Azken elkarrizketa

Amets Arzallus

Amets Arzallus

Iparraldeko Bertsolari Txapelketako partaidea

2008-10-16 - 12:30

 Erantzundako galderak

15

G. Amets, eskerrik asko elkarrizketa digitalari erantzun diozulako. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. mila esker zuei, eta hurren arte

14

G. Zeintzuk dira zuretzat bertso saio on baten osagaiak? Amaia

E. Bertso saio on baten errezetarik ez dut, eta banu... Bertso saioa ona izateko bertsolariak entzulearen barrura iritsi behar du, eta horretarako bide asko daude, eta denak ez bertsolariaren eskuetan. Baina esperientzia pixkak erakutsi dit gutxien uste den lekuan eta orduan sor daitekeela saio ona, eta holakoetan are izaten da hobea.

13

G. Lehendabiziko aldiz antolatu da iparraldean txapelketa. Zein arrazoik bultzatu zaituzte horretara? Bertsozalea

E. Azken urteetan lan bat eramana izan da bertsu elkartetik bereziki bertsu eskoletan. Bertsu eskola asko sortu dira, eta lan horrek segitzen du eta segituko. Baina uste dugu gure burua ispiluaren aurrean ikusteko tenorea heldu dela.

12

G. Zer nolako giroa somatzen duzu Txapelketa hontako? Erronka polita Iparraldeko bertsolarientzat eta nola ez saioetara joango garontzat. Hirune Betelu

E. Aldeko giroa euskalgintzaren eta euskaldunen aldetik. Eta pentsatzen dut Donibane Lohitzuneko finala Euskal Herri mailako ekitaldi bat izanen dela.

11

G. Erdalgunean bizi zarela esan daiteke, Amets, Hendaia ez baita Zizurkil. Zein da bertsolaritzaren papera zure bizilekuan, eta gainontzeko erdalguneetan? Manex

E. Bertsolaritzaren papera hizkuntzari arnas ematea da. Hendaia erdalgunea da, eta gainera erdalgune berezia, erdarak bizi baitira Hendaian, gaztelera eta frantsesa, eta euskara arnas gutxirekin gelditzen da bien tartean. Gure funtzioa ez dezaten euskara ito, bertsoaren bidez hizkuntzari bere espazioa eta hatsa ematen eta zabaltzen joatea da. Eta horretarako euskararekin jostatzeko bidea da bertsoa, biziraupen garaian ere funtsezkoa baita erresistentzian dibertsioa eta umorea bilatzea.

10

G. Zergatik apartatzen zara mikrotik bertsoa amaitu baino segundu bat lehenago? Gorka.

E. Nik ere hori galdetzen diot nere buruari...

9

G. Non zabiltz kazetaritza lanak egiten? Jon Sasieta

E. Momentu honetan kazetaritza lanei atseden bat eman diet, eta gero segitzeko asmoan, baina urte honen hasieran utzi nituen ARGIAko elkarrizketak. Ikusiko gero...

8

G. Zer moduz ikusten duzu orain bertsolaritza iparraldean? eta etorkizunean? Bertso-eskoletan jende asko al dabil? Irune

E. Iparraldean bertsolaritza ereite aroan dago, eta uzta pixka bat bitzen hasiak gara. Nago ereite aroa luzea izanen dela eta pazientziz hartu beharko dela, baina pentsatzen dut uzta berria etorriko dela. "Jaioko dira berriak..." Bertso eskoletan jende asko baitabil.

7

G. Zeintzuk dira hiru faboritoak zuretzako???

E. Igor Elorza, Unai Iturriaga eta Xabi Paya, eta kontuz besteekin ere...

6

G. Zure arrebak ere hartuko du parte txapelketan. Entrenatu al zarete batera? Txomin

E. Iaz bertso eskolan elkarrekin biltzen ginen Hendaian. Aurten ikasketak direla eta bera Gasteizen da, beraz etxean gutxi ikusten dugu elkar, eta beraz ez gara batera entrenatu.

5

G. Igor Elortza eta Unai Iturriaga Bizkaiko txapelketatik erretiratu egon dira. Sustraik eta zuk Iparraldeko aurreneko hontan irten beharra zenuten, ez? Miren Lejarreta

E. Bai, kantatuko dugu, Unaik eta Igorrek Bizkaiakoan bezala.

4

G. Zein izan da bertsolaritzaren egoera iparraldean, historian zehar? Miren

E. Tesi bat egiteko ez da gai txarra... Euskararen egoerarekin uztarrian lotua ibili da. Eta gero zein idik tiratzen duen ere bada alde pixka bat. Xalbador eta Mattin uztarri baterako gorpuzkeraz aski aldrebesak baziren ere, oso idi onak izan ziren. Eta beharbada indar gehien orduan izan zuen bertsolaritzak. Orain, euskararen egoera askoz okerragoa da, eta gainera ikusirik giro politikoa eta politikariak zein diren ez naiz arras baikorra, baina hala ere saiatzen ari gara bidea egiten, eta momentuz idiak prestatzen eta gurdia betetzen ari gara.

3

G. Amets, zein izan da zuretzat pertsularirik handiena? Abel

E. Nik beti gustukoentzat Joxe Agirre eman izan dut. Onena galdeginik Egaņa eman izan dut. Handiena galdeginik, agian Xalbador.

2

G. sustrai eta zu punta puntako bertsolariak zarete, bistan denez. ez al da falta, ordea, ipar-hego joan etorri zabalagoa, bertsolari eta plazei dagokienez ? eta batipat, barnealdea ez al dago, nola lapurdi kostaldetik, hala hegoaldetik, bertsotan ere apur bat isolaturik ? Joseba

E. Plaza bakoitzak hautatzen du nahi duen bertsolaria, eta plaza bakoitzak bere irizpideak ditu, oso subjektiboak eta oso objektiboak, bere irizpideak. Eta irizpide horietan lurraldetasuna sartzen baldin badu oso ongi iruditzen zait, eta ez badu sartzen ere berdin, bere irizpideak dira. Joan etorri zabalagoa beharko lukeela? Horretarako ari gara lanean elkartean, bertso eskoletan, txapelketan, leku guzietan, baina gero ereite horren uzta naturalki hartu behar du jendeak eta berak kudeatu. Eta uzta ona izan dadin klima ere ona behar da, eta iparraldean klima ez da beti arras ona izan, euskararena, nortasun politikoarena... Bestalde bertsolari bakoitzak bere burua ordezkatzen du, eta bertsolaria da lehenik, eta gero nobaitekoa. Xalbador urepelekoa zen, eta ez Urepeleko Xalbador.

1

G. nolako euskaraz kantatuko duzu ? Lapurteraz ? Batuan ? Eneko

E. aupa eneko, nere euskaran kantatuko dut. Nik etxean gipuzkeraz egiten dut, baina lagunartean iparraldeko mazedonia bat baliatzen dugu, Hendaian sortzen den euskara. Eta horretan kantatuko dut. Hori da gure euskara, Lapurdin herri guzietan ez da berdin hitz egiten, Gizpukoan ere ez, Bizkaian ere ez, Nafarroan ere ez... eta... Zer da hori lapurtera? Batua? Baina lasai, zuberotarrek ere konprenituko nute eta.