Azken elkarrizketa

Arantza Urkaregi

Arantza Urkaregi

Hautetsi independentista

2008-03-07 - 12:00

 Erantzundako galderak

19

G. Eskerrik asko, Arantza, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko Berriari, hainbat komunikabidek eman ez diguten tartea eskeini diguzuelako. Eta herritar guztiei, igande honetan abstentzioaren aldeko hautua egin dezala, bera baita aukerarik baliogarriena.

18

G. Ezker abertzalea aurretiko Espainiako Gobernurako azken Hauteskundeetan abstentzioaren alde agertu izan zen, zer dela eta aurten bertara aurkezteko grina hori? Ez al da itxurakeria izan aurkezteko asmo hori ilegalizazioak etorriko zirela ikusita? Iņigo

E. Aurreko hauteskundeetan, ezker abertzaleak Bergarako proposamena plazaratu zuen. Bertan, herri gisa aurkezteko hautua egiten zen. Honetan, independentzia eta marko demokratikoaren aldeko aldarria Madrileraino eramateko aukera ikusten genuen eta horrexegatik zerrendak aurkeztu genituen. PSOEk ilegalizatu zituen zerrendak, EHAK eta EAE-ANV ilegalizatzeko prozedurak martxan jarri zituen eta abar luze bat. Eraso hauen aurrean egindako hausnarketak abstentzio aktiborako deia luzatzea ekarri du. Benetan uste dugu badela garaia norberaren siglak alde batean utzi eta herri gisa jokatzeko, prestatzen ari diren iruzurraren aurrean, herriak eman behar duelako erantzuna.

17

G. Poliziak edo garbiketa zerbitzuek zuen kartelak kentzen badituzte, demokrazia eza da; ezker abertzaleak besteen kartelak hondatzen baditu, demokrazia da. Esplikatu hori mesedez. Poliziak euskal herritar bat torturatzen duenean, giza eskubideen urraketa da eta salatu behar da; ETAk euskal herritar bat hiltzen duenean, gatazkaren ondorioa da eta ez da salatu behar, salaketek ez baitute ezertarako balio. Esplikatu hori, mesedez. Iņake

E. Euskal Herriak bizi duen gatazka bere osotasunean konpondu behar dugula uste dut. Eta gu horretan ari gara.

16

G. Garai batean EMKren inguruan zeunden. Orduan behin baino gehiagotan kexatzen zineten Herri Batasunaren jarrera maximalistez eta ezkerreko indar alternatiboekin erabiltzen zuen prepotentziaz. Zu mugimendu alternatiboetan ibilia zara, Ezker Abertzale ofizialetik at: EILAS (eta ez LAB), Emakumeen asanblean (eta ez Aizan), OTANen aurkako mugidan (eta ez Bai Euskal Herriari mugimenduan)... Ez zaizu iruditzen orain zu militante zaituen ezker abertzale honek prepotentzia berarekin tratatzen dituela ezker alternatiboko edo ezker abertzaleko beste taldeak edo gizarte mugimenduak? Antton

E. Ez dut uko egiten nire ibilbide politikoari. EILASeko kidea izaten jarraitzen dut eta jarraituko dut, nahiz eta ezker abertzaleko sindikatua ez izan. Konbentzituta nago ezkerreko eta abertzale guztiok batu behar garela. Eta nagoen tokian horretan ari naiz. Guztiok egin beharko ditugu ahaleginak.

15

G. Harremanik ba al duzue Otegirekin, Permachekin... orain? Miel Mari Urkia

E. Konbentzituta nago beraiek bat egiten dutela hartu dugun abstentzio aktiborako jarrerarekin.

14

G. Orain arte botua ezker abertzale ofizialari eman dion lagun batek korreozko botua egin du oraingoan, igandean bere herrian bozkatzera joateko beldur delako, hain zuzen, zuen presioaren beldur. Zer esango zenioke? Zerbait egingo duzue hauteskunde eskolen atarietan? Ainhoa

E. Hautetsi independentistok abstentzio aktiborako deia egin dugu eta saiatu gara propaganda eta ekitaldien bidez gure arrazoiak zabaltzen, nahiz eta komunikabideek ixilarazi, ahalik eta jende gehiena konbentzitzeko asmoz.

13

G. Ez duzu uste abstentzioaren aukerarekin ezker abertzaleak duen indarra agertzeko aukera bertan behera uzten duela??? Koldo

E. Ez dut uste alderdi politiko gisa agertzeko unea denik, herri gisa jokatzeko baino.

12

G. Abstentzioaren aldeko kanpainan, Hegoaldeko beste alderdi guztiak paperontzira botatzen dituzue, Euskal Herria independentziaren alde delakoan. Nola ikusten duzu Euskal gataskaren konponbide demokratikoa euskal hiritar askoren borondatea zaborrera bidaltzen bada ? Ba al da konponbiderik desberdinen arteko aliantza politikorik gabe ? Beste alderdien boto emaileak euskal herritarrak ote dira zuretzat ? nathalie

E. Irudi horrekin adierazi nahi duguna da hauteskunde hauek guztiz antidemokratikoak direla eta ezin ditugula legitimatu. Hauteskunde hauek gatazkaren konponbide demokratikorako urrats bezala erabili nahi ditugu. Uste dut une honetan Madrilera joateak ez duela ezer konpontzen, eta herri bezala jokatzeko unea dela. Noski, euskal herritar guztiek parte hartu behar dutela herri honen eraikuntzan eta etorkizuna erabakitzean, edozein dela beren aukera politikoa. Eta konbentzituta gaude beste hauteskundeetan PNV, Aralar, EA edo NaBai bozkatu dutenen artean egon badaudela abstentzioaren aukera hartuko dutenak.

11

G. Kaixo Arantza...Nire galdera honako hau da...Ez al zaizu iruditzen herri hontan azkarregi ohitu egin dela jendea, jendarte sektore bati inposatzen zaion Apartheid egoera antidemokratiko honi? Aupada handi bat eta animo mordua. Fontso (Barakaldo)

E. Arrazoia duzu. Kanpaina honetan ez diot beste inori entzun EAE/ANVren hautesle zerrendak ilegalizatuta daudela. Hala ere, nahiz eta alderdi politikoen jarrera hori izan, uste dut jendartean egoera ez-demokratiko batean gaudeneko iritzia nahiko errotuta dagoela. Azkeneko greba deialdiaren erantzuna horren adibidea da.

10

G. Abstentzioa praktikatu egiten da. Zergatik eskatu abstentzioa? zergatik paperez josi EH-a? neure iritziz kanpainari ere uko egin beharko zeniokete hainbeste energia gastatu beharrean. Aitor

E. Abstentzioa ez da paso egitea. Une honetan, Euskal Herriaren etorkizuna dago jokoan eta horren aurrean hauteskunde hauek profitatu nahi ditugu independentziaren nahia azalarazteko eta ezinbestez egongo den aldaketa norabide horretan jartzearen beharra nabarmentzeko, proiektu politiko guztiak egingarri egingo dituen marko demokratikoa lortzeko bidean.

9

G. Baliogabe utziko luketeen hautagaitza baten alde egin beharrean abstentzioa eskatzeko arrazoia zein izan da, boto gutxi jasotzeko beldurra? Eta erabaki hori hartzean, eraginik izan du ETAk kanpainan atentatuak egingo zituen aurreikuspenak? Sabino

E. Nik uste dut abstentzioaren aldeko jarrera zabaltzea, bozka baliogabea zabaltzea baino askoz zailagoa dela. Errazago genuke gure aldeko bozka esaktu, aurrekoetan egin dugun bezala. Eta ziur nago bozka kopurua ez zela inola ere jeitsiko. Baina, momentu honetan, Espainiako Estatuaren erasoaldiaren aurrean, HERRI GISA erantzuteko beharra izan da abstentzio aktiborako deialdia egitera bultzatu gaituena.

8

G. Huts egin duen prozesu batetik gatoz, Loiolako elkarrizketen edukia aireratu berri da eta kanpainaren lema nagusiak Independentzia eta boikota izan dituzue. Zergatik albora utzi "Benetako Prozesu Politiko baten alde" ideia? Ez al da utzi elkarrizketa prozesua oso aparte kanpainatik? Animo. Jon

E. Independentziarako bidean, Marko demokratikorako proposamena izan da hauteskunde kanpainaren ardatz nagusia. Proposamen horri ezetz esan zioten PSOE eta PNVek, baina bertan jasota daude gatazka konpontzeko gako nagusiak. Beraz, guztiz lotuta daude kanpainaren ideia nagusiak eta gatazkaren konponketarako proposamenak.

7

G. Ahuteskunderen ondoren, bake prozesura bueltatzeko aukera egonen dela uste duzu? Zein baldintzatan? anjel

E. Egon ez dakit, sortu behar ditugu. Elementu guztiak mahai gainean daude. Arestian aipatu ditudan elementuak gizarteratzeko ahalegin guztiak egin behar ditugu, Marko Demokratikoaren aldeko indarrak bilduz. Hortik sortuko da berriro gatazka konpontzeko aukera.

6

G. zer deritzozu Derioko EAEk eginiko deklarazioetaz ETAren atentatuari buruz? Iker

E. Argi dago gure herrian bizi dugun biolentzia-adierazpen mota guztiak desagertzeko urratsak eman behar ditugula. Eta horretarako, arazo politikoaren muinera jo behar dugu: Euskal Herriaren aitortza, erabakitze-eskubidea eta lurraldetasuna.

5

G. Noiz urrunduko da argiki ezker abertzale ofiziala ETAren planteamenduetatik? Noiz utziko du alde batera ezker abertzaleko beste indarren aurka horren gogor jotzeko joera, izena ukatzeraino iristen dena? Iban

E. Ezker Abertzaleak gatazka konpontzeko proposamenak eginak ditu: Anoetan, metodologia; Anaitasunean, marko demokratikorako proposamena. Hor daude gatazka konpontzeko osagai guztiak. Ezker Abertzaleak borondate osoa du gatazka politikoa konpontzeko. Beste alderdi politikoen aldetik ez dugu ikusten hain borondate argia. Berriki apurtutako negoziazio prozesuan, gatazka konpontzeko proposamena mahaigainean egonda, PSOE eta PNV mahaitik altxatu ziren. Eta orain, ezker abertzalerik gabeko akordioa lantzen ari dira PSOE, PNV eta NaBai. Argi dago bide horretatik ez dela etorriko gatazkaren konponketa, sufrimenduaren luzapena baizik.

4

G. 1. Zer esango zenieke, hauteskunde hauetako iruzurraren aurrean, ezer gertatuko ez balitz bezala kanpainan ari diren alderdi abertzaleetako jarraitzaileei? 2. Zilegi al da ANV EHAK eta BATASUNA ilegalizatuta egonik eta bere buruzagiak atxilotuta, Aralar EB eta EA "bidegorriei" eta "erraustegiari" buruzko leloak erabili, promesak egin ala Madrilen "ez dakit zer" aldarrikatuko dutela esaten ibiltzea? sinesgarria al da? 3.Ez al da zuretzat mingarria testuinguru honetan Ezker abertzaleak hartutako abstentzioaren aukera baliogabetzeko egiten ari diren ahalegin berezia, presioak eta mehatxuak argudiatuz eta abar? Nola ikusten duzu abertzaleen "boto ehiza" ? 4. Azkenik, nola baloratuko zenuke euskal komunikabideen jarera (EITB taldea, egunkariak...) hauteskunde kanpainan zehar? Mikel (Beasain)

E. Argi dagoena da herriaren eskubideak defendatu baino, beren interes partidistak daude defendatzen. 30 urte egondira madrilera joaten eta ez du ezertarako balio izan. Orain, zertarako joan nahi dute? Bere negozioak defendatzeko, bere poltronei eusteko,... baina ez Euskal Herria ezta euskal herritarren eskubideak defendatzeko. Hasieran abstentzioa ixilarazten saiatu ziren, baina azkenean guztiak agertu dira abstentzioaren kontra, beldurra diotelako euskal herritarrek ondo jaso dutelako luzatutako proposamena. Komunikabideen jarrerari buruz, ez da lehenengo aldiz baztertzen gaituztela, berdin zaie bozka eskatu, abstentzioa eskatu,... bere helburua da ezker abertzalearen mezua ixilaraztea.

3

G. Zergatikan horrelako kanpaina basatia EA, Aralar edota Nabairekiko?Ez al dira zuen aliatuak Iparralden?Azaldu ezazu Eloy, ezkerreko abertzalea

E. Ez dakit zeri esaten diozu basatia. Beraiek kanpaina normaltasun osoz egiten ari dira. Geuk bai salatzen ari garena da duten asmo zikina, herri honi beste iruzur bat egiteko. Ez da ahaztu behar orain gutxi izandako negoziazio prozesuan hartu duten jarrera. Ezta ere, hitzez Alderdien legearen kontra egon, bai, baina errealitatean EAE/ANVri dagozkion hainbat eta hainbat zinegotzi, batzarkide eta Nafarroako parlamentari lapurtu dizkigutela.

2

G. Egoera dena izanda, bertako gainerako alderdi politikoak oso maila eskasa azaltzen ari direla iruditzen zait. Batez ere, ilegalizazioen aurka omen dauden horiek. Epe labur-ertain batean jarrera aldatuko duten esperantzarik badaukazu? Asier

E. Aldarazi beharko ditugu. Hitzetatik ekintzetara pasatzera behartu beharko ditugu, jendartean zabaldu behar dugu ezker abertzaleak proposaturiko marko demokratikorako proposamena, horren inguruko indarrak bilduz. Jendartearen presioak eragingo du alderdi ezberdinen jarrera.

1

G. Ezker abertzalearen azken mobilizazioen arrakasta ikusita, bereziki greba orokorrean, uste duzu abstentzioa indartsua izango dela? duela 30 urte konstituzioak jasotako erantzunan adinakoa? Eta horrela bada, zenbaiteraino baldintzatuko dugu estatuaren errepresio bortitza eta PNVren iruzur gosea? azkoitiko

E. Bai, zalantza barik. Herri honetan asko eta asko daude nazkatuta bizi dugun defizit demokratikoa ikusita. Aldaketarako gogoa nabarmena da, benetako aldaketa, ez berriro zapalkuntzan eta zatiketan oinarrituko ziklo berri bat, PSOE, PNV eta NaBai prestatzen ari diren moduan. Ahalik eta abstentziorik handiena lortzea da helburua eta herri gisa agertu behar dugu interes partidisten gainetik. Horrela geldituko dugu iruzur berria.