Azken elkarrizketa

Ander Elosegi

Ander Elosegi

Piraguista. Laugarren Olinpiar Jokoetan C1 diziplinan

2008-08-26 - 11:30ean

 Erantzundako galderak

18

G. Mila esker Ander elkarrizketa digitalean parte hartu duzulako. Ondo segi eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei eta Eskerrik asko bertan parte hartu duten irakurle guztiei. Hurren arte!

17

G. Zorionak Ander, pozgarria izan da zu Pekinen ikustea. Dena den, entzuna dut Euskal Herrian ez duzuela behar bezala entrenatzeko tokirik eta zuk eta Maialen Chorrautek Kataluņara joan behar izaten duzuela. Egia al da? Jaurlaritzak ez al dauka zuentzako leku on bat prestatzeko asmorik? Maribi

E. Guk txikitatik Bidasoa ibaian entranatu dugu. Hasi berrientzat ezin hobea da, ez bait da erreka zaila eta oinarrizko gauzak ikasteko oso egokia. Hala ere, esan bezala, maila batetik aurrera kanpora joan behar izaten dugu entrenatzera eta gehienetan kataluniako kanala izaten da. Euskal Herrian ez dugu beste leku egokirik entrenatzeko, nahiz eta kanal berriren baten proiektuak egon momentu hauetan. Aurrerapauso handia litzateke Euskal Herrian kanal bat egingo balute Ur Bizietako Slalomarentzat. Esan beharra dago, horrelako kanalik egin ezkero, ez litzatekeela bakarrik piraguistentzat izango. Bertan rafting, hidrospeed... eta horrelako ur aktibitate asko egiteko aukera egongo litzateke, "aquapark" baten antzera.

16

G. Zorion handiak eman nahi dizkizut, baina zorionak eman nahi dizkiot Santiagotarrak taldeari ere. Ez al da miresgarria kirola oinarri-oinarritik lantzen duen talde batek zu bezalako kirolari olinpikoak sortzea? Besarkada bat. Patxiku

E. Egia esan ni olinpiar jokoetan egotearen merituaren zati handiena Santiagotarrak kirol elkarteari esker izan da, bertan hasi bait nintzen ni nere lehenengo kursiloak egiten eta bertan ikasi bait nuen piraguan ibiltzeko behar den oinarrizkoa eta gehiago. Nik ere eskerrak ematen dizkiot nere klubari.

15

G. Onena zara Elosegi. Egia da aitak bibotea mozteko promesa egin zuela zuek urrea lortuz gero? mugalde

E. Ez dakit hori hala den baina askotan komentatu izan du beldur emango liokeela bere aurpegia bibote gabe ikusteak

14

G. Zure fisika ikasketek laguntzen dizute piragua hobeto eramaten? Irakaslea

E. Oinarrizko fisika pixka bat jakiteak gauza askotan laguntzen du, eta nere kasuan ere urak eragindago mugimenduak ulertzen edota arrazoitzen lagundu dit. Asko gustatzen zait uraren eta kanoaren arteko interakzioen arrazoia ulertu ahal izatea, edo gutxienez, ulertzen saiatzea eta hortaz pentsatzea.

13

G. Aitaren afizioetako batzuk zure egin ahal dituzu? Irungo nafar azpieuskalkiarekiko zaletasuna, bertsolari baztertuekiko interesa... Irun Euskaldun

E. Aita oso kirolzalea dut eta kirolzaletasuna beragandik neureganatu dut. Beti esan izan du euskalduna kirolari ona dela baina ez liderra, eta hori aldatu beharra dagoela. Ados nago ni ere horrekin.

12

G. Aupa! Medaila eskura ikusi zenuen inolako momentutan? Zapore gazi-gozoa uzten du laugarren postuak, ezta? Aitor Goikoetxea

E. Semifinalean 7. gelditu eta gero oso zaila ikusten nuen baina banekien finalean jeitsiera hobetu nezakeela eta podiorako burrukan sartu. Finalean atea ikutzean pentsatu nuen ezinezkoa zela ya domina lortzea eta azkenean atarian gelditu nintzen.

11

G. Aupa txapeldun! Zer moduz moldatu zara Pekinen? Zerbaitek harritu zaitu bereziki? Zerbait gustatu bereziki? Judasen laguna

E. Pekinen oso gustora egon gara, baina nik garbi dut etxean baino hobe enagola inon. Gehien harritu nauen gauza, txinatarren lan egiteko modua izan da. Gurearen oso desberdina, batek errex egin dezakeena egiteko 10 lagun elkartzen dira... Guretzat ez da normala, beraiei ordea oso normala iruditzen zaie hori.

10

G. Ander, eta Londresen zer? Tamesisen aurrena izan behar duzu derrigorrez... Edurne

E. Londreserako 4 urte falta dira oraindik eta bidean konpetizio garrantzitsu ugari daude oraindik. Nahiago dut oraindik ez Londresen pentsatu, baina bertan egonda helburua garbia da; Pekineko emaitza hobetu.

9

G. Zure ustez piraguismoaren inguruko albisteak ondo jorratuta daude Euskal Herriko komunikabideetan? Eta tokiko nahiz goragoko erakundeek behar bezala sustatzen eta babesten dituzte kirol modalitate hori eta gainerako ur kirolak? Izaro

E. Ur Bizietako Slaloma kirol minoritarioa da eta jende gehienak ez du ezagutzen. Kazetari askok ere ez dute ondo ezagutzen eta askotan gauza asko nahasten dituzte albisteetan. Olinpiar jokoen urtea da gurea bezalako kirolak laguntza gehien duten urtea. Hala ere, azken urte hauetan laguntzak nabarmen handitu dira eta nik uste dut kexurako arrazoirik ez dugula. Gainera, nik kirol hau maite dudalako egiten dut, inork ez dit laguntzarik eskeini beharrik ur bizietan jarraitzeko.

8

G. Zorionak eta urte askotan izan dezazula sasoi hori Ander! Pekinera joan aurretik espero zenuen laugarren toki hori eskuratzea? Besarkada bat, eta Londresen domina! Aintzane Etxeberria

E. Nere aurkariak ondo ezagutzen nituen eta badakigu ze maila dugun bakoitzak. Premundialean 2. gelditu eta gero konfiantza handia nuen neure buruarengan eta banekien lasterketa ondo eginda aurrean ibiliko nintzela.

7

G. Zorionak Ander: Profesionala al zara? Ba al dago beste inor zuen esparru horretan? Iņaki

E. Ez dakit profesional hitza egokiena den. Diru laguntzat baditugu, baina badakigu kirola uzten dugunean ez dugula lan egitea beste erremediorik izango. Horregatik ikasketak ez ditut utzi nahiz eta momentu hauetan alde batetara utziak eduki. Fisika ikasten ari naiz eta ez dut inoiz karrera uztea pentsatu.

6

G. Zuri eta beste euskak kirolari guztiei zorionak. Nolakoa da zure prestaketa? Zenbatero entrenatzen duz piraguarekin? Bestelako ariketa fisikoarekin osatzen duzu? Mila esker. Mikel Bizkaitik

E. Denboraldi hasiera izaten da gogorrena. Otsaila arte(gutxi gora bera), fisikoa da gehien lantzen duguna eta egunero bitan enrenatzen dugu normalean. Gimnasioa ondo landu beharra dago egun hauetan denboraldi bukaerako konpetizioetan forman egoteko. Martxoatik aurrera entrenamenduak pixka bat lasaitu egiten dira konpetizioak hasten direlako eta fresko egon behar delako. Lehen esan bezala, gimnasioa garrantzitsua da guretzat, baina piraguan ibiltzea eta ur sentsazio onak izatea da oinarrizkoa ur bizietako slalomean. Eskerrik asko zoriontzen nauzuen denoi!

5

G. Zorionak Ander egindako lanagatik. Noizko Euskal Herriko selekzioarekin? lorea

E. Euskalduna naiz eta Espainiarekin konpetitzen dut ez dudalako beste aukerarik. Euskal Herriari parte hartze uzten diotenean bertan egongo naiz.

4

G. Ez al zenuen ikurriņa erakusteko tentaziorik eduki? Eskerrik asko egindako lanagatik. Aitzane

E. Hitz eman nuen podiora igotzea lortzen banuen atera egingo nuela. Ezin izan nuen lortu, bestea batean izango da.

3

G. Lan handia egingo zenuen honaino iristeko. Azal dezakegu lerro batzuetan zure ibilbidea? Arrauna

E. Lehenengo gauza 2007ko Brasilgo munduko txapelketan plaza lortzea izan zen. Baina plaza hori 4 kanoisten artean jokatu beharra genuen eta gure arteko "borroka" hori nik irabazi nuen azkenean. Eta olinpiadetarako txartela ziurtatuta, Pekineko kanala ondo ezagutzeko 4 alditan egon gara han entrenatzen. Bagenekien kanala ondo ezagutzea oso garrantzitsua zela eta hainbeste bidaik azkenean emaitza ona ekarri digu

2

G. Kaixo Elosegi: Adiskidetu al zara piraguarekin? Kolpeka jardun zenuen bere kontra bukatu eta berehala? Aitarengandik hartu al duzu letxe txar hori? Zorionak egindakoagatik Mugalde

E. Piraguak eta nik denbora luzea daramagu elkarrekin. Momentuko haserrea izan ze hori ez besterik, gainera, piraguak ez du inolako kulparik, jaja.

1

G. Zer aportatu dizute Olinpiar Jokoek? Hondarribia 1522

E. Esperientzia oso polita kirol aldetik. Eta batez ere, inoiz ikusi ez nituen kirolak ikusi ahal izateko aukera. Munduko kirolaririk onenak ikustea oso ikusgarria da