Azken elkarrizketa

Jesus Mari Larrazabal

Jesus Mari Larrazabal

EAko zerrendaburua Gipuzkoatik

2009-02-19 - irakurri elkarrizketa

Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.

 Erantzundako galderak

17

G. Eskerrik asko, Jesus Mari, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei, BERRIAko lagunoi. Eskerrik asko baita ere galderak bidali dituzuen guztioi. Ondo bizi. Eutsi... eta aurrera.

16

G. Ez al duzue beldurrik bakarkako bide honetan emaitza txarrak edo ez hain onak lortzeko? Iker

E. Beldurrik ez. Alderantziz, geure programarekin goaz hauteskunde hauetan, aldez aurretik koaliziorik egin gabe. Eskuak libre ditugu. Buruak, berriz, argi eta sentimendu abertzalea azalean, edozeinek egiaztatzeko moduan. Emaitza onak lortuko ditugu.

15

G. Unai Ziarreta da zuen alderdiko lehendakari hautagaia. Zeintzuk dira kargu hori betetzeko dituen kualidadeak? Olatz

E. Gazte ondo prestatua. Euskal Herriko politika zertan den ondo dakiena. Zuzenbidean lizentziatua eta horretan lanean ibilia. Zinegotzia bere herrian eta legebiltzarkidea. Eta, guztiaren gainetik, abertzale independentista sutsua eta sozialdemokrazia aurreratuaren aldekoa gizarte arlo guztietan. Ba da hobeagorik?

14

G. EA bitan zatituta dagoen itxura ematen ari zerate: EAko nazionalak eta Gipuzkoakoak. Hor daude datuak. Hor adibidez, Azpeitiko EAko 30 afiliatuk egindako gutuna (bajak iragarri dituzte). Zer iritzi dezu? Txomin

E. EA bakarra da. Eta Kongresuen artean Nazio Batzarrak erabakitzen duena da garrantzitsua eta bete beharrekoa. Eta halaxe betetzen da. Alderdikidetza askatasun osoz lortzen da eta askatasun osoz lagatzen da. Ez daukat horretaz ezer gehiago eransteko.

13

G. Euskararen erabilpena bultzatzeko zer egin daiteke? Aitor

E. Galdera potoloa. Gogoratu Axularrek GEROn idatzitakoa: euskara galtzen bada, dakigunok erabiltzen ez dugulako izango da. Beraz, euskaldunok euskaraz egin behar dugu bizitzako alor guztietan. Gero, hizkuntza politikak datoz. Eta hor ez da aski gauza orokor batzuk esatea: kontsentsua, pertsuasioa eta abar. Euskararen aldeko politika argiak eta zorrotzak indartu behar dira. Beldur naiz ildo honetan efektu praktiko askorik ez dela etorriko berrikitan Hizkuntza Politikarako sailbuordetzak (eta, jakina, sailak berak) atera dituen dokumentuetatik.

12

G. Mundu akademikoan ibilbide oparoa izanagatik ezezaguna zara politika mediatikoan. Hori handicap bat izan daitekeela uste duzu? Horrez gain, nola daramazu zure herrialdeko alderdiaren aparatuak zure izendapena ez onartzea? Miren Zorroaga

E. Ni ez naiz politikari profesionala. Nire lanbidea unibertsitateko irakasle izatea da. Eta neure lanbidean, egia esan, ezagun samarra naiz, urte asko eta asko unibertsitate publikoan nabilelako. Ez da handicap bat, ez. Ikusi kanpainan egiten eta esten ari naizena. EA osoan onartu dira zerrenda guztiak, Gipuzkoako barne, EAren nazio batzarrean gehiengo oso handiarekin. Ez dago inolako zalantzarik: neure herrialdeko batzorde exekutiboak nazio batzarrak onartu duena onartzen du. Beraz, ni oso lasai nago. Egia esan: primeran nago zerrendaburu gisa eta oso pozik nirekin batera zerrenda osatzen duten guztiekin.

11

G. Ez al zaizu lotsagarria iruditzen EA-ren jarrera, Muskizko koke plantaren inguruan jasotakoaren ondoren ? Zergatik ez duzue bete zuen hitza? Abadinarra

E. Muskizen gertatutakoa ez da nire gustukoa, baina ezin da inor behartu, sailburordea zein alkatea, indarrean dagoen legea kontuan hartu gabe prebarikazioa egitera. Hobe genuke lege zorrotzagoak izango bagenitu ingurumenaren inguruan, hain zuzen guk geuk zorrotzago jokatu ahal izateko eta enpresa handien planteamenduak alor garrantzitsu horretan era finago batez aztertzeko eta gehiegikeriak geldiarazteko

10

G. Zer neurri proposatzen ditu EAk bizi dugun krisi ekonomiko honetatik irtetzeako= Aitor

E. Hasteko, politika ekonomiko egokiak prestatzea; jakina geure eskuetan dauden baliabideak erabiliz. Batez ere, Vital, BBK eta Kutxaren fusioa lortu eta Finantza Euskal Institutu indarstua martxan jarri. Horren harian, gastu publikoa zorrozki sendotu eta inbertsio publikoa areagotu, zor publikoari beldurrik izan gabe Udaletan, Diputazioetan eta Jaurlaritzan (gauza bera Nafarroako Foru Gobernuan). Era horretan gizarte politika horizontalak mantendu eta sakondu egingo ditugu (hezkuntzan, ingurumenean, osasun arloan, prestazioaten, pentsioen osagarrietan, pobreziaren aurkako programetan, inmigrateen aldeko programetan). Kuestioa hauxe da: enplegua mantendu eta sendotu egin nahi dugu, prestakuntza etengabe eskainiz langileei eta lanean sartzera doazen gazteei.

9

G. EA benetan prest al dago PSOE- PNV-k bultzatzen duten estatutu erreforma bati ezezko borobil bat emateko? Joxe Mari Azkoien

E. Egon seguru. PSOE-PNV bikoteak egin dezakeen estatutua, Kontzertu Ekonomikoa barne izan arren, autogobernuan atzera egiteko tresna izango litzateke. Gure ezezko borobila horrelako proiektu bati. Gure Herriarentzat erabat kaltegarria izango litzateke horrelako gauza erregionalista indarrean jartzea. Gure historiako garai ilunenetara bueltatuko ginateke.

8

G. Independentziari buruz duzun iritzia jakin nahi nuke Harri Basque

E. Nik hemen adieraziko dudana ez da iritzi soila. Eusko Alkartasunaren helburu estrategikoa ezaguna da: Euskal Estatua sortu eta sortu bezain pronto Europako Batasunean sartu. Horretarako nahitaezkoa da bide politikoak bakarrik erabiltzea, giza eskubideak eta oinarrizko libertateak zorrotz babestuz. ETAren ekintzek kalte asko egiten dute bide horretan. Galdetu Europan zehar herri ezberdinetan bizi direnei.

7

G. Zein da zure iritzia AHT proiektu erraldoiaren inguruan? Itziar

E. Aurreko galdera bati emandako erntzunean oso argi laga dut zein den gure posizioa.

6

G. Ze zentzu izan zuen Azpeitiako alkatearen aurkako Zentsura Mozioak, eta zergatik babestu zenuten? Zer zentzu du herriak hautatutako ordezkaria kargutik kentzea atentatu bat kondenatu ez duelako? horrela konpontzen al da arazoa? Garazi

E. Arazoa oso larria da eta konpondu ez da horrela konpontzen. Baina Azpeitian ETAk egindako hilketa gauza ikaragarria da (ikusi talde horren agiri 'justifikatzailea' (sic). Kuestioa ez da kondenatzea bakarrik; kuestioa da ez dela inola ere onartzekoa gauza horiek 'esplikatzea' GATAZKAren barruan. ANVrekin udaleko harremana moztu badugu eta Alkatetzari lekua kendu bazaio geure botu batekin, arrazoi hauxe erabili dugu: EAJ-PNVrekin ez dugu kolaboratuko Azpeitiko udalean, baina ezta ere Iñaxio Uriaren hilketa 'sentitu' bai, baina urrutirago jo nahi ez dutenekin.

5

G. Benetako independentzia oinarrizko gauzak bermatzetik lortu beharko litzake. Gure energia dependentzia %90ekoa da, elikagai dependentzia adinakoa. Soberaniaren benetako oinarriak ezartzekotan, zein energia eta nekazal eredu dauka buruan EAk? elikadura eta energia

E. Independentzia eta autarkia ez dira termino sinonimoak. Ikusi Europako estatu zaharrak eta sortu berriak. Dependentzia energetikoa ia guztietan ematen da, batez ere energia nuklearraren menpean egon nahi ez duten artean. Soberania politikoa ez da arloz arloko soberania. Eta ondo dakigu Europako Batasunean soberania neurri batez konpartitu egiten dela (pentsatu moneta politikaz), baina bistan dago konpartitzeko lehenik oinarri-oinarrian zeure soberania zeure eskuetan behar duzula.

4

G. Duela bi hiru urte Argian egin zizuten elkarrizketa batean ondokoa zenioen, politikaren eta herritarren harremanaren inguruan galdetuta: "... Kalifornian bizi nintzenean, gauzarik normalena zen, hauteskundeak zeuden herrian, aprobetxatuz, beste hautestontzi batzuk jartzea erabakitzeko herri mailan garrantzitsuak ziren beste gauza askorekin zer egin. Hemen, botoa ematen duzu, eta ixo. Zergatik dago beldurra herrian gauza garrantzitsuez eztabaidatzeko eta iritzia emateko, esaterako, Abiadura Handiko Trenaren inguruan? Eman arrazoi teknikoak eta ekologikoak jendeari. Eta utzi aukeratzen. ..." Ez zaude ados, itxuraz, zure alderdiak AHTren auziaren inguruan mantendu duen jarrerarekin... juhda

E. ARGIAn esandakoa, dagoen horretan, berriro esaten dut. Demokrazia zabal eta partizipatibo baten alde nago. Pentsa, Kalifornia ez da inolako iraultzaren eredu, baina herri demokrazian lekzioak ematen dizkigu. Zoritxarrez, AHT azpiegituraren aldeko erabakia Bruselan hartu zegoen jada 2005ean, detaile guztietan. Eta hori han erabakiak hartzen dituzten eran: Europako Batasuneko estatuak bilduz. AHT beharrezkotzat jo zuten Parisetik Hendaiara eta hortik Madrilera eta Lisboara. Horrek ez du atzerako bueltarik eta azpiegitura proiektu horretatik kanpo ezin da Euskal Herri aparte geratu. Kuestioa da horrekin batera 'tren soziala' garatu behar dela Euskal Herri osoan.

3

G. Nire galdera hauxe da: Zergatik eman beharko diogu botoa Eusko Alkartasunari Aralarri baino?. Eskerrik beroenak eta zorte on izan dezazuela. Xabi

E. Hobe duzu Eusko Alkartasunari botua ematea. Badakigu kudeaketa zorrotz eta garbia egiten. Gainera, EA da gaur gaurkoz era praktiko batez abertzaletasuna indartzen dabilena eta Europan gertatu eta gertatzen ari dena kontuan hartuz, Euskal Estatuaren bidea zabaltzen ari dena

2

G. Zergatik orain PNVren aurka, ez al zarete beraiekin gobernuan egon? Zertan egon zarete hainbeste urte? Ander

E. Gu ez gaude ez aurka ez alde. Guk geure programa daukagu eta horixe adierazten ari gara. Gobernuan gauza on asko egiteko gauza izan gara azken urteotan. Egia da beste gauza batzuk ez ditugula lortu, EAJ-PNVren laguntzarik izan ez dugulako. Adibidez, hezkuntza sistematik ezin izan dugu A/B/D eredua kentzea.

1

G. Kaixo Jesus Mari. Zein dira EAren hiru lehentasunak hauteskundeetarako? Motxean azaldu Manolo Goikoetxea

E. Ba, ondoko hauek: 1. Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri zehatzak proposatu eta aurrera eramatea. 2. Soberaniaren aldeko apustua argi planteatzea, indar politikoen batasunaren inguruan, herri mailako metaketa egin ahal izateko, masa kritikoa sortuz. 3. Gizarte balio oinarrizkoak sustatu eta defenditu, giza eskubideen eta oinarrizko libertateen gainean: justizia soziala, elkartasuna, berdintasuna, erantzukizuna, austeritatea... beti ere giza duintasunari dagokiona bermatuz.