2014-10-15

«Lasaitasuna da, ez justizia»

Zama handi bat gainetik kendu izanaren sentsazioa izan dute auzipetuek artxibatzearen berri jasota.

11 urteotan, gainean izan dute auziaren mamua, eguneroko bizimoduan bazter uzten saiatu arren

Hodei Iruretagoiena

Poza, urteetako zama gainetik kentzea. Hori sentitu dute Egunkaria auziko pieza ekonomikoan auzipetutakoek, beren aurkako epaiketarik ez dela egingo jakitean. Zama, izan ere, denbora luzekoa izan baita, eta karga handikoa. 2003ko otsailean sartu zen Guardia Zibila lehen aldiz Martin Ugalde kultur parkean: Egunkaria itxi, hamar lagun atxilotu... Biharko egunez izan zen bigarren operazioa. Atzo arte iraun duena.

Zortzi lagun atxilotu zituzten 2003ko urriaren 16 hartan. Inputazio eta auzipetzeak ez ziren amaitu gero. Azkenean, zortzi auzipetu egon dira, atzo arte, epaiketara joateko arriskuan: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubelzu. Zigor eskaerak: bederatzi urte eta bi hilabete eta hemezortzi urte eta lau hilabetera artekoak. Haietako batzuekin hitz egin dute BERRIAk eta Oarso Bidasoko Hitza-k.

BEGO‘A ZUBELZU



Auzipetua

«Itxieraren garaia izan zen gogorrena. Beldurrik handiena da atxiloketa»



«Pisua kendu dugu gainetik. Azken momentuan, gainean ikusten genuen. Aurretik beti daukazu esperantza, ea artxibatzen duten. Baina azkenengo momentuan, pentsatu genuenean artxibatuko zutela, etorri zen helegitea, fiskalaren jarrera... Esaten zenuen: 'Hemen zein dago atzetik?'. Hor kezkatu ginen. Abokatuek ere esan ziguten kezka handia zutela.

»Gero, garaiak daude. Hemen lanean nenbilenean, ezberdina zen. Gero, familiarekin, umeekin, badakizu hor dagoela auzia, baina tira. Itxi zenetik BERRIA sortu artekoak, horiek izan ziren garairik gogorrenak. Nahiz eta inputatuta ez egon, kezka eta beldurra handia zen: hor daude, ez dakizu etorriko diren... Beldurrik handiena da atxiloketa. Gu inputatu gintuzten, baina ez gintuzten atxilotu. Ez ginen egon inkomunikatuta. Hori ez pasatzearekin, ni pozik. Beldur horrek egiten du egunerokoa zaila izatea.

»Gero, tira, inputatu gintuztenetik aurrera, saiatzen zara zama hori alde batera uzten. Gainera, ez dago zure esku; Madrilen dago auzia, eta egingo dute nahi dutena. Lehenengo absoluzioarekin, arnasa hartu genuen. Donostiara ekarri zutenean auzia, berriz. Eta esperantza sortzen zaizu artxibatzearena, baina, fiskalak artxibatzearen aurkako helegitea jartzean, kezka sartu zitzaidan berriz. Pozik nago, baina ez dadila berriz pasatu».

AINHOA ALBISU



Auzipetua

«Abokatuak deitu zidan: '26 urte'. 'Niri?'. 'Bai, bai'. Izan zen ikaragarria»



«Poza da lehen sentsazioa. Ezin sinetsita nago: betiko bukatu da. Berri onak izan genituen orain dela gutxi, baina gero zapuztu egin ziren. Oraindik sinetsi gabe nago. Eguneroko bizimodua, orain arte, nahiko lasai eraman dut. Hori bazterrean uzten nuen, eta normal bizi nintzen. Beti daukazu hor, baina oso atzean bezala. Ez pentsa ni asko urduritu naizenik. Artxibatuko zela esatean, denok poztu ginen, baina gero berriro etorri zen helegitea. Hori izan zen: 'Berriro. Hau ez da inoiz bukatuko?'. Inoiz bukatuko ez den gauza baten barruan zaudela sentitzen duzu. Baina, tira: bukatu da.

»Gogoan dut itxiera: hemen genbiltzan lanean. Etorri nintzen goizeko zortzietan; lehenengoa izan nintzen iristen, eta hor zeuden guardia zibilak. Saiatu nintzen lanera sartzen, eta: 'Que no, que no, que está cerrado' (ezetz, ezetz, itxita dagoela). Orduan jakin genuen atxiloketena, eta hasi zen etortzen jende guztia. Gero, bigarren operazioa ez genuen inondik inora espero. Zurrunbilo bat izan zen. Egunero gauza bat gertatzen zen, lanean ere modu prekarioan ari ginen, tokirik ez genuen, Hernanira... Izan zen hori, baina polita ere izan zen. Gaizki pasatu genuen Egunkaria itxi zutelako, baina atera genuen beste proiektu bat: guk, eta laguntzen aritu den jende mordo batek.

»Inputatu ondoren, gogoan dut abokatuak nola deitu zidan: '26 urte'. 'Niri, ala denen artean?'. 'Bai, bai, zuri'. Izan zen ikaragarria, ezin sinestekoa. Momentu batean, 18/98 auzikoak hasi zirenean kartzelan sartzen, hor nabaritu genuen mamu hori: 'Gu ere izan gaitezke'. Gero baretzen hasi zen; Donostiara ekarri zuten auzia, eta pixka bat lasaiago hartu nuen. Oso luzea izan baita, eta gauza asko gertatu dira Euskal Herrian tarte horietan guztietan. Egoera politikoaren arabera ere bizi izan ditugu momentuak, hobeto edo okerrago».

FERNANDO FURUNDARENA



Auzipetua

«Gizartearen babesa eta erantzuna izan da auzi honetan zatirik politena»



«Egun alaia izan da gaurkoa [atzo]. Ez genuen espero gaur ateratzea erabakia, eta niretzat sorpresa izan da denok batera bukatzea, modu honetan. Orain, sentsazioa da lasaituarena. Azkenean karga bat da hau guztia. Poliki-poliki joaten zara aurrera eramanez, eta eramaten duzu. Pasatzen dira urteak, eta ez da hasieran bezala. Ikusten duzu bidea irekiago, badoala, aurrera doala, ondo doala, baina bukatu arte hori hor dago. Eta ez da erraza zure familiarentzat, zure lagunentzat... Ondo bukatzea ospatzekoa da.

»Argi dago auzi politikoa izan dela, eta horrela bukatu da. 11 urte dira, Egunkaria itxita, jendea torturatuta, kartzelatuta... Gogorra izan da, eta bazen garaia. Eskerrak ematea bakarrik geratzen zaigu, jendeari: gizartearen babesa eta erantzuna izan da auzi honetako parterik politena.

»Gizartearen erantzunarekin geratzen naiz. Ez da lehen aldia; Euskal Herriko jendearen erantzuna halakoetan beti izan da ona, eta kasu honetan ere hala izan da. Azkenean, euskararen aurkakoa izan da auzia, ez Egunkaria-ren aurkakoa bakarrik. Azkenean, Euskal Herrian, euskara ere ETA da batzuentzat».

JOAN MARI TORREALDAI



Auzipetua

«Hitz batean, lasaitasuna da. Gero datoz gainerako irakurketak: injustizia...»



«Hitz batekin laburbildu beharko banu, lasaitasuna litzateke. Gero datoz gainerako irakurketak: injustizia, egin zuten bidegabekeria guztia. Hori guztia hor dago, orain ez baita justizia egin, baizik eta sarraskia gelditu, halako batean. Lasaitasuna izan da, ez justizia.

»11 urte dira; gauza asko pasatu dira, eta zaila da laburtzea. Alde batetik, bidegabekeria dago: gure aurkakoa, Egunkaria-ren aurkakoa, euskararen aurkakoa, euskal kulturaren aurkakoa. Hori sentitzen dut barruan, kasik zera solido bat balitz bezala. Eta gero badago satisfazio edo poz handi bat ere, gure jendearen erantzunean. Hori ere izugarria da: zutik mantendu gaitu jendeak. Horretan guztian, nabarmendu nahiko nuke jaso dugun guztia. Azken batean, maitasuna. Babesa, laguntza eta hori guztia, maitasuna da. Jendeak ez du lepo atzean jotzen faltsukeriaz. Hurbiltasun izugarria sentitu dugu».

JOXE MARI SORS



Auzipetua

«Justiziarik ez da egin, baina gizarteak lehen unetik absolbitu gaitu»



«Sentsazio kontrajarriak ditut. Pozik nago, noski, itxuragabekeria hau guztia bukatu delako, baina ez da justiziarik egin. Azken batean zigorra bete dugu, 11 urtekoa, eta, gainera, dena preskripzioarekin bukatu da. Oso pozik, bai, behin ere hasi behar ez zuena bukatu delako, baina ez da absoluzio bat, preskripzioa baizik. Hainbeste urte pasatu eta gero, zigorra ondo bete dugu.

»Justiziarik ez da egin, baina gizarteak absolbitu egin gaitu, bai, lehen unetik gainera. Absolbitu baino gehiago, ez gaitu akusatu. Sinetsi zuten egiten genuen lanean. Izan ere, intentzioa zen euskal kultura kriminalizatzea 'dena ETA da' ideiarekin, eta horren ondorio izan da guk pasatutako guztia.

»Gizarte honek eta euskal kulturak ez zuten merezi hainbeste sufritzea. Babestu gaituzten guztiei eskerrak eman behar dizkiet. Orain, tokatuko zaigu egia idatzita uztea».

BERRIAko gehigarria (2010-04-13)
BERRIAko gehigarria (2010-04-13)
Epaia PDFn (2010-04-12)
Epaia PDFn (2010-04-12)
BERRIAko gehigarria (2010-04-27)
BERRIAko gehigarria (2010-04-27)
BERRIAko gehigarria (2014-10-15)
BERRIAren gehigarria (2014-10-15)
BERRIAko gehigarria (2015-12-06)
BERRIAko gehigarria (2015-12-06)
'Gezurra ari du' liburua
Gezurra ari du liburua PDFn
'Amesgaiztoa' liburua
Amesgaiztoa liburua PDFn
Egunkaria.info webguneak
Egunkaria libre!
Egunkaria International

Berria.info 2009