'Egunkaria'-ko itxierako auzipetuak; absolbitu egin zituzten »

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2010eko apirilaren 12an absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, ETArekin loturarik ez zutela izan argudiatuta. 2009ko abenduaren 15etik aurtengo otsaileran 1era arte izan zen epaiketa, Auzitegi Nazionalean. Epaia joan den maiatzaren 4an behin betikoa eta irmoa bihurtu zen.

Joan Mari Torrealdai

JOAN MARI TORREALDAI

(Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohia, Jakin-eko zuzendaria eta euskaltzaina)

Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa

Euskal kulturgintzan erreferentzia

Egunkaria-ko Administrazioko Kontseiluko lehendakari ohia, Jakin aldizkariko zuzendaria eta euskal kulturgintzan erreferentzia diren hainbat lanen egile da Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia; 1942) soziologoa. Martin Ugalderekin eta Joxemi Zumalaberekin batera Egunkaria Sortzen taldean bozeramaile izan zen euskarazko egunkaria sortu aurreko hilabeteetan. Egunkaria kalean zegoela, Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko kide zela, Kontseiluko Editorialeko lehendakaritza hartu zuen Torrealdaik. Urteak egin zituen kargu horretan, Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakari izendatu zutenean Kontseiluko lehendakaritza hartu zuen arte.

Jakin pentsamendu aldizkariko zuzendaria da 1977az geroztik. Aurrez ere, 1967-1969 aldian, Jakin-eko zuzendaria izan zen; Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen hedabidea 1969an. Berriro han buru aritu aurretik, 1974tik Anaitasuna astekariko zuzendaria izan zen. 1973an Iraultzaz saiakera liburua argitaratu zuen.

Jakin-en 1977tik urtez urte argitaratu dituen euskal liburu produkzioaren azterketa eta katalogoa erreferentzia dira euskal liburugintzan. Aldizkarian urteroko produkzioaren berri emateaz gain, XX. mendeko euskal liburu guztiak katalogatu ditu (1993an XX. mendeko euskal liburuen katalogoa atera zuen).

1977an Euskal Idazleak Gaur liburua kaleratu zuen, eta handik hogei urtera obra haren jarraipentzat jo daitekeena plazaratu zuen: Euskal Kultura Gaur. XX. mendeko euskal literatura eta liburugintza ezagutzeko ezinbesteko erreferentzia dira bi obra mardul hauek.

Martin Ugalderen elkarrizketa biografikoaren egilea ere bada (Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribiara, 1998), baita euskararen eta euskalgintzaren aurkako erasoak jasotzen dituen El Libro Negro del Euskera (1998) liburuarena ere.

2000an Artaziak-euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 liburua argitaratu zuen, 2004an Imanol Murua, Gipuzkoako alkate. Aurtengo urrian bertan aurkeztu du azkeneko liburua, Imanol Murua Uriarekin batera: Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai, erakundearen 90. urtemugan.

Gizarte Zientzietan lizentziatu zen Parisen, eta Soziologia doktoratu Deustuko Unibertsitatean. Frankismoko zentsurari buruz egin zuen tesia (Gobernu zentsura eta euskal liburua 1936-1983), eta gaiari buruz hainbat liburu ere argitaratu ditu, euskaraz nahiz gazteleraz.

Euskaltzain osoa da 2007ko azaroaren 30etik, eta 2009ko urriaren 31n egin zuen sarrera hitzaldia, Foruan (Bibliografiatik Bibliotekara. Esperientziari leihoa). Hain zuzen, haren izena du Foruko Kultur Etxeak.

Usurbilen (Gipuzkoa) bizi da.

BerriaTBk Joan Mari Torrealdairi bere ibilbideaz eginiko elkarrizketa hemen

Iñaki Uria

IÑAKI URIA

(Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari ohia, Egunkaria-ko zuzendari izandakoa eta Hamaika Telebistako zuzendaria)

Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa

Kazetari, zuzendari, kontseilari ordezkari

Iñaki Uria (Zarautz, Gipuzkoa; 1960) euskalgintzan aritu da beti. Medikuntza ikasketak hasi zituen arren, euskalgintzan murgildu zen. 1980an Susa literatura aldizkarian idazteari ekin zion. Euskal Filologia ikasten ari zen garai hartan, eta 1982an hasi zen Zeruko Argia izatetik Argia izatera pasatu berria zen aldizkarian. Argieroen taldea osatu zuen han, Joxemari Ostolaza, Joxemi Zumalabe zena, Pello Zubiria, Josu Landa eta Jon Barandiaranekin. Lehen hiru urteak oso biziak eta gogorrak izan ziren. Haietako inor ez zen aldizkarian egindako lanetik bizi. Zubiriak eta Landak bezalaxe, euskarazko eskolak ematen eta itzulpenak egiten irabazten zituen sosak. Amapa enpresan ere aritu zen lanean, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri sarreretan zeuden panel informatiboak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroarako ere egiteko helburuarekin.

Argia-ren proiektua sendotuta zenean, eta Zumalabek puntua jarrita, euskarazko egunkaria sortzeko ahaleginetan hasi zen Uria, beste hainbatekin batera. Hamaika bilera eta buruhausteren ondoren, Egunkaria Sortzen talde eragilea sortu zuten 1990eko urtarrilean. Urte hartako abenduaren 6an argitaratu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren 1. zenbakia, eta Uria zen zuzendariordea -zuzendaria, Zubiria-. 1992a eta 1993a bitartean, berriz, zuzendaria. Martxelo Otamendik egunkariko zuzendaritza hartu zuenetik, Uriak Egunkaria-ko kontseilari ordezkari kargua bete zuen 2003ko otsailaren 20ra arte, Guardia Zibilak kazeta itxi arte.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren sorreran ere parte-hartze handia izan zuen, eta bertako presidente ere izan zen aldi batez, Egunkaria-ren izenean.

Halaber, eskualdeko egunkariek 2001eko abenduan bideari ekitean Tolosaldean Egunero-rekin, Uria izan zen sortzaileetakoa.

2006tik Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko zuzendari nagusia da. EKT, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea, Corporacion Multimedia del Norte, Euskaltel, Elkar eta Bainet enpresak biltzen ditu Hamaikak.

Zarautzen bizi da.

BerriaTBk Iñaki Uriari bere ibilbideaz eginiko elkarrizketa hemen

Txema Auzmendi

TXEMA AUZMENDI

(Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkari ohia, kazetaria eta jesuita)

Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa

Prentsan eta irratian

Txema Auzmendi (Ordizia, Gipuzkoa; 1949). Egunkaria Sortzen herri ekimeneko bultzatzaileetakoa izan zen eta, proiektua gauzatu zenetik, Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen, 2003ko otsailaren 20ra arte.

Josulagundian 1968an sartu zen (1978an apaiztu zen). Bilbon hasi zituen goi mailako ikasketak, Deustuan. Han lizentziatu zen Filosofian; Alemanian, berriz, Teologian. Herrien eskubideei buruz egin zuen tesia. Urtebetez Filosofia eskolak eman zituen Deustuan, eta gero Azpeitira (Gipuzkoa) joan zen, Loiolara.

Hiru urte egin zituen Azpeitian Iraurgi ikastetxean irakasle, 1985ean hasita. Ondoren Donostiara joan zen, eta 1988an ekin zion saioak egiteari Herri Irratian. Jende xumea, baztertuak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak... denetarik pasatu da hark zabaldutako mikroaren aurretik. Juan Lekuona Donostiako Herri Irratiko zuzendaria zela zuzendariordea izan zen Auzmendi. Joan den abuztuan egin zuen azken irratsaioa. 21 urte egin ditu Herri Irratian.

Azkeneko 21 urteetan Donostian egon da, eta orain Kataluniara joatekoa zen aldi baterako, baina epaiketa bukatu artean Loiolako santutegian egongo da.

BerriaTBk Txema Auzmendiri bere ibilbideaz eginiko elkarrizketa hemen

Martxelo Otamendi

MARTXELO OTAMENDI

(Egunkaria-ko zuzendari ohia eta BERRIAko zuzendaria)

Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa

1993tik zuzendari lanetan

1993tik kazetaren itxiera arte Egunkaria-ko zuzendaria izan zen Martxelo Otamendi (Tolosa, Gipuzkoa; 1957), eta 2003ko ekainetik BERRIAko zuzendaria da. 1977an ekin zion euskalduntze lanari: Tolosako gau eskoletan lehenik, AEKn jarraian eta Udal Euskaltegian gero. 1984an izan zuen lehen harreman zuzena euskal komunikabideekin, Egin egunkarian Egun on sailean idazteko aukera eskaini ziotenean.

1987tik 1989ra, ETBn aritu zen lanean, Tolosako Udal Euskaltegian bi urteko eszedentzia eskatuta. Txoria dut maite programaren ardura hartu zuen bere gain. Ondoren, Aste ero asteroko saioko zuzendaria izan zen. ETBko lanak promozionatzea izan zen Otamendiren orduko lan nagusia. Jaioterriko Galtzaundi Euskara Taldean ere buru-belarri murgildu zen. ETBn barne ekoizpena eragiteko aukera izan zuen bi urtetan, eta Boisera (AEB) jo zuen ondoren. Tolosako euskaltegira lanera itzuli zen handik, eta ETBko Babel programa egin zuen urtebetez. Euskaltegia utzi, eta Egonean giro magazina zuzentzeari ekin zion ETBn; 1991 urtea zen, eta urte eta erdiz bete zuen lan hura.

Kazetariek eta herritarrek zuzenean euskarazko adierazpenak jasotzeko gune bat behar zutelakoan, euskarazko hitzaldiak bultzatzea eta eskaintzea helburu zuen Tolosako Galtzaundi Foruma abiarazi zuen jarraian. Xabier Arzalluz EAJko orduko presidenteak estreinatu zuen Foruma, eta Euskal Herriko pertsonaia ezagun asko pasatu zen geroztik gunetik.

1993ko ekainaren 9an ekin zion Egunkaria-ko zuzendari lanari. Gainerako egunkarien aldean baliabide kaskarragoak zituen kazeta aurkitu zuen. Egoera horrek hobera egin zezan aritu zen ordutik, Egunkaria-ko gainerako langileekin eta irakurleekin batera. 1998ko abenduaren 24an Galtzaundi aldizkarian, Espainiako Poliziak Egin itxi eta bost hilabetera, Euskal Herrian adierazpen askatasuna gaixo dagoela zioen: "Ez dago eskubiderik Egin-ekin egin dutena egiteko. Adierazpen askatasuna ez da kaltetua izan den bakarra; irakurleen informazioa jasotzeko eskubidea ere urratua izan da. Berrehun kazetarik munduaren euren ikuspegia emateko eskubideaz gain, milaka eta milaka irakurle kaltetuak izan dira".

Eskualdeko egunkariek 2001eko abenduan ekin zioten bideari, Tolosaldean Egunero-rekin, eta Otamendi izan zen sortzaileetakoa.

Tolosan bizi da.

BerriaTBk Martxelo Otamendiri bere ibilbideaz eginiko elkarrizketa hemen

Xabier Oleaga

XABIER OLEAGA

(Egunkaria-ko zuzendariorde ohia eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban Komunikazio aholkularia)

Zigor eskaera: 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa

Kazetari beteranoa

Xabier Oleaga (Erandio, Bizkaia; 1956) gazte-gaztetatik hasi zen euskararen munduan murgiltzen, euskara irakasten. AEK-ko sortzaileetakoa izan zen.

Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian hasi zen kazetari. Ondoren, Egin egunkarira pasatu zen, eta 1990ean Egin-eko zuzendari izendatu zuten. Bi urte beranduago kargua utzi eta kazetari lanetan jarraitu zuen han.

Ia bi urte eszedentzian egon ostean, 1995etik Egunkaria-n egin zuen behar, zuzendariorde gisa.

1997tik aurrera ikastolen munduan dabil: Partaide ikastolen elkartean jardun du, zuzendaritza batzordeko kide eta Komunikazio arduradun gisa, eta 2009tik Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban Komunikazio aholkularia da. Horrez gain, Oleagak urteak egin ditu Orereta ikastolako lehendakari karguan.

Errenterian (Gipuzkoa) bizi da.

BerriaTBk Xabier Oleagari bere ibilbideaz eginiko elkarrizketa hemen

BERRIAko gehigarria (2010-04-13)
BERRIAko gehigarria (2010-04-13)
Epaia PDFn (2010-04-12)
Epaia PDFn (2010-04-12)
BERRIAko gehigarria (2010-04-27)
BERRIAko gehigarria (2010-04-27)
BERRIAko gehigarria (2014-10-15)
BERRIAren gehigarria (2014-10-15)
BERRIAko gehigarria (2015-12-06)
BERRIAko gehigarria (2015-12-06)
Egunkaria 1990-2003 (argazki sorta)

Egunkaria-ren bosgarren urteurreneko festa, 1995eko abenduan, Donostiako Belodromoan. Mirri, Txiribiton eta Txirri pailazoak

Egunkaria-ren bosgarren urteurreneko festa, 1995eko abenduan, Donostiako Belodromoan. Mirri, Txiribiton eta Txirri pailazoak

'Gezurra ari du' liburua
Gezurra ari du liburua PDFn
'Amesgaiztoa' liburua
Amesgaiztoa liburua PDFn
Egunkaria.info webguneak
Egunkaria libre!
Egunkaria International

Berria.info 2009