Azken elkarrizketa

Mikel Basabe

Mikel Basabe

Aralarreko zerrendaburua Arabatik

2009-02-16 - irakurri elkarrizketa

Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta BERRIA.INFO astelehenetik alderdietako hautagaiei elkarrizketa digitalak egiten hasi da.

 Erantzundako galderak

17

G. Eskerrik asko, Mikel, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei, eta gura duzuenera arte.

16

G. Batasunaz gain, Aralar eta Eusko Alkartasuna kokatzen dira ezker abertzalearen barruan, ezkertiartzat jotzen duzue EAk Jaurlaritzan egin duen lana, zerk bereizten zaitue? Joseba

E. Elkarrizketa digital honetako galderaren batean aipatu dut, baina berriz ere ekarriko dut gogora: A eredua kendu egin behar da. Ghettoak sortzen dituelako eta derrigorrezko eskola-aldia amaitzen denean ikasleek euskaraz jakin dezaten balio ez duelako. 2005ean eskatu zion Legebiltzarrak Hezkuntza sailari egoera tamalgarri hori konpontzeko proposamen bat. 2009an amaitu da Legealdia, baina Jaurlaritzak ez du proposamenik egin ere. Gorago ere aipatu dut EEEak ezin direla onartu, ez sindikatuekin hitzartu barik, ezta etekinak izan dituzten enpresei. Eta enpresen etekinen gaineko zerga ezin dela %32tik %28 jaitsi. Oinarrizko soldata lanbidearteko gutxieneko soldatarekin parekatzea proposatu genuen Legebiltzarrean: hiruko alderdi guztiek esan zuten ezetz. Hori esanik, gauza bat argi utzi beharra dago: gu ez gara nor alderdi bat ezkerrekoa den ala ez esateko: ez dugu 'ezker labelak' emateko patentea.

15

G. Zein balorazio egiten duzue Aralarrek Araban duen babesaz? Araban ordezkari bat lortzea eskura ikusten duzue ala larregi eskatzea da? M. Aizpurua

E. Ordezkaritza lortzea ala ez, arabarron esku dago. Guk gurako genuke, zelan ez. Eta argi dugu gure planteamendu politikoen aldeko lanean jarraituko duguna. Ordezkaritza izanez gero, indar handiagoz, jakina.

14

G. AHTri buruz. Zein da Aralarren iritzia? Nafarroan NaBai AHTren aldekoa da hitzez eta egitez, eta "de facto" ondorioz Aralar ere bai. Eusko Autonomi Erkidegoan aurkako jarrera omen duzue; hala da? Nola liteke Euskal Herriko herrialde bati dagokionez aldeko ahalegina egitea eta beste hiru herrialdetan aurka azaltzea? Lapurditik pasatzeari buruz zer diozue? Joseba

E. Beraz, Batasunak Ipar Euskal Herrian 'Euskal Herria Bai' koalizioa partekatzen duenez EArekin (AHTren aldeko sutsua bera) Batasunak ere, 'de facto' AHT defendatzen du. Planteamendu horiekin bilatu behar dugu abertzaleon arteko elkarlana? Edo nirekin erabat ados zaude, edo ez dago elkarlanik? Aralarrek AHTri buruz duen jarrera zein den aspaldi da ezaguna: AHT gelditu elkarlana! plataformako kide gara.

13

G. Donostiako Udal gobernuan egonik Bandera Espainiarra jarri zenuten udalean. Bizkaia eta Gipuzkoako juntetan ere jarri dute. Legebiltzarrean zintzilik da. Nafarroako parlamentuan berriz, aspalditik. ARALARrek zein jarrera du horren aurrean. Aralarko udaletara agindua iristean Espainiako bandera jarri egingo al duzue? Ikurriña

E. Leitzan bezala? Gai horri dagokionez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan proposamen bi egin ditu Aralarrek. Lehenengoa, Espainiako bandera ez zedin jar ez kanpoan ez barruan. Proposamen hori ez zuen onartu mahaiak. Osoko Bilkuran, Espainiako bandera non-grata izendatzea proposatu genuen. Bakarrik geratu ginen.

12

G. EAk berriki adierazi du badela garaia Lurralde Historikoen Legea aldatzeko, egungoa baino egitura kohesionatuago bat lortzeko, herri txikia izanik komenigarriagoa delako gobernu indartsu bat izatea aldundi potenteak izatea baino. Zein da Aralarren iritzia gai honen inguruan? Zorte on derzu

E. Aspaldi da horretarako garaia, ez delako ulergarria EAEn zein lurraldetan bizi garen, eskubide eta aukera ezberdinak izatea. Guk beste zerbait ere proposatzen dugu: hiru diputazioek eta Jaurlaritzak zerga-gaietarako duten erakundea (zeinean, momentu honetan, jeltzaleak baino ez dauden, eta azkeneko legeladietan haiekin batera pp-koak) kendu egin behar da, eta zerga-politikaren eztabaida Legebiltzarrera eroan.

11

G. Egun on, Mikel. Beti uste izan dut Aralar EH-ren egoera argituko duen giltza izan zitekeela. Hala eta guztiz ere, posizionamentu argirik gabe geratu zaretela deritzot, jendeak ez baitu inoiz ulertu bide berrien bila ari zaretela, printzipio batzuk mantenduz. Ba al duzue argi zein den zuen target elektorala? Ze kontzientzi eta gogo dago Aralar barnean, benetan protagonista izan beharko zinetela sinisteko?? Eskerrik asko. Unai Bordes Unai

E. Ezkerreko abertzaleak dira gure boto-emaileak, eta, inkestei jaramon eginez gero, euskaldun praktikanteak. Protagonismoa? Guk eguneroko lana eskain dezakegu, ez besterik. Ezkerreko abertzale guztioi dagokigu, bakoitza dagoen lekutik, ezker abertzale sendoa eraikitzea. Horretarako, ideia bi botako dizkizut: bidezkoa ez den borroka galbidea dela da lehenengoa. Bigarrena, lagunartean esaten duguna jendaurrean ere esan behar dela. Bestela, geure burua engainatzen ari gara.

10

G. Azken legealdian Aralarrek izan duen jarduera politikoa aztertuta, ez duzu uste EAJrekiko mendekotasun eta kritika-eza nabarmenak izan direla? Indarkeria gaitzesteaz gain, noiz izango du Aralarrek diskurtso propioa? Antxeta

E. Kontuan hartu beharreko kritika egiten diguzu, eta ez zara bakarra. Baina, nire ustean, badaukagu diskurtso propioa: Eusko Jaurlaritzari A eredua berehala kentzeko eskatu diogu. AHT ez egitea, eta herritarrei galdetzea. Eskatu diogu ez onartzea EEErik (ERErik) sindikatuekin hitzarturikoak ez badira, ezta etekinak izan dituzten enpresetan. Enpresen etekinen zerga %32tik %28ra jaistearen kontra gaude. Hizkuntz eskubideak teoriatik prakatikara eroateko ausardia eskatu diogu, eta proposamen zehatzak egin ditugu (esate baterako, jendaurreko lanpostuetan behargin elebidunak jartzea, dekretuz), ertzain-etxeetan kamerak jartzea bultzatu genuen, hirukoa kontra izanik, hasieran. Gainera, Aralarrek bere diskurtso propioa izan du, hasiera-hasieratik: erabakitzeko esparruak errespetatu, erabakitzeko eskubidedun autonomia bilatu...

9

G. Aralarrek Azpeitian ANVrekin zeukan udal gobernua hautsi zuen giza eskubide guztien aldeko akordio adostua ez betetzeagatik. Aralarrek, baina, gaur egun oraindik ere PSOErekin gobernatzen du Donostiako udalean, eta orduztik zenbait ilegalizazio, dozenaka torturatu (tartean Donostiarrak) eta jazarpen eman dira, PSOEren indarkeriaren aldeko apustua agerian utziz. Egoera honen aurrean, galdera oso konkretu bat erantzun oso konkretu baterako: Aralarrek ANVri eskatu zion akordioa ez al dio PSOEri ere era berean exigitu? Jokin López

E. Aralarrek ez du onartzen zibilak asasinatzea. Horrelakoak gertatzen direnean, erantzun garbia ematen dugu, eta udal taldearengandik gauza bera egitea espero dugu. Eta horregatik atera zen Azpeitiako gobernutik. Donostian PSOErekin partekatzen dugu gobernu-ardura, eta Bergaran eta Elgetan ANVrekin.

8

G. ze irirtzi duzue egunotan hainbeste hitz egiten den polo soberanistari burz? bermeo

E. Herri honetan ohitura txar batzuk ditugulakoan nago. Horien arteko bat da burujabetzarako tresna beharko luketenak helburu bihurtzea. Ez dira gutxi borroka-moldeak tresna barik helburu bihurtu dutenak, eta badirudi polo soberanista ere helburu bihurtzeko zorian gaudela. Ni Telesforo Monzonekin nago: Maltzagaraino bidea elkarrekin egin behar dugu, guztiok, inor baztertu barik. Horretan, gainera, baskongadook badugu norengandik ikasi: Nafarroa Bai, eta Euskal Herria Bai.

7

G. Patxi Zabaletak adierazi zuen ilegalizazio eta debekuek Batasunari onura egiten diotela. Bere iritzia berresten duzu? Bestalde, ilegalizazioen aurkako jarrera izanik, zein neurri hartuko dituzue hauteskunde hauetan hitz soiletatik haratago? I. Larrañaga

E. Ez, ez nator bat. Nire ustean, ilegalizazioak kalte egiten dio Batasunari, eta kalte egiten digu Hego Euskal Herriko herritar guztioi, eskubideen urraketa delako. PSOEk hauteskunde-kalkulagailua eskutan duela erabakitzen ditu ilegalizazioak, bere interes politikoak lortzeko (kasu honetan, lehenengo aldiz lehendakari elebakarra izan dezagun). Ilegalizazioak, beste edozein eskubide-urraketak legez, batez ere herri honen etorkizun burujabea gura dugunoi egiten digu kalte eta, edozein eskubide-urraketa legez, salatu beharrekoa da.

6

G. zein da zuen etxebizitza politika Gasteizerako ? eta Arabako beste eskualdeetarako ? joseba

E. Gasteizen etxeak eraiki eta eraiki dihardute: badirudi Nafarroako mugaraino eroan gura dituztela Gasteizko aldiriak. Baina, aldi berean, ez da espekulazioarekin amaitu. Aralarren ustean, etxebizitza publiko guztiek errentakoak izan behar dute: ezin da diru publikoa ondare pribatu bihurtu. Horrek balio berezia du Gasteizen, non parke publikoa oso handia den, baina etxebizitza-politika guztirako balio du.

5

G. Zer egingo duzue hauteskundeak demokratikoak izan daitezen? EHAKren bozkatzaileen eskubideei buruz zer iritsi duzue? maru

E. Hauteskundeak demokratikoak izatea ez dago gure esku. Batasunaren boto-emaileen eskubideak gero eta bortitzago urratzen ditu Espainiako gobernuak: orain ez ditu bakarrik zerrendak ilegalizatzen, hautagaiak kartzelan sartzen ditu. Gure ustean, horrek argi uzten du ENAMek emandako enbidoari hordagoarekin erantzun diola estatuak, eta 'bietan jarrai' oinarria duen estrategiak dagoeneko ez duela balio estatuari aurre egiteko, are gutxiago gatazka politikoaren konponbidea izateko. Norberaren eskubideak bestearenak urratuz bilatzeko bideak ez du gehiagorako ematen. Estrategia hori aldatu beharra dago, herri honen onerako, guztion onerako. Gogorarazi beharrik ez dago, gu garela ez dagokigun kargurik sistematikoki hartzen ez duen alderdia.

4

G. Hasiera gogorra izan zen Aralarrena. Gaur egun ere zaila al da Aralarren planteamenduak defenditzea? jusseppe

E. Ez. Elkarren arteko errespetua gero eta handiagoa dela uste dut, zorionez. Gainera, Aralarren planteamenduak dagoeneko ez ditugu bakarrik aralarrekook defendatzen: gero eta gehiago gara pentsatzen dugunok borroka armatuaren eta negoziazioaren estrategia gainditu egin behar dela, edo estatua behartzeko bidea herritarren indar metaketa dela. Batzuk Aralarren gaude, beste batzuk ez.

3

G. Zergatik Aralar? juan

E. Gure ustean, etorkizuneko ezker abertzaleak gaur egun Aralarrek defendatzen dituen oinarri politiko eta estrategikoak izango ditu. Baina ez gaude inoren zain geratzeko prest: duela zortzi urte hasi genuen bidea, eta aurrera egiteko gogoa dugu. Bide horretan, gainera, Abertzaleen Batasunarekin elkarlana sendotzeko aukera izango dugu, alderdi bion artea sortu berri dugun Batzorde Iraunkorraren bitartez. Ezker abertzale horretan sinesten dugulako, aurrera egingo dugu. Hori esanik, argi utzi behar da Aralarren planteamendu politikoek copy left-a dutela: beste norbaitek bere egin gura baditu, zoriondu eta ongi-etorri esango diogu.

2

G. Ibarretxek edo Lopezek Aralarren atea jotzen badu inbestidura saiorako edo, are gehiago, legebiltzarrean egonkortasun akordio bat edota gobernu akordio bat lortzeko, zein izango da zuen erantzuna? Bietako inor hobesten duzue, printzipioz? aralarzale

E. Aralarrek ez du babestuko herri honen erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez duen lehendakaririk. Gure ordezkaritza erabakigarria bada, ez dugu bilatuko gobernuan sartzea, ez da hori gure lehentasuna: programa-akordioak bilatuko ditugu, Jaurlaritzaren jarduna ausartagoa izan dadin erabakitzeko eskubideari dagokionez, euskarari eta hezkuntzari dagokienez eta, oro har, herri honen etorkizunari dagokionez.

1

G. Norbaitek galdetuko balizu, "Zein da Batasuna eta Aralarren arteko diferentzia ETAri argi eta garbi armak uzteaz gaindi?", zer erantzungo zenioke? Mak

E. Aralarrek bide huts-hutsean politikoetatik jardungo duen ezker abertzalea eraikitzeko lan egiten du, eta horretan jarraituko dugu lanean. Ezberdintasunak zein diren? Nik gurago nuke antzekotasunak azpimarratu, azken finean, izenen edo buruzagien gainetik, herri honek behar, merezi eta eskatzen duena ezkerreko eskaintza abertzale sendoa delako. Dagoeneko, bat egiten dugu autonomia eskatzeko unean, erabakitze-eskubidedun autonomia. Bat egten dugu erabakitzeko esparruak (EAE eta Nafarroa) errespetatzean, bat egiten dugu Ipar Euskal Herriak bere bidea egin behar duela, duen erritmoa errespetatuz. Eta ziur nago etorkizunean bat egingo dugula, dagozkigun eskubideak beste inorenak ukatu barik exijitzean.