Azken elkarrizketa

Endika Guarrotxena

Endika Guarrotxena

Athletic-eko jokalari ohia

2009-05-07 - irakurri elkarrizketa

Maiatzaren 13an jokatuko du Athleticek Espainiako Kopako finala, Bartzelonaren aurka. Hain zuzen, duela 25 urte irabazi zuen azkeneko Kopa Athleticek, eta Bartzelona izan zuen aurkari finalean. Endikak sartu zuen partidako gol bakarra, gainera.

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Endika, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. BERRIA.INFO Euskal Herri mailako webgunea denez, zera esan nahi dut: asteazkenean, finaleko egunean, euskal herritar denok Athleticekoak izan behar gara; handik aurrera, bakoitza bere taldekoa, baina orduan Athleticekoa, euskal taldea baita. Ea egun handia izaten den. Mila esker BERRIA.INFOri gaur emandako aukeragatik eta gauza bera irakurleei.

15

G. Zubizarreta, Sarabia, Argote... Zein zen onena? Batzen zarete gaur egun bazkaritarako edo? Jon Arregi

E. Talde lanean oinarritzen zen Athletic eta ez nuke zehazki inor azpimarratuko. Gaur egun ez gara askotan elkartzen. Jokalari beteranoon elkartea dugu eta urtean batzar bat eta bazkaria egiten dugu. Athleticen izena zabaltzen ere saiatzen gara.

14

G. Real zale bat naiz. Pasatzen ai zeate Athletic zaleok, hori zalapartie. Ze uste duzu Endika, Euskal Herriko ekipo bakarra da ala? Kontxako baranda

E. Tonu hori ez zait asko gustatzen. Athletic ez da Euskal Herriko talde bakarra, baina bai dela harrobiaren politika helmugaraino eramaten duena. Ni euskal talde denen zalea naiz. Gure garaian ez zegoen jarraitzaileen arteko gaurko pike hori. Orduan beste euskal taldeen golak-eta ospatu egiten ziren. Orain, berriz... Komunikabide batzuek pozoia sartu dute eta zaleen artean giro kaskarra dago. Giro ona berreskuratzen saiatu behar dugu. Ez dut sekula ahaztuko guk zer egin genuen Realak Liga irabazteko eta haiek zer egin zuten guk Liga irabazteko.

13

G. Gaurko Ion Velez edo Toquero al zinen zu orduan? aa

E. Desberdinak gara. Hala ere, Velezek eta nik badugu antzekotasunik: abiadura, desmarkea... Agian, ni buruz hobea nintzen. Baina lehen esandakoa: ez dago jokalari igualik.

12

G. Ze atarako zenuke Valentzian: aurrelari bat ala bi? Nolako jokalaria da Llorente? Utziko zenioke Bayernera juten=? bermeotik

E. Ez naiz Athleticeko entrenatzailea eta ez naiz sartuko horretan. Bestela, Llorentek denboraldi honetan oso ona dela erakutsi du. Oraindik jokalari legez hazten ari dela uste dut eta aurrerantzean hobea izango dela. Dena dela, grina handiagoarekin jokatu beharko luke batzuetan. Bayernera joango den? Bayernek klausula ordaintzen badu, Athleticek ezingo du ezer egin Llorenteri eusteko. Futbola horrela muntatuta dago.

11

G. Nola jokatu beharko lioke Athleticek Bartsari? dd

E. Bartzelonari jokatzen ez uzten. Atzo Chelseak bezala, oso atzean sartuta? Nik uste dut arriskutsua litzatekeela hori, Athleticek ez duelako Chelseak duen talderik defenditzeko orduan. Athleticek presioa egin beharko luke eta erritmo handia jarri.

10

G. Nolakoa zen Clemente entrenatzaile ta pertsona legez? Mireia

E. Guretzako modukoentzat entrenatzailerik onena izan zen. Oso gaztea zen entrenatzailea izateko, hurbila zen guretzat, motibatzailea... Aginte makila harena zen arren, taldean beste bat zen.

9

G. Talde bikain hartan zenekin egiten zenuen euskaraz? Euskaltzale bat

E. Neuk orduan euskara galdua neukan. Ikastolan ibili nintzen umetan eta gaztetxotan, eta handik irten eta gero galdu egin nuen euskara; ez dakit zergatik. Athletic laga ostean hasi nintzen berriro ikasten eta ordutik euskaraz bizi naiz. Bestela, gure garaian Athleticeko lehen taldean ez zegoen euskaldun askorik: Zubizarreta, Nuņez, Elgezabal, Argote... Gaur egun gehiago dago.

8

G. Zuk sartu zeneban 1984ko finaleko gol bakarra. Ea, gogoratu jugada... Gora Argote!

E. Argotek kornerra atera zuen, Schusterrek lehen zutoinean baloia aldendu egin zuen, baloia Argoterengana joan zen eta eskumaz erdiratu zuen, baloia nigana etorri zen, bularrarekin jaitsi nuen, ezkerragaz errematatu eta gola. 1-0.

7

G. Clementek titular atera zintuen finalean. Ustekabea zuretzat? Zer egiteko esan zizun? Kepa Kortabitarte

E. Clementek beti gordetzen zuen hamaikakoa eta beti ematen zituen ustekabeak jendearentzat. Finalerako bost aurrelari geunden hiru posturako: Dani, Noriega, Sarabia, Argote eta neu. Dani, Argote eta neu izan ginen titularrak. Bakoitza nola zegoen kontuan hartu, kontrarioa zein zen, partida bera... eta orduan erabakitzen zuen Clementek. Ustekabea izan al zen niretzat titular izatea? Guztiz ez. Clementek bi gauza agindu zizkidan: 1. Bartzelonaren joko hasiera moztea; Schuster erdilaria defentsara jaisten zen baloia hartzera eta hark pilota har ez zezala zen nire eginkizuna. 2. Guk baloia hartzean, berriz, gora jotzeko esan zidan Clementek.

6

G. Gaur gabarra atara behar dute. Zer iruditzen zaizu? Ez da irabazten bakarrik atara behar? Nola ikusten da Bilboaldea gabarratik? Joxe Mari

E. Ez nekien gaur gabarra atera behar dutenik. Pentsatzen dut finala girotzeko izango dela. Ondo. Bestela, ordea, uste dut zerbait irabazitakoan baino ez dela atera behar gabarra. Bigarren geratuz gero Kopan, batere ez. Nola ikusten den Bilboaldea gabarratik? Orain desberdin ikusiko da, dudarik gabe. Gure sasoian Labe Garaiak artean bazeuden, beste lantoki zahar batzuk ere bai... Paisaje desberdina zen hura. Labe Garaietako langileak buzoarekin eta ikurrina eta Athleticeko banderekin ikustea eta guk haiei poza ematea hunkigarria izan zen.

5

G. Joan behar dozu Valentzira? Sarrerarik badozu? Ana Ituarte

E. Bai. Athleticeko jokalari beteranook elkartea dugu eta denen artean, asko garen arren, 60 sarrera zozkatu zituzten, eta bat neuri egokitu zitzaidan. Zorte ona izan dut, bai. Asteazkenean bertan joango naiz Valentziara, partidaren egunean.

4

G. Zein da Barcelonako onena? Mikel Martinez

E. Oso zaila da hori esatea. Lerro guztietan ditu oso jokalari onak Bartzelonak eta ez naiz ausartzen bat nabarmentzen, denak gustatzen zaizkit. Baina beno, neu aurrelaria nintzen eta horien artean Messi dut gustukoen: joko onagatik, zintzotasunagatik... Hau azpimarratu nahi dut: Bartzelonaren zintzotasuna; hori da haren balore nagusietakoa. Lehengoan Real Madrilen kontra, adibidez, 2-6 irabazi arren, ez zuten behin ere denborarik galdu, ez zuten antzerkirik egin... Igartzen da hor Guardiolaren eskua.

3

G. Zinez esanda, Athleticek irabazi al dezake finala? Aitor

E. Zinez esanda, Athleticek titulua irabazteko %20-30eko aukerak ditu. Aukera horiek esplotatu egin beharko ditu, eta zorte ona pixka bat izan. Erritmo ona jarri beharko dio partidari, presioa egin... Dena ondo egitea da Bartzelonari irabazteko aukera bakarra.

2

G. Zer sentitu zenuen finalean gola sartutakoan? Laida

E. 25 urte pasatu dira eta zaila da gogoratzea. Dena dela, Athleticek Kopan duela pare bat hilabete Sporting kaleratu zuenetik ikusi izan dut final hartako gola. Bernabeun izan zen finala eta hemendik 60.000 bat zale joan ziren eta niretzat pozik handiena haiei denei poz handia ematea izan zen. Geroztik hamaika aldiz gogoratu izan didate gol hura guztiek ere, ematen du gol hura baino ez nuela egin nire karreran, baina aitortzen dut: oso gol garrantzitsua izan zenez, jendeak nitaz hura du gogoan.

1

G. Zure ikastolako ikasleak gara. Zerengatik aldatuko zenuke hau Valentzian finala jokatzeagatik? Ikasleak

E. Bizitzak bere uneak ditu eta nik jokalari legez eduki nuen neurea. Beraz, ez nuke aldatuko orain Ikastolako lanpostuagatik. Gainera, oso pozik nabil ikastolan. Sopelakoan, hain zuzen.