Azken elkarrizketa

Patxi Agirrezabala

Patxi Agirrezabala

ELA-ko Komunikazio arduraduna

2009-05-19 - irakurri elkarrizketa

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek maiatzaren 21erako (osteguna) Hego Euskal Herrirako greba orokor deialdia egina dute, eta prestaketa lanetan burubelarri dabiltza.

 Erantzundako galderak

13

G. Eskerrik asko, Patxi, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker zuei, emandako aukeragatik. Bukatzeko animatu nahi zaituztet ostegunean, maiatzaren 21ean greba egin eta mobilizazioetan parte hartzeko.

12

G. Deitu al dizue Patxi Lopezek edo Ekonomia sailburuak? Bilduko al zarete Lopezekin? Karmen

E. Ez dugu deirik jaso oraindik. Oso argi zehaztu dugu gure jarrera: errespetuagatik, lehendakariak deitzen badigu, bilduko gara berarekin. Gauza asko esan behar dizkiogu, dudarik gabe, binakako bileran. Bestalde, ez dugu parte hartuko "elkarrizketa soziala" deituriko bileretan, horiek guretzat estaldura hutsak baitira, langileontzat eduki positiborik gabekoak.

11

G. 35 orduko lan astearen alde egin zenuten sindikatuok greba orain dela urte batzuk. Ez zenuten lortu. Itxaropentsu zaude oraingo grebarekin? "Egiturazko aldaketak" eskatu dituzue, "politikak aldatzea"... jokin Arregi

E. Greba harekin, sektore publikoan 35 ordu lortu ziren eta enplegua sortzea. Grebaren eraginez, makina enpresatan ere 35 orduak negoziazio kolektiboaren bitartez adostu ziren. Beraz, lorpen partziala gutxienik izan zen. Oraingo grebarekin langileok behar bezalako erantzuna emango dugu eta bai, itxaropentsu nago. Dagoenekoz, ditugun atxikimendu eta babesekin, baikor egoteko moduan gaude. Herri honetan eskubideak bermatzeko ta okerren daudenekin elkartasuna erakusteko langile mugimendua bizirik dagoela frogatuko dugu, beste behin.

10

G. Zeinek egin zeban lehen proposamena greba egiteko: LABek? behargin ba

E. ELAk aspaldi hasi zuen kanpaina bat lantoki eta kaleetan "aberastasuna banatu" lemapean eta egoera okertuz joan denez grebaren beharra ikusi dugu. Hori LABekin hitzegin dugu eta bat etorri gara erantzun bat ematerakoan.

9

G. Sozialista bat Jaurlaritzako lehendakari: Patxi lopez. Sindikatuontzat eskumako bat (Ibarretxe) egotea baino hobeto ez? Miguel

E. Benetako eztabaida ez da bat edo besteren etiketak. Langileoi kezkatzen gaituzten gaietan (fiskaltasuna, gizarte politikak, lan baldintzak... ) burutu dituzten politikak adostuak izan dira, gobernuan egon edo oposizioan egon. Galdera da ea nor dagoen prest atzera egiteko adosturiko politika atzerakoi horietan eta patronalari aurre egiteko.

8

G. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk deitu dute greba. Gehien arriskatu duena ELA al da? zestuar bat

E. Guk ez dugu greba bat arriskuen mailan arabera neurtzen. Gure ustez, grebarako arrazoi asko daude eta guk konpromisoak hartzeko eta borrokatzeko prest gaude. Erasoei aurre egiteko prestutasuna dugu eta langileak bizi dugun egoeraren aurrean gure erantzukizunari heltzen diogu, lehentasuna horri emanez.

7

G. PNV-k zergatik ez du grebarako deia luzatzen eta apustu suberanista bultzatzen aldi berean, ELA-k egiten duen bezala? talan

E. ELAk bere hausnarketa egiten du eta berea da, independientea. EAJ-PNV-k erantzun beharko lioke egiten duzun galderari eta zergatik ezetz esan dion grebari.

6

G. Elorrietak 1992an edo, antzeko ekimen baten atarian: "prozesu soberanistaren entsaioa da". Oraingo hau? mireia

E. ELAk oso argi adierazi du prozesu soberanista baten aldeko jarrera eta apustua. Dena den lehenagoko garaiak eta oraingoa ez dira berdinak, eta, lehen esan bezalaxe, badira bide horretarako argitu eta garbitu behar diren jarrerak eta lankidetzarako adostasun puntuak.

5

G. Grebaren apustuarekin guztiz bat nator. Halere, maiatzaren 22tik aurrera sindikatuen artean lankidetza estrategiko baterako apustua egingo al du ELAk? LABek otsailean egindako eskaintzaz zein da zuen jarrera? Milesker eta aurrera! Joxean

E. ELAk bere prestutasuna agertu du beti lankidetzarako. Dena den, ezin ukatu bide horri serioski heltzeko beste hainbat gai gure artean zehaztu eta argitu behar ditugula. Ezin ukatu ezberdintasunak ditugula eta horiek konpondu behar dira lehenengoz. Dena den, eztabaida hori bion artean egin behar dugu eta ez hedabideetan.

4

G. Aupa Patxi, galdera pare bat egin baino lehen, borrokan jarraitzeko animoak luzatu nahi dizkizut sindikatu guztira zabaltzeko. Galderak dira: Badakit, estatu mailako hainbat ordezkari sindikalek, UGT eta CCOOekoek, osteguneko greba orokorra babesten dutela. Zergatik euskadiko UGT eta CCOOk ez? Zer gordetzen dute? eta Espaiņian Greba Orokorrera deituko balute, ze jarrera hartuko luke ELA sindikatuak? Mila esker, eutsi goiari eta garaipena gure eskuetan dago. Erasoei Aurre! Polako

E. Eskerrak animoengatik, lehendabizi. Esan beharra dago, abagune honetan greba ez dela sindikatu arteko lehia. eztabaida hori faltsua da eta hortik aldegin behar dugu. Greba honetan, CCOO eta UGT ez dira gure arerioak. Patronala eta Gobernuen erasoei aurre egiteko greba bat da. Hala ere, beraiek azaldu beharko dituzte benetako arrazoiak, bainan ezezkoa esan diote oraingoz grebari, arrazoiak ez daudela argudiatuz. Jakin badakigu estatu mailan eta Euskal Herrian bertan hainbat ordezkariek grebaren beharrarekin bat egin dutela. Ikusi egin behar nola doazen gauzak eta estatu mailan grebaren deialdia egingo balitz, aztertu genuke orduan.

3

G. aupa 21 urteko ikasle bat naiz, explikaidazu gazteok ulertzeko moduan greba honen zergaitia. kiketz

E. Lehen esan bezala, greba honetan gazteon egoera oso present dago. Beste arrazoiren artean gure borroka, greba eguneko borroka ere, lantoki eta sektore ezberdinetan gazteontzako lan baldintza duinak lortzea da (kontrazioan, soldatetan...), prekarietatea borrokatu, malgutasuna ekidin... Gazteak lan merkatura inkorporatzen direnerako egun gaudenak lan handia, borroka handia egin behar dugu lan baldintza horiek bermatzeko. Ez badugu gaur borrokarik egiten zuen etorkizuna lan merkatuan orain baino askoz okerragoa izango da, eta egun nahiko iluna da.

2

G. Bankuei leporatzen diezue krisi honako errua? Orduan... zergaitik jarraitzen duzue elkarkidetzaren bitartez bankutan inbertizen pentsioak osatzeko? Ez legoke ondo beste nonbait langileen dirua inbertitzea bankuetan baino? Mila esker!! Langile

E. Gu pentsio publikoen aldarrikapena egin dugu beti, eta hori beharko luke izan sistemaren oinarria. Sistema osagarriek gardentasuna izan behar dute helburu eta bertako bazkideek erabaki behar dute inbertsioen norabidea, beti ere erreparto sistema kontutan harturik eta ez espekulazio bidea.

1

G. Egunon Patxi. Greba, zertarako? Eman lau bat apunte motzean, bai? miel mari lazkano

E. Lehenengoz, egunon guztioi elkarrizketa digital honetetik. Grebarako arrazoi ugari egonik ere, laburbilduz zera esan daiteke: 1-. Enpresa nahiz sektoretan lanean diharduten langileoi arnasaldia emateko beharrezkoa da greba. Patronalaren xantaia negoziazio kolektiboan bizkarretik astindu beharra dugu langileok. Era berean, enpleguaren suntsiketari aurre egin behar diogu eta langabetuentzat babes sozial eta prestazio haundiagoan exijitu. Eta bukatzeko esan, gobernuei bestelako politika publikoak exijitu behar dizkiegula, orain arte egindakoak oso atzerakoiak baitira, enpresari eta errenta altuenen mesedetan burutuak. Ez da gutxi!