Azken elkarrizketa

Egoitz Askasibar

Egoitz Askasibar

ESAIT-eko kidea

2008-12-23 - 14:00

ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak manifestazio nazionala deitu du hilaren 27rako, 'Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat, federazio bat' lelopean. Bilbon izango da. Aurten ez du futbol selekzioak lagunarteko partidarik jokatuko, EAEko Federazioaren eta futbolarien arteko desadostasunengatik. Jokalarien alde atera da ESAIT.

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Egoitz, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker zuoi. Oso gustora aritu naiz. Ikusi arte.

15

G. Futbolari belaunaldi hau tokatzea suertea al da? Daukaten konpromisoagatik diot m.k.

E. Munduan ez da halako adibiderik. Unkitu egin nau hain jarrera ausartak. Horregatik beharrezkoa da jasan dituzten eraso guztietatik babestea eta horretarako ezinbestekoa da datorren larunbatean Bilboko kaleak betetzea.

14

G. Aurten ez da partida jokatuko, auzi horregatik. Kualitatiboki ESAITen garaipen handiena al da? zelaieta

E. Ez. Euskal Herriari ateak itxi izana inoiz ezin da garaipentzat hartu. Tristea da. Euskal Herriak bere selekzioak nahi eta behar ditu.

13

G. Ezker abertzalekoak ematen duzuela uste dugunoi zer esan Egoitz? maria gomez i.

E. Aste hauetan irudikatu da esparru zabal batek egiten duela gure irakurketarekin bat. Gure filosofiak pluraltasuna isladatzen du eta ez dugu estigmatizatu nahi gaituztenen jokoan erori nahi. ESAITek Euskal Herriko selekzioen alde bat egiten duten guzti horiei ateak ireki nahi dizkie. Nor bere alderdia alde batera utzi eta elkarrekin aurrera egin behar dugu.

12

G. Iņaki Dobaran EAEko Futbol Federazioko presidente ez da izango berriro, orain jakin denez. Selekzioaren kontu honengatik egin ote dio uko? Manuel

E. Norbaiten aldetik ez aurkezteko agindua jaso du. Norbaitek datorren presidentea nor izango den erabaki du.

11

G. Zuek bildu zarete EAEko federazioagaz? Mikel Iturribide

E. Hainbat eragilerekin bilerak egin ditugu, baina dagokion diskezioa izan behar dugunez, ezin diot galdera horri erantzun.

10

G. Catalunyako hockey federazioak, jokaldi inteligente baten ostean, Espainiako federazioko kideak haserrarazi zituzten hockeyko selekzio ofizialak lortuz. Ikusten al duzu horrelako ezer egiteko nahirik EHn? Zer gertatzen zaie federazioko kideei, espainiarrak haserretzeko beldurra akaso? abel

E. Etxeko instituzioetatik ez da behar bezala sustatzen nazioarteko aurrerapausurik. Catalunyan inbertsio politikoa egin dute bertako instituzioek. Etxetik aldiz, oztopoak besterik ez. Aurten Wushukoak ez dira joko olinpikoetan izan eta horren erantzule bakarra Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaritza izan da.

9

G. Aupa Egoitz, Euskal Herriak selekzio propioa izateko borrokan Futbolak duen garrantzia oso handia dala jakiņa dogu, baina horretan hanbeste zentratzeak ez al dau beste kirol asko alde batera uzte? egia esan oso lan ona eta zaila egiten ari zaretala dakit, baina nik uzte dot gure selekzio eredua ez dala futbolagaz soilik erlazionatu behar, horrek kalte egingo ebalako herrian dagozan beste kirolei, baita be badakit komunikabideek guzti honetan dauken papela oso erabakiorra dala, eta horretan agertzen ez diren kirol-borrokak izkutuan geratzen direla. ondo ibili ta ekin lanari! xabier goitia

E. Eskerrik asko zure balorazioagatik lehenbizi. Kirol gehiagotan lanean aritu izan gara, baina tamalez ez dute futbolaren oiartzun mediatiko berbera. Euskal Herria-Espainia Kick Boxing lehiaketa sustatu dugu orain gutxi. Atletismoan, mendi lasterketan, Wushu Kung Fuan aritu gara ere lanean. Udan Getxoko ur jokoetan salaketa egin genuen. Dena den, hausnarketa egin beharko genuke. ESAIT Euskal Herriko gizon eta emakume desberdinek osatzen dugu. Egun gure baliabideak mugatuak dira. Guztion artean ESAIT indartu eta sustatzen dugun heinean indar gehiago izango du ESAITek aurrera egiteko. Eta horrela kirol gehiagotan eragin ahal izango dugu. ESAIT herri honek duen tresna baita eta herriari dagokio tresna indartzea.

8

G. EAEko federazioek eta Eusko Jaurlaritzak euskal herriko selekzio ofizialak lortzeko bidean erakutsi duten prestutasun eza ikusita, kirol mailan desobedientzia ekimenen bat burutzea planteatu duzue? xabat

E. Lehenbizi Euskal Herriko selekzio ofizialen alde dauden kirolariak bildu beharko lirateke. Kirol bakoitzean norabidea finkatu eta dagokion urratsak eman. Testuinguruak jarrera desobedienteak eskatzen baditu, egongo dira eta ESAITek bultzatuko ditu. Baina horretarako lehenbizi indarrak bildu eta kirol bakoitzarekiko estrategia eraginkorra definitu behar dugu.

7

G. Zergatik aldatu zuten joan zen urtean selekzioaren izena Euskal Herria izenera eta aurten berriz ere atzera egin? baduzu informaziorik? Milesker. javi

E. Iazkoan EAJk erabaki zuen aurrerantzean Euskal Herriko selekzioak ez zuela jokatuko. Datu zehatzak badauzkagu prozesu guztian eman diren pausoak argitzen dizkigutenak, eta dagokionean publiko egingo ditugu. Dena den orain ika-mikan sartu beharrean guztiok bat egin eta gure selekzioak aldarrikatu behar ditugu. Argi geratu behar dena hemen, futbol esparrutik at dagoen erakunde batek inposatu duela aldaketa eta harena da egungo egoeraren erantzunkizuna.

6

G. Zein da munduan edo Europa aldean ofiziala bihurtu den azken futbol selekzioa? zein izan zen emandako urratsa edo bete dituen baldintzak? Estitxu beorlegi

E. Azkena Kosovo izan da. Laster Groenlandia izan daiteke. Eman duten urratsa FIFA erakundeari sarrera eskatzea izan da. Etxetik hori ere ez dugu egin tamalez.

5

G. Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta ABk babesa agertu dizue. Polo independentistak ilusiorik sortzen al dizue? Mila Urrutia

E. Herri honen gehiengoa irudikatu da azken egunotan. Norbera bere alderdia alde batera utzi eta nazio klabean denok elkarrekin gure selekzioaren alde egiteko garaia iritsi delako. Abertzalegoaren gehiengo politikoa hortaz jabetu da eta benetako partida aurten datorren larunbatean Bilboko kaleetan jokatuko dela badaki. Datorren larunbatean Euskal Herriak Bilboko kaleetan aldarri hori egin behar du. Hor irudikatuko baita Euskal Herriaren aldeko poloa.

4

G. aupa egoitz! ni euskal herria izenaren aldekoa naiz, baino ofizialtasunaren alde pausu garrantsitsuak ematen direla ikusiko banu berdin zait ze izenekin jokatzen dugun;ez al da ofizialtasuna izena bera baino garrantsitsuagoa? iker

E. Ados naiz zurekin, baina ofizialtasunaren bidean norabidea finkatu beharko genuke, eta norabide horretan etorkizuneko selekzioaren osaketa definitu behar da. Egungo federazioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kirolari eta klubak hartzen ditu kontutan. Euskal Herri osoko klubei ateak ireki behar dizkiegu. Batzuek ez dute hori gertatzea nahi. Norabide horretan egiteko eta benetan euskal herritar guztiek haien burua ordezkaturik senti dezaten funtsezkoa da partida hauek aipaturiko norabidean egokia den izena izaten. Etorkizuneko selekzio ofizialaren izana bermatu behar da. Izana bermatzearen bidean, izena ere.

3

G. Zergatik ez duzue partida alternatibo bat antolatzen zuek aipatutako izenarekin? Gastuak sarrerekin eta jendearen laguntzarekin ordaindu ahalko zitezkeen. Aritz

E. Argi geratu da egungo instituzioek ofizialtasunaren norabidean oztopo bilakatu direla. ESAITi ez legokioke halakorik antolatzea, baina hausnarketa interesgarria planteatu duzu, Haritz. Herri honek halako hausnarketa egin beharko du: Egungo egiturek ez baldin badiete herri honen beharrei erantzuten herri honek tresnak sortu beharko ditu, inork ez bait diezaioke EH-ko selekzioari beto eskubidea ezarri. Dena den erabaki horrek adostasun handia beharko luke.

2

G. Nazio bat bezala, nazioartean jokatzeko eskubidea aldarrikatzea ondo deritzot, baina ez al zen egokiagoa izango lehenik euskal liga sortzea? keoma

E. Printzipioz ez da derrigorrezkoa berezko liga izatea nazioarteko selekzioa edukitzeko. Hor dira adibidez Andorra, Feroe Irlak, Liechtenstein... Dena den liga propioa izateko lehenbizi Euskal Herriko kirolariak bere baitan bilduko dituen federazioak behar ditugu, bestela nork antolatuko luke liga hori? Jokalarien jarrera norabide horretan pausuak ematearen aldekoa izan da.

1

G. ez dut izenaren inguruko arazoa ikusten. ulertuko nuke planto bat 'gabonetako partiduaren inertziaren kontra', hau da, ofizialtasuna lortzeko pauso serioen alde. ez al da debate guztiz desitxuratu, ridikuku bihurtzeraino? derzu

E. Eztabaida izearen gainean bideratu nahi izan badute ere, jokalariek haien idatzian hausnarketa sakonagoa egin dute. 7 herrialdeak ordezkatuko lituzkeen selekzioa nahi dute. Helburu horri begira norabidea zehaztu dute, egun ez dauden zazpi herrialdeetako kirol federazioen sorrera. Norabide horretan iazkoan akordio batera iritsi ziren ziren federazioarekin. Akordio hori puskatu da. Izena baino, norabidea bera da arriskuan dagoena, eta atzera egin nahi dutenek jokalariak atzera egitera behartu nahi izan dituzte. Zentzu hortan hemen boikot bakarra izan da: Euskal Herriko selekzioari egin diotena.