Azken elkarrizketa

Joseba Egibar

Joseba Egibar

EAJko zerrendaburua Gipuzkoatik

2009-02-25 - irakurri elkarrizketa

Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.

 Erantzundako galderak

17

G. Eskerrik asko, Joseba, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko, eta gogoetatxo bat proposatzen dizut: igandeko hauteskundeei begira zure botoaren indarraz jabeturik, martxoaren 2a ez dadila izan damuketaren eguna, baizik eta asmatu duzunaren momentua. Agur!

16

G. Hezkuntz arloko hizkuntz eredu berriak noizko? Ze ba ez duzue lortu orain akordioa? EAri faena egin nahi alde hortatik? Joxe

E. Hizkuntz eredu berriak txertatu behar ditugu euskal hezkuntza sistemaren barruan. Indarrean dauzkagu Euskal Eskola Publikoaren Legea (1990ekoa da) eta gainontzeko sareak kontzertatuak. Ez ginen gauza izan lege hori joan den legealdian aurrera ateratzeko. Ez da egon EAri faena egiteko inongo asmorik, baizik eta ahal den kontsentsurik zabalena lortzeko helburua, ez inor zokoratzeko.

15

G. Ez al da larregi kostatuko (diru aldetik) AHT? Maria Lopez

E. Orokorrean 4.600 milioi euroko aurrekontuetaz ari gara. Diru asko dela ukaezina da. Urteetan inbertitu beharrekoa, eta dagokigun neurrian Estatuari kupoaren eskutik deskontatu beharrekoa. Nire ustez, azpiegitura horren beharra kontutan izanda gakoa eraikuntza ondo kudeatzean datza.

14

G. Zer nahiago dozu: EAJ-PSE koalizioko gobernua ala EAJ-EA-EB-ARALAR koalizioko gobernua? Akerbeltz

E. Lehenengo helburua, Espainiako konstituzionalistek ez dezatela lor gehiengo absolutua, ze hori gertatuko balitz, Lopez izango da lehendakari, PPren botoak musutruk eskainita daudelako. Ez dut ikusten posible, ezta hipotesietan ere, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernua. Bigarren helburua, gobernu eraginkor eta aurrerakoi bat sortzea gainontzeko indar politikoekin.

13

G. Egun On Joseba, Zein elkarlana jorra daiteke sortzear omen dagoen polo soberanista eta EAJ-ren artean? Edo, zure nahiaz aparte, ikusten al duzu EAJ polo soberanistaren barnean, Urkulu EAJ-ko lehendakaria delarik? Igone

E. Esana dut birritan ez dagoela polo subiranistarik ETArekin eta EAJ gabe. Abertzaletasunaren ikuspegitik, poloak polo, ez litzateke txarra izango alternatiba politiko bat EAJren aurrean. Gaur egun, EAJren alternatiba ez da sortzen abertzaletasunaren mundutik, baizik eta Espainiako konstituzionalismoaren eskutik.

12

G. Ertzainen jokabideari neurrizkoa deritzozu? Esteban

E. Ezagutzen ditudan kasu batzuetan ez da izan neurrizkoa.

11

G. Badirudi zuen hauteskunde programan errentako etxebizitza proiektua duzuela, baina aurreko legealdiari begiratuta, zoztetatik 5 urte daramatzat zain VPOko etxebizitzak amaitzeko eta hau dena ikusita zelan sinetsi dezaket zuen lan egiteko modua onena dela jaurlaritzan? Zer da garrantzitsuagoa orain, Ibarretxe legebiltzarretik kenduko dutenaren zuen ardura ala gazteok izan ditugun arazoak? etxebizitzak, soldatak, hezkuntza eta orain krisia..Zer egin duzue gazteontzat aurreko legealdian? Gorka

E. Ez naiz VPOko etxebizitzak zozketa bidez jabegoan ematearen aldekoa. Pentsatzen dut, eta batik bat gazteei begira, erakunde publikoetatik alokairuan eskaini behar direla etxebizitzak, besteak beste, gazteak bere bizitza proiektua gauzatzeko modua izan dezan. Aurreikusten dugun premia kontutan edukita datorren legealdirako 30.000 etxebizitza eraikitzeko konpromisoa azaldu dugu.

10

G. AHT rekin nahiko kritikoa naizen arren (batez ere aurrera eramateko moduarekin)zer dela eta ez du jaurlaritzak herri kontsulta bat deitu AHT bezalako gai garrantzitsu bat demokratikoki ebazteko? EAJ PP eta PSOE ren aldekoen bozkarekin zihur baiezkoa atera eta aurkakoen ulermena eta baretasuna lortuko lirateke horrela. Ados al zeundekete euskal hiritarren %10-20 aren zinadurekin edozein gairi buruzko galdeketak aurrera eramatearekin? Beinat

E. Europako trenbide sarearen erabakia orain dela urte batzuetakoa da, eta sare horren bihotzean Pirinioak nondik zeharkatu bi aukeretara mugatzen da: Hendaia-Irundik eta Kataluniatik. Sare horretan egon behar gara. Nahiz eta herri kontsultari inongo beldurrik ez izan, pentsatzen dut kontsulten bidez bai azpiegituretaz bai beste gai askotaz erabakitzeko kultura politiko berria hedatu egin behar dugula. Horren inguruan lege proposamen bat jaso dugu gure egitasmoan, datorren legealdian garatzeko asmoarekin.

9

G. Gobernu espainola terrenoa irabazten ari dela diozu. Ni ere ados nago horretan. Baina Ibarretxeren kontsulta zertan amaitu den eta nolatan zokoratu duzuen ikusita, terrenoa berreskuratzeko jarrera zorrotzagoak hartuko dituzuela aginduko al zenidake, Euskal Herria askeago bat nahi dugunon bozka emaleoi? matxin

E. Jarrera zorrotzagoa izan daiteke, baina edozein kasutan, egiten dena egiten dela, herri honen gehiengo sozial eta politikoak babestu behar du. Nire ustez, orain arteko ekimenen nolabaiteko ezintasuna herri ekimenen babes faltan kokatzen da. Laborategi politiko gehiegi eta herri babes edo berotasun gutxiegi. Pausoz pauso, asmoz eta jakitez (Eusko Ikaskuntza). Markinako baserri bateko armarritik aterata dago "asmoz eta jakitez", eta goian beste zerbait dio: "Txikixak haundixa bentzi leidi".

8

G. zergatik hainbeste saiakera, balzak zuzentzen duen hertzaintzak, D3M-ren kanpaina egiten ari garenok(kartelak jarriz eta botoak buzoneatuz) identifikatu eta mehatxatuz, gure botoak ez badu zuen ustez ezertarako balio? euskalduna

E. Niretzako D3M edo Batasuna edo EHAK-k hauteskunde hauetan egoteko eskubide osoa zuten. Erabaki politiko-judizialen eskutik posibilitate hori ukatu egin dute, eta agian batzuentzat sorpresa izango zen "boto baliogabearen" hautua egin izana, eta aginte judizialaren eskutik datoz ondorengo aginduak.

7

G. Zer egingo du EAJk hurrengo legegintzaldian Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak lan sindikala oztopatzeko eta langileen eskubideak urratzeko hartu duen bidea zuzentzeko? Erakunde horrek HIRU sindikatua ixteko arriskuan jarri du prentsaurreko batean garraiolarien lan baldintza duinak aldarrikatzeagatik. Zuzena iruditzen al zaizu jokaera hori? June

E. Ez dut zehatz-mehatz gaia ezagutzen, dakidana da beste arazo batzuk tarteko Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak zorrotzegi jokatu duela nere iritzirako. Ez dut uste jazarpen estrategiak bultzatutako erabakia izango zenik, baina...

6

G. Zergatik dakusazu Espainia begi txarrez? Jon

E. Pertsonen artean bezala, herrien artean elkarbizitza antolatu ahal izateko abiapuntua errespetua da. Errespeturik ez baldin badago bakarren bat bestearen azpian edo menpe dago. Espainiar nazionalista fina den batek ulertu beharko luke beste nazio batzuk ere badaudela. Tamaina ez da gakoa, errespetua baizik.

5

G. Kaixo Joseba! Garai batean EAJri gustura ematen nion botoa, gero EAJri zuregatik ematen nion botoa eta orain zuk eskuak lotuta dituzula iruditzen zait eta eztakit zer egin. EAJ independentista al da? Eta zu? Markel

E. Ez ditut eskuak lotuta. Herri honek bere independentzia eta burujabetasuna lor dezan pauso eraginkorrak eman behar ditugu. Helburu politikoez gain, datozen urteetan, krisi ekonomikoa tarteko, erakutsi eta frogatuko da logika ekonomiko bat izango dugula, Espainiako errealitatetik bereiztuko gaituena. Buruarekin jokatuz, indarrak bilduz, eta herri estrategiak garatuz.

4

G. Kaixo Joseba, eguerdion. Marko estatutarioa agortuta dagoela jakinda, Ibarretxe plana atzera bota dutela jakinda, zein da PNVk herri honi konstituzioaren muga gainditzeko eta autodeterminazio eskubidea lortzeko eskaintzen dion proposamen politikoa? Zer iruditzen zaizu Ezker Abertzalearen Marko Demokratikoaren proposamena? Eskerrik asko eta ondo segi. Andoni

E. Gaur egungo markoa daukaguna da, gustokoa izan ala ez. Beste pauso bat emateko zer behar dugun eta zer nahi dugun horri erantzun behar diogu. Edozein ekimen dela ere, lehenengo pausoa herri hau aitortua eta errespetatua izatetik pasatzen da. Hori izan da, eta da, estatutu politiko berriaren helburua. Marko Demokratikoaren proposamenak bere ardatza herri babesean eta indarrean oinarritu behar du.

3

G. Nola sinesterazi independentista garenoi Espainiako konstituzio eta Gernikako Estatutua gainditu ahal direla? Noizko euskaldunok nahi dugun Euskal Herri bat? ETA al da arazo bakarra? Alex

E. Espainiako Estatuak etengabe jarraitzen du herri honi neurria hartu nahian. Egungo estatusa aldatzeko ezinbestekoa da "masa kritiko" bat edukitzea, besteak, Estatuak, presioa senti dezan. Adibidez, Gernikako Estatutua legea da, betebeharrekoa, baina Estatuak ez du betetzen, ez duelako herri honetatik behar adina presio sentitzen. Gainontzeko ekimenekin berdin gerta dakiguke. Euskaldunok nahi dugun Euskal Herri hori lortzeko bideek demokratikoak izan behar dute, eta proiektuak gutxieneko batzuk hitzartuak behar ditu. ETA ez da arazo bakarra, baina gutxieneko gaiak hitzartu ahal izateko indarkeriazko estrategiak desagertu egin behar du.

2

G. Ibarretxe Lehendakari bada, Lopez lehendakariorde ikusten al duzu? Zein da zure ustez gobernu posibleen artean Euskadirentzat hoberena? Aizpea

E. Ez dut posible ikusten. Kontutan izanda euskal gizarte osoa ez dela Legebiltzarrean ordezkatuta izango, programa garbi baten inguruan abertzale eta aurrerakoien artean osatutako gobernua.

1

G. Kaixo Joseba. Zein dira, labur azalduta, EAJren hiru lehentasunak hurrengo legealdirako? Mielmai Urkia

E. Lehenengoa, ekonomiari dagokionez, krisiari aurre egin eta irten herri bezala, erakunde, enpresari eta langileen eskutik. Bigarrena, herri bezala aintzakotzat har gaitzaten, errespetatuak izan, alegia, ekimen politikoak garatu. Eta hirugarrena, bakegintza eta normalizazio politikoaren bidean, urrats eraginkorrak eman.