Azken elkarrizketa

Juan Mari Olano

Juan Mari Olano

Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea

2008-07-03 - 12:00

 Erantzundako galderak

17

G. Eskerrik asko, Juan Mari, elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte! BERRIA.INFO

E. Lehen aldia da horrelako ariketa bat egiten dudana, jakinminez etorri naiz, eta egia esatera, esperientzia gustatu zait. "Satisfaktorioa izan da". Esker mila zuei irakurle eta galderak egiteko denboratxo bat eskaini diguzuen lagun guztiei.

16

G. Bota itxaropenerako mezu bat. Jose Luis Gomez

E. Gauak bere iluntasunik sakonena egunsenti aurrean hartzen du. Beltz ikustarazi nahi digute, etorkizunik ez dagoela sinestarazi, indartsuak direla, gu ttikiak garela, baina egia borobila da orain arteko errepresio apustu politiko guztiak porrotera eraman dituela herri honen konpromisoa, determinazioa eta duintasunak. Uste dugun baino denbora laburragoan lortuko du gure herriak eskenatoki berri koloretsu eta demokratikoa. Nahi badugu bai, beti izan da horrela.

15

G. Zer diote presoek egoeraz? Kartzelatik kanpo zaudela harremanik izaten al duzu haiekin? Mireia Garaiondo

E. Kartzelan inkomunikatuta eduki naute, eta kalean nagoenean ez didate presoak bisitatzeko baimenik ematen, baina hala ere elkarren berri beti izan dugu. Mireia: presoek zure antzera pentsatzen dute, jabetzen dira ze egoeratan dagoen Euskal Herria, zein den alderdi politiko bakoitzaren apustua, eta guzti horren ondoriorik latzenak nork ordainduko dituen ere badakite, zuk eta nik bezalaxe. Presoak ez badira belaunikatzen, guk zer aitzakiarekin eman genezake amore? Beranduegi da horretarako.

14

G. Sententzia gogorra espero al duzue? Ainitze Lobera

E. Bai. Fiskaltzaren eskaeratik ez da asko urrunduko sententzia. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak burutu dituen eginkizunek 10-13 urteko kartzela zigorra merezi duela ebatzi du Fiskaltzak, eta paradoxikoa da gure eginkizunen artean Entzutegi Nazionala bera salatzea izan dela funtsezko lan bat, tortura babesten duelako, torturapeko adierazpenei balio juridikoa ematen dielako, zigorrerako froga gisa erabiliz, eta, gainera, guk salatzen ditugun poliziek eginiko txostenetan oinarritzen da Fiskala zigor horiek eskatzeko. Ikaragarria da, dena da ikaragarria. Euskal Herriak bere soineko propioa behar du, bere koloreak eta bere josturak; ez gara Frantzian eta Espainian kabitzen.

13

G. Nere lagun batek esaten du: "EAJrekin gaizkia, baina EAJrik gabe okerrago". Ados al zaude? Iņigo Leturia

E. EAJ hemengo tradizio politiko bat gehiago da. Nik uste dut EAJ asko daudela. Ez da berdin Euzkadi Buru Batzar edo herri bateko militantzia, zinegotziak etabar. Guztiekin egin beharra daukagu lan, ados dagoenarekin eztabaidatzeak ez du logikarik. Horregatik irekiak egon beharko ginateke guztiekin eztabaidatu eta herri hau eraikitzeko.

12

G. non egongo zara urruaren 25ean? joango al zara bozkatzera? jekide

E. EAJren hauteskunde kanpaina baino zeregin serioagoak edo garrantzitsuagoak baditu Euskal Herriak. Kontsultarik balego oso ondo, baina zer konpontzen du horrek? Euskal Autonomia Elkarteko hurrengo hauteskundeetan ezker abertzaleak ez du egoterik izango, ilegalizatua izango delako. Kartzeletan inoiz baino independentista gehiago egongo dira, erakunde sozial eta politikoak kriminalizatuta daude, Abiadura Handiko Trena gure amalurra bortxatzen ari da... Eta egoera guzti honen aurrean hori da Ibarretxeren gobernua sostengatzen duten hiru alderdiek herri honi eskaintzen dioten errezeta? Tamalgarria.

11

G. Nahiz eta Oarsoaldeko eta Barakaldoko gazte batzuk gartzeleratu, azken egunotan askatzen ari diren preso politikoek itxaropenerako zantzurik zabaltzen al dute? Zerbait adierazi nahi al da? Jon

E. Estatuek errepresioaren estrategian sinesten dute, eta bete-betean ari dira jokatzen. Preso batzuk baldintzapeko askatasunean jarri dituztelako ez genuke ondorio erraturik atera behar. Tamalez, denbora luzerako errepresio aro batean murgildu dute herri hau, Espainiako Barne ministroak esan bezala. Beraz, errepresio orori herri erantzuna kontrajartzea da lehentasunezko eginkizuna. Ez dituzte euren borondatez alboratuko errepresioak ematen dizkien onurak.

10

G. Zer iruditzen zaizu Guiberti, Bruņo ahizpei eta Jainagari egindakoa Garzonek? Miel Mari Garmendia

E. Zitalkeria ikaragarria da pertsona hauei egin dietena. Hala ere, uste dut Garzonen jokabide horren azpitik Zapateroren gobernua mezu berriak igortzen ari dela. Agian oraindik enkriptatuak dira, baina luze baino lehen ulertuko ditugu.

9

G. hiru galdera utzi nahi nizkizuke, agian ez dira zuri egin beharrekoak, baina hauei buruz zure iritzia ezagutzea gustatuko litzaidake, besterik gabe hona galderak eta eskerrikasko aldez aurretrik . zergatik uste duzu amnesty international hain gutxi bustitzen dela euskal presoen aldeko mugimenduan? zer egin beharko litzateke amnistiaren alde gende gehiago mugitzeko euskal herrian bertan? euskal eta abertzale diren partidu guztiak, euskal preso politikoak euskal espetxeetara ekarri nahi badituzte, zergatik igertzen da horren gutxi PNV EA eta batez ere ARALARREN dispertsioaren kontrako mugimendua ? arkaitz

E. Amnesty International neutrala izateko ahaleginetan murgilduta dabil sortu zenetik. Baina oso zaila da estatuek subentzionatzen duten antolakunde batek iritzi independenteak izatea. Ziur gaude estatuen presioa etengabe jasotzen dutela. Hala ere, euskal preso politikoei buruz edota torturari buruz, edota eskubide zibil eta politikoen murrizketari buruz iritziak eman izan dituzte, eta hori garrantzitsua da. Bigarren galderari dagokionez, arrazoi asko leudeke mobilizazio haundiagoak ez egoteko. Ez da kasualitatea Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kriminalizazioa, besteak beste herri elkartasuna itzaltzea du helburu. Nekea ere egon daiteke, urte askotan aritu behar izan baitu herri honek errepresioa salatzen eta askatasunaren defentsan... Dena den, nik ez nuke esango jende gutxi mobilizatzen denik presoen alde, baizik eta tokian tokikoa gehiago lantzen dela orain. Azken galderari dagokionez, gustatuko litzaidake alderdi politiko horiek esaten dutena praktikara eramango balute, preso eta senitartekoek horien laguntza ere behar baitute.

8

G. AURRERA BEGIRA ONDO ATERA EZ DEN AZKEN PROZESUTIK ZEIN EMAITZAK ETA ZEIN AKATSAK NABARMENTZEN DITUZU HURRENGO BATETAN DEMOKRAZIA ETA BAKEA ESKURATZEKO Manex Altzai

E. Akatsak sarritan errepikatzen dira herri honetan, eta prozesuan ere burutuko ziren ziur aski. Dena den, borondate politiko kontua da, eta alde guztiek borondate politikoa dutenean gatazkaren konponbiderako akordioak lortzea ariketa erraza da. Ez dago ingenieritza haundirik egin beharrik euskal herritarrok sufritzen dugun gatazkari behin betiko konponbidea emateko; euskal herritarrek askatasunez eta demokratikoki erabakitakoa errespetatzeko borondate politikoa da gakoa. Espainolek eta frantsesek ezezkoarekin erantzun diote aukerari. EAJ gehiago ibili da han hemen baino.

7

G. Kaixo Euskal Herriari! Nola uste dezu erakutsi daitekeela, baita pnv-ri ere, konflikto politikoa konpontzeak denontzat izango duen onura? denak inplikatu gaitezen. IDOIA

E. Eragile guztiek dakite gatazkari behin betiko konponbidea emateak zein onurak ekartzen dizkion herri honi. Beste kontu bat da indar politiko batzuk interes propioak aurrez jartzen dituztela eta herritarren eskaera ozenari muzin egin eta "gatazka kudeatzen" jarraitzea nahiago dute. Guk, aldiz, uste dugu gatazkari konponbidea ematea baino proiektu interesgarriagorik ez dagoela Euskal Herrian eta hemen. Guk babesten ditugun errepresaliatu politiko guztiek apustu politiko horretan dihardute.

6

G. noiz egingo dio kasu ETAk behin ta betikoz herriaren gehiengoari ta behin betiko armak entregatu? urtzi

E. Borroka armatuari buruz, bakoitzak bere iritzia izango du, eta zilegi da, baina Euskal Herriko arazoa ETA dela esateak, norberaren ideologia eta proiektu estrategikoa agerian uzten du. Ez da ETA Euskal Herriari hitza eta erabakia ukatzen diona; ez da ETA Euskal Herrian demokrazia ezabatzen duena; ETA guzti horren ondorio bat da. Agian Urtzik ondorioak konpondu nahi ditu, zioei kasurik egin gabe.

5

G. Izugarri pozten gaitu 18/98 auziko kide batzuen askatasuna. Baina ze arrazoi juridiko medio askatu dituzte ? Zein de beste kideen egoera ? Nola azaldu daiteke halako gehiegikeri judiziala ? MIREN

E. Arrazoi ezberdinengatik askatasun eskaera egina zegoen hainbat kiderentzat. Batzuk atera dituzte, eta zinez pozgarria da. Osasun arazoren bat, trataera mediku zehatza behar duelako, edota antzeko arrazoiak izan ohi dira horrelako eskaeren atzean dauden arrazoiak. Gainontzeko kideen egoera presoen kolektibo osoaren parekoa da: sakabanatuak, isolatuak kasu batzuetan; beraz, demokraziaren onurak dastatzen Estatu osoko kartzeletan barreiaturik. Gehiegikeria judizialari dagokionez, ikusteko guztiak ez ditugula ikusi oraindik uste dut. Errepresio estrategiarekin itsutzen direnean ez dute mugarik erabiltzen. Dena da zilegi estatu arrazoiagatik.

4

G. Epaiketan izan duzuen jarrerak, hau da, defentsari uko egiteak, ez aldu epaiketa beraren jarraipen mediatikoa eta ondorioz gizartean izan duen eragina txikitu? Andoain

E. Agian bai. Baina ez da epaiketaren mediatizazioa guk bilatzen genuena, baizik eta epaiketa honen aurrean eraginkorrak izatea Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zehazturiko helburuen lorpenean. Errepresioa erakutsi nahi genuen, Estatuari aurpegiratu, milaka herritarren elkartasun eta konpromisoaren lekukotasuna eman eta biluzik utzi justizia antza eman nahi izaten duen ekitaldi politiko hori; auzia bera.

3

G. Azken urteotan kartzelara sartu eta irten zabiltzate ezker abertzaleko kide ezagun ugari. Zuen familiak nola bizi du hori? inoiz pentsatu duzu militantziak utzi eta lasai bizitzea? Asier

E. Familia guztiek bizi duten bezala. Etxetik bat eramaten dutenean kolpe bortitza izaten da edozein etxetarako; gurean ere halaxe da. Eta lasai bizitzeari buruz, ekuazio txarra egiten duzu: militantzia uzteak ez du esan nahi lasai bizi zintezkeenik, eta ez da egia ere lasai bizitzeko militantzia utzi beharra dagoenik. Gaztea zaren errezeloa dut, zeuk frogatuko duzu urte gutxi barru.

2

G. Kaixo.Zerk ematen dizu indarra borrokan jarraitzeko?Animo! Jule

E. Gure herriak, gure herritarrak, Euskal Herriak, alegia. Kolektibotasuna, izan ere eraiki nahi duguna, hain da indartsua eta motibatzailea ez dela posible errepresioaren kolpeengatik nekatu eta edertasun horri uko egitea.

1

G. Estrategia aldaketa izan da epaimahairen aldetik. Lekuko guztiak onartu zituen. Zergatik egin zenioten gero zuek uko egin lekukoak deitzeari? Animo eta segi bizkor. Lurdes

E. Entzutegi Nazionala biluztu nahi genuen epaiketa honetan, ez dagoelako inolako posibilitaterik euskal militante independentistentzat auzitegi horretan, eta, horregatik uko egin genion defentsa juridikoa egiteari. Beraz, horrekin koherentzian, lekuko batzuk eraman genituen, esanguratsuenak gure ustez, errepresioa zuzenean jasan dutenak, alegia.