Azken elkarrizketa

Iņaki Arriola

Iņaki Arriola

PSE-EEko zerrendaburua Gipuzkoatik

2009-02-26 - irakurri elkarrizketa

Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.

 Erantzundako galderak

14

G. Eskerrik asko, Iņaki, BERRRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. BERRIA.INFO Gustura egon naiz elkarrizketan, gai askok irten dute, eta zuzen erantzuten saiatu naiz. Orain jendeari eskatzen diodana da aldaketaren gobernua proposatzen dugunongan konfiantzea. Aldaketa ona izango da Euskadirentzat.

13

G. Ezketiarra eta sozialista al da Pse? Zergatik ez du Pse-ek autodeterminazio eskubidea babesten herri honek aspaldidanik hori eskatzen duenean? Zergatik ez ditu dispertsioa, torturak, montaia juridiko-polizialak, Gal ausian gertatzen den erantzule eza eta kriminalizazioa kondenatzen? Noiz berriz Txillarre? Baldarra

E. Zer du ikusteko ezkertiarra izateak eta zuk aipatutako denak? Hemengo biztanleok beti gaude gauzak erabakitzen, geure esparruan, Euskadin, eta Espainiari dagozkion gauzetan Espainiarekin, eta Europarekin berdin. Espainiatik irten nahi badugu, inor ez da tankeekin etorriko. Baina XXI. mendean gaude eta Europako klubean gaude. Gu Espainiatik bagoaz, Europatik goaz, eta ea noiz hartzen gaituzten, hartzen bagaituzte.

12

G. Ulergarria al da ETAk Lazkaon egindakoa? Ulergarria al da Lazkaoko herritar batek Lazkaoko herrikoa-ren aurka egindakoa? Lazkaoko bat

E. Ez bata eta bestea ez dira ulergarriak. Bonba jartzea astakeria da. Baina ez dira gauza bera. Herritar hark egoitza bat erasotu zuen, egun argiz eta hedabideen aurrean. Ezin daiteke ulertu baina bai azaldu, kontuan hartu behar baita batzuek zer presio jasaten dituzten.

11

G. 2009-2013 legealdian hitz egingo al duzue Batasunarekin eta ETArekin? Bakedano

E. Azken bake prozesuaren esperientzia nolakoa izan den jakinda, denok dezepzio handia hartu dugu. ETAk ez zuen ulertu herri honek zeukan bake nahia eta hiltzen segitu du. Prozesuak hau erakutsi zigun: ETAk ulertzen ez duen bitartean armak utzi behar dituela eta ez baditu uzten, oso zaila izango da bakea lortzea. Armak behin betiko uztean, hitzak hartuko du lekukoa.

10

G. GARRAIOLARI AUTONOMOEN LAN BALDINTZA DUINAK ALDARRIKATZEAGATIK HIRU SINDIKATUA IXTEKO ARRISKUAN JARRI DU EUSKO JAURLARITZAK. ONDO IRUDITZEN AL ZAIZU? HIRUKO GOSE GREBALARIAK

E. Egoera kezkagarria du Hiruk, baina denak daude egoera horretan. Hitz egin beharra dago, sektore denekin. Garraio arloa ere oso garrantzitsua da Euskadin, eta haiekin hitz egingo dugu.

9

G. Esan zenuten UPNrekin ez zenutela akordiorik egingo ta azkenean Madriletik inposatu zuten akordioa. Euskadin mayoria baduzue, PPrekin ituna inposatuko dizuete Madriletik naiz eta ez gustatu zuoi. Gainera, orain hori esatea ez zaizue komeni. Ez al da egia?? Nafarroatik

E. Beti hori esaten digute, Madrilek inposatuko digula ez dakit zer. Guri ez digu ezer inposatuko PSOEk, eta Zapaterok esan du hori. Nafarroako kasua desberdina da. Han PSN hirugarren indarra izan zen eta ez zegoen gobernuan sartzeko moduan eta presidentetza hartzeko. Nafarroako gizarteak ez zion agindu hori eman. Euskadin, aldiz, gizarteak aldaketaren alde apustu egingo du.

8

G. Nazio Batuen Relatoreak (zinez garrantzitsua dena) espainiar estatuaren eta beraz, PSOEren gobernuaren jokabidea arbuiatu du ilegalizazioengatik edo torturengatik. Zer diozu honi buruz? Iker Arbeloa

E. Nik dakidala, ez du salatu Nazio Batuen Erakundeak hori. Bozeramaile batek arreta deitu du halako batean. Seguruenez, ez du hainbeste ezagutzen Espainiako Zuzenbide Estatua, Gobernuak eta ez duelako legez kanpo utzi inor, baizik eta Justiziak. Torturen kasuaz, zera: denen eskubideak bermatzen diren legeak daude eta urratzen badira Justiziaren aurrera eraman beharko dira torturen egileak.

7

G. aupa iņaki.Ni independentista naiz, baian uste dut gaur independentzia aurrera eramatea ezinezkoa dela, nahiz eta demagun herriaren gehiengoak nahi. Ez al duzu uste niri eskubide bat urratzen zaidala? bizkai

E. Independentista den batek badu aukerarik: Aralar, EA eta EAJ. Bai, EAJ; azken bi hilabeteetan EAJ bere plan horiek ezkutatzen dabil, baina... Ezin dena da ETA babesten ari den alderdirik bozkatu. Baldintza bakarrak hauek dira: indarkeria baztertzea eta hitza erabiltzea.

6

G. Patxi hautagai bozkatuena izatekotan, zer deritzozu lehendakariordetza Ibarretxeri eskaintzea, elkarrekin lan egin nahi izateko konpromezu moduan, bigarren babes handiena jaso izango lukeena izango litzatekeela kontsideratuz? Jon

E. Patxi Lopez bada bozkatuena, zaila izango da Ibarretxe lehendakariorde imajinatzea, ezta? Zientzia fikzioa da. Baina Lopezek EAJrekin ere hitz egingo du. EAJren gobernuaren alternatiba da aldaketaren gobernua, gurea. Ondo etorriko zaio EAJri ere oposiziora pasatzea. Garrantzitsuena ez da zeinekin egiten duzun akordioa, baizik eta zertarako. Gizarteak behar dituen neurriak behar ditugu.

5

G. Zeintzuk dira krisi ekonomiko honi aurre egiteko PSE-ren proposamen nagusiak ARDIA

E. Hori da gure gai nagusia. Patxi Lopezek esan du 3.300 milioi euroko plana egingo duela lehenik eta behin. Zertarako? Osasun eta hezkuntza arloetan inbertsioak, enpresa txiki eta ertainak lagundu, teknologia eta berrikuntzan inbertsioak, udalekin lan lokalak egiteko plana... Prest gaude denekin hitz egiteko, baita enpresari eta sindikatuekin ere. Ezinbestekoa da itun sozial eta politikoa lortzea, hori da inbertsio onena.

4

G. PP-rekin bat egiteko prest al zaudete? Esnaola

E. Beti esan dugu: aldaketaren gobernua ez da frentista izango. Horrek, izan ere, zatitu egiten du. Nahikoa zatiketa izan dugu, eta desberdinen arteko batasuna behar dugu. Gu horretara goaz. Patxi Lopezek alderdi denei deituko die, zer egin nahi dugun jakiteko. Guk ez dugu arrazoi osoa, baina zerbitzu izaera dugu, eta besteekin bat egiteko nahia dugu. Irekiak izango gara, baita kudeaketa ardurak banatzean ere.

3

G. Aupa IņaKI. AHTa bai a la ez? Asterix

E. Europara lotuko gaituen proiektua da AHT, eta gu erabat alde gaude. Inbertsio handia eskatuko digu baina merezi du. Alternatiba izango da auto, kamioi eta hegazkinentzat. Espainiako Gobernuak lagunduko du Euskadiko obra dena, eta gu gure aldetik saiatuko gara, enpresarien-eta segurtasuna mantentzeaz gain, epeak betetzen eta, ahal dela, aurreratzen. Dena dela, hor daude beste tren zerbitzuak eta Bilbo-Donostia, esaterako, hobetu beharra dago; Jaurlaritzak ez du askorik egin.

2

G. Kaixo Iņaki. Emaidazu arrazoi sendo bat PSEri botoa emateko. Mikel

E. Lehentasunak aipatu ditut lehen. Guk ez dugu nahi batzuk besteen kontra egoteko herria. Herri hau plurala da eta hori ona da denentzat. Batzen gaituena azpimarratuko dugu. Egoera ekonomiko honetan akordioak behar ditugu.

1

G. Kaixo Iņaki. Horra zuri ere galdera hauxe: zein dira, labur azalduta, PSEren hiru lehentasunak hurrengo legealdirako? Mielmai Urkia

E. Garbi esanda: aurrena, krisi ekonomikoari aurre egitea. Hor jarriko ditugu indar eta baliabide denak. Enplegua mantentzea da helburua. Bestela, ez dago etorkizunik. Bigarrena, herriekiko gertutasuna izatea, herritarrentzat gertuen dauden erakundeak direlako, eta haietan enplegua sortzen delako. Eta hirugarrena, berdintasunaren gobernua nahi dugu, eta bizikidetza sortu nahi dugu. Herri honek akordioak behar ditu.