Azken elkarrizketa

Iratxe Esnaola

Iratxe Esnaola

PuntuEus Elkarteko kidea eta '.eus' proiektuko koordinatzailea

2009-02-04 - 12:00

Interneten '.eus' domeinua lortzeko helburuz, PuntuEus Elkartea sortu dute. Euskaldunek Interneten "ikur propioa" izatea lortu nahi dute, "munduak jakin dezan euskaldunok bagabiltzala Interneten".

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Iratxe, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila mila esker zuei! izanongi.eus!

15

G. Katalanen nazio osoa (Herrialde Katalanak) ez du .cat-ek ordezkatzen, soilik Katalunia. Euskal Herrian antzekorik gerta daiteke, pairatzen dugun banaketa administratiboaren ondorioz? Euskat

E. .CAT-ek Herrialde Katalanak, geografikoki, baino gehiago ordezkatzen du, lurraldeez hitz egiten badugu behintzat. .CAT-ek hizkuntza eta kultura katalanaren komunitate osoa ordezkatzen du, Andorrakoa eta itsasoz bestaldekoa barne. .EUS-en kasuan berdina gertatzen da. .EUS-ek ez du Euskal Herriaren zati bat soilik ordezkatzen. Alderantziz. .EUS domeinuak euskararen herria are handiagoa bilakatzen du Interneten. Zatiketa administratiboak eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea munduan zehar barreiatua egoteak ez baitu eragiten. Hain zuzen, horri erantzuten dio .EUS domeinuak. Interneteko ikur edo sinbolo bat da eta hor ez dago distantziarik. .EUS-ek euskararen herri osoa ordezkatzen du, hemen eta han.

14

G. Zer baliabide dauzkazue? Inor ari da soldatapean horretan beharrean? Zer aurrekontu dozue? Ze dirulaguntza? Egoitza badozue? Gernikar

E. Eskaria aurkezteko eguna gero eta gertuago dago eta proiektuak gero eta baliabide gehiago eskatzen ditu. Tartean, denbora. Ni neu ez nago honetara bakarrik, baina nire lan ere bilakatu da, halabeharrez. Egoitza fisikorik ez dugu. Diru-laguntzak, eskaria aurkezteko behar dugun diru kopurua [ 150.000 euro ] eta eskaria aurkeztu bitartean proiektua aurrera ateratzeko sortuko diren gastu guztiak estaliko ditu, gutxi gorabehera, guztira 300.000 euro.

13

G. Ze ba orain? Oooona

E. ICANNek ezartzen ditu domeinu eskaerak aurkezteko epeak. Azken 5 urtetan ez dute aukerarik eman. Eta, suposatzen da, hemendik guxira irekiko dutela eskariak aurkeztu ahal izateko aukera. ICANNek esaten du noiz eta badirudi, laster izango dela.

12

G. Herri proiektua al da? mirari

E. Zalantzarik gabe, herri proiektua da. Proiektu honen ezaugarri nagusia, aniztasuna da. Aniztasuna parte-hartzaileetan, erakunde ezagun eta esanguratsuenetatik, elkarte, talde eta pertsona mailaraino iristen delako. Eta aniztasuna, baita, euskararen herria, nahi dugun bezain handia izatea ahalbidetzen duelako. Alegia, herri proiektua da baina ez da termino geografikoetan kokatu behar.

11

G. Kataluniako domeinua sortu zutenean, baten batek esaten zuen munduak jakin dezan herri bat Interneten dabilela nahikoa dela herri horrek edukiak sortzearekin Iņigo

E. .CAT existitzen denetik, hizkuntza katalana aintzat hartzen da Interneteko zerbitzu askotan eta baita teknologien munduko beste arlo batzuetan ere. Garrantzitsua da, beraz, edukiak sortzea eta erabiltzea, hori baita komunitatearen existentzia bermatzen duena. Baina existentzia horri aitortza bat ematea da asmoa, guk identifikatzen gaituen ikur edo sinbolo bat izan dezagun eta, bide batez, nazioartean ere euskararen eta euskal kulturaren komunitatea existitzen dela jakin dezaten. Zinez, Interneten, egotea baino gehiago, izatea garrantzitsuagoa da.

10

G. Kaixo. .eus domeinua lortzen bada, zer izango da instituzioentzako soilik ala enpresa pribatuek ere .eus domeinuak erosteko aukera izango dute Katalunian bezala? Ander

E. .EUS domeinua bitarteko hutsa da Interneteko euskararen presentzia areagotzeko. Hori da garrantzitsua. Webgune bat .EUS-en azpian erregistratzeko irizpideak, beraz, euskarazko edukien sustapenean oinarritzen dira, izan enpresak, instituzioak, elkarteak edota pertsonak.

9

G. Aupa. Zenbat sinadura behar dira domeinuaren eskaria bideratzeko? Kataluniako .cat domeinurako adibidez zenbat aurkeztu zituzten? hortxen gabiltza sinadurak eskatzen!! xabi strubell

E. .EUS komunitate baten domeinua delako, komunitateak babesten duela eta domeinua benetan nahi duela erakutsi behar da. Ez dago minimo bat. Atxikimenduak komunitatearen babesa adierazteko modu bat gehiago dira. PuntuEus Elkartearen osaketa beste bat. Komunitatearen tamainaren arabera, asko edo gutxi izan daitezke. .CAT-en kasuan 68.000 atxikimendu lortu zituzten. Gure lana ahalik eta gehin lortzea da.

8

G. Euskaldunek diozutenean Euskal Herriko pertsona guztietaz ari zarete? Hau da, Iruņan edo Lapurdin egiten dituzten euskal web guneak adibidez .eus domeinua izango dute? Ilar

E. Eta baita Argentinan garatzen direnek ere. Alegia, Interneten, muga geografikoak lausotu egiten dira. Euskararen eta euskal kulturaren sustapena da helburua eta, horrexegatik, hain zuzen, .EUS domeinuak hizkuntza eta kultura komunitate bati egiten dio erreferentzia. .EUS-ek ez du mugarik ez zatiketa administratiborik ez distantzia geografikorik ezagutzen. Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea guk nahi bezain handia izan daiteke Interneten.

7

G. Bada gure tamainako herririk bere domeinua lortu duenik? Josu Igartua

E. Orain arte, .CAT da hizkuntza eta kulturen domeinua duen komunitate bakarra eta gure komunitatearekiko ezberdina da, zentzu askotan. Lurralde aitorpenari lotutako domeinuetan, estatu-kodeetan [ .it, .co, etab. ], estatu txikiak edo handiak daude. .LU luxenburgorena da eta .CA Kanadarena. Baina esandakoa, hauek estatu kodeak dira eta gurea, .EUS, komunitate bati erantzuten dion domeinua da, Euskal Herria, euskararen herria, Interneten bitartez, are handiago bilakatzen duen domeinua da.

6

G. Administrazioak oztopoak jarri al dizkizue ekimen hau aurrera eramateko? edo lagundu egin zaituztela esan daiteke? Aitz

E. Administrazioek ez dute mugarik ez oztoporik jarri. EAEko administrazioari dagokionean, proiektua aurrera eraman ahal izateko diru-laguntza eskatu genien eta onartu egin zuten [ eskerrak hemendik ]. Hori da administrazioek proiektu honetan parte hartzeko duten modua. Beraz, oztoporik ez dute jarri eta behar dugunaren aurrean oso jarrera positiboa izan dute.

5

G. jendearen partea hartzearekin arrituta al zaudete? ane

E. Berez, jakin bagenekien euskararen eta euskal kulturaren esparrua lantzen duen proiektu honek babes handia lortuko zuela, baina babes hori oso aktiboa eta parte-hartzailea izan da eta hori izan da benetan harritu gaituena. Alegia, babesa emateaz haratago, jendea aktibatu egin da, mezuak sortu dira, eta etengabe zabaltzen ari da. 5 egunetan 15.000 atxikimendu baino gehiago lortu ditugu eta hori izugarria da. Are gehiago, oso oso garrantzitsua da atxikimendu kopurua ahalik eta handiena izatea, ICANNen aurrean komunitatearen babesa adierazteko modu bat gehiago izango baita. Beraz, eskerrik beroenak emateko eta zabalpenarekin jarraitzera animatzeko probesten dut aukera hau.

4

G. Eusko jaurlaritza eta nafarroako gobernuaren aldetik ze iritzi jaso duzue zuen ekintzari buruz? norbaitek zuen kontra egin ahal du? joakin

E. Instituzioen edota alderdi politikoen jarrera oso positiboa izan da. Mantendu ditugun kontaktuen helburua proiektuaren berri ematea izan da eta oso erantzun positiboa izan dugu. Proiektu honetan inor ez dago soberan eta oraingoz, ez dugu kontrako mezurik edo jarrerik jaso.

3

G. Zorionak! Zein epetan/noizko lortuko duzuela uste duzue? joseba gabilondo

E. Mila esker! Epeak, tamalez, ez ditugu guk geuk markatzen. ICANN erakundeari aurkeztu behar zaio eskaria eta bera da prozesu osoa eta epeak zehazten dituena. Aurreikusten den egutegia betetzen bada, eskaria aurtengo urrian-edo aurkeztu ahal izango dugu eta, ziur aski, emaitza, 2010 bukaerarako jasoko dugu. Halere, azken urtebetean egutegiak atzerapen handiak jasan ditu eta orain ere gerta daiteke. Esandakoa, tamalez ez dago gure esku.

2

G. Lehenik eta behin zorionak eman ekimen hau abiatzeagatik eta amaiera arte iristeko animoak ematea. .eus domeinua abiatzen denean, domeinuaren kudeaketa nork egingo du? nola banatuko dira helbideak? urko

E. .EUS lortu arte, PuntuEus Elkartea izango da Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen ordezkari lana beteko duena. Behin lortuta, .EUS domeinuaren kudeaketa, kontrola eta administrazioa PuntuEus Fundazioaren ardura izango da. Berak aplikatuko ditu gerora, eskaria aurkezterako orduan zehaztu beharko ditugun irizpide guztiak. Horixe egin zuten .CAT-ekoek, eta bide bera jarraitzea da guk planteatzen duguna.

1

G. Zergatik domeinu izena EUS, eta ez EUSK KOLDO

E. Lehen Mialako Domeinu bat eskatzerako orduan, noski, izena bera ere aukeratu behar da. Printzipioz, teknikoki, nahi adina hizki izan ditzake. Guk EUS aukeratu genuen, motzena delako eta dena hasten delako 3 hizki horiekin. EUSK beste aukera bat izan daiteke, baina EUS, fonetikoki ere egokiagoa iruditu zitzaigun.