Azken elkarrizketa

Idoia Ibero

Idoia Ibero

Ezker abertzalea

2009-02-18 - irakurri elkarrizketa

Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Espainiako Justiziak baliogabe utzi ditu D3Mko eta Askatasunako zerrendak. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak, berriz, bion jarduera eten du.

 Erantzundako galderak

13

G. Eskerrik asko, Idoia, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte BERRIA.INFO

E. Zeuei ere bai! Poztekoa da herritarren jakin-mina eta kezka horren handia dela ikustea. Eskerrik asko zuei.

12

G. Ezker Abertzalea hurrengo legealdian Eusko Legebiltzarrean balego, zer lehentasun izango lituzke? Markel

E. Hipotesi hori tamalez ezinezkoa da. Zaude seguru, Markel, egonez gero, anitzak liratekeela Ezker Abertzalearen lehentasunak. Hainbat aipatzearren: lurralde-antolaketa, Euskararen Legea, Hezkuntza ereduak, arlo askotako eskubideen urraketa, prebentzio lanak esparru ugaritan... Asko dugu esateko, baita egiteko ere!

11

G. Aupa Idoia, D3Mk hainbat kanpaina ekitaldi ditu deituta egunotarako. Garzonen debekua eta gero, indarrean jarraitzen dute deialdiak? maria jesus

E. Etete-agindua berri-berria da. Ikusi beharko deialdien aurrean zer jarrera hartuko duen EAEko poliziak.

10

G. Estatuaren giza eskubideen botxaketak salatu behar dugun bezala, ez al zaizu iruditzen ETA era berean salatu behar dugula? Zergatik? Jon

E. Ezker Abertzaleak borroka armatuaz duen iritzia aspaldian da argia. Ezker Abertzalea kondena hutsean ez da geratzen, inora ez doan bidea deritzolako. Gatazkaren muinera joan beharra dago, eta hori da askok eta askok alde batetik eta bestetik saihestu nahi duena.

9

G. Zergatik jarraitzen duzue monopolio egiten 'ezker abertzalea' hitzarekin? Zeintzuk dira abertzaletasunarekiko funtsezko desberdintasunak aralar edo ezker abertzaleko beste partiduen artean? aitor

E. Guk ez dugu inongo monopoliorik egin, inoiz ez. Ezker Abertzaleak dagoeneko 30 urte handi bete ditu, eta Ezker Abertzalea guztiok ezagutzen duguna da. Desberdintasunez, Aitor, esango genizuke, zoritxarrez egon badaudela. Hala ere, badira elkartzen gaituzten puntuak. Ahalik eta gehien izatea litzateke kontua.

8

G. Ezker abertzaleak orain dela 4 urteko babesa mantenduko duela espero duzue?Esan benetan pentsatzen duzuna mesedez!Ia urrezko botoz betetzen ditugun urnak! Endika Leanizbarrutia

E. Mantendu baino gehitu! Ez da harrokeria, Endika. Euskal herritar oro nazka-nazka eginda dago gertatzen ari denarekin, eta haserre hori martxoaren 1ean ikusiko dela seguru gaude.

7

G. Ezker abertzalea parlamentuan ez egotean Aralarrek eserleku gehiago edukiko dituela uste duzu?Abertzaletasuna krisian ahal dago? Mikel Etxarri

E. Ez dugu uste. Lehia konponbidearen eta orain arte jarraitzearen artekoa da. Aralarren ekarpenak D3Mkoenekin bat etor daitezke hainbat arlotan. Horrekin baina ez dugu esan nahi Aralarrek D3Mko balizko bozkak eramango dituenik. Abertzaletasunaren krisiaz, esango genuke Ezker Abertzalean behintzat inolako krisirik ez dagoela. Areago esango genuke, Euskal Herrian kontzientzia abertzale eta ezkertiarra handituz doala ziur gaude.

6

G. Ez al da ordua ETAri agur esan eta bide politiko batetik lanean asteko?Ez al duzue ikusten ETAk min egiten dizuetela Euskal Herri osoari bezela?Noiz harte jarraitu behar duzue politika berdinarekin? Amaia

E. Ezker Abertzaleak sekula ez dio uko egin bide politikoari, Amaia. Gure herrian mina eta sufrimendua handia da, handiegia. Politikari askok ahazten dutena hala ere min hori alde bikoa dela. Ezker Abertzaleak, instituzioetan egon ala ez, Euskal Herritik sufrimendua betiko desagertzearen aldeko apustu irmo eta garbia egina du aspaldi. Eta horretan jarraituko dugu; hau da, Ezker Abertzaleak dena ematen segituko du konponbidea lortu arte.

5

G. Zeintzuk dira Euskal Herri independiente bat lortzeko egoki iruditzen zaizkizuen bideak (politikoak, sozialak, militarrak...)? Uxue

E. Gure herri-programetan adierazitakoak. Berandu baino lehen ezagutuko dugun Euskal Herria euskalduna izango da; gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ez da kanpaina garaikoa izango; Nafarroa Garaiko, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrak ez dira EAEkoak baino gutxiago izango, mundu osotik etorritako migranteak euskal herritar izango dira... Finean, euskal herritar ororen eskubideak Euskal Herri osoan izango dira bermatuak.

4

G. Ilegalizazioak EAJri egiten dio mesede gehien? D3Mra zijoazen boto "asko" beraintzako dira? VALENTIN

E. EAJri? Ezker Abertzalea sekula ez da hauteskunde aurreko fikziozko ariketetan sartu. Kaltea, bai. Handia izango da Euskal Herriarentzat Ezker Abertzalea EAEko instituzio nagusian ez izatea. D3Mren bozkak EAJrentzat izango ote diren? Plataforma berria da gurea, eta ezin esan ilegalizazioaren eta atzoko etetearen aurrean euskal herritarrek nola jokatuko duten. Ziur gaude hala ere, jendeak aspaldian barruan duen haserrea martxoaren 1ean erakutsiko duela.

3

G. Ezker abertzaleari eman diot bozka beti. Oraingoan eraginkorra izango ez dela deritzot. Lopez sar daiteke Ajuria-Enean. Ez al da eraginkorragoa EAri, eta abian dagoen ardatz soberanistari, bozka ematea? Iñaki

E. Eraginkorragoa? Akaso EAJri ala PP berari ematea ere! Horrexegatik botako lituzkete atzera zerrenda horiek? Abian dagoen ardatz soberanista aipatzen duzu, Iñaki. Horixe da Ezker Abertzalearen aspaldiko bidea. Horixe da, hain zuzen ere, ezkutatu eta isilarazi nahi dutena. Hau da, herri honen izaera ukatu nahi dute. Hortaz, gu gurearekin joango gara; batere kentzeke Euskal Herrian egon dauden beste sentsibilitate independentistei. D3Mk horri ezkerreko arloa erantsiko dio.

2

G. ¿ Nola aldatu jendearen kontzientziak azaltzeko ezker abertzaleak ez duela ezer inposatu nahi eta talde bakezalea eta demokraziazalea dela? Alex Garitaonandia

E. Ezker abertzalearen bakezaletasuna eta demokrazia inork ezin du ukatu. Guk ezer inposatu nahi ote dugun? Gure aldarria aspaldian berbera izan da: marko aldaketa eta Euskal Herriaren aitortza; alegia, herri, norbanako eta talde gisa dagokiguna baino ez.

1

G. Kaixo Idoia. Zergatik dio D3Mk bere aldeko botoa "urrezko botoa" dela? Bronson

E. Mementua halakoxea delako. Hauteskunde hauek egundoko garrantzia dute. Lehian dagoena bi aukera bakarren artekoa da: orain arte bezala segitu -hau da, errepresioa, bazterketa politikoa, lurraldetasunaren aitortza eza...- edo berrikuntza, udaberri aurreratua -hau da, konponbide demokratikoa, aldaketa, euskal errepresaliatuen askatzea, etab.