Azken elkarrizketa

Joxe Leon Otaņo

Joxe Leon Otaņo

Korrika Batzordeko kidea

2007-03-21 - 11:30

Ostegunean, hilaren 22an, abiatuko da Korrika Karrantzatik (Bizkaia). Ekitaldi handi horri buruzko xehetasun guztiak argitzeko prest dagor Joxe Leon Otaņo Korrika Batzordeko kidea.

 Erantzundako galderak

22

G. Ba, hauxe da guztia Joxe Leon. Elur, kazkabar eta haize guztien gainetik ondo joan dadila Korrika. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskertu nahi diet BERRIA.INFOkoei emandako aukeragatik. Eguraldiak ez du inolako oztoporik suposatuko Korrika abian jartzeko eta ziur gaude jendartearen erantzuna itzela izango dela. Aprobetxatu nahi dut esateko ahalik eta jende gehien anima dadin 15. Korrika honetan parte hartzera. Ez zarete-eta damutuko. Besarkada bero bat denoi.

21

G. Orain modan dago etorkinen euskalduntzeaz hitz egitea. Baina Jose Mari Pastorrek idatzi zuen bezala, "barne etorkinekin", alegia, euskal herritar erdaldunekin, ez al genuke gehiago kezkatu behar? Askoz gehiago dira: % 75. Julen Arrieta

E. Ez duzu arrazoirik falta. Erdaldun herritar horiek urteak daramatzate euskara ikastearen abantailak entzuten baina ez diote ekiten. Ene ustez, beharra faltaren aitzakiatzat, eta hori errealitate gordina bezain erreala da. Beharbada, etorkinak ikustean ahalegindu ahalko dira!

20

G. Aurtengo Korrikan euskal emakumeak omentzeak ez dauka 'moda' usain piska bat? Ainitze

E. Modak beti moda izaten dira baina gu honen antolaketan hasi ginenean duela bi urte, ez zegoen modan eta, modan jarri baldin bada, guri esker izan da.

19

G. Moko fin fama daukazu. Horrela al da? Zer afizio dauzkazu? Iņaki Peņagarikano

E. Ziur nago zu bezain moto fina naizela. Afizio handiena, musika entzutea da, horrek ematen didalako kristoren bizipoza.

18

G. Jaurlaritzarekin harreman onak dituzuela esan duzu. Nolakoak dituzue Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin? Mugatik

E. Nafarroako Gobernuarekin tamalgarriak, azken urteetako joera geneukan apurra birrintzen ari baitira. Korrika honen helburuetako bat, lortutako diruarekin Nafarroako egoera lasaitzeko da, bestela jai geneukake. Iparraldean azken urteotan, eta arian-arian, hobekuntzak lortzen ari gara baina, zoritxarrez, askiezak. Dena den, bai batean eta zein bestean, egoera normal baterantz bideratuko ditugu geure indarrak.

17

G. Egunon. Esan duzue Iruņeko udalak oztopoak jarri dituela azken festa behar bezala egiteko. Nola dago kontua? Konpondu dituzue? Nini

E. Nik ditudan azken berriak kontuan hartura, ez dugu inolako oztoporik izango ez Iruņeko bukaeran, ezta Nafarroa osoko ibilbidean ere. Beraz, animo guztiei.

16

G. Zer egin beharko litzateke azken bolada honetako etorkinak euskararen mundura etorrerazteko? Pelaio

E. Aspaldi dugu kezka hori gure artean, eta gure esku eta instituzioen esku dauden aukera guztiak baliatuko ditugu ahalik eta etorkin gehienek euskararekin bat egin dezaten. Ez izan zalantzarik. Aio, Pelaio.

15

G. Gaur egun, zeintzuk dira helduen euskalduntze alfabetatzearen erronka nagusiak? Galder

E. Erronka nagusia ahalik eta heldu gehien hurbiltzea gure euskaltegietara. Euskara ikasteko ahalik eta aukera gehienak eskaintzea, ikas prozesua ahalik eta lasterren eta atseginen buru dezaten.

14

G. Edo Jaurlaritzak oso ondo tratatzen zaituzte edo oso txintxo bihurtu zarete. Lidia Gomez

E. Txintxo bihurtzeko gaiztoa izan behar. Nik dakidala gu beti oso txintxoak izan gara. Jaurlaritzarekin harreman onak ditugu, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu helburua lortzeko behar baita.

13

G. Ze ekarpen nagusi egiten dion Korrikak euskarari? Antton

E. Ikusita zer jende motak ekiten dion bi urtean behin Korrikari eta zenbat diren hau antolatzen parte hartzen dutenak, izugarria iruditzen zaigu. Dena den, honetaz gain guk Korrikan jasotzen dugun diru ekarpena nolabait itzuli nahi izaten diogu jendarteari; Korrika Kulturala da horren adibide, Euskal Herri osoan zehar bi hilabetez egiten dugun eskaintza itzela da.

12

G. Eguerdion Joxe: Ikastola bateko irakaslea naiz eta atzo gure herriko Korrika Batzordean ondorengo perla bota zigun eskola "publiko"-ko irakasle batek: AEK eta Ikastolatako kideak berdinak zarete, beti negarrez, zuek hautatu zenuten "pribatuak" izatea, hortxe dezute bestela HABE edo eskola "publikoa" ? Noiz arte jarraitu behar dugu horrelako lelokeriak entzuten? Beharbada gizarteari ez al diogu behar bezala adierazi gure filosofia guztiz publikoa dela, baina herri mugimendutik sortutakoa eta langile inplikatuez osaturikoa, eta hori gaur egun ez duela ez HABEK eta ez zenbait eskola publikoek betetzen? Munduko animo guztiak!! Andoni

E. Zuk esan bezala, astakeria galanta. Baina horrelakoak entzuten jarraitu beharko dugu zoritxarrez. Gure bokazioa erabat publikoa da eta doantasuna gure helmuga. Eskerrik asko animoak emateagatik.

11

G. Kontaiguzu KORRIKAko anekdotaren bat Leandro Agirre

E. Inolako kirolik egin gabe, Korrika lekukoaren atzetik zenbat kilometro egin daitezkeen sinestezina da. Hori da anekdotarik handiena jendearen artean lehendabiziko aldiz Korrika lasterketari ekiten dionean.

10

G. Kukurruku egiten da euskal atsotitz zaharretan: -Kukurruku oilarrak jo behar du -Oilarra gorago, kukurrukua entzunago -Oilar ttikiak kukurruku handia -Oiloak oilarrari errespetua Ko-Korrika egingo da euskal andreen omenetan Kikirriki, kukurruku, zer diozu? Kiky Riko Oilokiegi

E. Hemendik gutxira kukua entzuteko parada izango dugu. Beraz, Kiky Riko sosa patrikan izan, zoriontsuagoa izan nahi baduzu. Birigarro halakoa!

9

G. EZ LITZATEKE EGOKIAGOA KORRIKA TUTERAN,VIANAN..BUKATZEA.HEMEN EZ DUGU AEKRIK?NOIZKO? GORKA

E. Ez pentsa gure artean horretaz gutxi hitz egin dugunik. Baina azken jaiak oraingoz duen izaera kontuan hartuz, hiriburuetara jo izan dugu. Zoritxarrez, Korrika asko egin beharko dira Euskal Herria euskalduntzeko eta ziur egon Tutera eta horrelakoak kontuan hartuko ditugula.

8

G. KORRIKAk helburu ekonomikoa daukala argi eta garbi dago. Bigarren helburua euskararen aldeko kontzientzia berpiztea da. Zure ustez nola lagun dezake korrikak bigarren helburu hau lortzen? ZURIŅE MADRID

E. Kontzientzia berpizteko gure esku dauden ahalegin guztiak egiten ditugu, euskal kultura sendotzearren. Horrek ekarriko baitu euskararen kontzientzia berpiztea. Nahikoa da? Ez, dudarik gabe. Baina bide hori da zuzena eta irtenbiderik emango diguna.

7

G. Askotan esaten dute Ibarretxek meritua daukala euskara ikasi duelako. Nere ustez oso berandu ikasi du, eta lehendakaritza eskaini diotenean. Zer irizten diozu? Miren Agirre

E. Niri jende askok adinean oso sartua dagoela jartzen dit aitzakia bezala euskara ikasteari ez ekiteko. Ene erantzun sendoa beti "inoiz ez dela berandu" izaten da. Beraz, atera kontuak.

6

G. Oraindik ordaindu egin behar al da euskara ikasteagatik? Aitziber Larrarte

E. Bai, eta herritar xumeentzat nahiko garestia da. Guk ahalegin guztiak egingo ditugu hau merkatzen joateko, helburua doantasuna izanik.

5

G. Ez al duzu uste Jaurlaritzak oso indargabetuta daukala helduen euskalduntzea? Leire

E. Ikuspegiak eta ikuspegiak daude. Nik dakidan bakarra da azken urteotan aurrerapauso itzelak eman ditugula, bai finantzabidean, baita harremanetan ere. Horrek ez du esan nahi lortu duguna nahikotzat jotzen dugula, eta gure aldetik dena emango dugu hau hobetzearren. Lortu beharko genuke Euskal Herriko edozein biztanlek euskara ikastea inolako gasturik gabe. Erkidegoaz egin didazu galdera baina ez ahaztu Nafarroa eta Iparraldea ere hortxe daudela.

4

G. Nola lortu erdaldun helduek euskara ikastea? Iker Arangoa

E. Erantzun zuzena jakingo banu, gustura asko erantzungo nizuke. Ene ustez, hori norbanakoen baitan dago. Euskaradunak bere inguruan mugitzen den erdaldun orori zer aberastasun lortuko lukeen esango balio behin eta berriro, ene ustez pixkanaka hurbiltzen joango litzateke gure hizkuntzarengana.

3

G. Zenbat diru lortzea espero duzue? Itziar Laskorain

E. Helburu bat jarri diogu eta orain arte bezala izanez gero, beteko dugulakoan nago. Beti helburu hori gorantza markatzen dugu eta orain artean jendarteak ederki asko erantzun digu. Esker anitz aldez aurretik.

2

G. Apirilaren 1ean Iruņean amaituko da Korrika 15. Jai handia izango da bertan, ezta? Zer topatuko dugu egun horretan Iruņeara bertaratzen garenok? Amaia

E. Denetarik, neska. Nahi dituzun aukerak eta bi izango dituzu. Egitaraua korrika.org helbidean topatuko duzu. Guk espero duguna Iruņea euskaltzalez betetzea da, besterik ez.

1

G. Ikastolek lortu egin dute mugimenduaren hasieran ibilitako irakasle eta andereņoentzat errekonozimendu publikoa eta onura ekonomikoa. Noiz lortuko du AEKk gauza bera AEKko beterano ahaztuentzat? Iņaki Lasa

E. Hariak mugitu egin ditugu. Oraingoz, ordea, ez dugu inolako aukerarik ikusten hori lortzeko. Horrek ez du esan nahi gaia baztertuta utziko dugunik, baizik eta beste egokiera baten baitan mugitu beharko ditugula hariak. Ez dugu etsiko.