Azken elkarrizketa

Pat Rice

Pat Rice

Sinn Fein-eko zuzendaritzako kide ohia

2009-03-18 - irakurri elkarrizketa

Giro nahasia dago Irlanda iparraldean azkenaldian, IRAtik bereizitako bi taldek bi militar eta polizia bat hil dituztelako azkenaldian. Pat Rice Sinn Fein alderdi independentistako zuzendaritzako kide ohia -nazioarteko sailaren arduradun izan zen- BERRIA.INFOko irakurleei argibideak ematen saiatu da. Modu pertsonalean aritu da.

 Erantzundako galderak

14

G. Eskerrik asko, Pat, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei. Irakurleek galderak bidali izanak erakusten du Irlandarekiko eta bi herrialdeon arteko harremanekiko interes handia dagoela, eta hala segitzea eta harremanak estutzea espero dut.

13

G. Sinn Feinek 2016. urterako, 1916ko matxinadaren 100. urtemugarako, aurreikusten du, gutxi gorabehera Irlanda batua berriro lortzea, oraingoan libre, britainiarren okupaziorik gabe. Zer estrategia daukazue horretarako? Posible ikusten duzu data horretarako lortzea? jon

E. Zazpi urte soilik geratzen dira eta, urratsak egiten ari garen arren -unionistak gertuago edukitzen-eta-, zaila dirudi 2016rako zehazki lortzea. Baina geroago bada ere, lortuko dugun uste sendoa du Sinn Feinek, baita nik ere. Unionistek 15 bat urte lehenago esaten zuten "suntsitu SF", eta ez zuten elkarlanik nahi. Orain gero eta gehiago ari da SF haiekin elkarlanean, eta mugaz gaindiko batzorde eta erakundeetan elkarrekin ari dira lanean. Muga artifizial hori desegiten ari da, eta uninosita askok modu ezberdinean ikusten dute Irlanda hegoaldearekiko harremana.

12

G. Egun bat beranduago, zorionak zure izenkidearen (Patrick) egunagatik! Bestalde, zure ustez zer ikas dezakegu Irlandako gatazkatik, eta zer ikas dezakezue irlandarrek Euskal Herrikotik? Connolly

E. Irlandan ez dugu Euskal Herrian bezala santuen kontu hori ospatzen, baina nire izenkidearen eguna Irlandaren egun nazionala da (ez Aberri Eguna), eta harro nago. Irlandako gatazkatik zer ikas dezakezuen? Hori euskal herritarrok soilik esan dezakezue. Guk Euskal Herriko gatazkatik zer ikas dezakegun? Esaterako, nolako eginahal izugarria egin den bertako hizkuntzaren alde, euskararen alde; lan miresgarria da. Irlandan oro har, eta iparraldean oztopo gehiagorekin, gaelikoaren alde lan asko egiten dugu, baina herritarren gehiengoak oraindik ez du gaelikoaren garrantzia aintzat hartu, eta ez da gero kaleetan hainbeste zabaltzen eta nabaritzen. Oso garrantzitsua da, gatazka batean, sustraiei eustea, haiek sendotzea eta norberak bere buruarekin konfiantza izatea aurrera indartsu egin ahal izateko.

11

G. Noiztik eta nola egina duzu Euskal Herriarekiko harremana? Zerk bultzatu zintuen hona etortzea, jendeak, herrialdeak, gatazkak...? Maiz etortzen zara? otxalde

E. Ia kasualitatez iritsi nintzen Euskal Herrira. Irakasle gaztea nintzela, hegoak zabaldu nahi nituen, lekuak ezagutu, esperientzia handiagoa izan... Hala, Donostiara irakasle joan nintzen 1968an; duela 40 urte pasatxo dagoeneko! Euskal Herriko historia, mendeetan hizkuntzari, kulturari eta izaerari nola eutsi zaion miresten hasi nintzen, gero eta gehiago ezagutu nuen jendea, herriak... maitatzera iristeraino. Duela 40 urtetik eusten diet adiskidetasun batzuei. Euskara ikasi dut pixka bat, eta niretzako neure hizkuntza bezain garrantzitsu bihurtu da, hein handi batean. Hizkuntzen zalea naiz, eta euskara oso garrantzitsua da Euskal Herriarentzat. Horko lagun batek esaten dit nik bi zati ditudala: bat irlandarra eta bestea euskalduna. Gutxi gorabehera urtean behin joaten naiz horra, are gehiago erretiroa hartu nuenetik, eta astebete edota hilabete batzuk egiten ditut.

10

G. Urtetan Irlanda hegoaldeko komunikabideetatik baztertuta egon da Sinn Fein, eta Londreskoetan Adamsen eta besteen ahotsak bikoiztu egiten zituzten aktoreen bidez. Hala ere, gatazkaren urterik gogorrenetan ere alderdia ez zuten legez kanporatu, eta elkarrizketa politikoen eta Ostiral Santuko Akordiorako prozesuaren zati izan zen. EHn, aldiz, ezker abertzaleko alderdiak baztertzen eta legez kanporatzen dituzte. Zer diozu horretaz? Ibai

E. Gatazkako egoera guzietan, nonahi dela ere (Palestinan, Euskal Herrian, Hegoafrikan, Irlandan...), beti elkarrizketaren ateak irekita egon behar du eta alde denak kontuan hartu behar dira, euren ahotsa ez da isilarazi behar. 1970eko hamarkada erdialdean errepublikanoak eta Londres bera ere konturatu ziren IRA ez zela garaitua izango (nahiz eta 50.000 soldadu britainiar egon, edota gehiago ekarri), baina, era berean, begibistakoa zen IRAk ezingo zituela britainiarrak kanporatu. Hortaz, negoziazioa beharrezkoa zela ohartu ziren bi aldeak. Euskal Herrian ere negoziazio bidea da behar dena, horren bidez soilik konponduko da gatazka. Horretarako beharrezkoa da alderdi guziek parte hartzea, hitz egitea, legez kanporatze eta bazterketarik gabe.

9

G. Iñaki De Juana aske geratu zenetik Ipar Irlandan aurkirtzen da. ez zen bere omenez eginiko ongi etorrian izan, baina hala ere, Espainiako auzitegi nazionaletik bere estradizioa eskatzen ari dira. Aski ezaguna da guztiontzat, azken urteetan bere espetxean mantentzeko erabilitako, asmaturiko trikimailuak. Zuen herrian izandako presoen istorioa kontutan izanik, eskubide urraketak...Nola ikusten duzue bere egoera? eta zer egiteko asmoa duzue bere eskubideen defentsan? Arantzazu Gojenola

E. Estradizioaren kontra gaude erabat, eta jendaurrean esan dugu. Politizatu gabeko jendearen oso zati handi bat ere estradizio horren kontra dago, ez dagoelako De Juanaren kontrako inolako frogarik, eta ustezko delituak, ustez hitz batzuk esan izanak, ez du funtsik. De Juanak, jakina, ez du ustezko txikikeria horregatik berriz ere kartzelatua izan nahi. Ustezko delitu hori Irlandan egina izan balitz, seguraski hemengo jendeak eta Justizia arloko eragileek ez lukete zigortzeko modukotzat joko.

8

G. Kaixo Pat: joan den asteko erasoen egileek ez dutela ezer lortuko azpimarratu dute Irlanda iparraldeko eragile politikoek -Sinn Feinek barne-, bai eta Britainia Handiko Gobernuak ere. Baina egia da eraso horien ondotik baino ez dizkiela eman Britainia Handiko Gobernuak botere judizial eta polizialen eskuduntzak Irlanda iparraldeko gobernuari; eraso horien erantzun gisa, hain zuzen. Beraz, indarkeriarik gabe lor daiteke Britainia Handiko Gobernua 'mugiaraztea'? Hau da, Ostiral Santuko Akordioan, berari dagozkion konpromisoak betetzea Britainia Handiko Gobernuak? Mari

E. Erasoek ez dute erabaki horretan zerikusirik izan, denboran bat-egitea kasualitatea izan da, besterik ez. Aspalditik ari ginen Justizia eta Polizia arloko eskumenak Stormonteko gobernuari igortzeko eskatzen. Ez da egia azken egunetako indarkeriak eraginik izan duenik Londresko gobernuaren erabakietan. IRAren borroka armatua indarrean zegoen garaian, borroka armatu hura izan zen Londres negoziazio mahaira eramateko arrazoietako bat, Downing Streeteko adierazpena egiteko, errepublikanoen kontrako bazterkeria bukatzeko... Hemen diskriminazioa izugarria izan da urteetan (katolikoak baztertuta zeuden hemen, beltzak AEBetan bezala), baina lege horiek ezabatu zituzten gerora. Atzo Belfasten Saint Patrick Eguna nolakoa izan zen ikusi behar zenuten, nola aldatu den egoera, komunitate ezberdineko jendea elkarrekin... Hori pentsaezina zen duela urte batzuk.

7

G. Gaur egungo kontextutik ateraz eta atzera begiratuz ,oin dela 15 urte adibidez jarrita zelan egiten zenioten aurre komunikabide gehienen intoxikazioari? oier

E. Oso zaila zen, eta gaur egun ere hedabideek 'establishment'-arekiko lerrokatzea dute, eta, SFrekiko erasokortasuna gutxitu egin den arren, oraindik hor dago. Garai haietan ahal genuen bezala egin behar izaten genion aurre komunikabideen jarrera erasokorrari. Kasu batzuetan, aukera egon zitekeen, zenbait hedabideri esklusibak edo gure aldetik erraztasunak emanez, itxitura hori gainditzeko. Era berean, 'An Phoblacht' astekari errepublikanoaren bidez informazioa helarazten genien herritarrei, baita atez ate informazioa banatzen eta zabaltzen ere.

6

G. Ipar Irlandan, egoera nahasia dela begibistakoa da. Baina, nire galdera beste bat da, izan ere, bertan Euskal Herritar bat aurkitzen da estradizio prozesu batetan murgildurik.Iñaki De Juana, alegia. Igande honetan, Berriak, berari eginiko elkarrizketa oso interesgarri bat irakurtzeko aukera izan dugu. Iñakik, elkarrizketa honetan oso ondo hitzegiten du irlandar errepublikarretaz.Zein iritzi dute Sinn Feineko errepublikarrek Iñakitaz?bere egoerataz? Maider Salutregi

E. Iñaki de Juanak eskubidea du hemen, Irlandan, bizitzeko, eragozpenik gabe. 2001eko irailaren 11ren eta 2004ko martxoaren 11ko erasoen ondotik Europako Legebiltzarrean premiaz onartutako legediak oso tarte txikia uzten du halako estradizio kasuen aurka egiteko. Iñakik bere kartzela zigorra bete zuen, eta berak ustez esandako 'aurrera bolie' hori ez da delitua, ez da krimena. Are gutxiago Irlandako jurisdikzioan. Errepublikanook gure sostengua adierazten diogu eta espero dugu ez dutela Espainiara estraditatuko.

5

G. IRAk armak uzteko erabakian zer nolako pisua izan zuen, Downing Street-eko adierazpenaz aparte, Gerry Adams eta Martin MacGuiness bezalako buruzagien itzalak? R. Xalba Garez

E. Downing Streeteko akordioa oso funtsezkoa izan zen, esaten zuelako "iparraldeko 6 konderrietan populazioaren gehiengoa hegoaldearekin batzearen alde agertzean Londresek hori ahalbidetuko" duela. Egia da uhartea artifizialki zatitu zutela eta iparraldean gehiengo unionista artifiziala zela, baina IRA ez zen gai bere helburua armen bidez lortzeko (ezta britainiarrak hura garaitzeko ere), eta orain negoziazioen eta bide politikoaren bidez hori lortzeko moduan gaudela uste dut.

4

G. Zer iruditzen zaizu RIRAk soldadu britainiarrak hil ondoren Adamsek herritarrei Poliziari laguntzeko eskatu izana? Jakinda RUC poliziak lehen eta PSNI poliziak orain komunitate nazionalista eta errepublikarra jipoitu eta jipoitzen (eta RUCen eta britainiarren kasuan hiltzen, zauritzen) dituztela, nola erreakzionatu du base errepublikanoak eskaera horren aurrean? Ez al da kamarada ohien kontrako eskaera bat? edurne

E. Erantzun zaila da. Inpresioak izan daitezke, ez erantzun zehatzak. Irlandar nazionalistentzat oso zaila da Poliziari laguntzearen kontu hori, sufrimenduaren historia luzea hor dagoelako, baina PSNI eta RUC ez dira berdinak. RUCen, britainiarren zerbitzu sekretuen eta paramilitar loialisten arteko elkarlan hura bukatu da, eta PSNI polizia erreformatua da. Ez da Irlanda batua lortzeko bidea, jakina, baina polizia zerbitzu bat beharrezkoa da herritarrak babesteko. Hala ere, oraindik Polizia hori eta Poliziaren jardunaren kontrola hobetu beharra daude, eta erabat hemengo instituzioen menpe jarri. Eskaera hori ez da kamarada ohien kontrakoa, nahiz eta talde errepublikano txikietako jendeak hil egin dituen soldadu horiek eta geroago polizia bat, azken honi buruan tiro emanda. RIRAn IRA 'Provisional'-eko kide ohi batzuk daude, baina bide ezberdina hartua dute, eta luzaroan ekinbide gutxi eraman dute. Dena dela, egungo egoeran, eta komunitatearen babesik gabe eta alternatiba politiko eta estrategia argirik gabe, ez dute bide horretan arrakasta handirik lortuko.

3

G. aupa Pat! Irlanda berriz batzeko bidean, zer estrategia dauka Sinn Féinek uhartearen iparraldeko populazio unionistaren bildurrak (Irlanda katoliko batean irentsiak izatea, beren supremazia galtzea...) uxatzeko eta gatazkaren arlo sektarioa gainditzeko? Komunitate guztiak errespetatu eta adiskidetzeko modurik ikusten duzue? igone

E. Sinn Fein uneoro saiatu da unionista eta loialistekin biltzen, hitz egiten. Baina unionisten aldetik ez da eginahal askorik ikusi. Hala ere, beti dago ate hori irekita SFren aldetik. SFko Martin McGuinnessek eta DUPko Peter Robinsonek (Ipar Irlandako Gobernuko lehen ministrorde eta lehen ministro dira, hurrenez hurren) azken asteetako erasoak gaitzetsi zituzten, eta elkarlanean ari dira hainbat arlotan eta instituziotan. Unionisak "Irlanda katolikoan irentsiak" izateko beldur horrek ez du funtsik. Oraingo Irlandako Errepublika ez da 1922ko bera, hura askoz ere katolikoagoa zen, Eliza Katolikoaren eraginpekoa, baina hori aldatu egin da. Orain arazoa da unionistentzat aldaketa bakoitza euren kalterako dela, boterea galtzen, pribiliegioak galtzen ari direlako, baina denon eskubideek igualak izan behar dute. Baina gero eta elkarlan eta zubi gehiago gertatzen ari dira azkenaldian. Bada auzi demografikoa ere: komunitate katolikoko biztanleria gehiago hazten ari da, protestanteena baino gehiago. Baina Irlanda iparraldeari eusteko unionistek beti izan duten arrazoietako bat, duela hamarkada batzuk arte Irlanda hegoaldea ekonomikoki atzeratua zegoela zen, eta unionistek ezin zuten hor negozio handirik egin. Azken hamarkadetan Irlanda hegoaldeak goraldi ekonomikoa izan du, eta horri beste begi batzuekin begiratzen diote iparraldeko enpresaburu eta politikariek.

2

G. Kaixo Pat. Batetik azken urteetan Sinn Feinen Ard Fheis edo Kongresu Gorenean alderdiko militante batzuek mozio bidez, eta bestetik baseko beste errepublikano batzuek kalean eginiko kritiken bidez, kexa eta kezka adierazi dute alderdiak hein handi batean izaera, jokabide eta helburu sozialistak ez ote dituen galdu, instituzionalizatzearekin batera. Zer diozu horretaz? errepublikar sozialista

E. Ez dut uste egia denik, eztabaida hori beti gertatzen da, ez da berria, eta segitu egingo du. Oinarri soziala edota herritarren babes zabala duten alderdietatik sozialistena Sinn Fein da; badira programa sozialista erradikalagoa dutenak, baina ez dute sostengu handirik jendearen aldetik. Sinn Fein Irlanda iparraldean eta hegoaldean hedatuta dago. Eztabaida hori sanoa eta demokratikoa da, eta jendeak kritika horiek egiteko eskubidea du, baina nik uste dut SFren kredentzial sozialistak nahiko sano daudela.

1

G. Kaixo Pat. Cad é mar atá tú?(zer moduz?). Galderatxo bat: nola konbentzitu Irlandar gazteria borroka instituzionalarekin Irlanda batua lortu daitekeenare ideiarekin, ematen diren pausoak hain geldoak izaten ari direla ikusiz? Ez al da Sinn Fein kontraesanean ari disidenteen borroka armatua deslemijitimatzen, urte batzuk arinago PIRAren borroka lejitimatu zuenean? Go raibh maith agat (Eskerrikasko) andoni

E. Uste dut Sinn Feinen (SF) oinarria gehienbat konbentzitua dagoela. Bada dudarik duen jendea, baina aurrerapenak egiten ari dira instituzioetan, funtzionatzen ari dira. Londresek Justizia eta Polizia Batzordeak transferitzeko urratsak egin ditu duela astebete-edo. Irlandar jendeak oro har Irlanda batua nahi du, baina errepublikanoak dira horren alde gehien eta sutsuen egiten dutenak. Duela urte batzuk SFk Irlanda iparraldean botoen heren bat zeukan; askotxo. 1997ko su-etenaren ondoren SF igo egin zen nabarmen, bigarren indarra da orain, eta hegoaldean ere lehen baino indartsuagoa da. Errepublikano gehienok indarkeria gabe aurrera egin dezakegula uste dugu. Egun borroka armatua erabiltzen duten taldeek ez dute babes herrikoia, oso txikia dute, eta bide horretatik oso zaila izango zaie beren helburuak lortzea.