Azken elkarrizketa

Oier Mendizabal

Oier Mendizabal

Pilotaria. Eskuz Binakako txapelduna

2008-04-03 - 18:15

 Erantzundako galderak

18

G. Eskerrik asko, Oier, elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko galderengatik, eta beste bat arte. Zaindu.

17

G. ze iruitzen zaizu tolosako kantabrikon gertau dana apustukin? eta aurrelari bat sakea ateatzea dijonen txistu itea kontrako afiziok?? zorionak oier, merezitako txapeldune aiz!! pelotazale

E. Apostuekin, uste dut gure ohituren parte bat dela eta ez doala inora Kantabrikori isuna jartzea. Txistu jotzeari dagokionez, iruditzen zait errespetuz jokatu behar dela, eta itsusia dela.

16

G. Kaixo Oier! Zu Aņorga eta Hernanikoa izanda, zergatik Andoaingo Pilota Eskolako entrenatzaile? Markel

E. Hala sortu zelako. Aņorga eta Hernaniko pilota eskoletan egon nintzen erakusten bere garaian, baina Andoni etorri zitzaidan lagunduko nion eskatzera, eta orain buru-belarri ari gara.

15

G. Hamaika pilotarik bere bizi osoan lorttu ez duten zerbait eskuratu berri duzu. Edozein pilotariren ametsa egi bihurtuz. Horrek etorkizunerako presioa kendu ala ematen dizu? Altsasu

E. Ez kendu eta ez eman. Orain arteko lan guztiari sari bat da, eta hemendik aurrera lanean jarraitzeko motibazioa.

14

G. ain txarra izaniak zergatik irabazi zenuen finala? oilaizolak titiņi egurra eman ta zu baino pilotakada gehiago eman zituen laskurain nekatu eta orregatik failatu zituen hainbeste 2 atzelariak berdinak zarete TXARRAK!! AUPA GOŅI II C.O.B.H.C.

E. Iruditzen zait zeozergatik gaudela hor. Egia da Titin eta Aimar direla une honetan joko handiena duten aurrelariak, baina uste dut bai Haritzek eta bai nik lan ona egin dugula, eta merezimendu osoz egon garela finalean.

13

G. Lehenik eta behin zorionak Oier! Zeintzuk dira zure ustez "atzelari perfektuak" kantxa barruan bildu beharko lituzkeen ezaugarriak? Juantxin

E. Nire ustez atzelari perfektu bat Patxi Ruiz da. Baina kantxarako eduki behar dituen ezaugarriak... kolpea, kantxan ibiltzea, defentsa, eta gero, burua.

12

G. Finala irabazi berritan, txapela kartzelan dauden bost laguni eskaini zenien. Tankera horretako keinuak gero eta urriagoak dira kirol profsionalean, enpresak zerbait esan al dizu? Jaso al duzu erantzunik lagunen partetik? Segi horrela. Erniope

E. Enpresak ez dit ezer esan, eta uste dut ez zaiola garrantzia gehiegirik eman behar. Momentuan sentitzen nuena esan nuen.

11

G. Aupa Oier! Hori dek poza eman diakena. Orain ze haiz primerako pelotaria edo segundakoa? Nik dudarik ez diat, primerakoa eta txapelduna gainera!!! Zorionak eta eskuminak Larraitz eta familiari!!! Xabier Otaegi

E. Eskerrik asko! Hemendik aurrera ikusiko da zer maila ematen dudan.

10

G. Aupa Oier! Igandean finala ikusten egon nintzen eta zure alde nengoenez eta partida bikaina izan zenez, ederki pasa nuen. Hala ere zure aldeko zaletuek eta Titinen aldekoek, aurkariari txistu egin zieten eta aurkariak txarra egiten zuenean txalo etab. Zer iritzi duzu horri buruz? Ez al zaizu iruditzen horrelako jarrerak moztu egin beharko liratekela? Miren

E. Pilota, zentzu batean, nahiko klasikoa da. Tanto egiten denean, txalo egin behar da, baina galtzean errespetuz jokatu behar da, eta txistuak-eta soberan daude.

9

G. Aimar Olaizolaren dohain bat aipatuko? Eta hire bat? Mikel Plaza

E. Uste dut pilotari gisa oso ona dela, orokorrean dagoen pilotari konpletoenetariko bat. Pertsona gisa, bikaina. Nire ustez, niri buruzkoa besteek esan behar dute.

8

G. Aupa Oier, zorionak! Nola entrenatu duzu azken hilabeteotan? partiduari begira zeozer berezirik egin dozu ? txomin hegalabur

E. Azken hilabeteetan normal entrenatu dut. Mantentze lanetan ibili gara, ezer berezirik egin gabe.

7

G. Aupa Oier!! Nire idoloaren kontra, gora Augusto, irabazi arren, zorionak!!! Nork irabaziko du zure ustez Banakako lehiaketa? Alejandra

E. Txapelduna Aimar da, eta momentu onean dago jokoz. 'A priori' berari irabazi behar zaio. Barriolak, Patxi Ruizek, Xalak, Irujok eta beste batzuk ere lasai-lasai irabaz dezakete.

6

G. Hernaniarra nahiz ta izugarri unkitu zidan kartzelako lagunei egindako aipamen bereziak. Ba al dakizu zu ikusteko aukerarik izan zuten, eta jaso al duzu euren dei edo antzekorik zoriontzen? Eskerrikasko besteak beste, txapela hernanira ekartzeagatik! Axier

E. Ikusteko aukera izan duten ez dakit, baina badakit jaso dutela eskaintza. Eskertu egin didate.

5

G. Unkituta ikusi nizun, batez ere txapela eskaini zenuen orduan. Zer zentitu zenuen Zeure buru txapeldun ikusitarakoan? Jose Antonio

E. Uste dut momentu horretan burutik gauza asko pasa zitzaizkidan, baina, batez ere, orain arteko lan guztiak merezi izan duela. Oso momentu hunkigarria izan zen, nire bizitzaren historian oroitzapen oso ona utziko duena.

4

G. Pilotako eskola bateko arduraduna omen haiz. Ondo lan horretan? Segituko al duk? Pello Urbieta

E. Arduraduna ez, entrenatzailea. Asko betetzen nauen lan bat da, nire ustez, egin beharrekoa, pilotari berriak ikusteko. Oso gustora segituko dut.

3

G. nola ikusten zara hemendik aurrera pilota munduan? aņorgatarra

E. Hemendik aurrera zer maila emateko gai naizen, horrek erabakiko du etorkizuna.

2

G. lehenik eta behin Zorinoak txapeldun! urte hasieran bigarren mailako txapelketa jokatzekoa zinen, orain, apirilan lehen mailako txapela lortu berri duzu. nola lor daiteke goizetik gauera halako jauzi bat eman eta asimilatzea?lortu berri duzunarekin, egoeraren jabe egin al zara? Julen

E. Ezustean harrapatu nau. Hasieran ordezko hasi nintzen, Oier Zearraren ordez. Horren ondoren, nire helburua partidaz partidakoa zen, baina, azkenean, finalaurrekoetan sartu ginen eta finalerako txartela lortu. Gero finalean txapela lortu genuen lan asko eginda. Nire ustez hau guztia hemendik aurrera lanean jarraitzeko motibazioa da. Uste dut oraindik ez naizela egoeraren jabe, eta denbora beharko dudala asimilatzeko.

1

G. zer eman dizu ta zer kendu pilotak? mikel

E. Eman, nire ustez dena. Txikitatik afizio izan dena orain lanbide bihurtu da. Gainera, amesten nuen txapel bat eman berri dit. Kendu... Momentu txarrak ere pasa behar dira, lesioak daudenean, eskuetan mina edukitzen denean, burua laguntzen ez duenean... Eta, orain, txarrena, komunikabideen 'txapa' guztia.