Azken elkarrizketa

Maiorga Ramirez

Maiorga Ramirez

Nafarroako EA-ko lehendakaria

2009-06-18 - irakurri elkarrizketa

EAk asteburuan (hilaren 20an eta 21ean) egingo du kongresua, Gasteizen. Zuzendaritzak jakinarazi du "mugimendu subiranista demokratikoa" bultzatu nahi duela. Horrekin ados ez eta Gipuzkoako EAko zuzendaritzako hainbat lagunek alderdia uztea erabaki dute. Argazkian, Ramirez BERRIAren Iruñeko egoitzan.

 Erantzundako galderak

13

G. Eskerrik asko, Maiorga, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei. Espero dut honen geroztik txat-etetan eta horrelakoetan zaletasun gehiegirik ez sortzea. Ongi izan guztiok!

12

G. Hemen ditugu San Ferminak. Ze peñatakoa zara? Zezenketara joaten al zara? Fermin

E. Ni Tafallakoa naiz eta beraz Tafallako "Aguazón" peñako bazkide naiz. Iruñako Anaitasuna peñarekin anaituak gaude, horregatik nire Sanferminetako peña Anaitasuna. Sanferminetako ekitaldi herrikoi guztietan parte hartzea gustokoa dut.

11

G. Ezker abertzalekoa omen EA. Arlo ekonomikoan ezkerrekoak al zarete? Ziur? Pilare

E. Gure proiektu politikoa sozialdemokrazian onarritua dago, justizia sozialan, aberastasunaren banaketan eta gizarte justiziaren ongizate mailan aurrerapausuak ematearen beharrean. Beraz, ezker moderno eta arduratsu baten eredua defendatzen dugu, boluntarismoan eta marjinalidadean erori gabe. Ezkerrekoak? Bai. Abertzaleak baita ere.

10

G. Etorkizunik ba al du Alkarbidek? Mikel Martinez

E. Ez dut uste abertzaleen esparrua atomizatzea helburu duen inongo erakunderik etorkizunik daukanik Euskal Herrian. Etorkizuna abertzale ezberdinen elkarlanean eta hauen aniztasuna estrategia amankomun batean biltzean datza.

9

G. Jon Anza euskal iheslari politikoak bi hilabete daramatza desagerturik eta ezker abertzalea izan ezik alderdi guztiak zaudete ixilik, erabat mutu. Zergatik ez duzue gutxienekorik egin? Zergatik ez duzue behintzat Jon non dagoen galdera pausatzen? Milesker. Joxean

E. Jon Anzarekin gertatutakoa argitzearen exijentzia luzatzen diet estatu espainol eta frantziarrari, zalantzak baleude hemendik ere. Giza eskubideekiko konpromezua benetakoa bada, bere edozein urraketaren aurkako jarrera tinkoa mantendu behar da beti. Bidezkoa ez dena, eta giza eskubideekiko konpromezu sinesgarria ez dena da kasu batzuetan giza eskubideak aldarrikatzea eta beste urraketen mutu gelditzea.

8

G. Kaixo. EAk beti predikatu izan du Euskal Herriaren eraikuntzaren bidean Estatuei aurre egiteko dagoen "arma" bakarra desobedientzia zibila dela. Ikusita Loyolan gertatu zena eta Ibarretxeren kontsulta proiektuarekin gertatutakoa, ez al da garaia predikatzen duzuen desobedientzia zibila behingoz martxan jartzeko? Adibidez, hauteskunde ez demokratikoetatik sortutako erakundeetan parte ez hartzen edo demokratikoki erabakitakoa errespetatzen hasi zaitezkete. Eskerrikasko Txentxu missing

E. Niri behintzat ez zait arrotza desobedientzia zibila, gartzela zigorra jaso behar izan bainuen espainiako soldaduska egin nahi ez izateagatik. Eta ni bezala, Eusko Alkartasunako kideak eta alkateak epaituak izan ziren desobedientzia zibila praktikatzeagatik. Desobedientzia zibilaren bidea eta indarkeriaren bidea kontrajarriak daude, eta honetan eragile politikoak bat eginik denok prest egon beharko ginateke adostutako bide zibilak elkarrekin jorratzeko. Ezin zaio eskatu alkate bati ikurriña Nafarroako udaletxeko balkoian jartzea eta alkatea aldatzen denean ikurriña jartzearen ondorio penalak jasateko prest ez egotea, Leitzan gertatu den bezala.

7

G. aupa maiorga! zergatik uste duzu aralar horren ezkor dabilela polo soberanistaren kasuan. Uste duzu EAJ-ren ezkerrean poloa formatuko dela? gazte1

E. Ezkor edo baikor ibiltzearen gainetik, eta ezker abertzalearen patrimonializazioaren gainetik, ardura politikoa izan behar dugu eragile guztiok. Eta dauden aukera guztiak aztertu inongo salbuespenik gabe eta inor aurretik baztertu gabe. Garrantzitsuena momentu hauetan eragile bakoitzak eraikuntza nazionalaren ibilbidean zer egiteko prest dagoen jakitea da. Eta horrez geroztik, aukerak neurtu eta gauzatu.

6

G. Nola definituko zenuke subiranismoa? Zein pauso eman behar dira hori lortzeko, zure iritziz? Urki

E. Neretzat askatasun indibidualaren herri batekiko proiekzioa da subiranotasuna. Askatasunarekin eta demokraziarekin batera doan termino bat dela uste dut, eta horregatik, oso garrantzitsua dugu subiranismoa Euskal Herriak etorkizun duina eta baikorra bermatua izan dezan. Lehenengo pausua, lehen esan dudan bezala, adostasun politiko batean oinarrituta egongo den abertzaleen arteko eztabaida beharrezkoa da estrategia bateratu bat diseinatzeko. Eta horretarako aztertu behar dugu zeintzuk izan diren amankomuneko lan hau oztopatu duten faktoreak. Eta nagusienetako bat, dudarik gabe, ETA-ren ekintza armatua daukagu.

5

G. EA polo soberanista horretan sartuz gero, zer eginen luke Nafarroako EAk Nafarroa Bai koalizioarekin? Iker

E. Oraingoz, Nafarroa Bai dugu Nafarroako "polo soberanista" edo abertzaleen eta aurrerakoien arteko indar metaketa historikoa. Proiektu honek lortu du Nafarroako bigarren indarra izatea eta gizartearen gehiengoak daukan aldaketa politikoarako gurak biltzen dituena. Nafarroa Bai bizirik dagoen proiektu politiko bat da, eta irekia egon beharko du egoera berriei aurre egiteko eta ahalik eta indar gehien bildu eskuma espainola instituzioetatik ateratzeko.

4

G. Goazen abertzaleok polo soberanista bateratu baten bila. Horrela ez al dugu errexagoa nafarroa estatua erreklamatzeko?

E. Polo soberanista, indar abertzaleen metaketa, abertzaleon arteko elkarlan estrategikoa... Eusko Alkartasunarentzat esanahi berdina duten espresioak dira. Zalantzarik gabe, hau gauzatzeko baldintza politikoak eman eta sortu behar dira: adostasun batean bukatuko duen abertzaleen arteko eztabaida estrategikoa, indarkeriaren desagerpena eta abertzaleen artean ematen den aniztasuna errespetatuko duen formulen diseinua.

3

G. Zergatik aldarrikatzen du EA-k independentzia PNV-ren postulatuekin bat eginda, benetan estatutu berri batekin konformatzen direla jakinda? barru

E. Nork egiten du bat PNV-ren postulatuekin? Eusko Alkartasunean independentzia aldarrikatzen dugu inongo epeltasunik gabe. Herri honetan beraien aldarrikapenak errealitatean aldatu dituztenak EAJ eta ezker abertzalea deituriko formazioak izan dira. Gogoratu behar dugu nola EAJ bota gintuzten gobernu batetik independentzia aldarrikatzeagatik eta nola, duela bi urte, ezker abertzalea deiturikoek lau herrialdetako autonomiarekin konformatzen ziren. Independentziara pausoz pauso joan behar dugu, baina norabidea argi izanda beti.

2

G. Galdosek dionaren kontra, Ez duzu uste EAk hainbeste urtez EAJren magalean egonda beren esparru politikoa galdu duela? aitor k

E. Eusko Alkartasunak izan du beti zein proiektua aldarrikatzen dugun, eta horretarako alderdikeriak gaindituz lehentasuna eman dio beti herrigintzaren mesedeari alderdiaren onura taktikoaren gainetik. Euskal Herriak orain eta aintzinean, eta etorkizunera begira, beharrezkoak ditu abertzale ezberdinen indar metaketa estrategia amankomun batean oinarrituta. EAJ-rekin izandako elkarlana beti izan du oinarri eraikuntza nazional eta sozialean pausuak ematea. Eta horretan kokatzen da Eusko Alkartasuna Eusko Jaurlaritzan bideratu dituen, adibidez, Estatutu Berri baterako proposamena eta Herri Galdeketaren legea. EAJ hortikan aldenduta, ez dauka zentzurik, EA-ren aburuz, elkarlana mantentzea elkarrekiko koalizio batean. Baina, hala eta guztiz ere, EAJ osatzen duten abertzaleekin amankomunean aritzeko prest egongo da beti Eusko Alkartasuna bere konpromezu nazionalak zehazten baditu.

1

G. Kaixo Maiorga. Zein dira EAren kongresuko bi-hiru helburu nagusiak? Mikel Iturriaga

E. Helburu nagusia Eusko Alkartasunak Euskal Herriaren eraikuntza nazionalan eta sozialan egin behar duen lana indartzea eta zehaztea da. Gure herria bizi duen egoerak beharrezkoa egiten du eragile politiko bakoitzak Euskal Herriari egiten dion eskaintza zehaztea. Horregatik bere biziko garrantzia du asteburu honetan afiliatu guztiok eztabidatzeko daukagun aukera.