Azken elkarrizketa

Mikel Arana

Mikel Arana

EBko zerrendaburua Gipuzkoatik

2009-02-17 - irakurri elkarrizketa

Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Mikel, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker denoi, lehen aldia izan da horrelako batean egon naizela eta, gustura egon izan naizenez, errepikatzeko irrikitan geratzen naiz.

15

G. Urte bat baino gehiago da zuen webgunea euskarazko bertsiorik ez duela. Orain ez dabil, eta aurrerago gaztelerazko berriak sartzen zenituzten euskarazko atalean. Azalpenik? inazio

E. Bai. Bide luzea daukagula jorratzeko herri honen euskalduntzean, eta, noski, etxetik hasi beharko ginateke. Beraz, bihotzez barkamena eskatzea baino ez zait geratzen, eta egoera errepikatu ez dadin nire esku dagoen oro egingo dudan promesa.

14

G. Zeintzuk dira krisi ekonomiko honi aurre egiteko EB-ren proposamen nagusiak? Ez dut beste alderdietan benetako ezkerreko politikarik ikusten Uxue

E. Batetik, zerga politika aldatu, zenbait neurriren bitartez erkidegoan urtero bost mila milioi euro gehiago jasotzeko proposamena eginda daukagu. Diru horrekin garapen sostengarria deitu diogun gizarte sare sendo bat eraikitzeko aukera izango genuke. Horrek ehun mila lanpostu duin eratuko lituzke.

13

G. Aupa Mikel: Ezker Batuari tarteka boza eman izan diot. Emaidazu arrazoi sendo bat ostera ere EBri botoa emateko. Lurdes

E. Hurrengo lau urteetan gure indar guztiak erabiliko ditugu gaur egun arte ezagutu izan dugun eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko, baina ez dugu berau bakarrik egin nahi. Erabaki garrantzitsuak hartzeko garaian, zu bezalako hiritarrei galdetzeko intentzioa daukagu. Beraz, nahi badugu elkarrekin beste mundu bat, behintzat beste erkidego bat eratuko dugu.

12

G. Kaixo Mikel. Hemen dira hauteskundeak. Zein dira EBren lau helburu nagusienak, motxean azalduta? Mielmai Urkia

E. 1. Zerbitzu sozialen sare publiko sendo bat bultzatu. 2. Ehun mila lanpostu sortu hurrengo lau urteetan. 3. Hiritarren partaidetzari buruzko lege bat onartu. 4. Zerga politika aldatu, diru gehiago duenak gehiago ordain dezan.

11

G. Jakin izango duzu Eusko Jaurlaritzak HIRU Euskal Herriko Garraiolarien Sindikatuaren kontra zabaldutako zigor espedientea dela eta sindikatu ixteko arriskuan dagoela. Zure alderdiak Jaurlaritzan parte hartu duenez, erabaki horren erantzule zaretela deritzot. Jakin nahiko nuke zergatik aritzen zarete garraiolari autonomoen lan eskubideen alde lan egiten duen sindikatu baten kontra. Jakin nahiko nuke zergatik aritzen zareten sindikatu baten kontra, eta ez benetan konpetentziaren legea urratzen duten enpresa handien kontrra. Azkenik, jakin nahiko nuke zer egiteko prest zaudete HIRU sindikatua ez ixteko. Pilar

E. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren parte izan, EBk ez ditu bere egiten beste sailek hartutako erabaki guztiak. Ulertu behar da sail bakoitzak bere politikak bultzatzeko askatasuna duela. Ez nekien Hiru ixteko intentzioa inork zeukanik, baina hala izatekotan EB-Berdeakek ez luke horrekin bat egingo. Sindikatuak, alderdi batzuei gutxi gustatu arren, EBrentzat ezinbestekoak dira. Are gehiago, gaur egun non langileen eskubideen aldeko borroka gero eta zailagoa izango den egiteko.

10

G. Ilegalizazioen aurrean, parlamendu antidemokratiko bat sortzera doanean eta ikusita EB ilegalizazioen aurka askotan publikoki nabarmendu dela, zer nolako neurriak hartuko ditu EBk egoera antidemokratiko hau gainditzeko? Eskerrik asko. Takolo

E. Prest egongo ginateke ezker abertzalearen proposamenak Eusko Legebiltzarrean aurkezteko, beste hainbat instituziotan egin izan dugun bezala. Guk ezin dugu bermatu ezker abertzaleko ordezkarien presentzia, baina behintzat lagun dezakegu zenbait proposamen eztabaidatuak izateko.

9

G. Zertarako nahi duzu, nahi baduzu, AHT Gipuzkoan? Joseba

E. Nik ez dut AHT ez Gipuzkoan, ez Araban, ez Bizkaian nahi. Gure apustua trenbide sarearen berrikuntza da, noski, errepideak kotxez eta kamioiez hustu behar direlako, eta ingurumena zaindu. Baina ez dugu uste AHTk batere abantailarik dakarrenik, ez bada Madril eta Paris elkartzeko, hori baita berau bultzatzen dutenen azkeneko helburua.

8

G. Zure alderdiak erreferendum baten emaitzetan oinarritutako federalismoa bultzatzen du espainiaren parte izateko eredu bezala; beste alderdi batzuek ere erreferendum baten beharra ikusten dute nahiz eta beraien azken aukera beste bat izango litzatekeen. Hori horrela izanda horren zail egiten al da autodeterminazio ariketa bat egitea? Ez al zenukete EB-EA-Aralar-beste ezker abertzalea erako bateratasun bat egin behar zuen pisu ezkertiarra indartzeko, erreferenduma egin arte ideia komun asko izango zenituzkete. Beinat

E. Ideia komun asko izango genituzke, baina aldi berean ezberdintasunak ere sakonak dira. EBren eta EAren eredu ekonomiko eta sozialak, adibidez, ez dira berdinak. Gainera, helburua erreferenduma bultzatzea bada, hori Eusko Legebiltzarrean bozkak batzearekin egiten dugu, eta hala egingo genuke, gainera, aukera izatekotan.

7

G. EA eta Aralarrekin bat eginda ez bada, D´Hont legeak eta gehiegizko zatiketak ez al du zuen guztien ahotsa ia ezerezean uzten ? joseba

E. Bai. Horregatik hain zuzen ere uste dugu eserlekuak banatzeko modurik bidezkoena sistema ordezkatzaile hutsa izango litzatekeela. Bestalde, lurralde bakoitzean 25 legebiltzarkide aukeratzeak gasteiztarrei ez dagokien pisua ematen die (Arabako 25etik 19 aukeratzen dira Gasteizen). Horregatik uste dugu pertsona bat=boto bat eta denak balio berarekin izan beharko genukeela.

6

G. Zergatik mantentzen duzue Berdeak zuen izenean izen hau daukan alderdi politikoa bereizita aurkezten bada? Jon

E. EAEko Hauteskunde Junta Zentralak orain dela zazpi urte erabaki zuen Ezker Batuak, Berdeak izena ere erabil zezakeela, ez delako beste alderdi baten izena, baizik eta politika batena; ekologismoarena, alegia. Berdeak izenari uko egitea, gure politikaren adierazgarri den elementu bat izenetik kanpo uztea izango litzateke.

5

G. Zer deritzozu enpresa handiei ematen zaien dirulaguntzei buruz eta gazteei eskaintzen zaizkien soldata xistrin edo bekei buruz? Leo Argote

E. Bata besteari lotu beharko litzaioke. Guretzako enplegu egonkor eta eskubidedunak sortzea lehentasun bat da, eta ulertzen dugu enpresek ez luketela sos publiko bat ere jaso behar enplegu duina bermatu behar ez badute. Euro bat ere ez norbait langabezian utzi nahi duen enpresari.

4

G. Nola da posible EAEko Gobernuan jarriatzea beronek duen proiektu izarraren, alegia, AHT-aren aurka zaudetela diozuenean? Noizko etxebizitza sozialen aldeko apustua eta ez BOE bezelako iruzurren aldekoa? Amaia Artola

E. Gobernuan sartu ginenean, AHTren aurka geundela azpimarratu eta programan jaso genuen. Ezberdintasun paktatua deitzen zaio honi, eta ez hori bakarrik, AHTren hasierako proiektua ahal zen neurrian hobetu ere egin genuen, zamak sartuz, geltokiak gehituz eta abiadura jaitsiz. Gehiago egitea nahi izan genuen, baina gure indarrak horretarako ematen zuen. Etxebizitza sozialari dagokionez, apustua jadanik eginda dago, batez ere alokairu mailan. Gobernura heldu ginenean, alokairu sozialean 700 etxebizitza zeuden, orain 15.000.

3

G. PSOE-rekin bat egiteko prest al zaudete? 359

E. PSOE erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eta ezkerreko politikak egiteko prest baldin badago, zergatik ez? Guk ez dugu politika siglen arabera egiten, baizik eta programen arabera.

2

G. Zelan da posible hainbeste urtetan gobernuan egon ondoren ezkerreko alternatiba moduan aurkeztea, politika erabat neoliberalak bultzatzen egon ondoren? Mikel

E. Nik ez dut ukatuko azken urteetan Eusko Jaurlaritzak zenbait sailetan politika neoliberalak egin dituela, baina Etxebizitza eta Gizarte Gaietako politikak ez dira inolaz ere neoliberalak izan. Gu gobernuan sartu ginenean akordio bat sinatu genuen, non zenbait politikei ezkerreko bidea ematen zitzaien. Hain zuzen ere, guri kudeatzea zegozkigunak, eta harrotasunez esan dezaket etxebizitzan egin den politika Estatu osoko aurreratuena izan dela. Horregatik aurkeztun dugu gure burua ezkerreko alternatiba bezala, guk bultzatuko ditugun politikak ezkerrekoak izango baitira.

1

G. "Ez nazionalismoarik ez espainolismorik" da zuen kanpainaren lema. Non kokatu nahi ditu EBk euskal lurraldeak; Errepublika federal espainiar eta frantziarren barnean zatiturik edo errepublika federal euskaldun bakar batean? Oratz Agirre

E. Euskal lurraldeak egon beharko lukete beraien hiritarrek erabakitzen duten eremuan. Ezker Batua-Berdeakek proposamen bezala atxikimendu askeko federalismoa bultzatzen du Espainiako Estatuaren barruan baina betiere herritarren erabakien arabera. Euskaldunok erabakitzen badugu independentzia dela aukerarik onena, guk hori batere zalantzarik gabe errespetatuko genuke.