Azken elkarrizketa

Amaia Muņoa

Amaia Muņoa

ELA-ko idazkari nagusiaren albokoa

2008-12-11 - 12:00

Azaroaren 26an eta 27an egin zuen ELAk XII. kongresu federala, eta Amaia Muņoa izendatu zuten Adolfo Muņoz idazkari nagusi berriaren alboko gisa. Muņozen beraren lekua hartu du, hain justu, Muņoak. ELAko diruzaina eta Iparralderako arduraduna ere bada.

 Erantzundako galderak

12

G. Kaixo Amaia: Askori berdin gertatzen zaigu ELArekin: Zuen adierazpenekin bat gatoz, baina gero ez dugu egunerokoan praktikan ikusten, jarrera hori, zuen afiliatuengan, enpresetan. Zergatik tarte handi hori maila nazionalean eta enpresatan egiten denaren artean? Taifa erresuma txikiak al dira enpresatako sail sindikalak? Zenbateraino "kontrolatzen " duzue hartzen dituzten erabakiak? Ibon Ostolaza

E. Diferentziak badaude ez ditugu ukatuko, baina nere ustez hori ez da orokorra baizik eta gutxiengoa, nahiz eta ELAk diona gustoko ez dutenen partetik errepikatzen den. ELAk konfederal mailan esaten duena atal sindikal eta sektore askotako ordezkari eta afiliatuek, esateaz aparte, egiten dute. Ikusi besterik ez dago, zein ari den gatazkak aurrera eramaten era guztietako sektore eta enpresatan.

11

G. Aipatzerik bai ELAn ibili izan den emakume sindikalista garrantzitsu bat, erreferentzi gisa-edo hartu duzuna? Miel Iturriaga

E. Momentu honetan adibiderik garrantzitsuna izen gabeko emakume batena dela uste det: Kontratu prekarioduna, lan baldintza txarrak dituena eta borrokarako erabakia hartu duena. Borroka antolatzen ari gera hainbat sektoretan eta gaur egun greban dagoen Ariznabarra, Sabeco edo Zornotzako udal garbitzaile sektoreko edozein emakumea da hori.

10

G. Egunak joan egunak etorri, tarteka atzoko gertakizun "izugarriak" kenduta, krisia da kezka nagusi. Lanean kili kolo eta beste baten bila dabilenaren ikuspegitik, pentsa dezakezunez panorama iluna dago. beste batzuk, berriz, "goikoak", psikosia eta horrelakoak aipatzen dituzte eta aterako garela? Amaia, 1- Zein da zuen ikuspuntua? 2- Datorren urtea(k) batzuk espero dugun bezain gogorra al dator? 3- Nola aurre egin? Matxin

E. Ezin da esan zer gertatuko den nahiz eta datu esanguratsuak badauden - enpleguaren bilakaera adibidez- argi uzten dutenak zenbait arlotan zailtasunak datozela. Gai honen inguruan langilegoak bere iparra galtzeko interes izugarria dago: alde batetik izua eta bestetik amaierarik gabeko eztabaida oso elementu funtzionalak dira horretarako. Beraz zein da gure lana? Lehenengo: ez ahaztu krisiaren arrazoi guztien erantzunkizuna patronalek eta gobernuek dutela. Bigarren: ekonomia gora zihoan garaiko errezeta berdinekin badatoz ezezko erantzuna eman behar diegu. Lan baldintzak hobetzeko ardura daukagu egoera honetan ere. Hirugarren: Administrazio Publikoek bete gabe dauden beharrei erantzun behar diete, publikoaren pisua handituz ekonomian.

9

G. Kaixo Amaia!Zer gertatzen da milaka langile garenok enpresa txikietan lan eta ez daukagu ordezkari sindikalik?Lan arloko gure eskubideak nork babesten gaitu? Iņazio

E. Sei langile behar dira gutxienez enpresa batean ordezkari sindikala hautatu ahal izateko. Horrek eremu handia kubritzen du eta esfortzu handia egiten degu posible den guztietan hala izan dadin. Hortik beherakoek ezin dute ordezkarik hautatu baina badute babesa hitzarmenen bidez eta sindikatuek afiliatuei ematen dieten laguntzaren bidez.

8

G. MRA fundazioa lehen urrats egokia bezain ongi pentsatua izan bazen ere, ELAk ez al du asmorik Ipar EHn parte hartze sindikalean beste urratsik emaiteko, jakinez espazio bat badagoela betetzeko arlo horretan? tartean LAB( mozorroturik bada ere!)aintzina doa... kaiku

E. ELAk bere hautua asko pentsatuz eta guztiz konbentzituta egin zuen 2004. urtean: Iparralden sindikalgintza abertzalea sortu behar bada, hango abertzalek erabaki beharko dute noiz eta nola. Gure erronka hori posible izatea eta horretarako laguntzea da. Oraingoz horretan gaude.

7

G. Zer egingo du ELAk enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko hurrengo urteotan? xiber

E. Euskararen egoera lan munduan oso larria da eta ELAk badu honetan konpromezua hartuta. Alde batetik, barrura begira, orain dela lau urte abian jarri genuen normalizazio plan bat organizazioan eta bestalde, lan munduari begira gure ardura nagusia negoziazio kolektiboaren bidez hurratsak ematea da. Zentzu honetan 2009ko negoziazio kanpainarako, klausula zehatzak sartuko dira plataformetan, enpresa desberdinen egoera kontuan hartuz, benetazko helburuak betetzen joan daitezen eta ez planteamendu orokorretan geldituz.

6

G. Zergatik da ELA, sindikatu abertzalea izanik, eusko Gobernuaren hain aurka azaltzea? Kepa

E. ELAk egiten dituen aldarrikapenak eta mobilizazioak, eta burutzen dituen borrokak abiapuntu jakin batetik egiten dira: langile organizazio abertzale bat da ELA, eta horren arabera ditu bere helburuak negoziazio kolektiboan, gizarte ereduan eta prozesu nazionalean. Gure hausnarketak eta posizioak horri erantzuten dio.

5

G. Harreman onak LABekin, hori bai, baina noizko bilera bat Ainhoarekin gauzak ondo aztertzeko? Ba daude gogorik ELAn ala ez? Joseba Bizkaikoa

E. Bi organizazioen artean gauzak ondo aztertzeko arazorik ez dago, eta esan deten bezela egiten degu, besteren artean orain edo aurrerago bada ere, beharrezkoa dalako.

4

G. Noizko berriro ELA eta LABen arteko elkarlan? Erortzen ari zaigunarekin, ez alduzue beharrezkoa ikusten? Kapitala batuta eta langileak sakabanatuta, hau komeri trixtea!!! XABIER

E. ELA eta LABen arteko elkarlanak eman duena eta eman dezakeena asko baloratzen degu ELAn. Horregatik mahai gainean dagoen etengabeko gai garrantzitsua da eta posible den enpresa eta sektore guztietan elkarrekin gaude lanean. Maila orokorrago batean amankomuneko ibibide bat jorratzeko oztopo handiak daude, diferentzi sakonak, negoziazio kolektiboan adibidez. Hauek gainditzeko boluntadea eta lan serioa behar da eta horretan gaude, jakinda desioen gainetik errealitateari heldu behar zaiola.

3

G. ez al duzu uste elorrietak gehiago aportatuko lukeele politikagintzan bere ikasketak amaitzen baino? nafar

E. Agian bai, nahiz eta politikagintzan agintzen duen alderdikeriak zalantza asko sortzen duen.

2

G. Zergaitik ezetz BBK et KUTXAren bategiteari? PATXI ARRUTI

E. Fusioa enpresa proiektu bat da, nahiz eta horretarako ELAri babesa eskatu dioten kutxek. Harritzekoa da babes eskaera bai, baina ELAk lan baldintza eta berme sindikalei buruz egindako planteamenduak inongo erantzunik jaso ez izana. Horren aurrean ELAk egin zezakeen gauza bakarra egin du: babesik ez ematea enpresa proiektu horri.

1

G. Kaixo!Gazte askok sindikalismoaren indarra ez dugu ikusten, garai bateko langile kontzientzia ez dugu heredatu. Zer eskain diezaguke sindiskalismoak gaurko gazteei? Ane

E. Kapitalismoaren eta honek landutako pentsamendu bakarraren lorpenetako bat, langile klase kontzientzia ikusezina egitea izan da, nahiz eta klase interes desberdinak inoiz baino "egiagoak" izan. Beraz gaurko sindikalgintzaren ekarpen nagusia -gazteentzat ere- langilegoaren interesak azalarazi eta defendatzea izan behar da, lan arloan eta gizartean orokorrean, aberastasunaren banaketa justuagoa lortzeko.