2015-04-12

Torturaren mina, muineraino

Lehen aldiz plazaratu ditu bere «torturaren markak» Joan Mari Torrealdaik, Baionan bildu jendetzaren aitzinean.

Jasotako tratuak eragindako mina hezur-muineraino hedatu zaio: minbizia duela aitortu du

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Atxilotu zutenetik gaur arte bizi izandako guzia kontatu du lehen pertsonan Joan Mari Torrealdaik Baionan, torturari buruzko jardunaldietako azken mahai inguruan. Detaile xehez eta mukuru beteriko anfiteatroaren aitzinean egin du lehen aldiz jasandako torturen kontaketa. Tortura gisa bizi izan baititu guziak: etxeko atxiloketa, haren dokumentuen eta lanen miaketa, Madrilerako bidaia eta inkomunikazioa; baina baita epaiketaren zain egondako urteak, epaiketa bera eta horrek guziak ekarritako ondorioak ere. «Prozesu guztia izan da tortura: fisikoa eta psikologikoa. Eta horren guztiaren ondorioak orain ari naiz pairatzen». Luzerako ondorioak, gainera, ez dira psikologikoak bakarrik: hezur-muineko minbizia duela jakinarazi du Torrealdaik, eta bizi izandakoari egotzi dio. «Ez naiz sendagilea eta ez dut frogarik aurkeztuko. Nire minbiziak erroak non dituen, ordea, nik garbi dut, eta nire psikiatrak ere bai».

2003ko otsailaren 20an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, eta orduan atxilotu eta torturatu zuten Torrealdai ere. Bi gertakari horiek, kazetaren itxierak eta atxiloketek, arreta bera merezi dute, haren ustez, baina batek ezin du bertzea ezkutatu: «Kalteak, kolektiboak ez eze, indibidualak izan baitira». Historia indibidual hori azaldu zuen atzo Baionan, anitzetan egin ez duen bezala: «Torturarik existitzen ez den baina torturatu ugari ezagutzen dugun herri honetan, ni baino gehiago sufritu duen asko daukadalako inguruan». Varenne institutuak gonbidatuta egin du lehen aldiz kontaketa «modu monografikoan».

Miaketa eta galderak

«Gaueko ordu bat eta erdietan orroka sartu ziren etxean, atea kolpeka txikitu eta sekulako iskanbila eta burrunbarekin, polizia filmetako eraso taldeak balira bezala». Hasieran zer gertatzen ari zen ez zuen ulertzen, baina zerbait larria zela bai: «Kolpean ulertu nuen traputzar bat nintzela haien atzaparretan». Eta etxean bertan hasi ziren inkomunikazioa eta irainak, haurrak hotz agurtu zituela-eta guardia zibil batek hala galdetu baitzion: «Aitaren zein irudi izango dute orain haurrek?». Etxean bezala, Jakin aldizkariaren bulegoan ere dokumentu andana nahaspilatu eta ebatsi zioten: «Inpotentziarik handienarekin ikusten nuen nola ari ziren hondatzen nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna». Egunkaria-ko dokumentazioa soilik hartzeko eskatu arren, ez zioten kasurik egin. «Dena eraman zuten, nire-neurea, Jakin-ekoa, 1960tik honako agendak ere bai. Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki».

Madrilera eraman zuten gero, eta gela txiki batean sartu, bakarrik. Ahotsei esker identifikatu zituen inguruko geletan zituela Txema Auzmendi, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi. Bertzeen berririk, ordea, ez. Eta zein ordu eta egun zen ere, ezin asmatu: «Inkomunikazio aldia deitzen zaio, eta ez da gezurra: erlojurik gabe, 24 orduko bonbilla piztuarekin, kaleko hotsik gabe, eguneko argirik gabe... galduta zaude». Eta airean, isiltasuna, edo burrunba. «Baretasuna hausteko, guardia zibilek burdinazko ateen sarraila kolpe handiz astintzen zuten. Ondotxo ikasi genuen segidakoa: 'zutik paretaren aurka' eta hantxe bertan kaputxa jantzi, eta berak bere eskuz zure burua makurtuz eramaten zintuen galdeketa gelara».

Galdeketetan, beti «protokolo» bera: «Burua estalita, paretaren kontra jartzen ninduten, zutik, zangoak atzera eta zabal-zabal». Eta segidan galderak, kolpeka: «Erregela edo antzeko batekin behin eta berriz zango tartetik eta atzealdetik nire parteetan jo ninduten». Irain eta mehatxu anitz ere bai: «Lagunek salatu eta saldu egin nindutela, mendirik ezingo nuela gehiago igo belaunak txikituko zizkidatelako, emaztea ere bazekartela, haurren paraderoa». Martin Ugalde hil egin zela ere erran zioten, eta biharamunean, lurperatu egin zutela: «Nik sinetsi egin nien».

Deklarazioa buruz ikasi eta deklaratu ondoren, isiltasuna: «Bakardade horretan, nire eta familiaren paraderoa ikusita, negar egiten saiatu nintzen, eta blokeoaren blokeoz ez nuen lortu».

Hezur-muinerainoko mina

Kartzelatik aterata, trauma ondoko estresa zuela erran zion psikiatrak Torrealdairi. Bere paper zaharretan, halaber, izua hezur-muineraino sartu ziotela idatzi zuen. «Orain jakin dut ez nintzela figura literario batez ari, neuk jakin gabe, nire gaitzaren deskribapenaz baizik. Bai, minbizia dut, non eta hezur-muinean. Barrurago ezin. Zuen aurrean egin nahi dut publiko. Bistan da zergatik: deskribatu dudan torturari lotzen diot gaitza, nire minbizia».

BERRIAko gehigarria (2010-04-13)
BERRIAko gehigarria (2010-04-13)
Epaia PDFn (2010-04-12)
Epaia PDFn (2010-04-12)
BERRIAko gehigarria (2010-04-27)
BERRIAko gehigarria (2010-04-27)
BERRIAko gehigarria (2014-10-15)
BERRIAren gehigarria (2014-10-15)
BERRIAko gehigarria (2015-12-06)
BERRIAko gehigarria (2015-12-06)
'Gezurra ari du' liburua
Gezurra ari du liburua PDFn
'Amesgaiztoa' liburua
Amesgaiztoa liburua PDFn
Egunkaria.info webguneak
Egunkaria libre!
Egunkaria International

Berria.info 2009