioaren hipotesiaren kontrakoa da. Honek erakusten du iturri etnohistorikoez eta ebidentzia urriez ez dagoela fidatzerik. Etengabean metodo zientifiko berriak erabili behar ditugu, uste genuena kolokan jartzeko».

Kontsumitutako itsasoko produktuen kopurua orain arte uste zen baino handiagoa dela nabarmendu du ikertzaileak. «Bestalde, naturan eskuragarri zeuden elikagaietatik etorri ezin ziren zenbait seinale isotopiko aurkitu ditugu. Uzta hobeagoak jasotzeko eraldatu izan ziren soroetan egon behar du horien jatorriak. Horrek esan nahi du antzinako biztanleek bazekitela nola lan egin lur zailetan janari hobeagoa eskuratzeko».

Krisialdia gaindituz

Errudun izan ala ez, uhartean bizi izan direnen bizitza ez da erraza izan. Tradizioetan eta arkeologian oinarrituta, adituek uste dute klanen arteko gatazka sutsuari aterabide bitxia eman ziotela bertakoek: txori-gizakien ohitura ezarri zuten. Funtsean, gerra zibilei amaiera emateko, urtero lehiaketa antzeko bat asmatu zuten. Klan bakoitzeko gerlari batek parte hartzen zuen. Alboko uharte batera igeri egin eta hegazti jakin baten arrautza eskuratzen zuen lehenengoak irabaziko zuen bere klaneko nagusiarentzako agintaldia. Antza, usadio hori hainbat hamarkadatan mantendu zuten, eta horrela bakea berreskuratu zuten.

Halere, egoera betiko irauliko zuen gertaera izan zen 1722. urteko Pazko egunean, Herbehereetako itsasontzi bat heldu zenean. Handik aurrera, europarrek eramandako gaitzak erraz zabaldu ziren rapanuien artean. Ondoren, gainerako munduak Pazko uhartearen berri izan zuenean, esklabo-tratulariak heldu ziren, eta populazioa desagertzeko zorian izan zen. 1877an, 111 biztanle baino ez ziren geratzen. Une horretan kokatzen du Jarmanek rapanuien beherakada. Antropologoak uste du ez dagoela «froga errealik» esateko mendebaldekoak iritsi baino lehenago desegin zela Pazko uharteko gizartea.

1888an, Txilek uhartea eskuratu zuen, baina ardiak gordetzeko erabilia izan zen, zeregin horretarako utzi baitzioten uhartea Eskoziako konpainia bati. Bertakoek 1964. urtera arte ez zuten eskuratu Txileko herritartasuna. Egun, 5.000 lagun inguru bizi dira uhartean; horietatik 2.000 lagun inguru jatorrizko rapanuien seme-alabak dira. Baina horiek ere ez dute arbasoek utzitako galderei erantzuteko gaitasunik. Moaiak dira garai haietako lekuko bakarrak, baina haiekin, noski, ez dago hitz egiterik.]]>
<![CDATA[Etorkizuna beleena ere ba omen da]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2170/012/001/2017-07-16/etorkizuna_beleena_ere_ba_omen_da.htm Sun, 16 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2170/012/001/2017-07-16/etorkizuna_beleena_ere_ba_omen_da.htm A Song of Ice and Fire sagan. Usoak baino argiagoak eta indartsuagoak omen dira, eta, George R. R. Martinek irudikatutako fantasiazko mundu horretan, «benetako hizkuntza» hitz egiteko gai omen dira txori beltzak; lehen gizakiek hitz egiten zutena, alegia.

Mundu errealean, ordea, ospe txarragoa dute beleek. Esaera zaharren bildumak begiratzea besterik ez dago. Baina, adimena ikertzen duten zientzialarien artean, aparteko tokia irabazi dute azken urteotan. Nonbait, adimena aztertzeko tresna bikainak dira hegazti horiek, guztiz trebeak direlako.

Lund Unibertsitateko (Suedia) Can Kabadayi eta Mathias Osvath ikertzaileek gertutik aztertu dituzte beleak, eta horiekin hainbat esperimentu egin dituzte. Emaitzak Science aldizkarian kaleratu dituzte ostiralean. Ondorioztatu dutenez, beleak gai dira etorkizuna planifikatzeko.

Halakoetan izan ohi den moduan, janaria izan da entrenamenduetan erabilitako saria. Zientzialariek kutxa baten barruan gorde dute saria, eta tresna zehatz batez kutxa irekitzen irakatsi diete. Gero, giltzaren funtzioa betetzen duen tresna hori beste objektu batzuen artean kokatu dute, kutxa ezkutatuz. Bele gehienek «giltza» egokia hautatu dute, eta janaria eskuratzeko gai izan dira.

Baina harago joan dira ikertzaileak, eta, beste esperimentu batean tentatu ere egin dituzte. Funtsean, horrelako zerbait komunikatzeko moduko esperimentua diseinatu dute: «Aizu, bele. Zer nahiago duzu, janari pitin bat orain, ala etorkizunean janari askoz hobeagoa emango dizun giltza hau?» Horretan ere, gehienak guztiz trebeak izan dira. Janari pixka baten eta kutxa irekitzen duen tresnaren artean, bigarrena hautatu dute gehienek, unean uneko tentaldiari muzin eginez. Ikertzaileek lau urteko ume baten gaitasun kognitiboarekin alderatu dute portaera hori.

«Naturan askatasunean daudenean, beleek ez dute tresnarik erabiltzen, eta, hala ere, tresnak erabiltzea eskatzen duten atazak planifikatzeko gai izan dira», azaldu du Can Kabadayik.

Malgutasuna

Zientzialariak beste portaera berezi bat nabarmendu nahi izan du. Bele eme batek «asmatutako» teknika berria, alegia. Zientzialariek jarritako ataza batean, ohiko tresna zen harria erabili beharrean, hainbat zotz erabili zituen plataforma bat jaisteko eta kutxan zegoen saria eskuratzeko. «Horrek malgutasuna eta berrikuntza adierazten ditu», ikertzailearen esanetan.

Kabadayik dio ondorio nagusi bat atera daitekeela esperimentu horretatik: gaitasun kognitibo konplexuak animalia leinu desberdinetan modu bereizian eboluzionatzeko gai direla. «Korbidoak eta tximino handiak oso urrun daude eboluzioan, eta, hortaz, agian bakoitzak bere aldetik garatu du planifikatzeko gaitasuna».

Suediako lantaldeak ateratako ondorioak oso interesgarritzat jo ditu Fernando Colmenares Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Psikobiologia katedradunak. «Tximino handietan halakoak ikusten direnean, joera dago esateko gizakien eta tximinoen kognizioak oso antzekoak direla. Baina korbidoek atazak ere ebazten dituzte, eta, zenbaitetan, tximinoek baino hobeto. Baina, hala ere, ebolutiboki urrun daude».

Colmenaresek animalien eta gizakien portaera ikertzen duen talde bat zuzentzen du, eta, beraz, gertutik jarraitzen ditu gaiaren inguruan izaten diren aurrerapenak.

Adituak azaldu duenez, korbidoak oso trebeak dira leku desberdinetan fruituak gordetzen eta berreskuratzen. «Gero, laborategian, guztiz artifizialak diren atazak jarri dizkietenean, gai izan dira gaitasun hori testuinguru berri batean berreskuratu eta martxan jartzeko. Horrek izugarrizko malgutasuna erakusten du».

Colmenaresek etorkizuna planifikatzeko gaitasuna nabarmendu du. «Jakin badakigu animaliek ikasten dutela: guk bezala, iraganeko esperientziak ekartzen dituzte gogora orainaldiko arazoak ebazteko. Baina ikerketa honetan ikusi denez, beleak erabakiak hartzeko gai izan dira, etorkizunean gertatuko diren gauzak irudikatuz. Hau da, etorkizunean gerta daitekeen zerbait kontuan hartu dute unean uneko erabakiak hartzeko».

Bi ondorio atera ditu adituak. Hara bata: «Eboluzioak beti harritzen gaitu». Hara bestea: naturan bide edo mekanismo desberdinak garatu dira arazo berdinei irtenbidea emateko. «Hemen, funtsezko gakoa da ea mekanismo berdinak erabiltzen ote diren horretarako. Gakoa ez da animaliak arazo bat ebazteko gai ote diren, baizik eta asmatzea ea espezie desberdinek arazo horiek ebazteko garatu dituzten mekanismo kognitiboak desberdinak ote diren».

Joko arau berriak

Bochumeko Ruhr Unibertsitateko (Alemania) Albert Newen filosofoak ere azpimarratu du ikerketa horren garrantzia. Garunaren eta kontzientziaren inguruan aditua da Newen, eta animalien kognizioaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu. Haren aburuz, animalien kognizioaren inguruan izan diren azken ikerketek ate berri bat ireki dute: «Joko arauak aldatzera behartzen gaituzte».

Adituak uste du kolokan jarri behar direla eboluzio klasikoak espezieen artean marraztutako marra zurrunak. «Denbora luzez, eboluzioaren eredu estandarrak hierarkia lineala irudikatu du. Hierarkia horren abiapuntuan, arrainak eta hegaztiak zeuden. Gero, ugaztunetara pasatzen zen, baina horiengan ere, marra bat zegoen: saguetatik tximinoetara zihoan marra, hain zuzen ere. Azkenik, hierarkia horren amaieran, gizakiok geunden, gainerako espezieetatik oso urrun».

Baina eredu zurrun hori okerra dela deritzo pentsalariak. «Hegaztiak tximinoetatik eta gizakietatik ebolutiboki oso urrun izanda ere, frogatuta dago hegaztiek gaitasun komunak dituztela txinpantzeekiko eta bonoboekiko. Besteak beste, jabetza, tresnen fabrikazioa eta erabilera, eta ulermen soziala. Kabadayi eta Osvath ikertzaileek frogatu dutenez, orain badakigu etorkizunean tresnak erabiltzeko planifikazioa erabiltzeko gai direla, eta trukea egiteko gaitasuna dutela».

Eboluzioaren zuhaitza

Auzi horretan ere, badirudi bat datozela adituak. Etorkizunean jarraitu beharreko pausoez galdetuta, Kabadayik eboluzioan sakonduko duela argitu du. «Hegaztien eta ugaztunen arbaso ebolutiboak aztertzea izango da gure ikerketa lerroetako bat. Bide horretatik, jakin nahi dugu kognizioaren auzian zer kontserbatu den eta zer berritu den».

Colmenaresek ere eboluzioaren marrak izan ditu hizpide, BERRIAk ikerketaren inguruko balorazio bat eskatu diolarik. «Eboluzioa zuhaitz bat da, ez eskailera bat». Zuhaitzaren metaforari jarraituz, eboluzioaren adar bakoitzaren amaieran dagoen espezie bakoitza bere adarraren espezie «nagusia» dela babestu du adituak. «Funtsean, orain eboluzioaren adar bakoitzaren amaieran dagoen espeziea da hoberena bere esparruan. Gu, zeregin askotan, beste espezieak baino hobeak gara; baina beste zereginetarako gu baino egokituagoak dauden espezie asko ere badira».

Newen filosofoak ere antzeko ideia azpimarratu du. «Gizakion gaitasunak harrigarriak badira ere, gaitasun horiek soilik era gradualean bereizten dira animaliek dituzten gaitasunetatik; gure arbaso biologikoengandik eboluzionatu dute. Ez dago gizakiona besterik ez den gaitasunik. Horregatik, muga antropologiko baten printzipioa bilatzeari utzi behar diogu. Ez dago. Gizakiok animalia bereziak gara, baina, funtsean, animaliak besterik ez».]]>
<![CDATA[Matematikaren ezkutuko lengoaia]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2102/010/001/2017-07-09/matematikaren_ezkutuko_lengoaia.htm Sun, 09 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2102/010/001/2017-07-09/matematikaren_ezkutuko_lengoaia.htm zientzia hitzaren atzean, esaterako, zenbaki andana bat dago. Paperezko egunkarian irakurriz gero, kodea C100 M20 Y0 K0 da. Webgunean kasuan, R0 G127 B170 da. Urdina esateak ez du balio, finean hori orokortze bat besterik ez delako. Kode horiek definitzen dute pantailan edo paperean zein kolore zehatz azaldu behar den, RGB eta CMYK kolore sistemaren arabera. Erabilitako tipografia Bezier kurben arabera diseinatuta dago, hau da, algoritmo matematikoak erabilita.

Horiek ez dira, gainera, idazkiaren atzean dauden zenbaki bakarrak. Adibideak edonon daude. Testua proportzio jakin batean finkatutako lauki sare baten arabera idatzita dago, eta lerroarteak ere ondo finkatuta daude: letra nagusiaren tamainarekiko %45 handiagoa da webguneko lerroartea, eta %25 paperekoa.

Ezkutuan dauden zifra horiek beharrezkoak dira. «Diseinu baten atzean beti daude zenbakiak», azaldu du Elena Gonzalez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Diseinu grafikoa irakasten du Gonzalezek, eta aurten parte hartu du matematika eta kulturaren arteko erlazioa ikertzen duen Kultura matematikaren M-arekin izeneko udako ikastaroan. Asteon egin dute jardunaldia Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan.

Gonzalezek azpimarratu duenez, informazioa jasotzen duen lagunarentzat nolabaiteko ongizatea bermatu behar du diseinuak. «Geometriak eta diseinuak batera joan behar dute, garunak batasun hori gustuko duelako». Zehaztasuna, oreka, simetria eta horrelako aldagaiak funtsezkoak dira diseinu bat egiteko.

Aldagai horietako askok oinarri matematikoa dutela azpimarratu du adituak. «Urrezko obaloa, grafiko zirkularra edo espirala askotan erabiltzen dira». Proportzioak eta espazioak ere zenbakien progresio jakin baten arabera ezarrita daude.

Diseinu grafikoaren eta matematikaren arteko erlazioaz gain, beste harreman asko jorratu dituzte ikastaroan. Papiroflexia da bat: besteak beste, medikuntzan, robotikan eta aeronautikan erabiltzen da papiroflexiaren oinarrian dagoen geometria, baita espaziora bidaltzen diren sateliteen eguzki paneletan ere.

Azken urteetan zabalkuntza handia izan duen beste jarduera bat ere jorratu dute ikastaroan. Bideo jokoak sortzeko prozesuan asko erabiltzen dira zenbakiak. Adibidez, jolasa hartuko duen mundua definitzeko, aljebra lineala eta geometria erabiltzen dira, bektoreak eta matrizeak baliatuta. Mugimendua sortzeko, berriz, transformazio afina darabilte. Mekanika klasikoaren lege fisikoaren arabera mugitzen dira objektuak, eta, hortaz, ekuazio diferentzialak erabili behar dira horiek irudikatzeko.

Hiru mendeko misterioa

Iaz bezala, ikastaroaren beste atal bat literaturari eskaini diote. Raul Ibañez EHUko matematikariari egokitu zaio hori egitea: Fermaten teoremak literaturan izan duen eragina aztertu du adituak.

Urte luzez matematikarien grial santua izan da teorema hori argitzea. 1637. urtean abiatu zuen erronka Pierre de Fermat matematikariak. Diofantoren Aritmetika lana irakurtzen ari zela, paragrafotxo bat idatzi zuen liburuaren marjinan.

Pitagorasen teoremari buruz hitz egiten zuen Diofantok. Horren arabera, hiruki zuzen baten katetoen karratuen batura hipotenusaren karratuaren berdina da: a2+b2=c2. Fermati bururatu zitzaion karratua izan beharrean kuboa izan zitekeela, edo bi baino handiagoa den beste edozein potentzia: an+bn=cn. Esan zuen, ordea, zenbaki osoak erabilita ez zegoela ekuazio hori ebazterik. Baina harago joan zen. Ohar horretan zioenez, bazekien nola adierazi ekuazioa ezinezkoa zela, baina liburu baten marjinan ez zegoen tarte nahikorik azalpena jartzeko.

«Fermat arras bitxia zen», dio Ibañezek. «Lanbidez ez zen matematikaria, legelaria baizik, baina matematika oso ondo menderatzen zuen, eta gustatzen zitzaion beste matematikariak zirikatzea». Hark egindako enbidoak hiru mendetan zehar aztoratu ditu pentsalari bikainenak.

Pixkanaka ebazpen partzialak topatu zituzten, baina ebazpen orokorra falta zen. Beste zientzien aldean matematika diziplina berezia dela azpimarratu du Ibañezek. «Azalpen partzialak ez dira nahikoak: azalpen osoak beharrezkoak dira, logika matematikoan oinarrituta». Adibide bat eman du: «Frogatu ahal duzu proposamen bat betetzen dela lau milioi zenbaki desberdin jarrita, baina ezerk ez du demostratzen lau milioi eta batgarren kasuan ere proposamen hori beteko denik». Zenbakiak infinituak izanda, hori benetako arazoa da. «Matematika frogaketan oinarritzen da. Horregatik pixkanaka eraikitako etxe erraldoia da, eta erabiltzen diren osagai guztien inguruan segurtasun osoa izan behar dugu».

Matematikariengan ez ezik, Fermatek botatako enbidoak eragin handia izan du literaturan, eta ikastaroan horren errepasoa egin du Ibañezek. «Oso kontu literarioa da, elementu dramatikoak tartean daudelako». Horregatik, Fermaten teorema nobela askotan agertzen da, batzuetan zeharka, eta beste batzuetan, bete-betean. Umeentzako album irudidun batean ere ageri da. Stieg Larsson idazlearen Millenium trilogian, adibidez, Lisbeth Salanderrek arazoari ekiten dio. Joaquin Leguinaren El rescoldo nobelan ere protagonismo berezia du teoremak. «Ezinezkoa den zerbaiten parean jarri da askotan. Don DeLilloren Ratner's Star nobelan, esaterako, estralurtarrek baino ez omen dute erantzuna».

Lisbeth Salanderrek bezala, lagun askok ordu asko eman dituzte irtenbidea aurkitu nahian. Zertarako galdu, bada, horrenbeste denbora hain hutsala ematen duen kontu batean? «Tira, horri irtenbide bat bilatzen zitzaion bitartean oso matematika ona garatu zen», erantzun du Ibañezek.

1993an Andew Wiles matematikariak arazoari irtenbidea eman zion. Bide horretan, matematika «erabilgarri» asko sortu zuen. «Egin zuen egiaztapenak kurba eliptikoekin erlazioa zuen, eta horiek, gaur egun, kriptografian erabiltzen dira».

Erantzun gabeko galdera dago airean? Fermatek ba al zekien teorema hori egiaztatzen? «Matematikari gehienek uste dugu ezetz, baina ez dago jakiterik», dio Ibañezek.

Ikastaroaren parte hartzea ikusita, pozik azaldu da Marta Macho Stadler ikastaroko zuzendaria. EHUko matematikariak nabarmendu duenez, azpimarratu dute gauza gehienen atzean matematika dagoela. «Matematika era lasaian jorratu dugu, gai eta ikuspuntu desberdinetatik abiatuta». Askotan matematikak ospe txarra dauka. «Zaila da, bai, baina aukera bat eman behar zaio. Ez dut ezagutzen gaiari zintzotasunez hurbildu eta gero horretaz maitemindu ez den pertsonarik. Gainera, matematika pixka bat jakinda, errazagoa da artelan bat ulertzea edota egunkarian azaltzen den estatistika bat gaizki ote dagoen jakitea».]]>
<![CDATA[Iragan urruneko irakaspenak]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/002/2017-07-02/iragan_urruneko_irakaspenak.htm Sun, 02 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/002/2017-07-02/iragan_urruneko_irakaspenak.htm Big data-ren aroan, helburu horretara bideratutako ikerketa ugari daude martxan. Meatzariak lurraren barrenetik bitxiak ateratzen saiatzen diren modu berean, zientzialariek ere datu meatzaritza erabiltzen dute informazio baliagarria eskuratzeko. Eta, zenbaitetan, harribitxiak ateratzen dira jarduera horretatik. Asteon jakinarazi dute horren beste adibide bat. Orain arte ezagutzen ez zen suntsipen bat aurkitu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Azken 100 urteetan aurkitutako fosilen berrazterketa batetik abiatuz, duela 2,5 milioi urte inguru, itsas megafaunaren heren bat desagertu zela jakin da orain. Zehazki, duela 5,3 milioi urte eta 9.700 urte arteko fosilak berraztertu dituzte Zuricheko Unibertsitateko (Suitza) eta Berlingo Historia Naturalaren Museoko (Alemania) adituek. Paleobiology izeneko datu basean bildutako 2.000 erregistro inguru baliatu dituzte horretarako. Berrazterketaren emaitzak Nature Ecology and Evolution aldizkarian plazaratu dituzte.

Suntsipen horretan, besteak beste, inoiz existitu den marrazorik handiena desagertu zen: Carcharodon megalodon izenekoa. Bost urte eman zituen Catalina Pimiento paleobiologoak espezie horren desagerpena argitu nahian. Misterioari amaiera emateko, ikerketaren fokua irekitzea erabaki zuen, eta, megalodon espezieaz gain, itsas megafauna osotasunean kontuan hartzea erabaki zuen. «Animalia konkretu askoren iraungipena ezagutzen zen, baina modu isolatuan», adierazi du Pimientok. Datu horiek guztiak batzean konturatu dira suntsipen berri baten aurrean zirela. Itsas ugaztunak izan ziren galera gehien nozitu zutenak. Egin dituzten kalkuluen arabera, mota horretako animalien %55 desagertu ziren. Itsas dortoken %43 desagertu ziren, eta itsas hegaztien %35.

Adituak azaldu duenez, aurreko ikerketetatik abiatuta, bazekiten uraren tenperaturan izandako aldaketek ez zutela iraungipena eragin. «Uste zen glaziazioek ura hoztu zutela, baina ez zen horrela izan», argitu du. «Gure susmoa zen itsas mailan izandako aldaketek iraungipenarekin zerikusia izan zezaketela. Ezaguna da dinosauroen iraungipenetik —duela 65 milioi urte— itsasoaren mailan izan diren aldaketa handienak azken bost milioi urtetan izan direla, hau da, Pliozenoan eta Pleistozenoan».

Suntsipena azaltzeko, ikertzaileek itsas mailaren hipotesiari heldu diote. «Kostaldetik gertu dauden sakonera txikiko uretan bizi ziren animaliek nozitu zuten bereziki iraungipena», azaldu du paleobiologoak. «Aldiro, animalia horiek eskuragarri zuten eremua txikitzen eta handitzen zen. Epe luzera, aukeran zuten eremua txikitu zen, eta, beraz, elikatzeko gaitasuna ere urritu zen».

Adituak azpimarratu duenez, batez ere beren gorputzaren tenperatura erregulatzeko gaitasuna zuten animaliak desagertu ziren. «Gorputzaren tenperatura arautzeko, energia eta baliabide asko behar dira. Aukeran dagoen eremua gutxitzean, baliabideak ere txikitu ziren».

Beste bost suntsipen handiekin alderatuz, suntsipen xumea izan zela aitortu du adituak, baina, halere, garrantzi handikoa izan omen zen. «Itsas espezie handien %30 inguru desagertu ziren, baina horiek betetzen zituzten funtzio ekologikoak oso garrantzitsuak ziren. Ekosistemetako funtzioen %20 desagertu ziren. Aurrekaririk gabeko fenomenoa izan zen».

Bost iraungipenak

Ikerketaren balioa aitortuta ere, funtzio ekologikoen inguruan Pimientoren taldeak emandako azalpenak «oso teorikotzat» jo ditu Estibaliz Apellaniz EHUko geologoak. «Egia da edozein ingurunetan organismo bakoitzak bere funtzioa betetzen duela ekosisteman. Suntsipen masibo baten ondoren, beti dator leherketa ebolutibo bat. Okupatuta ez dauden txokoak eskuratzen dituzte heldu berriek».

Hala erakusten du historia geologikoak. Dinosauroek ere baliatu zuten aurreko suntsipen masibo batean geratu zen hutsunea Lurreko jaun eta jabe bilakatzeko, eta haiek desagertu zirenean ere, ugaztunak atera ziren garaile.

«Normalean, azken 550 milioi urtetik hona bost iraungipen masibo bereizten dira, eta, gaur egun, seigarrenaren atarian egon gaitezke», dio adituak. Duela 250 milioi urte inguru, Paleozoikoaren hasieran gertatutakoa izan zen bortitzena. Adituek diote espezieen %90 desagertu zirela. «Txikizio ikaragarri handia izan zen». Baina, seguruenera, ospetsuena Kretazeoa eta Paleogenoaren arteko mugan —KT muga deritzona— gertatutakoa izan zen. Dinosauroak desagertu zirenekoa, hain zuzen. Hipotesirik zabalduenaren arabera, Yukatan penintsulan (Mexiko) eroritako meteorito batek abiatu zuen hondamendia. Orain onartuta badago ere, aurrenekoz proposatu zenean hipotesiak hautsak harrotu zituela gogorarazi du geologoak: «KT muga horretan buztinezko geruza txiki bat dago. Geruzaren alde batean eta bestean zegoena ikertzean, geologoak konturatu ziren fosil zeharo desberdinak zaudela». Mundu osoko laginetan geruza hori aztertzean, iridio kontzentrazio handiak zeudela ikusi zuten ikertzaileek, eta horren jatorria meteorito batean kokatu zuten, elementu hori urriagoa baita Lurraren azalean.

«Biltzar batean meteoritoaren ideia proposatu zutenean, jende guztia kontra jarri zitzaien. Izan ere, ordura arte, horrelako suntsipenak prozesu gradualen bitartez azaltzen ziren, eta ez bat-bateko hondamendien bidez». Pixkanaka, datu berriek meteoritoaren hipotesia indartu zuten. «Paradoxikoa bada ere, zientzian oso komenigarria da hipotesi baten aurrean beste adituak kontra azaltzea. Horren haritik egiten diren ikerketen ondorioz, ezagutza maila asko handitzen da».

Seigarren suntsiketa baten atarian ote gauden galdetuta, ezkor azaldu da aditua. «Tira, gustatuko litzaidake huts egitea, baina seigarrenaren atarian gaudela iruditzen zait. Gure espeziea izurrite baten modura jokatzen ari da. Gure hazkunde demografikoa zein ekosistemetan egiten ditugun aldaketak hain dira handiak, ezen ekosistema horiek ez baitaukate egokitzeko denborarik».

Catalina Pimientok ere uste du iraganeko suntsipenak ikertzeak zer pentsa eman behar diola gizateriari. «Gaur egun ere gizakiok planetaren habitatak aldatzen ari gara. Gaur egun espezie asko desagertzen ari dira, eta, horren atzean, klima aldaketa, kutsadura eta antzeko faktoreak baino gehiago, habitaten galera dago».]]>
<![CDATA[«Zientzia kritikatu beharra dago, baina koherentzia galdu gabe»]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2031/012/001/2017-06-25/zientzia_kritikatu_beharra_dago_baina_koherentzia_galdu_gabe.htm Sun, 25 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2031/012/001/2017-06-25/zientzia_kritikatu_beharra_dago_baina_koherentzia_galdu_gabe.htm Zientziaren argi-itzalak liburua.

Aurreko liburu batean, erlijioaren gaia landu zenuen, eta, tartean, zientziarekin izandako tirabirak. Nolakoak izan da harreman horiek?

Gatazkatsuak. Sinesmenak eta usteak liburuan, besteak beste, erlijioaren eta zientziaren arteko harremaei buruz aritu nintzen. Esaterako, erlijioa unibertsoaren antolaketari buruz hitz egitera ausartu da: geozentrismoa edo kreazionismoa aldarrikatu ditu... Garbi dago hor zientziak arrazoia kendu diola, eta bestelako ikuspegi batzuk aurkeztu dituela: eboluzioa eta heliozentrismoa. Ondorioz, erlijioa doktrina hori gabe geratu da; justifikaziorik gabe. Nire ustez, ez dagozkion gaiak hartu ditu bere baitan erlijioak. Gaur egun, adibidez, oso zabalduta dago erlijioari balioen afera dagokiola, eta ikastetxe erlijiosoek hori aldarrikatzen dute askotan: bertan umeak balioetan hezten dituztela. Ni ez nago batere ados.

Zergatik ez zaude ados?

Balioen auzia filosofiak jorratu du betidanik, kristautasuna agertu baino askoz lehenagotik. Aztertu ditut erlijioaren presentzia justifikatzeko erabili diren argudioak eta, nire ustez, gehienak oso txarrak dira. Erlijioaren xarma ez dago ez biologian, ez astronomian, ezta balioetan ere... Nire hipotesia da erlijioaren xarma lotuta dagoela kolektibitate baten identitatearekin, talde bat osatzearekin... Ez da ezagutza kontua. Askotan, erlijiozaleek ezagutzaren ikono gisa aldarrikatu dute erlijioa. Garbi dago gizakiak, neurri handi batean, erlijioa behar duela: kultura gehienetan daude sinesmen erlijiosoak. Misterio handia bada ere, gizakiok fikzioak behar ditugu bizitzeko, eta ematen du erlijioek betetzen dutela eginkizun garrantzitsu hori.

Nola sortu zen zientzia?

Zientzia gizakiak duen premia sinple batetik sortu zen: gizakia oso ahula da, eta inguru basati eta erasokor batean bizi da. Mundu horretan bere bidea egin behar du, eta horretarako ezinbestekoa du inguruan dagoena ezagutzea. Inguruaz hitz egiten dudanean, naturaz eta beste gizakiez ari naiz. Mundua ezagutuz, posible da gauzak ulertzea, azaltzea, interpretatzea, eta ondoren zer gertatu behar den aurretik esateko gai izatea. Eguzkiak zer egiten duen, landareek zer ekartzen duten, beste gizakiek zer-nolako ohiturak dituzten... Hor abiatzen da zientziaren bidea. Gero, ezagutza hori hazi eta sofistikatu da, eta, gaur egun, zientzia instituzio globala bilakatu da. Gauza zoragarriak ekarri ditu, baina botere politiko eta ekonomikoarekin ere katramilatzen da.

Zientziaren inguruan dauden bi jarrera kontrajarriak aipatzen dituzu, hain zuzen ere. Paradisutik aldentzen gaituen mamua, ala paradisura garamatzan zientzia salbatzailea...

Bai. Badira zientzia kritikatzen dutenak, baina gogoratu behar zaie mendebaldean 80 urte bizi garela orain. Joan Afrikara edo zientziaren onura heltzen ez den hainbat lurraldetara, eta ikusiko duzu bertan 40 urterekin bukatu ohi dela bizitza. Zientziarena izugarrizko lorpena da, baina hori ez zen zerutik etorri; medikuntzaren, kimikaren eta biologiaren eskutik etorri zen. Baina gauza positiboak ekarri baditu ere, zientziak badu alde ilun bat; negozio ustelak eta alderdi negatiboak daude: botiken industrian, adibidez. Erabakitzeko orduan ere, arazoak daude. Gai ezberdin asko daude ikertzeko, baina horietako asko alde batera uzten dira. Kosmetikoak ikertzen dira, baina gaixotasun hilgarrienak oso gutxi ikertzen dira. Finean, zientziagintza botere ekonomikoen eta politikoen inguruan dagoen makina erraldoi horrekin ere nahastuta dago. Ezin dugu irudikatu zientziagintza modu bakandu batean. Baina ez ditut gustuko zientzia ustelkeria hutsa dela zabaltzen duten diskurtsoak. Egunen batean kapitalismoa desagertuko balitz, zientziak jarraituko luke. Ez dakit zer motatako zientzia litzatekeen, baina ikerketak jarraitu egingo luke. Jende askok uste du zientzia eta kapitalismoa gauza bera direla, baina hori ez da egia. Egun konplize izan daitezke, baina zientzia kapitalismoa baino askoz ere lehenago jaio zen.

Zientziak feminismotik eta ekologismotik jaso dituen hainbat kritika aipatzen dituzu liburuan. Nola baloratzen dituzu?

Feminismoaren barruan, oso kritika desberdinak proposatu dira. Horietako batzuk zentzudunak iruditzen zaizkit, baina beste hainbatekin ez nago oso konbentzituta. Gaur egun, feminismoan zientziaren inguruko eztabaida ugari daude, eta zeharo jarrera bateraezinak dira. Feminismo klasikoak aldarrikatzen du emakumearen presentzia zientziagintzan, estereotipoetan sartu gabe. Baina proposatu da ere, adibidez, zientzia berri bat bultzatu behar dela, ikuspuntu femenino batetik. Horrekin ez nago ados. Antzeko zerbait dago ekologismoan. Oso kritika zentzuzkoak egin dira, baina beste askotan zientzia kapitalarekin identifikatu dute; ez dira konturatzen gaur egun ditugun arazo ekologikoak direla-eta zientziaren premia daukagula. Klima aldaketaren auziari aurre egiteko zientzia behar dugu; agian beste mota batetako zientzia, baina zientzia, azken finean. Askotan, planteamendu inozoak egiten dira, kritika mutur batera eramaten da. Hori da beste kontu bati buruz hitz egitea, baina ez zientziaz. Zientziari egin zaizkion kritiketan, batzuetan, koherentzia galtzen da.

Herritarrek, oro har, zientziaren inguruko gaietan erabakitzeko gaitasunik ba al dute?

Ideia batzuk garatzen ari dira horren harira, baina, oro har, gaur egun egiten diren aurkikuntza eta berrikuntza guztiak eginda datozkigu. Horren ondorioz, gure bizitzan, ohituretan eta harreman sozialean bete-betean sartzen dira berrikuntza horiek, baina horien inguruan oso kontrol gutxi daukagu. Askotan, diru publikoa erabilita ere, herritarrek ez dute inolako erabaki ahalmenik ikerketa lerroak erabakitzeko. Ondorioz, egoera paradoxikoa sortzen da: ematen diguten guztia xurgatzen dugu , baina ez dugu parte hartzen erabakietan.

Hain zuzen ere, zientziaren «itsasontzia» eskifaiaz ahaztu dela diozu...

Gaur egun ezagutzaren mapa hain da konplexua ezen kontrol gutxi baitaukagu mapa horren gainean. Ikerketa leku guztietatik doa aurrera etengabe, baina, askotan, ezinbesteko galdera falta da. Zertarako ikertzen da hau edo bestea? Honek onik egingo al dio munduari? Itsasontziaren analogia baliatu dut azaltzeko zientziaren itsasontzia gero eta ziurrago doala, eta gero eta hobeto egiten diola aurre itsasoari. Baina, nora doa? Zeren arabera erabakitzen dugu ikertzea kosmetikoetan eta ez eritasunetan? Ikerketaren helburua jendearen zoriontasunarekin lotu behar da? Egun ikerketa bultzatzeko erabiltzen diren irizpideak teknologikoak, ekonomikoak eta enpresarialak dira. Irizpide humanistak falta dira.

Hau guztia Filosofia fakultate batean diozu —EHUren Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egin zen elkarrizketa—.

Bai, baina ez da soilik filosofia kontua. Beste humanitateek ere zeresana dute. Kontua ez da soilik humanitateak baztertzen direla berehalako etekinik ez dutela ekartzen argudiatuta. Fisika teorikoa bera eta oinarrizko ikerkuntza ere egoera latzean daude. Ingeniaritzak eta halako diziplinak bultzatzen dira askotan. Ados nago, baina beste diziplinak ere behar ditugu. Funtsean, balioen inguruko eztabaida da hau. Zer-nolako mundua nahi dugu? Hezkuntzan, ikasgai batzuk hobesten dira; beste batzuk, berriz, gutxiesten dira. Azken finean, balio ekonomiko, teknologiko eta enpresarial horiek nagusitzen ari dira. Horren ondorioak oso latzak izan daitezke. Gauden munduan gaudela, horrelako balioak lehenesten badira, mundua txarrera doa. Agian itsasontzia amildegira doa, eta konturatu ere ez gara egin. Humanismorik gabe, zientzia galduta dago.]]>
<![CDATA[Faltsukerien aurkako txertoa]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1966/012/001/2017-06-18/faltsukerien_aurkako_txertoa.htm Sun, 18 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1966/012/001/2017-06-18/faltsukerien_aurkako_txertoa.htm O eta ingurumen kutsadura besterik ez dagoela ikusiko litzateke. Baina sinestunari hori ez zaio axola. Ur horrek mina kentzen duela sinetsiko du. Dena dela, aita santuek ere onartzen dute medikuntzaren balioa, eta, osasun arazoak izatekotan, Erromako Gemelli klinikara jotzen dute normalean, gurutzea albo batean eta elektrokardiografoa bestean.

Inork ez luke espero botika batean Unbeko ura aurkitzerik. Analisi kimiko batek atzera botako luke. Baina horrelako zerbait topa daiteke Euskal Herriko botiketan. «Zientziaren oinarrizko printzipio guztien aurka doa homeopatia», azaldu du Josu Lopez-Gazpio EHUko kimikariak. «Argi dago ustezko sendagai horietan ez dela geratzen printzipio aktiboaren molekula bakar bat ere». Adituak azpimarratu duenez, homeopatian oinarritutako produktuek ez dituzte igarotzen sendagaiek gainditu behar dituzten testak. «Badirudi farmazietan saltzeagatik berme bat izan beharko luketela, baina ez da horrela. Saltzen dutena, finean, ura eta azukrea besterik ez da».

Plazebo efektua

Lopez-Gazpiok adierazi duenez, produktu horietan ez dago printzipio aktiborik. Baina, horrez gain, inoiz ez da frogatu plazebo efektua baino eraginkorragoak direnik. Hala ere, beraiei «funtzionatu» egiten diela azaltzen dute pertsona askok. Zergatik? Arrazoi asko eman ditu adituak. Batetik, plazebo efektua bera: «Frogatuta dago fedeak eragina daukala sendatzeko orduan». Bestetik, jende askok osagarri modura hartzen du, ohiko botikekin batera: «Laguntzeko edo». Hobekuntza homeopatiari aitortzen diote gero.

Ez dira arrazoi bakarrak. Kimikariak batez bestekora itzultzea deituriko fenomenoa ere aipatu du. «Gaixotasun kroniko asko ziklikoak dira. Sasiterapia hartzen hasten zarenean, normalean gaixotasunaren unerik txarrenean hartzen duzu. Zikloaren barruan, normalena da hobera joatea, eta, ondorioz, hartutako ustezko sendagai horri atxikitzen zaio sendatzeko gaitasuna». Kontrolak modu zorrotzean egiten direnean, berriz, efektu hori bertan behera geratzen dela esan du.

Azkenik, eta ohiko botikekin alderatuz, homeopatiari abantaila bat aitortu dio: albo ondoriorik ez du. «Nola izango du ba, ura eta azukrea besterik ez bada?». Ebidentzian oinarritutako medikuntzak mugak dituela gogoratu du adituak. «Argi dago ez daukagula gaixotasun guztiak sendatzeko hagaxka magikorik. Horregatik, hainbatek jotzen dute homeopatiara edo antzeko sasi medikuntzetara».

Albo ondoriorik gabeko ura eta azukrea, beraz. Zer kalte egin dezake? Maiatzean Italia aztoratu zuen gertakaria erantzun bat izan liteke. Antibiotikoa erabili beharrean, otitis larria zuen zazpi urteko ume bat homeopatiarekin besterik ez zuten tratatu gurasoek, eta hil egin zen. «Gezur batean oinarritutako botika batek beti egingo du kalte», ohartarazi Eider Carton Elhuyar Zientziako kazetariak. «Beste sineskeria batzuen aurrean ahulago bilakatzen gaituelako. Homeopatia probatzen duzun modu berean, beste gauza batzuk probatzen dituzu. Normalean ez dago inor homeopatia hartu eta beste sasiterapiak ukatzen dituena. Lotuta doaz».

Cartonek gertutik aztertu ohi du sasiterapien inguruan gertatzen dena. Esaterako, maiatzean Josep Pamies enpresari eta petrikiloa Euskal Herrira zetorrela entzun zuenean, «sustoa eta pena» hartu zituela adierazi du. «Gainera, nire herrian [Hondarribiaz ari da] dagoen udal areto nagusian izan zen; eta gela bete zen». Cartonek udalera jo zuen, horren aurka protesta egiteko. «Oraindik erantzunaren zain nago», mintzo da, kexu.

Ausardiaren beharra

Nolatan, ba, horrenbeste kezka hitzaldi bat dela eta? Ez al da Josep Pamies multinazionalen aurkako ekintzaile bat, gizarte justuago baten alde lanean ari dena? «Ez gara ari ikuspuntuez edo iritziez hizketan. Datuen eta frogen inguruan hitz egiten ari gara. Gizon honek ukatu egiten ditu frogatuta dauden gauzak», erantzun du Cartonek.

Pamies Horticoles enpresako buruaren esanak ezagunak dira. Esaterako, esaten du GIBaren edo C hepatitisaren birusak ez direla isolatu, eta sendabelarren bitartez senda daitezkeela. Ebola sendatzeko giltza ere baduela dio. Are gehiago, bere inguruan eratutako Dolça Revolucio elkartearen webgunean minbizia sendatzeko sendabelarrak eros daitezke: 8 euroren truke. Aste honetan bertan, azken mezu «lasaigarri» bat zabaldu du: «Azaleko Minbiziaren Nazioarteko Egunean, berriro diot: eguzkia ez da minbizi eragilea; agian bai, hein batean, eguzkitik babesteko kremak».

Cartonek argi du erakunde publikoek ez lioketela hausporik eman behar horrelako mezuak zabaltzen dituen pertsona bati. Ausardia eskatu du. «Agian erakundeek beldurra diote espazio publiko bat ukatzeari. Baina pentsa, esaterako: zer gertatuko litzateke holokaustoa inoiz ez zela existitu dioen pertsona bat etorriko balitz? Ez dut imajinatzen horrelako pertsona batek hitzaldi bat ematea lortuko lukeenik, gizartean badagoelako adostasun bat horren inguruan: inork ez du izan nahi horrelako ukazio baten konplize. Baina zientziak ez du lortu estatus hori, eta Pamiesen gisako pertsonek askatasun handia daukate gezurrak zabaltzeko».

Kultura zientifikoa sustatzeko premia azpimarratu du Cartonek, baina zientziaren komunikazioan ere autokritika egiteko beharra dagoela uste du. Besteak beste, zientziaren inguruan dauden puntu ilunak salatzeko: «Zientziaren komunikazioan aritzen garenoi autokritika pixka bat egitea tokatzen zaigu, nola lortu diskurtso zientifikora erakartzeko zail diren lagun horiengana iristea. Irainen bidez kontra eginez gero, ez dugu ezer lortuko. Lubakitik lubakira, ez dugu aurrera egingo. Beste bide batzuk aurkitu behar ditugu harrapatoki horiek guztiak desaktibatzeko. Iruzurgile horiek lau pertsona engainatzeko aukera izan dezaten, eta ez ehun mila».

Izan ere, kultura zientifikoaren aldeko lanak oztopo ugari ditu. Pamiesi gorazarre egiten dioten artikuluak, esaterako, hainbat hedabidetan irakur daitezke, eta komunikabide handietan aurpegi ezagunek oso erraz zabaldu ditzakete sineskeriak. Javier Cardenas Espainiako telebista publikoko aurkezle ezagunak duela gutxi esandakoa da, esate baterako, azken adibidea: txertoen eta autismoaren arteko ustezko lotura hizpide izan du irrati batean.

Lopez-Gazpiok gogora ekarri du noizean behin zabaltzen den uste faltsu horren jatorria. «Andrew Wakefield izeneko zientzialari batek egindako ikerketa batean oinarritzen da. Baina gero frogatu zen ikerketa hori iruzurra izan zela, eta datu faltsuetan oinarritu zuela». Ondorioz, artikulua argitaratu zuen aldizkariak, The Lancet-ek, artikulua errefusatu egin zuen.

Kimikariak uste du irmo hitz egin behar dela halakoen inguruan: zalantzari zirrikiturik utzi gabe. «Ondo frogatuta dago txertoek funtzionatzen dutela. Ekarri dituzten onurak izugarriak izan dira. Jules Hoffmann Medikuntzako Nobel saridunak argi dio: 'Txertoek 1.500 milioi bizitza salbatu dituzte, eta umeak ez txertatzea krimentzat jo behar litzateke'».]]>
<![CDATA[Espazioa ere gudu zelai]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1850/016/001/2017-06-17/espazioa_ere_gudu_zelai.htm Sat, 17 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1850/016/001/2017-06-17/espazioa_ere_gudu_zelai.htm NROL-76 satelite militarra izan zen. Orain arte, inork ez du eman horren inguruko azalpen ofizialik. Estazioko tripulazioak ere ez du tutik esan.

Hurbilketa horren haritik, espekulazioak barra-barra zabaldu dira, eta hipotesi asko jarri dira mahai gainean: batzuek uste dute estatubatuarrek espazio estazioa erabili dutela beren sateliteko tresneria probatzeko, inori azalpenak eman gabe. Beste batzuek, ordea, hurbilketa eskupetik Errusiarekin hitzartu dela pentsatu dute; hori egin ezean, talka diplomatiko larria egongo zelakoan. Hirugarren aukera: kasualitate hutsa izatea.

Kontsultatutako adituak bat datoz: kasualitatea izan litekeela onartu dute, baina guztiek susmoa agertu dute. «Nahita izan bazen, satelitearen barruko sentsoreak eta bestelako teknologiak probatzeko izango zen, seguruenera», esan du Steven Aftergoodek, zeinak gobernuaren jarduera sekretuen jarraipena egiten duen AEBetako Zientzialarien Federazioan. Astronautikako aditu Daniel Marin astrofisikariaren esanetan, berriz, baliteke estatubatuarrek mezu bat bidali nahi izana. «Bestela, ez du zentzutik satelite sekretu baten inguruko arreta erakartzeak. Sentsoreak kalibratu nahi badituzte, espazio estazioaz gain, beste objektu asko daude aukeran». Norentzako mezua, ordea? «Agian Errusiarentzat, espazio estazioan parte hartzen duelako. Baliteke mezu adiskidetsua izatea, baina baita Errusiaren aurkakoa izatea ere. Kontuan hartu behar da Errusiak ez duela ezer esan, eta espazio estazioa nazioarteko egitasmo zibila dela».

Nazioarteko segurtasuneko aditu Gerald Stang analista ere zuhur agertu da. «Hori benetan hedabideek dioten moduan gertatu bada, niretzat sorpresa litzateke espazio estazioaren inguruan dagoen mugimendu bat kasualitatea izatea».

Datuak, argitara

Gertakariak agerian utzi du espazioa gerra zelaia dela oraindik ere, eta hor goian benetan gertatzen denaren inguruan ezer gutxi zabaltzen dela. Halere, eta mundu osoko zaleei esker, pixkanaka ateratzen ari dira argitara sekretupean aritzen diren objektu horien inguruko datuak.

«Teknologiaren garapena ikusita, eta espazioa gero eta objektu gehiago egonda, gertuko operazio horiek gero eta maizago izaten ari dira», azaldu du Stangek. Era berean, horrelako gertakariak gero eta gehiago azaleratzen direla dio adituak, «zerua eskaneatzeko teknologia gero eta sofistikatuagoa bihurtzen ari delako».

Teknologia horri esker jarraitu izan zaie X-37B espaziontziaren orbitei. Maiatzaren hasieran lurreratu zen, Floridan (AEB), espazioan 718 egun eman ondoren. Itxuraz, transbordadore baten antza dauka, baina txikiagoa da, eta autonomoa. Orain arte lau hegaldi egin ditu, baina inork ez daki zehazki zer egiten duen. Pentagonoaren arabera, teknologia berriak probatzeko tresna da ontzia. Marinek zalantzak ditu. «Tira, militarrek normalean ez dute esaten egia; behintzat, ez guztia. Bereziki, Pentagonoa izugarri trebea da egiak erdipurdika zabaltzen; eta, askotan, sekretu bat ezkutatzeko modurik onena guztien aurrean jartzea da». Ontziak soto txiki bat duela gogoratu du adituak: bertan sartzen dutena ezezaguna da.

Hala ere, Marinen arabera, Lurretik ontziaren jarraipena egin dutenek ez dute antzeman X-37B beste sateliteren batera hurbildu denik. «Ez dirudi, beraz, espioitza egiteko erabiliko dutenik. Izan ere, horretarako satelite mordo bat daukate. Tartean, komunikazio elektronikoak zelatatzeko sateliteak, ehun metro baino gehiagoko antenak dituztenak». AEBek ere GSAP satelite programa dutela gogoratu du, beste sateliteak zelatatzeko gai direnak. «Horiek, ordea, ez dute horrenbesteko atentzioa erakartzen».

Azken hilabeteotan beste satelite errusiar batek ere maniobra bitxiak egin dituela azaldu du adituak. «Halere, errusiarrek espaziorako duten aurrekontua ezin daiteke alderatu AEBek duten diru mordoarekin. Baina atzean ez geratzen saiatzen ari dira».

Estatubatuarren antzera, errusiarrek ere satelite interzeptoreak dituztela uste da, beste sateliteak zelatatzeko eta agian bertan behera uzteko ahalmena dutenak. Txinako espazio programa ezezagunagoa bada ere, herrialdearen rola ere gero eta garrantzitsuagoa da. Horren adibide da satelite bat txikitzeko 2007an egin zuten indar erakustaldia. Ordura arte, AEBek baino ez zuten garatua satelite bat akabatzeko teknologia. Estatubatuarrek 1985ean erakutsi zuten ahalmen hori, Soldwind izeneko satelite propioa birrindu zutenean. F-15 hegazkin batetik botatako misil bat erabili zuten. 2008an, bigarren aldiz egin zuten, USA-193 satelitea txikituz.

Urte bat lehenago txinatarrek erabilitako estrategia, ordea, bestelakoa izan zen: energia zinetikoa baliatu zuten. Funtsean, objektu bat jarri zuten orbitan, haien satelite batekin talka egiteko toki aproposean. Orbitan diren abiadurak hain dira handiak ezen, talka izanez gero, erraz txikitzen baitira.

Espazioan lortzen den abiadura bera ere, beraz, arma bat izan daiteke. Laserrak baino askoz eraginkorragoak, gainera. Izan ere, behar adinako energia duen laser arma bat lortzea ez da erraza. Militarrentzako aholkulari lanetan aritzen den RAND Corporation enpresak 2002an egindako estimazio baten arabera, arma gisa balio duen laser tramankulu bat eraikitzeko gutxienez 10 metro diametroko optika duen tresna bat beharko litzateke. Energia zinetikoak, aldiz, ez du horrenbesteko teknologiarik eskatzen.

Ahaztutako egitasmoak

Funtsean, objektu bat orbitan jarri eta jomuga baten aurka abiatzea da estrategia. Txinak egin zuen moduan, satelite bat txikitzeko erabili daiteke, baina proposamen zitalagoak jarri dira mahai gainean. Famatuena «jainkoaren makilak» izenekoak erabiltzeko egitasmoa izan zen. AEBetako Defentsa Estrategikorako Ekimenean —Ronald Reaganen «galaxien gerra» ezaguna— proposatu zuten hori. Wolframez egindako ziri handiak orbitan jartzea zen asmoa, Lurreko jomuga baten aurka erabiltzeko. Aurreikuspenen arabera, arma zinetiko horiek bonba nuklear txiki baten eragina izango lukete, baina kutsadura eragin gabe. Beste proiektu asko bezala, egitasmoa Pentagonoaren mahaietan geratu zen, eta, antza, horrelakorik inoiz ez da fabrikatu.

Gerra Hotzean espazioa armaz beteko zela uste bazen ere, gaur egun espazioaren militarizazioa inteligentzia eta komunikazioaren alorretara mugatu dela dirudi. Ideia hori azpimarratu du Aftergoodek. «Guk dakigula, oraindik ez da egon armatze bat espazioan». AEBetako sekretismoa gertutik ezagutzen du adituak. Izan ere, bera izan zen duela ia hogei urte aurrenekoz CIAren aurrekontuak argitara ateratzea lortu zuena. 2006an antzeko demanda bat irabazi zuen, kasu honetan, satelite espioiez arduratzen den NRO Miaketarako Bulego Nazionalaren programa sekretuak desklasifikatzeko. Esperientzia horretan abiatuta, eta beste hainbat herrialdetako espazio programekin alderatuz, programa estatubatuarrak «gardentasun pixka bat» baduela onartu du. «Errusiako eta Txinako programei buruz ez da horrenbesteko informazioa ematen». Sekretismoa egonda ere, nazioarteko kolaboraziorako aukera badagoela uste du Aftergoodek. «Inoiz baino beharrezkoagoa da, gainera. Espazio zaborraren aurka jotzeko eta esplorazio eta garapen komuna sustatzeko».

Radio Skylab podcastean eta Eureka blogean aritzen den Marin ez da hain baikorra. «Espazioa kolaboraziorako tresna bihurtu dela esatea gustatuko litzaidake. Baina potentziek gero eta dependentzia gehiago daukate sateliteekiko, eta horien aurkako edozein eraso gerra pizteko modukoa izan liteke». Dependentzia horretaz jabetuta, potentzia handiek horri aurre egiteko programa bereziak dituztela azaldu du astrofisikariak. «Haien sateliteak erasotuak izatekotan, AEBek eta Txinak komunikazio satelite berriak ahalik eta azkarren orbitan jartzeko programa zehatzak dituzte, kostu gutxiko suziriak erabilita. Bide horretan, komunikazioak berreskuratzeko aukera izango lukete, baita sistema goiztiarreko alertak berriro martxan jartzeko modua ere». Hori izan ezean, arazoak izango lituzkete. «Adibidez, soilik GPS sistemako bospasei satelite galduta, estatubatuarrek haien sistemetako zehaztasuna galduko lukete. Pentsa, GPSa ez da soilik erabiltzen nabigaziorako, kontinente arteko misilek edota gidatutako lehergailuek funtzionatu ahal izateko horren beharra dute».

Gardentasunerantz

Politika zehatzei dagokienez, Europako Batasunak eta beste potentziek espazioari lotutako segurtasuna bultzatu behar dutela dio Stangek. Europaren egoera gertutik ezagutzen du adituak. Izan ere, iaz gaiari buruzko txosten bat idatzi zuen EUISS Europako Batasuneko Segurtasun Instituturako. Analistak dioenez, «espazio jarduerei buruzko informazioa zabaldu behar da, gaizki-ulertzeak ekiditeko, istripuen aukera gutxitzeko eta espazioa gatazkarako eremua bihur ez dadin». Haren ustez, Galileo eta Copernicus satelite programei esker, Europa aktore garrantzitsua bilakatu da espazioaren arloan. Bertako jarduerak ezkutatzea gero eta zailagoa dela dio adituak. Ondorioz, «oinarrizko gardentasuna eta konfiantza eraikitzeko neurriak» beharrezkotzat jo ditu.

Ez dirudi erronka erraza denik: zenbakiak ikustea besterik ez dago. UNOOSA Nazio Batuen Espazio Gaietarako Bulegoaren arabera, 2017ko maiatzera arte, gizakiak 7.710 objektu artifizial jaurti ditu espaziora. Hainbatek mundu urrunetarako bidea hartu badute ere, gehienak Lurraren inguruan satelite gisa gelditzeko diseinatu dira: halako 4.486 objektu daude. Horietatik, 618 ez daude erregistratuta Nazio Batuek duten datu base ofizialean.

Espazio objektuen jarraipena egiten duen N2YO datu basearen arabera, 556 satelite militar daude zeruetan; askotan, ordea, izaera zibilaren eta militarraren arteko aldea oso lausoa da, eta zenbakia, hortaz, handiagoa izan liteke. Horietako edozein izan daiteke gatazka berrietarako aitzakia ala nazioarteko segurtasuna bultzatzeko tresna.]]>
<![CDATA[Einsteini arrazoia, berriro ere]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2131/012/002/2017-06-11/einsteini_arrazoia_berriro_ere.htm Sun, 11 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2131/012/002/2017-06-11/einsteini_arrazoia_berriro_ere.htm
Einsteinen teoriaren arabera, objektu erraldoi batetik gertu igarotzean, argi izpiak desbideratu beharko lirateke. Objektuaren masak sortzen duen espazioaren kurbadura da desbideratzea horren erantzule. Eguzki eklipse horretan, zeruan marraztutako zirkulu ilunetik gertu zeuden izarren posizioa neurtu zituen Eddingtonek. Sei hilabete geroago, eguzkia bertan ez zegoenean, berriro ere neurtu zuen izar horien kokapena, eta, era horretan, bi kokapenen arteko aldea neurtu ahal izan zuen: hasierako neurketan, eguzkitik gertu igarotzean, izarren argia desbideratzen zela ikusi zuen. Einsteinek, beraz, arrazoia zuen.

Urte batzuk geroago, 1936an, Einsteinek berak esperimentu bat irudikatu zuen Science aldizkarian, baina onartu zuen ezinezkoa izango zela esperimentu hori egitea. Horretan erratu egin zen. Izan ere, 80 urte geroago, esperimentua egin dute; emaitzak asteon plazaratu dituzte Science aldizkari berean. Espazio Teleskopioa Zientzia Institutuko (AEB) Kailash Chadra Sahu adituak gidatu du lana. Zientzialariek lerrotzeak bilatu dituzte 5.000 izarretan baino gehiagotan. 2014ko martxoan konturatu ziren Stein 2051 B izarraren kokapena egokia zela, hondoan zegoen beste izar baten aurrean zegoelako. Hubble espazio teleskopiora jo zuten orduan, ahalik eta behaketa zehatzenak egiteko. Denboran zehar, hondoko izarraren itxurazko kokapenean suertatzen ziren aldaketa ñimiñoak neurtu zituzten orduan. Datu horiei esker kalkulatu ahal izan zutenez, Stein 2015 B izarraren masa eguzkiaren masaren %68 da.

Desbideratze txikia

INAOE Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronika Institutu Nazionalean lanean ari den Itziar Aretxaga astrofisikariak azaldu ditu esperimentuaren nondik norakoak: «2014an Hubble-ek egin zituen behaketen arabera, Stein 2015 B izarraren grabitazio eremuak atzean zegoen izarraren irudia bi milisegundoz desbideratu zuen». Aretxagak azaldu duenez, zientzialariek «galaxiako izar konpaktu baten masa neurtu dute, izarrak eragiten duen grabitazio leiarra erabiliz». Grabitazioak argia desbidera dezakeela gogoratu du astrofisikariak.

Zeruan marrazten diren leiar horiei esker, zientzialariek aukera dute orain arte ikusterik ez zeuden hainbat objektu ikusteko. Aretxagak berak parte hartu zuen, 2013an, Magallaesen hodeien atzean teknika horri esker «ikusi» ahal izan zen galaxia baten aurkikuntzan. Galaxia multzo baten atzean baina askoz urrunago dauden beste galaxien itxura aldatu zuen leiarrak. Beraz, leiar natural horiek astrofisikariei aukera ematen diete beste era batean eskura izango ez luketen informazioa jasotzeko.

Aretxagaren arabera, aurkikuntzak Hubble teleskopioaren ahalmena ere agerian uzten du. Baina harago ei doa esperimentuaren garrantzia: «Lehenengoz neurtu da halako desbideratze bat izarren artean, eta horrek izarren masa neurtzeko beste metodo bat ahalbidetzen du. Hori dela medio, nano zuri baten masa zehaztasun handiz neurtu dute, eta nano zurien egitura materia endekatuaz sostengatzen dela frogatu dute, beste zenbait modelo arbuiatuz». Ricardo Hueso EHUko fisikariaren hitzetan, interesgarria izateaz gain, artikulua «polita» ere bada. «Erlatibitate orokorraren efektu fisiko bat behatzen den lehenengo aldia da. Einsteinek teoria proposatu zuenean, grabitatea nolakoa den azaltzen zuen, baina oso teoria matematikoa zen. Horregatik, oso esperimentu gutxi egin zitezkeen hori frogatzeko». Hortik abiatu zen eguzki eklipsearen esperimentua. «Horri esker, Einsteinek fisikan izugarrizko ospea lortu zuen».

Science aldizkarian argitaratu duten azken esperimentu horri esker, astrofisikariak izar nanoaren masa «zehaztasun handiarekin» neurtzeko gai izan direla azpimarratu du Huesok. Masa hori zehaztea ez da anekdotikoa; izarren eboluzioaren inguruan dauden teoriak baieztatzeko bidea ematen duela nabarmendu du fisikariak. «Horren inguruan egin diren azken neurketek arazoak sortu dituzte. Stein 2051 B izarra berezia da, Lurretik gertuen dauden izar nanoetako bat delako. Oso izar zaharra zela uste zen, ia galaxia bezain zaharra; orain, neurketa zehatz berri horri esker dakigunez, badakigu izar nano arrunta dela». Huesok azpimarratu duenez, orain zientzialariek badakite izar nanoen sorrera azaltzeko erabiltzen diren teoriek ondo funtzionatzen dutela. «Funtsean, izarrak nola jaio, bizi eta hiltzen diren azaltzeko dauden teoriak berresten ditu aurkikuntzak, masa horren neurria bat datorrelako teorian izar mota horiek duten portaerarekin».

Izar hilotzak

Izar baten masa kalkulatzea oso konplikatua dela azaldu du fisikariak. Tamaina kalkulatzea, ordea, errazagoa da. Lehenik, distantzia eta izarraren tenperatura zehaztu behar dira. Bi datu horiek jakinda, izarraren distira neurtzen da: distira eta distantzia jakinda, tamaina kalkula daiteke. Azken aurkikuntza horrek hori egiteko beste era berri bat dakar. Halere, ez da erraza bi izarren arteko lerrotzeak topatzea.

Izar nano horiek, funtsean, izarren hilotzak dira. Izarrei erregai nuklearra bukatzen zaienean, nano zuri bihurtzen dira. Eguzkia ere, hemendik 5.000 miloi urtera, halako izar bat bihurtuko da. Aurretik, ordea, erraldoi gorri bihurtuko da, eta Lurra irentsiko du, ezinbestean. Ordurako, gizakiak Lurretik alde egiteko bidea topatu behar du, beste izar baten inguruan aterpea bilatzeko. Askok ezinezkotzat jotzen dute aukera hori, baina 5.000 milioi urteko tartea dago bidaia prestatzeko. Izan ere, Einsteinek duela 80 urte ezinezkotzat jotzen zuena lortu da. Ez dirudi marka txarra denik.]]>
<![CDATA[Izar zirraragarriena]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1984/016/001/2017-06-04/izar_zirraragarriena.htm Sun, 04 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1984/016/001/2017-06-04/izar_zirraragarriena.htm Tabbyren izarra izenarekin ospetsu egin da. Portaera bitxia du, eta, horregatik, astronomoak eta zaletuak guztiz liluraturik daude. Izugarrizko iluntzeak gertatzen dira han, baina zientzialariek ez dakite zergatik. Izan ere, distira aldaketa horiek ez dute jarraitzen inolako eredu ezagunik.

Lehen datuak Kepler teleskopioaren bidez eskuratu ziren, baina exoplanetak bilatzen dituen espazio teleskopioaren arduradunak ez ziren jabetu zer gertatzen ari zen KIC 8462852 izarrean. Kepler teleskopioak izarretan distira aldaketak bilatzen ditu, izarraren inguruan orbitatzen ari diren planetak atzemateko. Izarraren «aurretik» igarotzean, planetek izarraren argiaren zati txiki bat estaltzen dute; hala topatzen dira exoplanetak. Iluntze txiki horiek %1ekoak izan ohi dira, baina Tabbyren izarra %20 inguru ilundu da. Teleskopioak ez zuen hori «ikusi» ere egin, horrelako aldaketa bat pentsaezina zelako.

Aurkikuntza Tabetha Boyajian astronomoak koordinatutako zaleen talde bati esker egin zen —hortik datorkio Tabby goitizena—. 2015eko irailean anomalia horren berri eman zuten, eta, ordutik, mundu osoko astronomoak zoratuta daude misterioarekin.

Alarmak pizten

Horietako bat da Kanariar uharteetako (Espainia) Astrofisika Institutuko ikertzaile Marian Martinez. Hain justu, Mercator teleskopioarekin izarra ikertzen ari zenean gertatu zen azken ilunaldia, maiatzaren erdialdean. Aitortu du une polita izan zela, baina «nahiko gaizki» ere pasatu zuen: «Normalean, lasaiago lan egiten dut; ez nago ohitua hain azkar eta presiopean lan egitera». Ulertzekoa da urduritasun hori. Martinezen taldekoak mundu mailako aurre alarma piztu zuen, Tabbyren izarretik zetozkien datuetatik zerbait gertatzear zegoela aurreikusi baitzuten. Hollywoodeko filmetan bezala, abisua mundu osoko astronomo taldeei pasatu zieten. Eta izarra berriro ilundu zen.

Heliofisikan aditua da Martinez, eta ikuspuntu horretatik ikertu du izarra, erantzunak topatzeko asmoz. Eguzki sisteman jazo ohi dena gogoan, izar horretan ere magnetismoa ote dagoen ikusi nahi du, eta, horretarako, izarraren azalean egon daitezkeen balizko orbanak bilatu nahi ditu. Hori izan liteke misterioa argitzeko aukeretako bat: orban erraldoiren batek halako iluntzeak eragitea. Eskuratu dituzten datuekin lanean ari dira oraindik, baina adituak aitortu du oso zaila izango dela misterioa argitzea. «Egia esan, izar hau ikertzen ari garen guztiok ez dakigu oso ondo zehazki zeren bila ari garen».

Planeta erraldoia

Orain arte plazaratu diren beste azalpen batzuen artean, Martinezek aipatu du Valentziako astronomoek (Herrialde Katalanak) berriki zabaldutako hipotesia. Astronomoen artean dagoen zirrara hain da handia, ezen zientziaren erritmoak ere azkartu diren, eta, artikulua zientzia aldizkari batera bidali badute ere, horren kopia bat Arxiv izeneko biltegi irekian sartu dute: ahalik eta lasterrena zabaltzeko. Martinezek gustura leitu du. Orain arte irakurri duen «azalpenik zentzuzkoena eta politena» da. Funtsean, astronomo horiek diote asteroidez inguratuta dagoen planeta erraldoi batek sortzen dituela iluntzeak.

Artikulu horren egile nagusia da Valentziako Unibertsitateko Fernando Ballesteros astrofisikaria, eta hari ere ahotsean nabari zaio zirrara eragiteko modukoa den zerbaiten atzetik dabilela. «Urtebete inguru daramagu gaia lantzen. Izarra orain berpiztu denez, berandu izan baino lehen artikulua argitaratzea erabaki dugu». Hipotesiaren nondik norakoak azaldu ditu: «Tabbyren izarretik datorren argiaren analisian oinarrituta, oso ezberdinak diren bi igarotze azaltzen dira. Horietatik lehenak kurba leunagoa du, eta hori simetrikoa den objektu baten zantzua izan zitekeen. Logikaren bidea jarraituz, eta ezer arraroa bilatu gabe, halako itxura izan dezaketen objektuak bilatzeari ekin diogu. Bururatu zaigun lehen gauza izan da Saturno planetaren antzeko objektu bat: eraztunak ditu, eta pixka bat makurtuta dago. Simulazioak egiteari ekin genionean, konturatu ginen halako batek oso ondo bat egiten zuela ereduarekin». Planeta erraldoiek, ordea, haien orbita bera jarraitzen duten asteroide troiarrak izan ohi dituzte inguruan. Horrek azalduko luke, hipotesi horren arabera, bigarren kurba. «Asteroide horiek aurretik eta atzetik dabiltza, normalean planetarekiko 60 graduko tartean kokatuta. Jupiterrek, esaterako, halako asteroide troiar asko dauzka».

Ustezko planeta horren tamainak, ordea, izugarri handia beharko luke. «Eraztunen tamainak eta asteroide kopuruak ere izugarri handiak izan beharko lukete». Oraindik eratzen ari den Jupiterren antzeko planeta bat dela proposatu du Ballesterosek. «Gazte direnean, planeta horien tamaina askoz handiagoa da, oraindik oso bero daudelako». Ahalik eta eredu sinpleena egiten saiatu direla dio astrofisikariak, aurreikuspenak egiteko modukoa. Planetak hamabi urteko orbita duela kalkulatu dute. «Gure aurreikuspenen arabera, 2021ean aurretik doazen asteroide troiarrak igaroko dira berriz, eta, 2023an, planeta igaroko da». Beraz, uste dute datozen lau urteetan izarrak ez duela iluntzerik izango. «Iluntzeren bat gertatuz gero, gure hipotesia bertan behera geratuko litzateke». Itxaronaldia ez da lasaia izango.]]>
<![CDATA[Izoztutako erregaien lehia berria]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2031/016/001/2017-05-28/izoztutako_erregaien_lehia_berria.htm Sun, 28 May 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2031/016/001/2017-05-28/izoztutako_erregaien_lehia_berria.htm
Energia egarri diren herrialdeentzat, bereziki, izotz horrek udako bazkalosteetan izozkiek duten erakargarritasunaren parekoa du. Kalkulatzen da erregai horren metro kubo bakoitzeko 164 metro kubo metano daudela. Energia iturri gisara, beraz, gutizia eragiteko modukoa da. Izozki gehiegi jatea ez da komeni, ordea, eta agian hori metano izotzarekin ere aldera liteke. Dena dela, Txinak iragarri berri du itsaspean gordetako metano hidratoetatik gasa erauztea lortu duela. Ez da halako zerbait lortu den lehenengo aldia: Japoniak ere antzeko mugarria iragarri zuen 2013an. Nolanahi ere, lehia teknologiko bat abian dagoen seinale da bigarren iragarpen hau.

Ustiaketa egin duten lekua ere kontuan hartu beharrekoa da. Hego Txinako Itsasoan egin dute. Seguruenera, eta geoestrategiaren ikuspuntutik, egunotan planetan dagoen puntu beroenetakoan, hain zuzen. Txinak itsas horren inguruko subiranotasun aldarrikapenak egin ditu, eta, koral atoloietan oinarrituta, uharte artifizialak eraikitzen ari da. Baina eskualdeko beste hainbat herrialdek ere antzeko aldarrikapenak egin dituzte, eta, azken asteotan bereziki, AEBek eremuan dituzten gerra ontzi eta hegazkinekin tirabirak izan dituzte txinatarrek.

Lurra eta Baliabideetako ministro Jiang Damingek jakinarazi du, hil honen 18an, hidratoak eskuratzeko arrakasta. Haren hitzetan, «mundu mailako iraultza energetikoan» aitzindaria izango da lorpena. 1.266 metroko sakontasunean topatu dituzte hidratoak. Xinhua Txinako agentzia ofizialaren arabera, «purutasun handiko 16.000 metro kubo» atera dituzte eguneko. Txinako Alderdi Komunistak eta Estatu Kontseiluak idatzitako zorion gutunaren arabera, abantaila handiak dakartza albisteak: «Energia oparoa eta garbia da, eta mundu mailako energiaren garapenaren etorkizunerako garrantzi estrategikoa du». Hala ere, eta gutunean onartu dutenez, «bidaia luze batean egindako aurrerapauso kritikoa» baino ez da iragarri dutena.

Asian jokatzen den lehia

Japoniaren eta Txinaren arteko lehia ikusten du Alemaniako Geomar Institutuko ingeniari Klaus Wallmannek. «Bi herrialde horien arteko lasterketa dago. Funtsean txinatarrek japoniarren saioa errepikatu dute, baina egitura geologiko ezberdin batean». Ekoizpenari dagokionez ere oso antzeko ahaleginak izan ei dira. «Japoniarrek zazpi egunez atera zuten gasa, eta txinatarrek, berriz, zazpi egun eta erdiz».

Hidrato horiek ikertzeko Europan martxan dagoen proiektua zuzentzen du Wallmannek. Mundu mailan ikerketa asko egiten direla azaldu du adituak: AEBetan eta Europan, esaterako. Baina, batez ere, Asian ikertzen ari dira: buru-belarri. Hego Korea, Japonia, India eta Txina zeregin horretan ari dira. Europan finantziazio gutxiago dagoela esan du adituak, eta, horregatik, ikerketa gutxiago egin direla. Hala ere, urte honen amaierarako, «urrian edo azaroan», Itsaso Beltzeko Bulgariako eremuan ikerketa bat abiatzeko asmoa dute.

Baliabide horiek eskuratzea errealista ote den galdetuta, oinarrietara jo du adituak. «Funtsean, sedimentuetan izoztuta dagoen gas naturala besterik ez da. Izotza eta sedimentua banandu behar dituzu, eta baita presioa kendu ere. Horrela gasa eta ura jasotzen dituzu. Beraz, oso antzekoa da beste gas biltegiekiko». Halere, ekonomikoki bideragarria izango ote den ez dakitela onartu du adituak, oraindik garapenean dagoen teknologia baita. Japoniarrek aurten beste ahalegin bat egingo dutela ere iragarri du ingeniariak. «Oraingoan, ekoizpena hainbat hilabetez mantendu nahi dute».

Ibilbidea oraindik ere luzea izango dela azaldu du Luis Miguel Agirrezabala EHUko geologoak ere. «Kalkulatzen da 2023. urtera arte ez dela lortuko, modu industrialean, ustiaketa martxan jartzea. Izan ere, arazo asko daude horiek eskuratzeko, eta beste erregaiekin alderatuz, garestiagoa da ustiaketa».

Japoniak erregaiekiko duen menpekotasuna ere aipatu du adituak. «Oso hidrokarburo gutxi daukate eskura, baina, metano hidrato horiek lortuz gero, autosufizientzia maila handiagoa izango lukete».

Lehia batez ere Asian bada ere, metano horiek kontinenteetako ertzetan oso arruntak direla esplikatu du Agirrezabalak. Zergatik?«Itsaspean, kontinenteetako ertzetan, sedimentuak pilatu ohi direlako. Bestetik, itsasoko sedimentuak ere ailegatzen dira bertara. Sedimentu horiekin batera, materia organikoa ere badago. Batez ere, ibaiek itsasoratzen dute, baina itsasoko planktona ere biltzen da». Horiek guztiak nahasten dira, eta, materia organikoa pilatzen den heinean, horien gaineko presioa handitzen da, lurperatu arte. «Materia hori deskonposatu egiten da, eta, hortik, hidrokarburoak sortzen dira. Metanoa da, hain zuzen, hidrokarburorik sinpleena eta arruntenetakoa».

Agirrezabalaren hitzetan, oso arina izanda, metanoak gorantz egiteko joera du, sedimentuak zeharkatuz. «Presio handitan dagoen ur hotzarekin topo egiten badu, gasa izozten da». Ur molekulek sare antzeko bat osatzen dute orduan, eta sare horretako zuloetan pilatzen da metanoa. «Tenperatura hotza eta presio handia mantentzen badira, egonkor gordetzen da metano hidratoa, izotz geruza baten moduan».

Ingurumen arazoak

Ustiaketa horrek ingurumenean sor ditzaken arazoez ere mintzatu da EHUko aditua. Batetik, presio eta tenperatura baldintzak aldatzean egon litezkeen metano askatzeak aipatu ditu. «Atmosferara igarotzen bada, berotegi efektua eragiten duen gasa da. Metano ihes masiboak egon litezke, beraz, eta hain sakonera handitan, egoera guztiz kontrolpean izatea oso zaila da». Bestetik, sor daitezkeen luiziak ere kezkatzeko modukoak izan daitezkeela azpimarratu du adituak. «Pentsa, hidratoa deskonposatzen denean, izoztuta zegoenean baino 170 bat aldiz handiagoa dela haren bolumena. Sekulako bolumen handitze bat gertatzen da, beraz. Hori sedimentu azpian gertatzen bada, sedimentua konkortu egiten da, eta ezponda aldera joan daiteke, itsaspeko luiziak eraginda. Inguruetan gasa ustiatzeko instalazioak egonez gero, horiek pikutara joan daitezke, benetan oso mugimendu bortitza izan daitekeelako».

Wallmannek ere arazo hori nabarmentzeko modukoa dela uste du: «Metano hidratoek porlanak jokatzen duen antzeko rola betetzen dute zenbait sedimentutan. Gasa itsaspetik ateratzean, egonkortasun hori desagertzen da, eta, inguru desegokian egonez gero, itsaspean lur-jauziak sor litezke».

Azkenik, Agirrezabalak gogorarazi duenez, «aterako den gas hori erreko da, karbono dioxidoa sortuz». Finean, metanoa erregai fosil bat besterik ez delako.]]>
<![CDATA[Mugarik gabeko plastikoa]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2031/014/001/2017-05-21/mugarik_gabeko_plastikoa.htm Sun, 21 May 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2031/014/001/2017-05-21/mugarik_gabeko_plastikoa.htm
Euskal Herriaren ikuspuntutik, eta jendea bizi den beste edozein tokiren ikuspuntutik ere, urrun dago Henderson. Hego Ozeano Barean dagoen uharte horretara bertaratu zen lehen europarra Pedro Fernandez de Quiros kapitaina izan zen, 1606an. Espainiako koroarentzat lanean ari zen nabigatzaile portugaldarra, garai horretan bi erreinuak koroa bakarraren esku zeuden eta. Uharteak ez zuen interes estrategiko oso handirik, baina, halere, badaezpada ingelesek eskuratu zuten, inguruetako beste uharte asko bezalaxe. Hala ere, inor ez da bizi bertan, kontinentetik 5.000 kilometrora baitago.

Zientzialariak, ordea, kuxkuxeroak dira, eta munduan gertatzen dena ezagutu nahi dute. Eta hara bertaratu direnean, ezusteko galanta hartu dute. Egia esanda, uhartean zenbat zabor zegoen ikustera joan ziren, 2015ean, Tasmaniako Unibertsitateko Jennifer Lavers eta Erresuma Batuko Hegaztiak Babesteko Errege Elkarteko Alexander Bold ikertzaileak. Espero zutena baino askoz gehiago topatu zuten, Laversek esan duenez. «Zaborra topatzea espero nuen. Izan ere, hirietatik urrun egonda ere, munduko uharte guztiek plastikoa dute. Baina Henderson uhartean topatutakoa bereziki tristea izan da». Zaborra zenbatzen hasi zirenean, kopuru itzela zegoela konturatu ziren. Aste honetan plazaratu dituzte emaitzak PNAS aldizkarian.

Zabor gehiena plastikoa zen. Zehazki, %99,8. Egin dituzten kalkuluen arabera, uharte txiki horretan ia 38 milioi plastiko puska zeuden 2015ean. Guztira, 17,6 tona plastiko 37 kilometro koadro inguruko uharte urrun batean, hain zuzen.

Bost gune nagusi

Zientzialariek aspalditik dakite itsasora botatako plastikoak bereziki bost gune nagusitan biltzen direla. Ozeano globalaren zirkulazioak eragiten dituen bost puntu berezi dira horiek. Ozeano Bareko eta Atlantikoko iparraldean eta hegoaldean puntu bana dago. Bosgarren gunea Indiako Ozeanoan dago.

Hego Ozeano Bareko itsaslasterrek bira egiten duten puntuan dago Henderson uhartea, eta, beraz, han pilatzen da zabor asko. Baina ez da, noski, plastikoa biltzen den leku bakarra. «Itsas biologoa naizenez, uharte urrunak arakatzen eman ditut azken hamabost urteak. Beraz, banekien arazo bat zegoela plastikoen metaketaren. Tamalez, Henderson uhartean dagoen arazoa ez da bakarra. Plastikoa edonon dago. Baina uharte horretan gertatzen dena bereziki nabarmentzekoa da, oso urrun baitago, eta gizakiak ia-ia ez baitu ukitu. Munduan geratzen den jatorrizko uharte bakarrenetakoa da», nabarmendu du Laversek.

Adituaren ustez, plastikoaren arazoa ez dago oraindik guztiz gizarteratuta. Adibide bat jarri du. «Hitzaldiak ematean, edota jendearekin hitz egitean, bada askotan errepikatzen den uste bat: hirietako inguruneak erabat txikitu ditugula, baina oraindik badirela uharte urrunak eta, bertan, basa bizitza ziur bizi dela. Argi dago uste hori ez dela egia, eta jendeak hori jakin behar du. Azkar aldatu behar dugu egoera hau».

Plastikoaren jatorriaz galdetuta, Laversek azaldu du Henderson uhartea Pitcairn uhartedian dagoela, eta hori munduan dagoen itsas eremu babestuenetakoa dela. «Tamalez, horrek ez ditu uharteak babesten itsas kutsaduratik, zaborrak milaka kilometro egin baititzake ur gainean. Plastikoak ez ditu errespetatzen gizakiak marraztutako mugak».

Adituaren esanetan, hondartzetan izan ohi den zabor gehiena ez dute itsasoan isuri, eta lurretik dator. «Hendersonen, aurkitutako zaborraren %7 arrantzale jardueretatik dator». Bestalde, topatu dituzten elementu gehienak plastiko zatiak dira (%79), «eta horiek zenbait hamarkadatan itsasoan egon dira, seguruenik».

Baina beste zati bat (%11) erretxinazko pellet ñimiñoak dira. «Plastiko berriak fabrikatzeko erabiltzen den oinarrizko materiala da hori. 2 milimetroko pellet txiki horiek lurrez eta itsasontziz egiten diren garraioetan galdu ohi dira. Tamalez, arrain arrautzak dirudite, eta horrek azal dezake itsasoko faunak zergatik jaten dituen».

Artikoan ere bai

Ozeano Bareko uhartean topatutakoa ez da azken asteotan aferaren inguruan egin den aurkikuntza bakarra. Apirilean Tara espedizioak eskuratutako datuen berri eman zuten Science Advances aldizkarian. 2013an egindako espedizio horrek Artikoa inguratu zuen, bost hilabetez. Espedizioan eskuratutako laginei esker kalkulatu ahal izan dutenez, 300.000 milioi plastiko puska daude Ozeano Artikoan. Hondakin gehienak Ipar Atlantikoko kostaldeetatik doazela uste dute, itsaslasterrek hara eramanda. Baina Artikoak irteerarik gabeko kale baten antzera funtzionatzen du, eta, beraz, hor biltzen dira. Itsasoan flotatzen ari den plastikoa baino ez dute neurtu, baina zientzialariek uste dute plastiko asko hondoratuta dagoela.

Xabier Irigoien AZTIko ikertzaileak Artikoko plastikoa aztertu duen ikerketan parte hartu du. Egoeraren argazki bat eskatu zaionean, argi mintzatu da. «Funtsean, plastikoak leku guztietara iristen direla esango nuke. Ez dakigu etxean erabiltzen dugun plastikoak non bukatuko den, gero toki guztietan azaltzen baita. Ez da gure kostaldean gertatzen den arazo bat, ezta jende asko bizi den lekuetatik gertu izaten den arazoa ere. Itsaslasterrek inguru guztietara eramaten dute plastikoa».

Irigoienek zehaztu duenez, Tara espedizioa ez zen zehazki plastikoen eragina aztertzeko. Halere, arazoaren inguruko iritzia ematen ausartu da. Batetik, plastiko puska asko hondoratzen direla dio, eta, hortaz, arrastoa galtzen zaie. Baina arrainek ere puska horiek jaten dituzte. «Ez dakigu zer ondorio duten arrainetan, eta, gizakiok arrain horiek jaten ditugunean egon daitezkeen ondorioez ere ezer gutxi dakigu oraindik. Horren harira, esperimentu batzuk egin dira, eta arrainen gibelean eraginak ikusi izan dira, baina, funtsean, ez dago daturik».

Bestalde, material horretan gerta daitezkeen aldaketak aipatu ditu. «Eguzkiak plastikoa jotzen du, eta uraren eragina ere kontuan hartu behar da. Ez dakigu zein den aldagai horien benetako eragina».

Irtenbide erraza

AZTIko ikertzaileak sutsuki babestu du azken ideia bat. «Hau guzti hau kudeaketa arazo bat da. Lurrean hondakinen kudeaketa egokia eginez gero, arazoa ia guztiz desagertuko litzateke. Beste hainbat kontutarako, sistema ekonomiko osoa aldatu beharko litzateke: petrolioaren ekonomia aldatzea, adibidez, askoz konplikatuagoa da. Baina plastikoen kasuan, aterabidea askoz errazagoa da. Kudeaketa on bat eginda, arazoa asko txikituko litzateke, berehala».

Bat dator antipodetan dagoen aditua. Eta proposamen zehatzak mahai gainean jarri ditu. «Erabilera bakarra duten objektu asko aurkitu ditugu Henderson uhartean: bizar labanak, mahai tresnak, kafe kapsulak eta hortzetako eskuilak, besteak beste. Argi dago kontsumitzaileek aukera dutela erabiltzen dituzten produktuen inguruan erabaki hobeak hartzeko», ohartarazi du Laversek.

Horregatik, argi dauka plastikoz egindako ezein produktuk ez lukeela eraman behar «erabili eta bota» etiketa, «plastikozko produktuak, funtsean, kimikoki betiko irauteko prestatuta daudelako».

Itsas biologoak aurreratu du Tangaroa Blue fundazioarekin batera egitasmo bat martxan jarriko dutela gaia aztertzen jarraitzeko. Berritzailea da, eta erakargarria izatea espero dute. «Herritarrei proposatuko diegu gertu duten hondartza bat adopzioan hartzea, bertan dauden plastiko kopuruaren eta plastiko bakoitzaren motaren inguruan datuak jasotzeko. Horrek informazio oso baliagarria emango du joera globalen inguruan, eta baliagarria izango da puntu beroak non dauden zehazteko».]]>
<![CDATA[Duela 130.000 urteko amerikarrak]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2079/014/001/2017-04-30/duela_130000_urteko_amerikarrak.htm Sun, 30 Apr 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2079/014/001/2017-04-30/duela_130000_urteko_amerikarrak.htm krimena nahiko argi azaltzen da. Mastodonte baten arrastoak ageri dira, eta inguruan objektuen bitartez mastodonte hori akabatu edo, behintzat, haren hezurrak baliatu zituzten zantzuak ere bai. Arazo bakarra dago, baina ez nolanahikoa: hori gertatzea ezinezkoa da. Krimena izan zen garaian gizakirik ez zegoelako han.

Edo agian bai. Ipar Amerikan duela 130.000 urteko giza jardueraren arrastoak topatu dituztela esan dute Ameriketako Estatu Batuetako hainbat ikertzailek aste honetako Nature aldizkarian. Hautsak harrotzeko moduko baieztapena izan da. Izan ere, arkeologiaren munduan eta, bereziki, paleoantropologiaren alorrean, aspaldi ez da proposatu hain datazio aldaketa handirik. Orain arte zientzialari gehienak bat datoz: gizaki modernoa duela 15.000 urte inguru heldu zen Ameriketara. Data horren bueltan datatuta dagoen Clovis kultura oso ondo ezagutzen da; horiek hartzen dira lehen amerikartzat. Beste zenbait ikerketatan 30.000 urteko datazioak proposatu izan dira, batez ere Hego Amerikako aztarnategietan, baina aldarrikapen horiek ez dute lortu zientzialari gehienen babesa. Asteon proposatutakoak, beraz, 115.000-100.000 urte aurreratuko luke gizakiaren presentzia kontinentean.

San Diegoko (Kalifornia, AEB) aztarnategi batean topatutako mastodonteen arrastoak ikertzen ondorioztatu dute, hain zuzen, horietan gizakiek hezurretan sortutako markak daudela. Ikertzaileek proposatu dutenez, orain arte ezagutzen ez den giza espezie bat da horien egilea. Inguruetan zeuden hainbat harri, berriz, mailu eta ingudeak direla esan dute. 1990eko hamarkadan egin ziren lehen indusketak Cerutti Mastodon izeneko aztarnategian, baina orain egin dute berriro aztarnategiaren berraztertze zabala. Uranioaren datazio sistema erabili dute aztarna horiek zein urtetakoak ziren jakin ahal izateko.

Aurkikuntzaren defentsa

Nature aldizkarian argitaratutako artikuluaz gain, azalpenak eman dituzte kazetarien aurrean ikertzaileek, eta aurkikuntzaren aurrean sinesgogor direnei erantzun diete. Steven Holen antropologoak heldu dio zezenari: «Hain antzinako aztarnategia izanda, eszeptizismoa espero genuen. Are gehiago, ni neu ere eszeptikoa nintzen lehen aldiz materiala ikusi nuenean. Baina gure artikuluan zehazten den testuinguru geologikoa eta hezurretan azaltzen diren hausturak ikusten badira, ebidentzia nahikoa ematen dute». Haren kide Richard Fullagar, bestalde, are irmoago azaldu da. Ebidentzia «ukaezina» dela berretsi du. Hori bai, onartu du ez dakitela zein espezietakoak ziren hezurretan azaldutako markak egin zituzten gizakiak. «Ez dakigu, giza arrastorik topatu ez dugulako». Hala ere, Siberiatik hara heldutako neandertalak izan zitezkeela esan du. «Baina gizaki modernoak ere izan zitezkeen».

Gizakiak Ameriketara heltzeko erabili zituen ibilbideei dagokienez, orain arte presentzia azaltzeko gehien erabili izan den ibilbidea aipatu dute: Beringia. Asia eta Ipar Amerika Siberiaren bidez lotzen dituen pasabidea batzuetan itsaspean egon da —gaur egun, halaxe dago—, baina beste hainbatetan izotzezko edo lurrezko zubi bat egon da han. Halaber, adituek ez dute baztertu itsasoz egindako bidaia baten aukera. «Baliteke gizaki horiek Asiako kostaldea jarraitu izana eta Beringia zeharkatuz Kaliforniako kostaldera ailegatzea», proposatu du Holenek. James B. Paces geologoa arduratu da datazioaz, uranioaren teknika erabilita. Zientzialariek ondo dakite uranioa denboran zehar aldatzen dela, eta aldaketa hori neurtzen duten serie asko darabiltzate esku artean. Emandako datak zehatzak direla adierazi du. «Material horien datazioa babesteko behar adina froga trinko dauzkagu. Bateragarria da datazio bide askorekin eta baita San Diegoko testuinguru geologikoarekin ere», argitu du.

Non sartu dira, baina, hain zaharrak diren gizaki horiek? Espero dute topatzea? Ezezkoan da Holen. «Ipar Amerikan, oso arraroak dira giza aztarnak», onartu du. «Populazioen dentsitatea oso txikia zen; gizaki horien arrastoak aurkitzeko aukera,tamalez, oso txikia da. Gizakiok, animalien antzera, eremu geografiko zehatzetan iraungi gaitezke».

Zalantzak hizpide hartuta

Albistea zabaldu eta gutxira, mundu osoko adituek ikerketaren emaitzak kolokan jarri dituzte, hedabideetan eta sare sozialen bitartez. BERRIAk Joseba Rios Garaizar Cenieh Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikertzailearengana jo du iritzi bila. Argi mintzo da paleoantropologoa. «Ikerketa oso deigarria da, eta, hor adierazten dena egia balitz, dudarik gabe, izugarrizko aldaketa ekarriko luke. Baina horrelako baieztapen bat aurkezteko, derrigorrez, froga guztiak oso ondo aurkeztu behar dira». Artikuluan datu asko falta direla azaldu du. «Aztarnategiaren inguruko zehaztasunak ez daude batere ondo aurkeztuta. Testuinguru geologiko eta estratigrafikoa falta dira. Testuan hori pixka bat azaltzen da, baina ez da oso argi geratzen. Adibidez, ez dago zutabe estratigrafikorik, ezta analisi geomorfologikorik ere, eta horrela zaila da jakitea aztarnategia nola sortu zen».

Baina, bereziki, balizko tresna litikoen kontua iruditu zaio deigarria. «Ez da batere erabakigarria. Arrokak ez daude eraldatuta, eta haietan azaltzen diren markek jatorri geologikoa izan dezakete. Egileek argudiatzen dute arroka horiek gizakiek erabilitakoak direla, testuinguru hidrogeologikoarekin bateragarri ez direla esaten dute. Geologiaren kontua ez dago ondo azalduta, eta nik ez dut informazio nahikorik jakiteko ondo dagoen ala ez. Baina beste bide batzuk bururatzen zaizkit arroka horiek aztarnategi horretara nola hel zitezkeen azaltzeko». Harago joan da: «Arroka horiek nire aztarnategi batean aurkituko banitu, duda artean jarriko nuke horiek erabiliak izan ziren». Bestalde, testuinguruaren arazoa du hizpide: «Aztarnategi hori bakanduta egongo litzateke Amerika osoan, eta hori oso arraroa da». Garai hartan Beringian zegoen klima oso hotza zela esan du, eta garai epelagoetan urpean zegoela. «Horrek esan nahi du edo klima hotzean pasatu zirela edo klima onean egin zutela, baina itsasontziz. Hori ere nahikoa arraroa da». Ez da, ordea, arazo bakarra. «Demagun Ameriketara igarotzea lortu zutela, hori posible da eta. Baina han izan baziren, bestelako tresnak ere agertu beharko lirateke: suharriak, laskak eta halakoak, baina horiek ez daude».

Gaiak «izugarrizko liskarrak»sorraraziko dituela uste du. Ez du txartzat. «Akuilu izan liteke aztarnategi berriak bilatzeko». Izan ere, oso kritiko azaldu arren, ate bat irekita utzi du. «Egia da aurkikuntza handienak horrela egiten direla, inork espero ez duen aztarnategi bat azaltzen denean. Baina nik, halere, froga sendoagoak eskatuko nituzke». Zientzian sarri erabiltzen den irizpidea oroitarazi du. «Gauza handiak defendatzeko froga handiak behar dituzu; hemen ez dago halakorik».]]>
<![CDATA[Gorrotoak aienatzeko tresna]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2080/012/001/2017-04-23/gorrotoak_aienatzeko_tresna.htm Sun, 23 Apr 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2080/012/001/2017-04-23/gorrotoak_aienatzeko_tresna.htm
Trends in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu duten artikulu batean eman dute horrelako egitasmo itxaropentsu baten azken adibidea. Artikuluaren izenburuak berak ondo zehazten du atzean dagoen filosofia: Naturak ez du mugarik: Naturaren kontserbazioaren rola bakearen eraikuntzan. Ekialde Hurbilean hontzak eta nekazariak bateratzen dituen proiektu baten berri eman dute.

Duela 35 urte inguru abiatu zen egitasmoa. Garai horretan, Tel Aviveko Unibertsitateko (Israel) Yossi Leshem ornitologoa konturatu zen nekazari israeldarrek pozoiak erabiltzen zituztela marraskariak hiltzeko. Arazoari irtenbidea emateko, nekazariekin eta Israelgo agintariekin lanean hasi zen, eta, azkenean, lortu zuen pozoiaren ordez harrapakari naturalak erabiltzea. Hontzentzako habiak jarri zituzten, marraskarien kontrola predatzaile horien esku utzita.

Denborarekin, ordea, Leshem konturatu zen marraskarien arazoa ez zela soilik israeldarren kontua, eta palestinarrek zein jordaniarrek ere arazo bera zutela. Hortaz, hiru komunitateetako nekazariekin lanean hasi zen, eta ekologiarekin lotutako proiektu soila izaten hasi zena nazioarteko kolaborazioa sustatzeko egitasmo bihurtu zen.

Lausanako Unibertsitateko (Suitza) biologo Alexandre Roulin buru-belarri murgildu da proiektuan. BERRIAri azaldu dionez, 2008an ezagutu zuen Leshem. Ornitologiari buruz Vienan (Austria) egindako kongresu batean izan zen hasierako topaketa hura, eta, ordudanik, bere egin du egitasmoa. «Israelera bisita egiteko gonbidapena egin zidan. Berehala konturatu nintzen hontzak tresna bikaina izan zitezkeela palestinarrak, jordaniarrak eta israeldarrak mahai berera eramateko. Beraz, jarduera honetan murgiltzea erabaki nuen, eta ikusi nuen giza alderdi harrigarria zegoela».

Roulinek azaldu du Suitzan dirua bilatu zuela koordinatzaile bat ordaindu ahal izateko. Ametsa pixkanaka gorpuztu da. «2016an, Genevako Bakearen Astearen barruan ekitaldi bat antolatu genuen, eta Davosen beste bat. Bestalde, Suitzako Gobernuko agintariekin harremanetan nago. Datorren astean, adibidez, Suitzako armadako kideekin bilduko naiz, bake eta naturaren kontserbazioa helburu dituen egitasmo bat antolatzen saiatzeko».

Bilera gutxi batzuk izan ondoren, komunitate ezberdinetako lagunak adiskidetu zirela azaldu du adituak: «Guztiok dugu bakearen beharra, eta bilera horiek guztiz freskagarriak dira».

Hurbiltze horren adibide ugari ondo gordeta ditu gogoan Roulinek. Adibidez, Israelen batzar bat izan zutenean, denek batera —israeldar, palestinar zein jordaniarrek— Nazareteko Natibitatearen eliza, sinagoga bat eta meskita bat bisitatu zituztenekoa. Edota errabino batek hontz jakin baten txitak musulmanak ala juduak ote ziren txantxetan galdetu zuenekoa.

Azkenik, Ammanen (Jordania) izandako afari bat bereziki gogoan du: «Bi lagun eztabaidatzen hasi ziren, baina ez genekien zeri buruzkoa zen liskarra. Hamar minutu pasatu eta gero, barrezka ikusi genituen». Gerora konturatu zenez, eztabaidaren funtsa ez zen nolanahikoa. Jordaniar bat haserrearena egiten ari zen, afari oparoaren ondoren palestinar batek ezin zuelako jan tarta zati bat. «Pasadizo horrek bi gauza erakutsi zizkidan: ez dakigula bereizten nor den palestinarra, jordaniarra edo israeldarra, eta jendeak elkar maite duela».

Ekialde Hurbilean lanean jarraituko duten arren, proiektua beste hainbat lekutan ereiteko asmoa agertu du adituak: «Ideietako bat da Rift haranaren inguruko tribu eta herrialdeak harremanetan jartzea, Mozambiketik Jordaniara. Landa eremuetan hontzen kutxak jarri nahi ditugu. Natura zaintzeaz gain, hezkuntza sustatu eta giza kultura ezberdinak lotu nahi ditugu. Hau zoragarria izango litzateke, eta sinbolismo handikoa, gizakia Rift haranean sortua zelako».

Elkarlan nuklearra

Hegaztiekin egindako lana poza pizteko modukoa bada, eskualdean bada beste egitasmo bat are harrigarriagoa dirudiena. Albistegiak jarraitzen dituen edozein pertsonari ia irudikaezina egin dakioke Israelgo eta Irango zientzialari nuklearrak mahai beraren inguruan lanean irudikatzea, baina errealitatean hala da.

Mirariak SESAME du izena, eta Ekialde Hurbileko lehen partikulen azeleragailua eraikitzea du xede. Besteak beste, Israelgo, Turkiako, Zipreko, Pakistango, Egiptoko eta Irango zientzialariek parte hartzen dute azeleragailuan.

1995ean abiatu zen egitasmoa, Egipton. Isaac Rabin Israelgo lehen ministroaren hilketa izan eta gutxira. Orduan, Palestinako eta Israelgo ikertzaileek sinkrotroi bat eraikitzeko ametsa partekatu zuten. Atzerapen ugari izan ditu egitasmoak. Ez zientzialarien arteko adostasunik ezagatik, finantzaketagatik baizik.

Besteak beste, CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren eta Unescoren babesa dute. 2008an egoitza inauguratu zuten, Jordanian, eta bertako laborategietan lanean ari dira jada, baina sinkrotroia oraindik ez dago prest.

Mota horretako azeleragailuak bereziki argi mota bat lortzeko darabiltzate adituek. Funtsean, argiaren abiaduratik gertuko abiaduretan jartzen dituzte elektroiak, eta bertan sortzen den argia erabiltzen dute materiaren egitura ikertzeko. Besteak beste, medikuntzan, materialen ikerketan, biologian edota arkeologian erabil daiteke.

«Zientzia bakearen alde erabiltzeko ideiak ederki asko funtzionatu du SESAME egitasmoan», adierazi du Mohamed Yasser Khalil ingeniari nuklearrak. Alexandriako Unibertsitateko (Egipto) ikertzailea da Khalil, eta sinkrotroiaren administrazio zuzendaria da egun. Haren esanetan, orain arteko bidea ez da erraza izan: «Nahiko genukeen baino astiroago doa kontua, baina heldutasunera heldu gara».

Ekialde Hurbilean zientziaren alorrean «mugagabeko aukerak» irekitzen dituela azpimarratu du ikertzaileak. Eskualdeko zientzialariak bertan mantendu nahi dituzte, eta Mendebaldera joan direnak erakarri. «Ezagutzan oinarritutako ekonomia eredu bat garatu nahi dugu».

Orain arteko unerik txarrena elur ekaitz batek sabaia bertan behera bota zuenekoa izan zen. Non eta Jordanian! Urtebete eman zuten normaltasuna berreskuratzeko. Halere, Zipre eta Turkia, edo Iran eta Israel batzen dituen amets baten etsairik handiena eguraldia izan bada, argi dago esperantzarako bidea zabalduta dagoela. Mugak, funtsean, mapetan marraztutako marrak baino ez direlako.]]>
<![CDATA[«Lurretik kanpoko bizitza topatzeak iraultza biomedikoa ekar dezake»]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1943/014/001/2017-04-16/lurretik_kanpoko_bizitza_topatzeak_iraultza_biomedikoa_ekar_dezake.htm Sun, 16 Apr 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1943/014/001/2017-04-16/lurretik_kanpoko_bizitza_topatzeak_iraultza_biomedikoa_ekar_dezake.htm Nature aldizkarian lortutako lau azalak; ezagutza maite duen orok ondo dakienez, urreak baino distira handiagoa dute markoetan jarritako paper zati xume horiek. Azalok mundu urrunetako misterioak argitzera bideratutako bizi baten erakusle dira. Gizakia Ilargira heldu zenean piztu zitzaion planeten inguruan gehiago jakiteko grina, eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko katedraduna da (EHU). Hilaren hasieran jakin da 2016ko Euskadi Ikerkuntza saria jasoko duela. Espazioaren inguruko gaiez solasean, aurrenekoz izarretara teleskopio bat zuzendu zuen umearen zirrara igartzen zaio.

Nola oroitzen dituzu astronomian emandako lehen pausoak eta Zientzia Planetarioen taldearen hastapenak?

Zale gisa hasi nintzen, eta horrek eraman ninduen astrofisikara, baina garai hartan Euskadin ez zegoen aukera askorik astrofisika egiteko, eta kanpora atera behar izan nuen. Calar Altoko behatokian [Almeria, Espainia] lan egiteko aukera izan zuen. 1980an hasi nintzen han lanean, behatokiko lana eta planeten atmosferari buruzko doktoretza tesia uztartuz. Zazpi urteren ondoren, Bilbora itzuli nintzen. Bilboko Ingeniaritza Eskolara etorri nintzenean, beste gai batzuetan ibili nintzen lanean, baina zientzia planetarioen inguruko interesa mantendu nuen. Izan ere, hori izan zen nire doktoretza tesian landutakoa; zehazki, Saturnoko ekaitzen inguruko ikerketa. Oso aitzindaria izan zen, ekaitz erraldoi horien zikloaren inguruan aurreikuspen bat egiteko moduan egon ginelako. 1990ean, aurreikuspen hori bete egin zen, planetaren ekuatorean ekaitz handi bat agertu baitzen. Inozentzia puntu batekin, Nature aldizkarira bidali nuen, eta, ezustean, artikulu bat idazteko aukera eman zidaten. Argitaratu eta gero, mundu osoko hedabideetatik deika hasi zitzaizkidan, eta orduan konturatu nintzen artikuluak izandako zabalkundeaz. Horrek asko lagundu zuen gero Zientzia Planetarioen taldea sortzeko.

Arloan harrobi polita sortu duzue. Horiek Euskal Herrian gelditzeko aukera izango dute?

Bai, astrofisika egin nahi dutenen harrobi txukuna osatzen ari gara, eta hemen gelditzeko aukerarekin, gainera. Nik uste dut Euskadi sariaren epaimahaiak hori ere kontuan hartu duela; Aula Espazioa sortu dugu, baita Zientzia eta Teknologia Espaziala unibertsitate masterra ere, Bizkaiko Diputazioaren laguntzarekin. Ikasle batzuk, batez ere ingeniaritzatik datozenak, enpresa pribatuetara joaten dira lan egitera, baina bereziki fisikaren arlotik datozen batzuk gurekin geratzen dira doktoretza egiten. Orain, sei bat ikasle gurekin lanean ari dira...

Beste hainbaten artean, 28 zentimetro luze den teleskopio txiki bat erabiltzen duzu, eta, horrekin, gainera, aurkikuntzak egiten jarraitu duzu. Nola da posible hori?

Bai, etxean Aula Espazioren teleskopio bat daukat, ni bizi naizen tokian dauden baldintza meteorologikoak Bilbokoak baino egokiagoak direlako. Hainbat argitalpen egin ditugu teleskopio txiki horrekin hartutako irudiekin. Horietako bat bereziki garrantzitsua izan zen. Saturnoren ekuatorean ekaitz bat ikusi genuen, eta horrekin lehen abisua eman genuen. Behaketa horren ondoren, mundu osoko astronomiazaleek bidalitako ekarpenak jaso genituen. Gure taldeak Calar Alton duen Planet Cam teleskopioari esker, behaketa baieztatu genuen. Hubble teleskopio espaziala erabiltzeko denbora eman ziguten; hori bereziki konplikatua da. Horri esker, Saturnoko jet korronte ekuatorialari buruzko ikerketa bat argitaratu genuen Nature Communications aldizkarian.

Beraz, oraino oinarrizko behaketari denbora eskaintzen diozu...

Bai, duela bi gau, adibidez, ordu pare batez Jupiter ikusten egon naiz. Oposizioan zegoen, eta, ondorioz, ondo ikusten zen. Material hori ederki datorkigu ikasleek praktikak egin ditzaten, eta hortik ere irakaskuntza mailako hainbat argitalpen atera dira.

Astronomiazaleak aipatu dituzu. Horiek rol garrantzitsua jokatzen dutela esan ohi da. Egia da hori?

Bai, guztiz. Guk zaleekin askotan kolaboratzen dugu. Lankide batek, adibidez, Europatik finantzaketa jaso berri du Interneten datu base bat eratzeko. Webgune horretan, mundu osoko zaleek zientzia planetarioen alorrean egiten dituzten behaketak sartu ahal izango dituzte. Soilik datu horiekin ikerketak osatzea zaila da, baina normalean datu horiek ezinbesteko osagarriak dira gero teleskopio handietan eta espazio misioetan egingo diren behaketetarako. Jendea harritzen da askotan. Zertarako behatu Saturno, bertan Cassini zunda egonda? Tira, lehen aipatu dudan Saturnoko ekaitz hori gertatu zenean, Cassini gaizki kokatuta zegoen hori ikusteko. Zaleak ezinbestekoak dira, gauero zerura begira daudelako; zerbait inportantea agertzen bada, orduan teleskopio handiagoak bidera daitezke fenomenorantz.

Teleskopio erraldoi asko eraikitzen ari dira, baita James Webb espazio teleskopioa ere. Zertan lagunduko dizuete?

Teleskopio horiek kosmologiaren alorrera bideratuko dira bereziki; hau da, unibertsoaren hasierak hobeto ezagutzera. Baina exoplanetak hautematea ere izango da oinarrizko helburua. Batez ere, oxigenoa duten jakitea funtsezkoa izango da —oxigenoa bainoago, ozonoa: hobeto igartzen baita espektrografietan—. Han ura ote dagoen jakitea ere gako da, noski... Bizia garatzeko baldintzak ote dauden jakitea. Azken finean, gizateriaren galderarik funtsezkoenetakoa argitzera joango dira ahalegin gehienak.

Non topatuko da bizia lehenago: eguzki sisteman bertan ala kanpoan?

Zaila da horri erantzutea, baina espazioaren esplorazioan izugarri azkar ari gara. Nik 62 urte ditut, eta, Sputnik satelitea bota zutenean, 3 urte edo izango nituen. Nire bizitzan lasterketa espazial osoa bizi izan dut, beraz. Lurrari biraka bip-bip egiten zuen objektu txiki batekin hasi, eta eguzki sistema osoa zeharkatzen da egun. Esango nuke bizia topatzeko biderik errazena gure inguruetan dagoela: Marten, Europan —Jupiterreko ilargia—, Entzeladon —Saturnoko ilargia—: horiek dira lehen helburuak. Lurretik kanpo bizitza topatzeak eremu asko zabalduko lituzke. Beti aipatzen dira filosofia edo erlijioa, baina nik azpimarratuko nuke beste bat: biomedikuntzaren alorreko aukerak. Izan ere, irudikatu ezin ditugun ate asko zabal litezke; bizi forma guztiz berriak, alegia.

Amazoniaz edo itsas hondoaz esan ohi dena, baina modu askoz ere basatiagoan orduan...

Erabat. Lurrean gauza asko topatzeko daude, baina bizidun guztiok gatoz hasierako arbaso unibertsal beretik. Halere, demagun Marten fosil bat topatzen dugula, eta ikusten dugula bere estruktura molekularra Lurreko bizidunekiko guztiz ezberdina dela… Ez dakigu horrek noraino eraman ahal gaituen. Iraultza biomediko erraldoia ekar dezake. Printzipioz, bizia sortzeko karbonoa, ura eta energia iturri bat tartean egotea espero dugu, baina ziur ere ez dakigu. Historiako aurkikuntzarik handiena izango litzateke. Horregatik, kosmosa ikertzea ez da soilik errentagarritasun ekonomikoa… Oinarrizko galderei erantzuna ematen saiatzen ari gara, eta ez dakigu erantzun horiek noraino eraman gaitzaketen.

Itzulkin horren inguruan ez dizut galdetu, nahita. Izan ere, zientzialari izan beharrean orkestra zuzendaria izango bazina, ez nizuke eskatuko kulturan egindako inbertsioa justifikatzeko...

Bai, hala da. Halere, komeni da azpimarratzea espazioaren kasuan datorren itzulkin ekonomikoa askoz handiagoa dela. Datuak orain ez ditut eskura, baina Europako Espazio Agentziak bere webgunean hori kuantifikatuta dauka. Inbertitutako euro bakoitzeko bizpahiru euro izan litezke. Baina, horrez gain, funtsezko helburua dago: gizakiok Afrikan sortu ginen, baina mundu osoan hedatu gara, ontzietan sartuz eta ozeanoak zeharkatuz. Hori egiten jarraitu behar dugu, baina orain espazioan. Sobietar astronautikaren aitzindari izan zen Konstantin Tsiolkovski fisikariak halaxe esan zuen: «Lurra gizakiaren sehaska da, baina gizakia ezin daiteke betiko sehaskan bizi».

Inbertsioak aipatu dituzu, baina hemen ere dirua ez dago soberan. NASAren zuzendaria izango bazina, zein misio lehenetsiko zenituzke?

Oso zaila da zehaztea, baina uste dut Martek oraindik ere lehen mailako helburua izan behar duela. Aberastasun geologikoa izugarria du, baina, halere, lurraldearen pixka bat baino ez dugu esploratu. Misio gehienak ekuatorearen ingurura bideratu dira, han lurra hartzea errazagoa baita. Hango atmosfera oso arina da, eta eguzki zikloaren arabera aldatzen da, gainera. Horregatik, oso zaila da doitzea ontzietako paraxutak. Bestalde, Jupiterren bi ilargitara ere misioak planifikatu dira. Europa eta Ganimedes oso interesgarriak dira, ura daukatelako eta agian bertan bizia errotu izanaren aukerak izan direlako. Eguzki sistemaren urruneko planetek ere bisita merezi dute: badira exoplaneta asko Urano eta Neptunoren antzeko ezaugarriak dituztenak.

Gauza interesgarri asko ikertzeko, beraz...

Bai, eta gure artean aplika daitezkeenak, gainera. Meteorologo planetarioa naizenez, argi daukat planeta horien atmosferaren inguruan ikasten dugun guztia gure atmosfera hobeto ezagutzeko baliagarria izango dela. Pentsa, orain ezinezkoa da Lurrean 7-15 egun baino gehiagoko aurreikuspenak egitea. Planeta horiek berezko laborategi naturalak dira hemengo ereduak probatzeko. Marte, esaterako, eredugarria da gure goiko atmosfera ikertzeko; Artizarra, bestalde, klima aldaketa ikertzeko erabiltzen da. Baina asko dugu ikasteko: Zeres planeta nanoan gatzak daude; Titanen, dunak, mendilerroak eta ibai haranak... Hasierako esploratzaileei gertatzen zitzaiena gertatzen zaigu guri ere: mundu berriak topatzen ditugula eta guztiz ezberdinak direla gainera. Artizarra, Lurra eta Marte ikusi besterik ez dago: astronomiaren ikuspuntutik, oso gertu daude, guztiak Eguzkiaren bizigarritasun eremuan, eta, halere, oso ezberdinak dira.

Ostiralean, Science aldizkarian iragarri zuten Entzeladon korronte hidrotermalak daudela...

Benetan interesgarria da. Cassini ilargi horretara bertaratu baino lehen, interes gutxiko objektua zirudien, baina zunda gertutik pasatzean benetako ikuskizuna azaldu zen: Entzeladotik geiserrak ateratzen ziren! Orain badakigu izotzezko geruza baten azpian ur ozeanoak daudela. Geiserretatik ateratzen denaren %95 ur lurruna da, baina hidrogeno molekularra eta CO2 pixka bat ere badaude. Ondorioz, hidrokarburoak sortzeko baldintzak daude; batez ere, metanoa. Egun, dakigula, ura, karbonoa eta energia iturri bat behar dira bizia abiatzeko. Beraz, argi dago Entzelado interes astrobiologikoa duten munduen artean sartu behar dugula.]]>
<![CDATA[Zahartze nekezari bizkarra emanez]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1957/018/001/2017-04-09/zahartze_nekezari_bizkarra_emanez.htm Sun, 09 Apr 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1957/018/001/2017-04-09/zahartze_nekezari_bizkarra_emanez.htm
Beste kondaira askorekin gertatu ohi den moduan, irakaspenak inoiz baino gaurkotasun handiagoa du egunotan, aspaldiko kezkak desagertu ez diren seinale. Gaurko gizartea ere heriotza ahalik eta gehiena urruntzen saiatzen baita, bizitzaren urte freskoenak luzatu nahian. Zientzialariake ere zeregin horretan ari dira, eta zahartzearen aurkako zientzia inoiz baino garatuago dago. Antiaging (zahartzearen kontra) terminoa dabil askoren ahotan. Aurpegiko azala txukuntzeko erabiltzen diren krema horiez harago doan hitza da, eta benetako zientzia bilakatzen ari da.

Zientzialariek erabilitako estrategiak askotarikoak dira, baina kasu gehienetan oso oinarrizko mailetan lan egiten ari dira. Aste honetan, Nature aldizkarian plazaratu den ikerketa bat horren adibide izan daiteke. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, gantz azido asegabeek harren bizitza luzatzeko ahalmena dute. Beste hainbat ikerketatan ohikoa denez, oraingoan ere Caenorhabditis elegans izeneko nematodoa erabili dute ikertzaileek. Zergatik, baina, har mota espezie hori? «Bizitza laburra duen harra da, 23-30 egunekoa, eta, horregatik, haren bizitza luzera era azkarrean iker daiteke», azaldu du Harvardeko Osasun Publikorako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Carlos Silva Garciak. «Gainera gardena da, eta mikroskopioaren bitartez oso ondo ikusten da. Bere genoma osoa sekuentziatuta dago, eta ikerketa tresna ugari erabil ditzakegu harekin».

Biologoak azaldutakoaren arabera, aurrera urratsa egin dute: «Normalean gantzak arazo kardiobaskularrei eta metabolikoei lotuta azaldu ohi dira, baina gure ikerketan azpimarratzen da gantz guztiak ez direla kaltegarriak. Ugaztunengan ikerketa gehiago egin behar dira jakiteko ea azido oleikoak eta antzeko zahartze prozesuetan onura ote dakarten».

Emaitzak gizakiengana ezin direla eraman ohartarazi du ikertzaileak, baina, halere, noizbait gizakiengan aplikatzeko esperantza agertu du. «Gehiago bizi izan diren harrengan azido oleikoaren maila igo da. Lipido hori olio begetaletan izan ohi da, hala nola oliba, kartamo eta ahuakate olioetan. Horiek osasunean dituzten onurak ezagunak dira. Eta orain badakigu zahartze osasuntsua eragiteko gai direla; harrengan, bederen. Etorkizunean interesgarria izango da jakitea eragin hori beste espezieetan ere ote dagoen».

Telomeroen garrantzia

Gaian aurrera jo baino lehen, komeni da hainbat daturi erreparatzea. Mundu mailan 2015ean jaiotako umeen batez besteko bizi itxaropena 71,4 urtekoa izan da. Estatistika hotzari jarraituz, neskak ia 74 urtez biziko dira eta, mutilak, berriz, 69 inguru. Herrialdez herrialde, noski, alde nabarmenak daude, Nazio Batuen Erakundeak jasotako datuen arabera. Japoniako emakumeek ia 87 urte ere harrapatuko dituzte. Sierra Leonako gizonezkoek, berriz, 49 urte eskasera. Beraz, argi dago zahartzearen arazoa oso erlatiboa izan daitekeela gizarte eta egoera bakoitzaren arabera.

Datuak datu, zientzialariek irekita duten beste ikerketa lerroa telomeroen ingurukoa da. Bide hori jarraitzen dute, besteak beste, Espainiako CNIO erakundean (Onkologiako Ikerketa Zentro Nazionala). Hango zuzendari Maria A. Blasco biokimikariren taldeak aurrerapen garrantzitsua iragarri zuen iazko ekainean Nature Communications aldizkarian.

Han azaldu zutenez, saguen zelula pluripotente enbrionarioak laborategian haztean konturatu ziren espezie horretan ohikoa den telomeroen luzera handitzen zela. «Hori bat-batean gertatzen zela ikusi genuen, inolako generik eraldatu gabe. Horrela, aukera izan genuen ohikoak ez ziren saguen leinu bat abiatzeko. Jaiotzean, ohikoak baino bi aldiz luzeagoak ziren haien telomeroak», azaldu dio Blascok BERRIAri.

Telomeroak kromosomen muturretan dauden estrukturak dira, eta horien higadura da zahartzearen zioetako bat. «Funtsezkoak dira kromosomen barruan dagoen material genetikoa babesteko. Nolabait esateko, kromosometan dauden estalkiak dira, eta ezinbestekoak dira bizi ahal izateko».

Ezusteko horren osteko galdera jakina zen: sagu horiek gehiago biziko al ziren ala, aitzitik, minbizi gehiago garatuko zituzten? «Ikusi genuen zahartze zelular txikiagoa zutela eta minbizi gutxiago garatzen zutela». Beraz, zahartzeari aurre egiteko gakoetako bat estruktura horietan egon daitekeela dirudi. Hortaz, aurkikuntzak irekitzen duen bideari dagokionez baikor azaldu da aditua. «Saguen telomeroen laburketa ekiditeko gai bagara, sagu horiek beranduago zaharkituko dira, gaixotasun gutxiago garatuko dituzte eta gehiago biziko dira. Telomerasa izeneko entzima baten zenbatekoa handituko dugu, entzima horrek telomeroak berriro luzatzeko aukera ematen duelako».

Bizimodua eta elikadura

Zahartze prozesuak hobeto ulertu nahian, aspalditik lanean ari da Myriam Gorospe ikertzailea ere, AEBetako NIA Zahartzearen Institutu Nazionalean. 1990ean joan zen New Yorkera, doktoretza egitera. 1998tik zahartzearen oinarri molekularrak ikertzen duen zientzialari talde bat zuzentzen du. «Zahartzearen oinarri molekularrean lan egiten dugu, zehazkiago espresio genetikoan. Batez ere, RNAren sorrera ikertzen ari gara», azaldu du biologoak.

Bizitza normalean izaten diren zahartze prozesuak ikertzen dituzte, baina baita zenbait gaixotasunari lotuta daudenak ere, hala nola neuroendekapena, arazo kardiobaskularrak edo diabetesa. «Bi aldaera horietan, geneak nola espresatzen diren ikertzen dugu». Gaia gertutik ezagutzen duen aditu honen arabera, bizi ohiturak garrantzitsuak dira: «Aspalditik dakigu badirela hainbat jarduera beranduago eta osasuntsuago zahartzen laguntzen digutenak. Bizi modu aktiboa izatea, mugitzea, ibiltzea, kirola egitea, ondo elikatzea… zientziak, gero eta gehiago, gauza horien guztien onurak berresten ditu». Bestalde, eta botikei dagokienez, Gorospe argi mintzatu da: «Oraindik ez da aurkitu zahartze osasuntsua ahalbidetuko duen pilula magikorik. Norabide horretan ahalegin asko egiten ari dira, Resveratrola edo antioxidatzaileak, adibidez, sarri aipatzen dira. Jende askok dio botika horiek itxaropena pizteko modukoak direla, baina, nire ustez, horien eragina nahiko txikia da eta zientzia komunitate osoak ez ditu onartu».

Maria A. Blascoren iritziz, ordea, telomerasarena bide egokia izan daiteke aurrera jarraitzeko. «Urrunegi ez dagoen etorkizun batean telomerasaren aktibazioa aplikatuko da». CNIOko zuzendariaren ustez, gizakia gaixotasun infekziosoak kontrolatzeko gai izan da. «Hiesa da azken adibide arrakastatsua. Birus hauetako batzuk, gainera, betiko akabatu ditugu: baztanga, esaterako. Horren ondorioz, herrialde garatuetan bizi itxaropena biderkatu dugu. Baina orain, urte gehiagoz bizi bagara ere, sakonagoa den beste arazo batekin topo egin dugu: zahartzen jarraitzen dugu, eta beste gaixotasunek jota hiltzen gara: minbiziak, bihotzekoak edo dementziek, esaterako. Zahartzea da gaixotasun horien jatorria. Eta gainerako germenak akabatu ditugun era berean, hau ere akabatu behar dugu. Urte gehiagoz bizi behar dugu, baina zahartu gabe eta osasun onean».

Teorian, bederen, Blascok esandakoak ederra dirudi. Errealista izango al da? Ala gazte mantendu nahi dutenen kontsolamendua besterik ez da izango? Denborak izango du azken hitza.]]>
<![CDATA[Kosta ahala kosta, 'eureka' baten bila]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1957/014/001/2017-04-02/kosta_ahala_kosta_eureka_baten_bila.htm Sun, 02 Apr 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1957/014/001/2017-04-02/kosta_ahala_kosta_eureka_baten_bila.htm Publish or perish esaldia: publikatu edo hil.

Egindako lana ebaluatzeko sistema da hori, eta, beste baten faltan, beharrezkoa da egun. Baina ibilbide profesionalean aurrera egiteko zientzialariek behar dituzten nota horiek puntu ilun asko izan ditzakete. Besteak beste, zientzia artikulu ugari kosta ahala kosta ekoizteko beharra. Argitaratzeko presioa aspaldikoa da, baina azken urteotan bereziki «jasangaitza» bihurtu dela dio NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateko arduradun Joaquin Sevillak. Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ostiralean Bilbon antolatutako Zientzia presiopean jardunaldiaren harira azaldu du Sevillak egoera latz hori zertan den. Haren ustez, asko argitaratzearen beharrak arazo ugari eragin ditu. «Horren erruz, azken urteotan sortu diren zientzia emaitza asko ezin ditugu zientifikotzat hartu. Kasu batzuetan, kalitate estandarrak jaitsi direlako, baina, beste hainbatetan, zuzenean, iruzurtzat jo ditzakegulako. Beraz, argitaratuta dagoenaren zati bat ezin dugu ontzat eman».

Sevillaren esanetan, zientziaren garapena bultzatu beharrean, presio horrek justu kontrakoa lortu du. «Aurrera goaz, baina ez irmotasunez, zabuka baizik, zalantzaz beterik. Are gehiago, zientzian ezinbestekoa den errepikagarritasun printzipioa hautsi da. Beste zientzialari batek esperimentua errepikatzen duenean, ez dira emaitza berberak lortzen». Hans Christian Andersen idazlearen Enperadorearen jantzi berria ipuinarekin parekatu du egoera. «Zientziaren munduan, guztiok dakigu arazoa hor dagoela, baina inork ez du ikusi nahi». Emaitzak lortzeko lasterketa zoroan erabiltzen diren hainbat teknika salatu ditu adituak. P-hacking, Cherry picking eta halako tranpak gero eta maizago erabiltzen omen dira. «Horien bitartez, nahi diren emaitzak atera daitezke».

Gutxi eta presaka

Askoren ustez, antzeko presioa dago komunikazioaren arloan ere. Zientzialariek bezala, kazetariek ere gero eta azkarrago argitaratu behar dute, eta horrek ere ondorio txarrak izan ditzake. «Erredakzioetan gero eta kazetari gutxiago daude, eta destajuan lan egiten dute, gainera». Radio Euskadin La mecanica del caracol zientzia saioa zuzentzen duen Eva Caballero kazetariaren hitzak dira. Egoera hori dela eta, kazetariek mota guztietako gaiei azkar heldu behar diete, eta, ondorioz, erredakzioetan erraz sartzen dira sasizientziei lotutako gaiak. «Azken urteotan, bereziki, osasunari lotutako gaiak dira horiek: homeopatia, reiki, feng shui eta halakoak». Arazoaren atzean, bi zio nagusi ikusi ditu Caballerok. «Kazetari batzuek halako gaietan sinesten dute, eta nahita jorratzen dituzte. Baina, beste hainbatetan, kazetariak badaki gai hori tontakeria besterik ez dela. Halere, publikoak horren inguruko interesa omen duenez, eduki horiek sartzen dituzte hedabideetan».

Negozio berri horretan sartuta dauden enpresen komunikazio estrategia indartsuak ere aipatu ditu Caballerok. «Gutxitan jasotzen ditut farmazia enpresen prentsa oharrak, baina homeopatia eta fitoterapia lantzen dituzten enpresen ohar asko jasotzen ditut hilero. Kazetariak gutxieneko ezagutza zientifiko bat ez badauka, iruzur horiek erraz sar daitezke programazioetan». Ignasi Labastida i Juan fisikariaren ustez, egoera arintzeko gakoetako bat zientzia guztien esku jartzea izan liteke. Zeregin horretan dabil, aspalditik, Bartzelonako Unibertsitateko zientzialari hori. «Zientzialariok sortzen duguna gizarteari bueltatu behar diogu, ezinbestean. Baina modu irekian egin behar dugu, lan hori berrerabiltzeko aukera emanez». Adituaren aburuz, ikerketak eta datuak askatzeak ekarri behar du edozeinek horiek baliatzeko aukera izatea. Hori lortzeko, unibertsitate publikoetan sortzen ari diren biltegi instituzionalak aipatu ditu. «Zientzialariei eskatzen diegu beren lanak Interneten bidez kontsulta daitezkeen biltegi horietan sartzeko».

Labastida i Juanen arabera, zientzialariek komunikatu egin behar dute. Baina Eva Caballerok uste du kazetariek ere kultura zientifikoa bereganatu beharko luketela. «Hedabideak egiten ez badu, kazetariari dagokio hausnartzea gai bati hauspoa eman behar zaion ala ez».Ez dirudi, hortaz, zientziaren inguruan dagoen presioa erraz desagertuko denik, baina prozesuan parte hatzen dutenek,bederen, eskutik helduta joateko aukera dute. Horrela, batak besteari penak kontatzeko aukera izango dute, eta horrek bide malkarra zertxobait samurtu lezake agian. Presiopeko bidea izango bada ere.]]>
<![CDATA[Minbizia ez da soilik loteria kontua]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2177/018/001/2017-03-26/minbizia_ez_da_soilik_loteria_kontua.htm Sun, 26 Mar 2017 00:00:00 +0100 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2177/018/001/2017-03-26/minbizia_ez_da_soilik_loteria_kontua.htm
Arkaitz Carracedo ikertzaileari zor dio irakurleak arazoa ulertzeko metafora hori. Hura bezala, milaka ikertzaile borrokan ari dira, munduan zehar, akats horiek ulertu nahian, minbizia iraganeko amesgaiztoa izan dadin lortu ahal izateko. Ostiral honetan jakin denez, baina, borroka hori are konplikatuagoa izan daiteke. Science aldizkarian plazaratu den azken ikerketa erraldoiaren arabera, zelulen banaketan izaten diren mutazioek eragiten dituzte hiru minbizitatik bi. Hitz xumeetan esanda, txiripak abiatzen ditu minbizi gehienak.

Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein egileek duela bi urte inguru proposatu zuten ideia hori, aurrenekoz. Orain, askoz ere datu gehiagorekin, berriro ere mahaiaren gainean jarri dute hipotesia. Lehen aldiz proposatu zutenean, hipotesiak hautsak harrotu zituen. Ana Zubiaga EHUko Genetika katedradunak gertutik jarraitu zuen tirabira. «Oroitzen naiz iritzi artikulu asko atera zirela horren harira, baita zientzia artikulu ugari ere. Orduan askok esan zuten matematikoki gauzak ez zirela ondo egin, eta datu horien inguruan bestelako interpretazioak proposatu zituzten».

Eboluzioaren oinarrian

Zergatik horrenbesteko zalaparta, ordea? Zubiagak arazoaren nondik norakoak azaldu ditu. «Urte askotan epidemiologoek esan dute ingurumenak eragin handia duela minbiziaren sorreran: elikadura ezegokiak edo erretzeak, adibidez. Egile horiek zioten, aitzitik, ingurumenaren garrantzia kontuan hartu behar dela, baina gehienbat berez sortzen diren mutazioak direla minbizia sortzen dutenak. Finean, hasierako artikulu horrekin geratzen zen sentsazioa zen prebentzio metodoek ez zutela ezertarako balio».

2015ean argitaratutako lanean Ameriketako Estatu Batuetako gaixoek izandako minbiziak baino ez zituzten aztertu. Horrek kritika ugari ekarri zizkien egileei, nolabaiteko alborapen geografiko bat ere izan zitekeelako. Oraingoan, ordea, 69 herrialdetan izandako kasuak aztertu dituzte.Gakoa, beraz, zelulen bikoizketan omen dago. «Zelula amak bikoizten direnean, sortzen diren bi zeluletatik batak jarraitzen du zelula ama izaten. Bigarrena, berriz, ugaritzen da, gero ehuna hornitzeko edo zelulak berriztatzeko, esaterako. Uste da bikoizketa prozesu horretan izaten direla bikoizketa akatsak, eta, beraz, mutazio gehienak». Berez sortzen diren mutazio horiek normalak direla azpimarratu du adituak. «Ezin ditugu ekidin. Mutazioak dira eboluzioaren oinarria. Denok, berdin-berdinak izango bagina, orduan hautespen naturalaren aurrean ez genuke abantailarik edo desabantailarik izango. Eboluzionatu ahal izateko aukera edukitzeagatik eman behar dugun pagua da beraz».

Arkaitz Carracedo CIC Bioguneko ikertzaileak azpimarratu duenez, ingurumenak ere zatiketa horietan eragina du. «Jasotzen ditugun mutazioak akatsen ondorio dira, baina ingurumenak edo bizi-ohiturek prozesu hori indartzen dute. Adibidez, tabakoak gure zelulen zatiketan akatsak sartzen ditu. Horrela, akats horiek izateko probabilitatea handitzen da». Ikuskera berriak dakartza azterlanak, haren ustetan: «Ikerketa honetan argi ikusten da minbizi mota ezberdinek arrisku faktore ezberdinak dituztela. Minbizi bakoitza mutazioetan izandako akatsen ondorioa da, baina minbizia ez da gaixotasun bakar bat, ehun baino gehiago baizik».

Carracedok adinaren garrantzia azpimarratu du. «Erlazio estua aurkitu dute minbizia eta zelula amen zatiketaren artean, eta hori adinari lotuta dago. Zenbat eta gehiago bizi, orduan eta gehiago zatituko dira zelulak gorputzeko ehunak berritu ahal izateko, eta, alde horretatik, akats gehiago eragin ditzakete».

Zoria premiazkoa izan ala ez, mundu osoan arazoari aurre egiten saiatzen ari dira. Ana Zubiagaren lantaldean, esaterako, minbiziaren oinarrizko mekanismoak aztertzen ari dira.

Bereziki zelulen ugaritzea arautzen duen proteina talde bat dute jomugan. «Erretinoblastoma/E2F izena dute proteina horiek. Arazoa da, testuinguruaren arabera, onkogenikoak ala antionkogenikoak izan daitezkeela. Zenbait laborategitan proteina horien aurka inhibitzaileak bilatzen ari dira, baina guk hori zein kasutan egin behar den zehaztu nahi dugu, horrela, hartu beharreko bidea modu askoz ere finagoan erabaki ahal izateko».

Prebentzioa, oinarri

Carracedoren taldean, bestetik, ondo ulertu nahi dute zer gertatzen den zelula normal bat minbizi zelula bihurtzen denean. Bide horretatik heldu nahi diote arazoari. «Minbizi zelula bat ingurune zailean dago beti; inguruneak ez dio bidea erraztuko. Gorputza saiatuko da zelula hortik kentzen, eta zelula babeste sistemak garatzen saiatuko da. Horrek ahuleziak ekarriko dizkio zelulari, eta ahulezia horiei probetxua atera nahi diegu».

Facebooken garaian aise zabaltzen diren titulu soiletatik harago, beraz, adituengana jotzea da hoberena. Eta aditu biak irmotasunez mintzo dira: prebentzioa premiazkoa da. Zubiagak laburbildu du zergatia. «Prebentzioa egin daiteke, eta ez soilik txiriparik kanpo dagoen heren horretan. Mutazio bakar bat ez da nahikoa minbiziak sortzeko, mutazio bat baino gehiago behar da, eta ingurumenak hori erraztu dezake».

Beraz, eta neurri batean minbizia zorigaiztoko loteria saltzaile petral horren eskuetan badago ere, norberak erabaki behar du egokitu zaion dezimoarekin nahikoa duen ala begien aurretik pasatzen diren loteria billete guztiak eskuratu nahi ote dituen.]]>
<![CDATA[Hitzen doinuak pizten du garuna]]> http://www.berria.eus/paperekoa/1987/014/001/2017-03-19/hitzen_doinuak_pizten_du_garuna.htm Sun, 19 Mar 2017 00:00:00 +0100 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/1987/014/001/2017-03-19/hitzen_doinuak_pizten_du_garuna.htm
Aste honetan, gaiaren inguruan izan diren azken aurrerapenen inguruan hitz egin dute hainbat adituk Donostian, BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroak eta Eureka zientzia museoak antolatutako Garunaren Astean. Gazteentzako zein helduentzako hitzaldietan, arlo horretan izan diren azken aurrerapenak gizarteratzea izan dute helburu mintzatu diren ikertzaileek. Bertan parte hartu duten hiru aditurekin hitz egin du BERRIAk.

Testu baten aurrean, hor azaltzen den hizkuntza ezaguna ala ezezaguna suerta dakioke irakurleari. Zenbait kasutan, halaber, hizkuntza hori zaila edo erraza izan daiteke, eta, gustuen arabera, polita edo itsusia. Baina ziurrenik irakurle gehienek ez dute bereiziko hizkuntza bat gardena edo opakua ote den. Adituek, ordea, ezberdintasun hori gertutik aztertzen dute, funtsezkoa izan daitekeelako hizkuntzen ikasketa erraztuko duten estrategiak garatzeko.

Jaione Arnaez BCBLko ikertzaileak azaldu du aldea. «Guretzat, hizkuntza gardenak honako hauek dira: idazten diren bezala irakurtzen direnak. Halakoak dira euskara eta gaztelera, esaterako. Letra eta fonemen arteko korrespondentzia osoa daukate. Opakuen kasuan, berriz, korrespondentzia hori ez da gertatzen. Ingelesa eta frantsesa halakoak dira».

Adituak ingelesetik hartutako adibide batzuk aipatu ditu: ear (entzun), heart (bihotza) eta meat (haragia). «Hitz horietan guztietan, ea letra pareak fonema ezberdinak sortzen ditu. Berdin idatzita ere, ezberdin ahoskatzen da». Baina kontrakoa ere gertatzen da: meat (haragia), feet (oinak) eta delete (ezabatu). «Ezberdin idatzita ere, horiek berdin irakurtzen dira», azaldu du adituak.

Irakurtzean, garunak bi aldetatik prozesatzen du informazioa: «bide dortsala eta bentrala dira horiek». Lehenak, hain justu, fonologia prozesatzen du; bentrala, berriz, informazio lexikoa edo semantikoa prozesatzeko erabiltzen da.

Ama hizkuntza gisa gaztelera eta bigarren hizkuntza gisa euskara edo ingelesa zuten lagunek parte hartu duten ikerketa batean aritu da Arnaez. «Erresonantzia magnetikoaren bidez ikusi ahal izan genuenez, bigarren hizkuntza opakua zen kasuetan [ingelesa], bereziki bide bentrala erabiltzen zen; hau da, bide lexiko-semantikoa. Bigarren hizkuntza gardena zenean [euskara], bereziki, bide dortsala edo fonologikoa erabiltzen zen».

Hizkuntza bat irakurtzen irakasteko garaian metodologiarik egokiena zein den erabakitzeko lagungarria izan daiteke aurkikuntza. «Adibidez, euskaraz edo gazteleraz ikastean, hizkiaren mailara jotzea hobea dela. Baina, hizkuntza opaku bat irakurtzen irakasteko, egokiagoa da kontzeptu lexikoa jorratzea; hau da, hitzak osotasunean ikastea».

Aldaketak

Erabilitako hizkuntza gardena edo opakua izanda ere, beste esperimentu batean aurkitu dutenez, irakurtzen ikasteak garunaren funtzionamendua bera aldatzen du. Horretaz jabetu dira ikertzaileak garuna«irakurri» dutenean. Hori egiteko, zenbait umeri magnetoenzefalogramak egin dizkiete, buruan kasko bat jarrita. «Ez larritu, teknika ez-inbaditzailea da», zehaztu du Sendy Caffara psikologoak. Duela hiru urte eta erdi etorri zen Caffara Italiatik Euskal Herrira, eta hitzak eta esaldiak ulertzean burmuinean zer gertatzen den ikertzen dihardu bereziki.

Horretarako, haurrak bi taldetan banatu zituzten. Batetik, oraindik irakurtzen ez zekitenak, eta, bestetik, irakurleak. «Guztiei ataza berberak jarri genizkien, horietako batzuk hizkuntzari loturikoak, eta, beste batzuk, hizkuntzarekin harremanik ez zutenak». Bereizketaren arrazoia, noski, irakurketari loturik dauden garuneko prozesuak bereiztea da. «Aldaketak topatu genituen, adibidez, ordenagailu baten pantailan hitz bat irakurtzean edo zuri-beltzeko irudi sinpleak ikustean». Emaitzak ikusita, ikertzaileek argi daukate irakurtzen hasten denean garunaren funtzionamendua aldatu egiten dela. Psikologoak espero du halako ikerketak lagungarriak izango direla, batez ere ondo irakurtzen ez dakiten umeen kasuan, ondo funtzionatzen ez duena zehaztu ahal izateko.

Saima Malik psikologoa ere duela hiru urte inguru heldu zen BCBL ikerketa zentrora, neurozientzia kognitiboaren alorrean lan egitera. Malikek beste alor batean jarri du arreta: analfabetoengan. Irakurtzen jakin ala ez, horren araberakoa izan daiteke garunaren portaera. Adituak azaldu duenez, gehienbat garunaren plano tenporalean ikusten dira alde horiek. «Analfabetoen kasuan, garunaren eremu horretan aktibazio gutxiago dago. Bitxia da, hizkuntza entzutean pizten den eremua baita. Ez da pizten, ordea, edozein soinu entzutean, hizkuntzari lotutako soinuen kasuan baizik. Eta soinua ez egonda ere, pertsona baten ezpainak irakurtzen ditugunean ere pizten da».

Euskarri berriak

Irakurtzeko euskarriei dagokienez, teknologia berriak ikasgeletan eta etxeetan sartzen diren heinean, kezka sortu da hainbat sektoretan. Irakurtzen eta idazten ikasteko orduan, komenigarria al da tablet eta antzeko gailuak erabiltzea edo orain arte erabili diren baliabideak —liburuak— sustatu behar dira?

«Horren inguruan ikerketa asko egiten hasi dira, gailuekiko elkarrekintza gehiago baitago egunotan. Erabilera horrek eragin bat, izan, izango du, seguruenera, baina oraindik ez dakigu nolako izango den», nabarmendu du Caffarak.

Malikek, berriz, abantailak eta desabantailak ikusten ditu teknologia berriek ekarri duten aldaketa horretan. «Gauza guztietan gertatzen den bezala», zehaztu du. «Horien inguruan egiten den erabilera da garrantzitsuena. Baina eskura izanez gero, eta teknologia hori baliagarria bada, ongi etorria izan dadila».

Arnaez, berriz, sutsuago solastatu da teknologia horien ondorioz sortutako baliabide berrien erabileraren alde. «Tira, ezagutza ezagutza da, eta gauza berriak ikastea beti izango da onuragarria. Irakurtzen eta idazten jakitea oso garrantzitsua da, bai paperean eta bai digitalean, baina, kontzeptualki, antzekoak dira. Batak ez du bestea kendu behar. Lapitzarekin eta paperarekin idaztea garrantzitsua da, baina ona da teknologia berriak sartzea ere».]]>
<![CDATA[Neandertalei so, eta ahoa bete hortz]]> http://www.berria.eus/paperekoa/2079/014/002/2017-03-12/neandertalei_so_eta_ahoa_bete_hortz.htm Sun, 12 Mar 2017 00:00:00 +0100 Juanma Gallego http://www.berria.eus/paperekoa/2079/014/002/2017-03-12/neandertalei_so_eta_ahoa_bete_hortz.htm Bona tarda, Carles. Azalduko zenidake, sikiera minutu pare batean, nola berreraikitzen duzuen antzinako DNA? Badakizu, polimerasaren kate erreakzioaren kontu hori guztia… zure liburu batean irakurrita daukat». Autobusetik atera eta etxera heldu berria bada ere, Carles Lalueza Fox paleogenetistak adorez hartu du enbidoa. «Tira, hori jada ez dugu egiten, zaharkitua gelditu zara gero!».

Kazetariek egiten dituzten galdera memeloen antologiarako hautagaitza egokia izateaz gain, anekdota txiki hori genetikaren arloan dagoen abiadura biziaren erakusle ere bada.

1984an aurkitu zuten antzinako DNA «berreraikitzeko» teknika, eta benetako iraultza eragin zuen. Ordudanik, iraganera bidaiatzeko tresna bikaina bihurtu da. Horri esker, besteak beste, lehen aldiz neandertal baten material genetikoa eskuratu zuten 1997an. Aurkikuntza horren atzetik beste asko etorri dira, eta sakabanatuta zeuden puzzle erraldoi horren piezak lotzen hasiak dira adituak.

Horrez gain, baina, bigarren iraultza izan da paleogenetikan, eta, kazetari guztiak horretaz jabetu ez direnez, Lalueza Foxek teknika berria pazientziaz azaltzeko adeitasuna izan du. «Aipatu duzun polimerasaren teknika hori baliatuz, DNA eraikitzeko gai ginen, baina laginean zeuden beste DNA aztarna guztiak betiko txikitzen ziren. Ondorioz, lortu nahi genuen kate konkretua zein zen erabaki behar genuen. Normalean, gizakiaren genoma nahi genuen. Orain, ordea, bigarren belaunaldiko teknikak erabiltzen ditugu. Sekuentziazio masibo honen bitartez, posible da lagin batean dagoen informazio guzti-guztia eskuratzea».

Bartzelonako Biologia Ebolutiboko Institutuan lan egiten du Lalueza Foxek, eta paleogenetikaren alorrean ospe handiko aditua da. Ohikoa da haren izena aurkitzea antzinako materialen inguruko azterketa sonatuetan; aste honetan Nature aldizkarian agertutakoa ez da salbuespena izan.

Hortzetako lertzoa

Zenbait neandertalen hortzetan agertutako kaltzifikazioak aztertu dituzte lan horretan. Duela 42.000 eta 50.000 urte bitartean bizi izan ziren gizaki horien hortzetako plakaren barruan «harrapatuta» gelditu da jan zutenaren arrasto genetikoa. Sekuentziazio masiboa erabiliz, bertan zegoen guztia atera da argitara orain.

Zehazki, Spyko (Valonia) eta El Sidrongo (Espainia) aztarnategietako lau neandertalen laginak aztertu dituzte. Valoniako neandertalen kasuan, errinozero iletsuaren, basa ardiaren eta perretxikoen arrastoak agertu dira hortzetan. El Sidrongo gizakiek, berriz, landareetan oinarritutako elikadura omen zuten: pinaziak eta goroldioa agertu dira, eta, kasu honetan ere perretxikoen aztarnak ikusi dituzte. Kasualitatea ala ez, El Sidrongo gizakien kasuan, begetaletan oinarritutako elikadura baino ez dago, eta Valoniako neandertalen artean, berriz, haragia da nagusi.

El Sidrongo norbanako batek osasun arazoak zituela ere ondorioztatu dute. Hortzetan abzesua zeukan, eta beherako zorrotza eragiten duen hezeetako parasito baten seinalea ere ageri da analisietan. Baina, zalantza barik, deigarriena da haren hortzetan makalaren eta Penicillium lizunaren aztarnak ere ageri direla. Gaurko hitzetan esanda, eta asko sinplifikatuz, aspirina eta antibiotikoa.

Baina neandertalek benetan erabiltzen al zituzten botika horiek? Makalaren eta lizunaren arrastoak azaltzeko beste argibiderik ez dago? Ezezkoan dago Laluzeza Fox. «Beste azalpenik ez zait bururatzen. Baina ez da harritzekoa: neandertalen inguruko ideia sinpleegia dugu gehienetan. Ehiztari biltzaileak izanda, haien bizimodua gaur egun Afrikan edo Amazonas aldean dauden halako populazioen antzekoak izango zen seguruenera. Nolabaiteko ezagutza enpirikoa izan behar zuten, eta kulturaren bitartez transmitituko zuten ezagutza hori. Lagungarriak ziren landareei buruzko ezagutza bat ere bai, esaterako».

Elikadurari eta osasunari buruzko datu horiek eskuratzeaz gain, orain arte sekuentziatu den mikrobio baten genomarik zaharrena lortu dute ikerketa honetan: Methanobrevibacter oralis izenekoa. Duela 50.000 urteko zomorro baten genoma, alegia.

Adituak espero du teknika hori baliagarria izango dela museoetako eta unibertsitateetako biltegietan gordeta dauden hortz fosiletatik informazio berria lortzeko. «Ez dakit noraino jo ahal izango dugun atzera. Atapuercan, esaterako, duela 400.000 urteko hortz kalkulu baten fosila dago, eta badirudi kaltzifikazio honek ondo babesten duela informazio genetikoa. Iraganeko gizaki guztiek, noski, ez zuten kalkulua, eta aspaldi berreskuratutako fosilen kasuan, gainera, informazio mordoa galdu da, arkeologoek fosilak garbitzen zituztelako».

Lalueza Foxen arabera, ikerketak aukera berriak irekitzen ditu, elikaduraz gain, neandertalen mikrobiomaren inguruko datu gehiago lortzeko. «Erregistro fosilean aurkitu ezin den informazioa lortzeko aukera berriak zabaltzen dira, eta bide horretatik espezie horri buruzko irudi errealagoa osatu ahal izango dugu».

Neandertalen inguruko irudia gehiegi sinplifikatuta dagoela uste du Asier Gomez Olivencia EHUko paleoantropologoak ere. «Neandertalek botikak hartzen zituztela jakiteak ez ninduke harrituko. Txinpantzeen kasuan ere horrelako kasu dezente topatu dira. Bestalde, 2012ko artikulu batean proposatu zen El Sidrongo neandertal batek kamamila eta milorria kontsumitu zituela, botika gisa». Adituak adierazitakoaren arabera, artikulu hori argitaratu eta gero beste ikertzaile batzuek proposatu zuten agian neandertalek belarjaleen urdailaren barrukiak jango zituztela. «Baina bai, seguruenera landare botika bat baino gehiago ezagutu eta erabiliko zuten».

Neandertal kulturak

Adituaren ustez, paleoantropologiaren bidez eskuratutako informazioa baieztatzen dute ikerketan planteatzen diren hainbat ideiak. «Hemen berresten da, esaterako, neandertalek lekuaren eta tokiaren araberako elikadura zutela. Geografiari eta kronologiari begira, ulertzekoak dira alde horiek, klima eta biotopo desberdinak zirelako».

Neandertalek kanibalismoa praktikatzen zutela dioten azken ikerketei buruz galdetuta, albisteen testuingurua zehaztu nahi izan du Gomez Olivenciak. «Ebidentzia hori topatu dugu; nik neuk iaz parte hartu nuen ideia hori berresten zuen ikerketa batean. Baina ez dakit noraino esan ahal dugun kanibalak zirenik. Badakigu une konkretuetan hori egin zutela, baina ez dakigu orokorra zen ala ez. Gure espezieak ere hainbat garaitan kanibalismoa praktikatu du, baina, oro har, ez dugu geure burua kanibaltzat jotzen».

Horrekin lotuta, beste ideia bat nabarmendu du paleoantropologoak: gizaki modernoarena bezala, neandertalena espezie kulturala zela. «Talde desberdinek leku desberdinetan eta garai desberdinetan gauza desberdinak egin zitzaketen. Horregatik, neandertal kulturei buruz hitz egiten hasi beharko genuke, pluralean».

Hilobiratzeari dagokionez ere, zalantzak nagusitzen dira. «Ez dakigu hilobiratzea zerbait arrunta zen ala ez, baina badakigu, gutxienez, zenbait kasutan hala izan zela. Guk portaera hori zuzenean hildakoekiko begirunearekin lotzen dugu, baina ez dakigu horren zioa hori izan ote zen. Demagun gorpuak ibaietara botatzen zituztela begirune hori adierazteko. Hala izan balitz, horren aztarna fosilik ez genuke izango». Zalantzak zalantza, duela 100.000 urte inguru une erabakigarria gertatu zen, Gomez Olivenciaren arabera. «Data horren inguruan zerbait gertatu zen, bai neandertalen eta bai gizaki modernoen hezurdura osoak agertzen hasten baitira».

Ezagutza soiletik harago, iraganera hurbiltzearen balioa aldarrikatu du adituak: «Denboran zehar espezieak agertzen eta desagertzen dira, eta horrek, espezie moduan, zer pentsa eman beharko liguke».]]>