Azken elkarrizketa

Mikel Irastortza

Mikel Irastortza

Nazio Eztabaida Guneko kidea

2009-04-06 - irakurri elkarrizketa

Nazio Eztabaida Guneak aurtengorako ere Aberri Egun bateratua deitu du, eta apirilaren 12an egingo dute ospakizuna, Irunen eta Hendaian.

 Erantzundako galderak

13

G. Eskerrik asko, Mikel, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Milesker Berriako lagunei. Bai elkarrizketa hau egiteko aukera eskaintzeagatik ta baita, egunero egunero, euskaraz informatzeko egiten duzuen lanagatik. Nahi duzuen arte.

12

G. Lehengoan Dokan antolatu zenuten mahai-inguruagatik zorionak eta horrelako ekitaldiak antolatzen animatzeko esan eta gero bertatik etsita atera nintzela esan nahi nizuke. Patxi Lopez aginte makilarekin eta geu oraindik elkarri egurra emanez!!!penagarria. Aberri Eguna zen aitzakia, euskaldun guztion eguna, nik dakidala. azkenean Aberi Eguna bera ere zokora geratu zen elkarren arteko tirabirak medio. Alderdien sigla gabeko pankarta baten atzean milaka eta milaka euskaldunen aldarrikapen eguna, boterea kendu digutenen aurrean indar guztiz azaltzeko premian gaude. Nik behintzat, alboan nor izango dudan begiratu gabe Irundik Hendaiarako bidea egingo dut Nazio Eztabaida Gunetik guztiak biltzeko asmoa zertan geratu da? matxin

E. Igandean Euskal Herri osotik milaka abertzale hurbilduko gara. Ikusmolde ezberdineko milaka herritar. Burujabetzaren aldeko estrategia eta indar metaketa, herritarren metaketatik aldarrikatuko dugu. Hori bada lorpen eta irudikapen garrantzitsu bat, bidea erakusten du. Horrekin bat, eragile asko bertan izanen dira, tartean alderdi abertzale gehienak.

11

G. Iazko Aberri Eguna ere Irungo Ficoba erakustazokatik abiatu zenuten. Aukera ona galdu zen Irunen barrena presentzia nabarmena izateko, eta bai irundarrek bai kanpokoek ere elkarren berri izateko. Aurten berriz ere galdu da aukera hori. Iaz antolatzaile bati horretaz oharra bidali nion. Ez duzue kontuan hartu, ezta? Xaun

E. Mahai gainean proposamen asko izan ditugu. Aberri Eguna non egin, ibilbidea zein izan behar den, nondik irten, non bukatu... Ez da batere erraza izan erabakiak hartzea. Aukera guztiek dituzte euren alde onak eta ez hain onak. Irungo udaletik irtetea aukera ona zen baina ibilbidea luzeegia iruditu zitzaigun.

10

G. Benetan sinisten duzue nazio gisa aurrera egin dezakegula ETA dagoen bitartean? ETAren mehatxupean ez zaudetenok gidatu nahi duzue herri honen bilakaera? Aitor

E. Euskal Herriko gatazka politikoak indarkeriazko espresio asko ditu. Horiek guztiak bukatu daitezen gatazka politikoaren muinetara jotzea ezinbestekotzat jotzen dut. Behingoz, herri honetan konponbide demokratikoa ekarriko duen prozesu bat eraiki behar da. Baina, eragile nagusien artean gaurkoz adostasunik ez egoteak, ezin du gure nazioaren eraikuntza gelditu. Eta hor prest gauden guztiok bat egin dezakegu.

9

G. Zertan da euskal unibertsitatearen proiektua? Aterako al da Patxi Lopez hor dela? Izan ere, Jaurlaritzaren baimena behar du zenbait gauzatarako ez? Tolox

E. Proiektua aurrera doa, bide onean. Osatuko den gobernua ikusirik, nahiko ezkorra naiz aterako denarekin. Garrantzitsua iruditzen zait herri proiektuaren lanketa egitea, babes sozial eta politiko zabala lortzea eta horren baitan, proiektuak behar dituen neurri eta bitartekoak herri gisa lantzea.

8

G. Ezker abertzaleak esan du eragile independentistekin bildu nahi duela eta elkarlana lortu. Duda galanta: ez al da horretarako foroa Nazio Eztabaidagunea? Miel Mari Iturria

E. Ezker abertzalea, beste hamaika eragile bezala, Nazio Eztabaida Gunearen sustapenean eragile garrantzitsua da. Horrez gain, eragile gisa harreman propioak egitea ere logikoa da. Eta hortik aurrera elkarlanerako bideak eta esparruak indartzea eta garatzea guztion esku dago.

7

G. Zein kideek osatzen duzue gaur egun Nazio Eztabaida Gunea, eta egoera politiko zehatz honetan non kokatzen da? Nazio eraikuntza eta independentziaren aldeko indarrak batzeko erreferentzia izango al da? Ainhoa

E. Nazio Eztabaida Gunean zazpi lurraldetako jendeak parte hartzen du. Sektore eta ideologia politiko ezberdineko pertsonez osaturik dagoen esparrua da. Egoera politiko honetan paper garrantzitsua betetzen duela uste dut eta aurrera begira, norabide horretan indarrak biltzeko erreferentzia izan daiteke. Guk bide hori urratuko dugu.

6

G. noizko alderdi independentisten arteko batasun bat, euskal herriko zazpi lurraldeetan? zein da zure iritziz arazo handiena hori lortzeko? aitor

E. Nire ustez, indar independentistei buruz hitz egin behar genuke. Hori esparru oso bat da: alderdiak, sindikatuak, eragile sozialak eta herritarrak. Esparru hori egituratzeko beharra handia da, baina oinarri sendoak jarri behar dira horretarako. Arazoak asko izan daitezke, bakoitzaren aurre baldintzak, esaterako. Aukerez hitz egin behar da eta horien gainean lan egin.

5

G. Bilerarik egin dozue Udalbidegaz Aberri Egun bat deitzeko? Eta EAko zenbait zinegotzi zeatik azaldu dira Aberri Egun bateratuaren aurka (Oiartzungoak adibidez)? Joxe Mari

E. Ez dugu bilerarik egin. Azken urteetan saiatu izan gara, baina inoiz ez dute bat egin proposamen bateratuarekin. Beren ekitaldia antolatu ohi dute, aurten bezala. Bestetik, ez nuen zinegotzi horien iritziaren berri. Halere, nik alde agertu diren zinegotzi askoren jarrera azpimarratuko nuke.

4

G. 'Euskal Herriko aberria Euskadi da', Udalbideren Aberri Eguneko leloa. Zer diozu mezuaz? Mirari

E. Mezua ez dut egokia ikusten. Berriz ere, Euskadi eta Euskal Herria eztabaidara eramaten gaitu. Eta nazio osoa aintzat hartu beharko lukeen erakunde batek halako mezua plazaratzea ez dut ongi ulertzen. Udalbiltza sortu zenean, Euskal Herriaz hitz egiten zen.

3

G. Zein uste duzu dela formularik egingarriena bakea eta askatasuna lortzeko Euskal Herrian? MIkel

E. Gatazkaren gako politikoetan (lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea) ahalik eta adostasun zabalena lortu behar da Euskal Herrian eta horiek askatuko dituen prozesu bat zabaltzeko bideak irekitzen hasi. Ahalik eta indar gehienen arteko adostasun batek mugiaraziko du egungo blokeo egoera. Nire ustez, Euskal Herriko indarren artean egiten dugun lana izango da giltza.

2

G. Aberri Eguna modu bateratuan antolatzeko saiakera ugari egin dituzue azken urteetan. Alderdi ezberdinetatik ordezkaritzak ere bideratzen dira Irun Hendaia martxara. Zergatik antolatzen dituzte arratsaldetan alderdiek ekimen propioak? Iker

E. Hori alderdiei galdetu beharko litzaieke. Gure ustez, Aberri Eguna nazio gisa ospatu behar da, herri gisa pentsatuz eta arituz. Ziur nago datozen urteetan norbere ekitaldietatik ospakizun bakarreranzko urrats berriak emango direla.

1

G. Egun on, Aberri Egun bateratua ospatu da azken urteotan, baina egun horretako argazkiak benetan urte osoko indar-biltzea erakusten al du? Abertzalea

E. Aberri Egunean milaka abertzale bilduko gara Irun eta Hendaia artean. Nahi eta gogo herritar bat irudikatuko da, urte osoan modu ezberdinez islatzen dena. Aldiz, herritarren argazki horrek kontrastea egiten du eragile nagusiekin. Aberri Eguneko argazkia kimu bat izan daiteke aurrera begira.