Azken elkarrizketa

Paul Rios

Paul Rios

Lokarri-ko koordinatzailea

2008-10-22 - 12:00

Lokarri-k azaroaren 9an normalizazio politikoaz eta bakegintzaz galdeketa egingo du Gernika-Lumon, eta hori prestatzen ari da.

 Erantzundako galderak

18

G. Eskerrik asko, Paul, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei, eta internauta guztiei.

17

G. Zorionak Lokarriri! Uste dut oso ausartak izaten ari zaretela Gernikan azaroaren 9an kontsulta bat egiteko ekimenarekin. Eredu bat izan dadila guztiontzat. Lan handia da halako zerbait antolatzea eta laguntza beharko duzue, ezta? Nola lagun dezaket egun horretan? Garazi Mutuberria

E. Eskerrik asko. Kontsulta hau antolatzeko boluntarioak bilatzen ari gara momentu honetan. Gure helburua da 300 lagun biltzea hautes-mahaietan egoteko. Orain arte, 150ek izena eman dute, baina helburu hori bete nahi dugu. Konpromisoa da egotea 10etatik arratsaldeko 19:00etara.

16

G. Ondo ari al da Jonan Fernandez Baketik-en? Ematen al dizue aholkurik harek zuei? Hartuko al zenukete Lokarrin? Maria

E. Bai, oso ondo, lan izugarria egiten ari da. Ia astero hitz egiten dugu. Bere laguntza daukagu eta, jakina, bere aholkuak oso garrantzitsuak dira guretzat.

15

G. Irakurri dut datorren larunbatean PNV, EA, IU eta Aralarrek deituriko ekimenean parte hartuko duzuela.Urriak 4an milaka euskal herritar bidlu giņen Bilbon AAMko kideen espetxeratzeak salatu eta irailean izandako ilegalizazioen aurrean protesta egiteko. Manifestazioa hartan ez zenuten parte hartu. Zein erizpide erabiltzen dituzue batzuetan parte hartzeko eta besteetan ez? Leirel

E. Ez dugu parte hartu deialdiaren edukiekin ados egon ez garelako. Pertsona guztien giza eskubide guztiak defendatu behar dira, eta kasu honetan Euskal Herriaren kontrako erasoa izan dela esan du AAMk. Gure ustez, askatasun demokratikoen urraketa egon da ilegalizazio honetan, eta hau da salatu behar duguna, ez herriaren kontrako erasoa, hori izan ez delako. Bestalde, mobilizazio batean parte hartzeko gure irizpidea honako hau dira: anitza eta argia izatea giza eskubideen alde. Manifestazio horretan irizpide hauek ez dira bete.

14

G. Demokratikoa al da Espainiako Estatua? Miel Iturriaga

E. Oso zaila da erantzutea. Ziur aski demokratikoa da, baina honen kalitatea ez da oso ona. Adibidez, alderdi politikoen ilegalizazioak edo kontsultaren debekua, demokrazioa batean, ulertezinak dira. Hobetu behar dugu demokrazia hau, eta horretarako beharrezkoa da denon artean akordio bat lortzea.

13

G. kontsultak egitea demokratikoa, eragingorra... izan daiteke. baina gure gizartean noizko errotuko da kontzientzia hori? prestatuta al gaude horrelako ekimen bat aurrera eramateko orduan behar hainbatkontsentsu bilatzeko? ugarte

E. Ez dakit. Gizarte heldua gara, eta asko inplikatu gara bakearen aldeko lanean, baina, adibidez, 34 urte daukat eta bakarrik behin parte hartu dut kontsulta batean. Ohitura hori falta zaigulako, lehenbailehen kontsulta batean parte hartzeko aukera behar dugu. Hau da demokraziaren etorkizuna.

12

G. Pasa den larunbatean ertzaintzak Tolosan hainbat herritar zauritu zituen, manifestariak atxilotu, Tolosako erdikaldea okupatu, herritarrak izutu eta Lasa eta Zabalaren oroimenezko mobilizazio baten aurka gogor egin. Datorren larunbatean zuekin batera manifestatuko diren batzuk ez al dituzte ardura zehatzak basakeria honetan? Ez al dizu pertsonalki kontraesanik sortzen? Irati

E. Askotan bai, lehen esan dut giza eskubide guztiak errespetatu behar direla, eta manifestazio batera deitzea oinarrizko eskubide bat da. Ez dut ulertzen zergatik manifestazio hori debekatuta zegoen, eta, adibidez, Falangek datorren 25erako deitutakoa legezkoa den. Bestalde, Ertzaintzaren jokabidea proportzionala izan behar da, eta kasu honetan, eta beste batzuetan, ez da horrela izan.

11

G. Donostian bizi naiz. nola bozkatu dezaket? itziar

E. Kontsulta hau Gernikako biztanle guztiei zuzenduta dago, baina herri horretako biztanle ez diren guztiek ere badute beren botoa emateko aukera www.gernika2008.org webgunean, kontsulta batean parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko.

10

G. -Zergatik aukeratu duzue Gernika-Lumo herri kontsulta egiteko? Ander Lekunberri

E. Hasiera batean, gure asmoa Euskal Herri osoan egitea zen, eta aukera hau aztertu genuen udan, baina guztiz ezinezkoa zen. Hau antolatzeko ez daukagu nahiko indarrik, eta horregatik erabaki genuen herri zehatz batean egitea. Gernika denontzat leku sinbolikoa da (bakearen hiria eta abar). Inork ez duelako sinbolismo hori ukatzen, guztiz logikoa da herri hau aukeratzea kontsulta bat egiteko.

9

G. Kaixo, zer pentsatzen duzu AHTren inguruan egin diren galdeketen inguruan? Babestuko zenuke Euskal Herri mailako AHTaren inguruko galdeketa bat? Ibon

E. Gizartearen parte-hartzea bultzatzeko onak dira horrelako galdeketak, haren nahia modu zuzen eta demokratikoan adierazteko. Bestalde, Lokarrik ez dauka iritzirik gai honen inguruan, baina demokraziaren alde beti egongo gara. Gizarteak AHTren inguruko galdeketa bat nahi badu, antolatu beharko dute erakundeek. Hau normaltasun osoz egiten da Europan zehar, baina zoritxarrez gure herrian galdeketa bat antolatzea edozein gairi buruz erabakitzeko oso zaila da. Hau aldatu beharko da gure demokrazian sakondu behar dugulako.

8

G. Zergatik egin dute huts, zure iritzian, azken bake prozesuek? Metodologiak huts egin du? Joseba

E. Ez delako metodologiarik egon. Bake prozesu batean lehenengo pausoa izan behar da metodologiaren eta agendaren definizioa. Bake prozesuan, aldiz, dena batera egiten saiatu dira: metodologia, agenda eta eduki politikoak adostea. Bake prozesuetan beti egoten dira krisiak, eta hauek gainditzeko metodo bat behar duzu, baina ez da horrelakorik egon. Horregatik, arazoz gainezka gelditu zen bake prozesua eta huts egin du.

7

G. Noizko Euskal Preso Politikoen inguruko irakurketa sakon bat? Eta hauen giza eskubideen aldeko defentsa? Esker mila oier lartategi oier lartategi

E. Ez dakit noizko, baina lehentasun bat da guretzat. Betidanik uste izan dugu denon arteko lana egin behar dugula hau salatzeko, baina orain arte ez da posible izan. Gure eredua da Ibaeta foroak egindako lana, eta zerbait antzekoa antolatu behar dugu indarrak batzeko. Denok, gizarte mugimendu guztiok, gogoeta sakon bat egin behar dugu aztertzeko zergatik ezin izan dugun horrelako zerbait bultzatu.

6

G. gernikan egingo duzuen galdeketari buruz ze iritzi jaso izan duzue ezker abertzalearengatik? kikebasauri

E. Jakina denez, ez dugu bere sostengua edukiko. Aste honetan ANVko Gernikako ordezkaritza batekin egon naiz, eta hau oso argi eta garbi esan digute.

5

G. Kaixo Paul, Tortura kasu berriak ezagutu ditugu azken asteotan Nafarroan. Salaketa oso gogorrak izan dira, tartean inork jakin gabe bost egunez inkomunikatu eta torturatu duten gaztearena. Hainbat alderdi politiko eta eragile sozial isil isilik gelditu dira salaketa hauen aurrean. Lokarriren aldetik ere nik behintzat ez dut ezer irakurri. Giza eskubide guztiak defendatzen dituzuela eta tortura beti gaitzetsi duzuela erantzungo didazu. Baina ETAren ekintza guztien ondoren ateratzen zareten bezala, zergatik ez zarete ateratzen tortura kasu guztien aurrean? Ez al dira azken tortura kasuak etikoki eta moralki Tolosako epaitegiaren aurkako ekintza baino larriagoak? Zergatik baten aurrean isilik eta bestearen aurrean ez? Mattin

E. Ez gara ateratzen ETAren ekintza guztien ondoren, baina, onartu behar dugu ere azken denboraldi honetan ez dugula ezer esan tortura kasuak salatzeko. Bestalde, ez dakit zer den etikoki eta moralki larriagoa, atentatu bat Tolosan edo tortura kasu bat. Uste dut giza eskubide guztiak bermatu behar direla, aitzakiarik eta salbuespenik gabe.

4

G. Porrot egin al du Ibarretxek? Txomin

E. Alde batetik, ezin izan du kontsulta bat egin, baina, bestalde, orain kontsultaren proposamena erabakiorra izango da gure etorkizunean. Ibarretxeren papera oso garrantzitsua izan da honetan, eta hori ere onartu behar da.

3

G. Normalizazio politikoa dela eta zure ustetan zein da, egun, medioen papera eta zein izan beharko luke?(askotan, geihenetan, kritika aurean medioen aitzakia "mezularia" erasotzen dugula... bainan mezulariak badaki ze rola jokatzen ari den eta zein jokatu beharrekoa?) iņaki

E. Komunikabideen papera garrantzitsua izan behar da, baina apur bat kritikoa naiz haien jarrerarekin. Askotan, beren arreta osoa jarrita dago eraikitzaileak ez diren gauzetan, eta diskurtso berri asko kanpoan geratzen dira. Adibidez, orain dela hamabost egun 400 lagunek parte hartu zuten ekitaldi batean Arantzazun. World Cafe metodologiarekin aritu ziren, baina komunikabideek bakarrik azpimarratu zituzten lehendakariaren eta Mentxuren diskurtsoak, gizartearen parte-hartzea kanpoan utzi zuten albisteetan.

2

G. Bake eta normalizazio politikoaz asko hitz egin eta gutxi egiten da herri honetan. Diskrezio gutxiegirekin eta gehiegizko alderdikeriarekin (bereziki Batasunak, PSOEk eta PNVk) jokatzen dela uste duzu? Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik. Gogoeta eta eztabaida beti da beharrezkoa. Ainere Lakabe

E. Bai, zoritxarrez elkarrizketa guztiz blokatuta dago. Irtenbide bat bilatu behar da: alde batetik, indarkeria amaitu behar da, bestetik konfiantzazko eremu bat eraiki behar dute alderdiek, eta bestetik, gizarteak paper garrantzitsu bat eduki behar du prozesuan.

1

G. Gizartearen parte hartzea sustatzeko eta normalizazio politikoa lortzeko lanean aspalditik dabil Lokarri. Gizartean, aldiz, gero eta apatia gehiago sumatzen da. Agintari publikoek politika horiek bultzatzen ez dutela asmatu, bistan da, baina mugimendu sozialek ere ez al dute gutxi berritu beren diskurtsoa? Ez al gabiltza duela 30 urteko dinamiketan? Josu

E. Seguru asko, bai, ez dugu berritu gure diskurtsoa. Gizartea asetuta dago, eta konponbideak nahi ditu. Bake prozesurainoko bidea blokeatuta dago, eta gizartea orain ez dago hain mobilizatuta. Berpiztu behar dugu jendearen inplikazioa.