Azken elkarrizketa

Eneko Goia

Eneko Goia

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta Azpiegitura diputatua

2009-07-28 - irakurri elkarrizketa

AHTa, Donostiako metroa, Hondarribiko aireportua, Pasaiako kanpo portua, errauskailua, elkarteen gaineko zerga tasa...; bada gairik Gipuzkoan, eta BERRIA.INFOko irakurleen galderak erantzuten ari da Eneko Goia Azpiegitura foru diputatua.

 Erantzundako galderak

22

G. Eskerrik asko, Eneko, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Hurrengo batean ere ea elkar izateko aukera dugun.

21

G. Herritarrok noiz ezagutuko ditugu GI-631 errepidea hobetzeko erabaki dituzuen aukera berriak? Arantzazu

E. Guk oraindik ez dugu ezer erabaki. Parte-hartze prozesua martxan jartzearen arrazoia hain zuzen ere, herritarrek erabaki hori hartzen laguntzea da, eta zer proposatzen diguten ikusi arte ez dugu erabakirik hartuko. Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 bidearen prozesuaren emaitza urtea amaitu baino lehen jakingo da.

20

G. Bi urte hauetan ze harreman eduki dezue Gonzalez de Txabarrigaz? urdanpilleta

E. Pasaiako portuko agintaritzaren buru izan den bitartean, eskuartean genituen proiektuak aurrera eramateko elkarlana burutu dugu.

19

G. Zein nahiago duzu aliatu bezala: Hamaikabat edo EA? ilazki

E. Nahiago nuke aukeratu behar ez izatea.

18

G. Entzuna daukat asko pintatzen duzula Gipuzkoako Aldundian. Zure deituragatik ote da? Egibarren "izurdea" zarela diote... leontxo

E. Abizenak abizen, Gipuzkoako Foru Aldundian benetan pintatzen duena Markel Olano da. Ni ez naiz inoren 'izurdea', EAJ-PNVko alderdikide bat baizik.

17

G. Egunon jauna: Euskal Estatu bat sortzearen aldeko zara? Noiz eta zergatik? miren

E. Bai, herriaren gehiengoak horrela nahi duenean eta errespetatuak izan gaitezen dagoen modurik eraginkorrena delako.

16

G. Bilbon bizi naiz eta Antzuolara joaten behar izaten dut sarritan arrazoi pertsonalengatik. Orain bi autobus ditut egunean, eta ez da gutxi beste hainbat herrirekin konparatuz, baina batzuetan ia bi ordu ematen ditut bidean, AHT egin eta gero, zer-nolako aukerak izango ditut bidaia hori egiteko? Bestalde, Antzuolako bizilagunak Arrasaten dute eskualdeko ospitalea, ba al dakizu ez dagoela bi herriak zuzenean lotzen dituen garraio publiokorik? eli

E. Lehenago esan dudan moduan, AHTa bezalako proiektua distantzia ertain eta luzeak betetzera zuzendua dago. Bestelako distantziak beste garraio publiko sistemak hobetzen bete behar dira. Legealdi honetan ikaragarrizko ahalegina egin da autobus zerbitzuak hobetzen eta lehiakorrago egiten txartel bakarrarekin. Bide horretatik aurrera jarraitu beharra dago.

15

G. Pasaiako badia suntsitu zuten, ta orain Jaizkibel parea ere bai kanpo kaiarekin? Eman bi arrazoi kanpo kaia behar dala esateko? Hortxe duzue-ta Baionakoa pasai donibaneko bat

E. Jaizkibel parean kanpoko kaia egiteko asmoak bi helburu garbi ditu: gaur egungo Pasaiako badia berreskuratzea, eta Gipuzkoarentzat hain garrantzitsua izan den jarduera mantentzea eta garatzea -portuarena, hain zuzen ere-. Bi horiek dira proiektu hau justifikatzen dituzten arrazoi nagusiak.

14

G. Benetan zer pentsatzen duzu Usurbilgo zaborra biltzeko moduaz? Errauskailua bai ala ez? Ainara

E. Ez daukat nahikoa daturik sistemaren egokitasuna epaitzeko. Dena den, uste dut guztiok bat egiten dugula zaborraren gutxitze eta berrerabilpenaren inguruan. Gakoa berreskuratu ezin daitekeen zaborrean dago. Gure ustez, hori tratatzeko modurik egokiena errauskailuaren bitartez izango litzateke. Bestela, legokeen aukera bakarra Gipuzkoan zabortegi berri bat eraikitzea litzateke eta guztiok ezagutzen dugu San Markosko esperientzia.

13

G. pnv-k noiz errespetatu behar ditu ezker abertzaleati tokatzen zaizkion karguak? irakurle bat

E. Nik ez dut uste arazoa EAJk egin behar duena denik. Arazoa Alderdien Legeak sortu dituen ondorioa da. Horren aurrean, gure jarrera beti argia izan da. Ezker abertzaleak ere bere gogoeta egin eta bere erabakiak hartu beharko ditu, herri honetan dagokion ordezkaritza bete dezan.

12

G. Egunon Eneko! 1) Zergatik ez duzue bizikleta gehiago promozionatzen?Garapen sostengarria! Aldalekuak takilak eta dutxak herri guztietan. 2) kantera gehiegi eraiki behar dituzuela ez al duzu uste? Mercedes

E. Gure eskuduntzei dagokienez, Gipuzkoako bidegorri sarea eraikitzen ari gara, Gipuzkoako herriak elkar lotuz. Dena den, onartu beharra dago Gipuzkoa bezalako lurralde malkartsu batean bizikletak mugak dituela, baina bat nator hori bultzatzearen beharrarekin eta horretan ari gara. Bigarren galderari dagokionez, guk ez dugu harrobirik eraikitzen. Beraietatik ateratzen den harria erabiltzen dugu obrak egiteko, besterik ez.

11

G. Euskal Herriaren egituraketarako onuragarriak al dira probintziak? Ez al dio bakoitzak bere txiringitoari begiratzen? (bakoitzak bere aireportua adibidez, eta abar) Ez al dira gastuak biderkatzen horrela? Noiz jokatu behar duzue nazio ikuspegiz? Joxe

E. Lurralde Historikoak gure historiaren ondorio dira. Oso eskuduntza definituak dituzte; udalak, esaterako. Bakoitzak bere jarduera esparrua dauka eta, beraz, ez luke gastuen biderkaketarik ekarri beharko. Niretzako Lurralde Historikoak nazio izaeraren adierazgarrietakoa dira.

10

G. Loiun aireportua dao, Noainen, Biarritzen, Forondan ta Hondarribian. Zertarako hainbeste aireportu? Behar da Hondarribikoa? Ez iruditzen pasada bat hainbeste egotea metro kuadroan? Miren Zelaia

E. Zalantzarik gabe horrek denak ordenazio egokia behar du, eskaintzen dituen aukera guztiak ondo aprobetxatzeko. Hondarribiko aireportuak, bere tamainan, zerbitzu bat eskaintzen du, eta lurralde ikuspegitik aukera hori galtzea ez litzateke ona izango. Baina ikuspegiak zabalagoa izan behar du eta Gipuzkoa, inguruan dituen aireportu guztiez baliatu beharko litzateke, hiritarrek dituzten beharrak asetzeko.

9

G. Metroa egiten bada Donostildean, eta Iruneraino joango balitz, Gipuzkoan beharko al litzateke AHT? Miel Mari lazkano

E. Nik uste erabat azpiegitura ezberdinak direla. Abiadura Handiko Trenak distantzia ertain eta luzeak betetzeko balioko luke; metroak, aldiz, distantzia laburrak betetzeko. Biak behar-beharrezkoak dira garraio publikoaren aldeko apustua egiteko.

8

G. Nire galdera zehatza da, eta erantzuna ere horrela izatea espero dut: Noiz irekiko da Urumeako auovidearen Urnietako zatia? j.l.

E. Irailaren lehenengo astean.

7

G. Duela gutxi Endarlatsako errepidea edo AP-1 autobidea bezalako lan handiak amaitu dira. Gipuzkoako errepideei dagokienez zein obra garrantzitsu egingo dira epe laburrean? Elene Olasagasti

E. Une honetan lanetan ditugun errepide nagusiak Urumeako autobidea eta Donostiako bigarren ingurubidea dira. Horiek amaitzeaz gain, gure erronka Gipuzkoako biribilgunea ixtea litzateke; Urretxutik Bergarara gelditzen den tartean obrak hasita.

6

G. Markel Olanok igandean egunkari honetan bertan aipatu zuen azpiegiturak finantzatzeko era berritu behar dela. Azpiegituren arduradun zaren heinean, zertan datza 'finantzatzeko era berri' hori? Eguzkilore Ortiz

E. Lehenago aipatu dudan bezala, uste dut erabiltzailearen ekarpena sartu beharra daukagula finantzaketa eraberritu horretan. Orain arte gipuzkoar guztien diru sarrerekin eraikitako sarea dugu, erabili ala ez. Uste dut hori aldatu beharra dagoela eta, hori aldatzearekin batera, garraio publikoa indartu beharra dagoela, alternatiba eraginkorra izan dadin.

5

G. Kontutan hartzen duzue ingurugiroa zuen infraestrukturak eraikitzerekoan? Ni Suedian bizi naiz eta hemen ez litzateke inoiz onartuko hor egiten diren natur hondamenak errepideak eta eraikitzen direlarik. Adibidez, N-121 (?) karretera Behobia eta Bera artean moldatu dute eta Bidasoa ibaian kriston hondamenak egin dituzte. Ni oporroten hon egondu naiz eta Bidasoako ureetan disolbatzaile pila bat ikus daitezke ur gainean etab. Pena ematekoa! Animali pila bat hilak ugaldean. Benetan pena emten zuen. OSCAR

E. Jakina baietz. Proiektu guztiek dute ingurumen azterketa berezia. Aipatzen duzun kasuan, gainera, arreta berezia izan dugu. Harritzen nau esaten duzuna irakurtzeak. Besteak beste, Endarlatsan bertan ibaia ukitu gabe zubia eraiki dugu, arrainen bizitza kontuan hartuta.

4

G. Goia jauna: N-1 errepidea erabiltzeagatik, Gipuzkoako zatian, ordaindu egin beharko al dugu? Lorena

E. Erabiltzaileak -eta, beraz, kutsatzaileak- zerbait ordaindu beharko genuke errepideak erabiltzeagatik. Ez da bakarrik N-1ari dagokion gaia, baizik eta, lehenago esan bezala, Gipuzkoako errepide sare nagusi osoari. Une honetan errepide hori gipuzkoar guztien diruarekin baino ez da ordaintzen, erabili ala ez.

3

G. AHT dela eta, EH osoa suntsitu aurretik, inoiz pentsatu al duzue herriaren iritzia ezagutzea? Ibarretxeri ez zitzaion honi buruzko kontsulta bat egitea. Zuk zer deritzozu jende xumeari iritzia eta duhintasuna emateari? inozo batek

E. Gipuzkoako Foru Aldunditik parte hartzea landu nahian gabiltza. Uste dugu etorkizunean politika egiteko modu berria izan behar dela. Horrek kultura berria izatea eskatuko digu guztioi, eta espero dut etorkizunera begira guztiok gai izatea herri honen proiektu nagusien inguruan honelako ekimenak aurrera eramateko.

2

G. Bateko Bidegi, besteko Interbiak. Ba al dago eraginkortasun arrazoiren bat, horrelakoak hain eremu txikian egon daitezen ? Eta bestalde, N-1 doan eta A-8 ordainpekoa izatea, nola azal daiteke? joseba

E. Ez, gure erakunde sistemaren isla da bi elkarte horiek egotea. Baina horrek ez du eraginkortasunean eraginik izan behar. Errealitatea da bien arteko koordinazioa erabatekoa dela. Bigarren galderari dagokionez, hori errepide bakoitzaren historiaren ondorio da. Nire ustez, eredu bererantz joan beharko ginateke gaitasun handiko errepide guztietan.

1

G. Bi urte daramatzazue agintean (ekipo honek behintzat). Ondo? Martin

E. Bai, lanez gainezka. Gipuzkoak dituen erronkak ez dira aurrera eramaten errazak, baina lan polita da horrelakoei ekitea.