Azken elkarrizketa

Alberto J. Gorritiberea

Alberto J. Gorritiberea

Eutsi! filmeko zuzendaria

2007-03-16 - 11:30

 Erantzundako galderak

28

G. Jendeak bidalitako galdera asko daukagu oraindik zakuan, baina noizbait amaitu behar. Eskerrik asko gurekin izateagatik Alberto, eta ea euskaraz beste film bat egin duzulako berriro hona gonbidatzeko aukera izaten dugun. BERRIA.INFO

E. Bene-benetan eskerrak denoi eta espero dut laster berriro zuei zerbait esatea baina, noski, zinema aretoetan. Eutsi goiari!

27

G. Film bat egiterakoan zer da zailena, istorioa asmatzea, gidoi batean zehaztea, iruditan gauzatzea....? Zinema zale bat

E. Aurrenekoa: istorioa asmatzea.

26

G. Jaurlaritzako goi kargu batek esan berri du haiei esker egin direla azkenaldian hiru pelikula euskaraz. Ados zaude? Zirika

E. Bai, baina beraiek azken hiru urteetan guk ordaintzen dugunarekin bizi izan dira. Ados?

25

G. Zenbat diru irabazten du euskarazko filma baten zuzendariak? Alegia, zenbat irabazi duzu filma honetan? Ez da morboa, kuriositatea da. Edurne Martinez de Gorbea

E. Langile arrunt batek daukan soldata on batekin bizi izan naiz orain arte filma hau dela-eta, eta bihar...

24

G. Zer behar du euskarazko zinemak? Kepa Ruiz

E. Industria pixka bat, arriskuak hartzen dituzten produktoreak eta, nola ez, administrazio kulturala.

23

G. Orain arte euskaraz egindako filmarik onena? Eutsi kenduta noski Luix Korta

E. Ez dira ba hainbeste ondorio hori ateratzeko, ezta? Eta ez dut zinema rankin bezala ikusten.

22

G. Gustuko zuzendari bat? aktore gizonezkoa? aktore emakumezkoa? Ainara

E. Zuzendaria: Andrei Tarkovski. Aktore gizonezkoa: Max Von Sydow. Aktore emakumezkoa: Bibi Andersen.

21

G. Alberto, ez al dauka Alkainek erretzeko arriskua? Mikel

E. Bai, baina bera oso argia da eta berak baino hobeto ez daki arrisku hori duela. Zainduko da, bai.

20

G. Zer asmo daukak orain? Beste proiekturik? Joxe

E. Hasteko, bi asteko atsedena hartzea. Eta zerbait badago, baina oraindik "ez dizut ezer esango".

19

G. Jaurlaritzak urtean euskarazko film bat egin ahal izateko konpromisoa agertu du. Nahikoak dira erakunde publikoen laguntzak euskarazko zinemarentzat? Mikel

E. Ez. Gure herrian kultura nahikoa kaskar tratatzen da, nire ustez. Baina gehiegi kexatu gabe, gauzak egiten sortu behar ditugu aukerak.

18

G. zorionak! menuda kanpaņa! oraindikan ez det ikusi filma, baina.... nere pagola (filmategiatik)

E. Ba kanpaina baino hobea da filma. Kanpaina egin behar da, industriaren barruan lan egiten ere ikasi behar dugu, pixkanaka askatasun handiagoa izateko.

17

G. Espero zenuten halako arrakastarik? Aitor

E. Arrakasta efimeroa da. Pelikularengan beti sinestu izan dugu eta oraindik ere sinesten dugu.

16

G. Euskarazko zineak dituen zailtasunak ikusita, inoiz pentsatu duzu filmeak erdaraz egitea? Erramun-Donostia

E. Ikusi egin beharko istorioa zein den, pertsonaiak zein diren eta, are gehiago, bi hizkuntzatako proiektu bat dut buruan (euskaraz eta gaztelerazkoa). Azkenean, zinemaegileok bizitzagatik hartzen ditugu istorioak eta geurea...

15

G. Kritikek badute eraginik zugan? Jendeak herrian eta zer esaten dizu, inor ausartzen da kritika txarrik egitera? Kukuxtu

E. Gehienak onak izan arren, denetik egon da. Ez nuen pentsatzen eragingo zidatenik baina azkenean neure seme bat balitz bezala maite dut filma (bueno, pixka bat gutxiago) eta, jakina, beti du bere eragina.

14

G. Nola lortzen da pelikula bat egin ahal izatea, batez ere euskaraz eta ezezaguna izanda? Mari Jose

E. Egunero baikor izaten eta bakoitzak bere buruan sinesmen handia izanda. Benetan zerbait kontatzen baduzu, lortuko duzu.

13

G. Laburmetrairik egin al duzu? Gustatzen zaizkizu? Aintzane

E. Bai, egin izan ditut, eta formatu guztiak gustatzen zaizkit. Kontua zerbait barrutik ateratzea da eta jendeari zerbait esatea.

12

G. Nahi gabe azpitituloak irakurtzen nituen eta batzuetan aktoreek zerbait esan aurretik banekien zer esan behar zuten. Ez al da traba euskaldunontzat? Inaxio

E. Beti gertatzen den arazo bat da. Baina, bestalde, jende askok aukera izango du filmaz gozatzeko.

11

G. Ze aurrekontu izan du Eutsi!-k? Ana

E. Niri ez didate horrelakorik esaten, baina behar genuen baino txikiagoa.

10

G. Noizko hurrengo filmea? Hartkaitz

E. Ea ba... Hurrengo urtean saiatuko gara, baina orain pare bat asteko atsedena hartuko dut, ezta?

9

G. Armstrongen eszena hori, bukaerakoa, erortzen denetakoa-eta, non grabatu zenuten? Txomin

E. Armstrong? Amerikarra... Lizarragan egon ginen hori grabatzen.

8

G. Euskerazko 3.luzemetraia da EUTSI! baina lehenengoa aldiz gai serio bat jorratzen duena, kritika asko jaso al dituzu horregatik? Harkaitz

E. Beste pauso bat da. Kritika hoberenak, adibidez, Caballitoko langileen aldetik hartu ditut eta horrelako gauzek bai ematen didatela poza. Ahal dugun duinenak izan behar dugu edukian, ez bakarrik forman edo azalean.

7

G. Unai Iturriagak zenbaterainoko garrantzia du filmean? Aitzi

E. Filme baten sortzaileak benetan gidoilariak dira eta Eutsi!-ren gidoia bion arteko lan bat izan da. Mundiala da Unai.

6

G. Lehendik ere zine munduarekin harremanik izan duzu? Zertan ibili zara? Maren

E. Lehenengo urratsa laburmetraiak izan ziren eta muntaian ere aritu izan naiz. Baina bizitzeko denetarik egitea tokatu izan zait eta denean zerbait ikasi dut.

5

G. Nahi adina diru izango bazenu, zernolako pelikula egingo zenuke? Euskal Herriko aktoreei deituko zenieke? Mikel-Erandio

E. Deituko nieke euskal aktoreei. Hori bai, Max Von Sydow-ekin ere gustatuko litzaidake pelikula egitea... Ni euskalduna naiz eta nik sortzen ditudan pertsonaiak ere bai. Hemengo aktoreak lirateke onenak.

4

G. Eutsiren arrakasta ikusita badirudi euskarako filmek dirua eman dezaketela. Benetan dirua irabazten da horrelako pelikulekin? JJ

E. Niri, azken urte eta erdian eman dit bizitzeko lain, baina hurrengo hilean zerbait egin beharko dut pertsiana igotzeko. Normalizazio bide batean gaude, besterik ez, baina baikorrak izan behar dugu, eta lortuko dugu.

3

G. Filmeko paperak banatzerako orduan, Asier Hormaza eta Anjel Alkain hartu zenituzten Martin eta Keparen paperak egiteko. Anjel eta Asier, egoera komikoetan ikusi ditugu gehienetan telebistan, EUTSI!n ordea ez da horrela, zergatik egin zenuten aukeraketa hau? Miren

E. Batetik, Hormaza denetik egin duen aktorea da eta oso eroso sentitzen da drama ere egiten. Alkain aktore komikoaz gain, oso intuitiboa da eta, nire ustez, drama beltz batean ere aukerak izango lituzke. Hori bai, biek gaitasuna dute jendearekin hurbiltasuna lortzeko.

2

G. Eutsi! ikusteko aukera izan dut eta egin duzuen lanataz zoriondu nahi zaituztet. Kondatzen duzuen istorioa unibertsala eta egunerakoa dela erranen nuke eta filman eman diozuen tratamenduarekin, nor nahik nun nahi ulertuko duela ez dut dudarik, nahiz eta euskaraz izan. Espaņan (Madrilen) eta Bartzelonan (Catalunyan) aurkeztu behar duzuela irakurri dut. Noizko Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, frantsez azpitituluekin? Xabier

E. Iparraldean ez dela izango ez nuke esango. Oraindik harremanetan gaude hori lortzeko eta ziur naiz bere tokia edukiko lukeela. Lan taldearen izenean, eskerrik asko pelikula ulertzeagatik.

1

G. Zergatik ez duzue sakondu gehiago lan gatazkaren gaian? 'Aita' kazetariari azalpen interesgarrienak ematen ari zaizkionean, azalpena eten eta arreta desbideratzen duzue. Zergatik? Ekaitz Goienetxea

E. Lehengoari dagokionez, pelikula irekia eta komertziala egin behar genuen. Horren barruan, zine klasikoen moduan, badago mamia eta ikusentzuleen inplikazioa behar den filma egokitu dugu. Baina igual hurrengoan... Bigarrenari buruz, gaur eguneko bizitza horrelakoa da.