Azken elkarrizketa

Xabier Legarreta

Xabier Legarreta

Bermeoko alkatea, Alakrana auziaz

2009-11-04 - irakurri elkarrizketa

Duela hilabete bahitu zuten Indiako Ozeanoan Alakrana Bermeoko atunontzia, eta lehengo astean herri bereko beste bi ontzik bahiketa saioa jaso zuten han. Xabier Legarreta Bermeoko alkatea egoeraz kezkatuta dago, eta Espainiako Gobernuari bahiketa bukatzeko pausoak azkar emateko eskatu dio. Argazkian, alkatea Busturialdeko Hitza-ren egoitzan, gaur, Bermeon.

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Xabier, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuoi, eta zuek nahi duzuenean ere prest nago horrelako esperientzia batean parte hartzeko.

15

G. Xabier, elkarrizketa hontan esan dozu: "Madrilera joan nintzen irailean `Alakrana´ bahitu baino hamar egun arinago egin zen bilkura horretara". Baina Alakrana bahitu zutenetik izan dozu harremanik Espaņiko Gobernuagaz? Joan zara madridera? naiara

E. Madilera ez naiz berriro joan eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin ere ez dut izan harremanik. Izan dudan harreman bakarra Bermeoko elkarretaratzearen ondorengo egunean izan nuen. Sektoreak atunontzi berri baten botadurara gonbidatu ninduen eta han izan nintzen Arrantza sailburuordearekin eta Arrantza zuzendariarekin. Baina ez dut izan kontaktu pertsonalik, ez telefono bidezkorik Espainiako Gobernuarekin eta Jaurlaritzarekin. Ez didate ezertarako deitu.

14

G. Udalean badozue arrantzari dedikatuteko batzordea edo beharginik? Ez badozue, jartzeko asmorik? Gai garrantzitsua dalako Bermion xabi gerrikagoitia

E. Berez ez dago batzorde bat. Normalean arrantza arloko gaiak alkateak daramatza zuzenean. Batzarrak eta harremanak daudenean -Kofradiarekin edo Jaurlaritzarekin, adibidez-, normalean alkatearen bitartez egiten dira. Ez dugu horrelakorik sortzeko asmorik. Zorionez edo zoritxarrez, Udalak ez du eskumenik gai honetan.

13

G. Zeozer badakizue barkueri buruz? Zelan dabiz negoziaziņoak? neu

E. Negoziazioei buruz asko ez dakigu. Jakin badakigu aurrera doazela, eta ez doazela txarto, baina itxaroten ari gara, ea hau guztia lehenbailehen amaitzen den. Ontziari buruz dudan informazioa da bertako 36 arrantzaleak jantokian daudela bizimodua egiten eta lantzean behin familiakoekin harremanetan jartzen direla. Dei laburrak egiten dituzte, gehienez hiru minutukoak. Arrantzaleen asmoa familia animatzea izan ohi da, baina elkarrizketa nahiko laburrak izan ohi dira.

12

G. Bermeoko udalak ipiniko al luke dirurik bahiketa bukatzeko? jokin

E. Bakoitzari dagokio dagokiona. Nik, Bermeoko udal modura, hasieratik ahal izan dudan guztia armadoreen esku utzi dut. Nik ezin dut gauza handirik egin. Ahal izan dudan guztia utzi dut armadoreen eta familien esku. Erreskatea ordaintzea ez dut uste Bermeoko Udalari dagokionik.

11

G. Egon zara Alakranako ontziko familiekin? Zeuk ba duzu arrantzalerik familian? marcial

E. Hasieratik izan naiz harremanetan familiekin, eta mantendu egiten ditut harreman horiek. Herri batean denok ezagutzen dugu elkar eta alkate izanda nire eginbeharra da familiakoekin harremanetan egotea eta euren egoeran jartzea. Behar dutenerako badakite non nagoen eta animoak helarazten dizkiet ia egunero. Ni ere arrantzale baten semea naiz. Anaia ere arrantzalea izan da. Biak izan dira lanean Indiako Ozeanoan eta badakit zer den hilabete luzez kanpoan izatea senitartekoak.

10

G. Egunon Xabier, benetan uste al duzu arrantzaleak Indiar ozeanoko ur horietara bidalita haiek biziak arriskuan jartzeak merezi ote duela? Ez al zarete zuek ere arduragabekeriarekin jokatzen ari, armada espainiarra arrantza ontzietan joateko eskatzen ari zaretenean? alex maraņon

E. Arrantzako jarduera gure herrian jarduera historikoa da. Bermeon beti izan dira arrantzaleak, Bermeoko herria erreferente izan da arrantza munduan, bai baxurako arrantzan zein alturakoan. Arriskua beti egon da. Arrantzaleen lana behar gogorra da. Lau hilabete edo gehiago kanpoan izatea gogorra da eta arriskua beti egon da. Horri norberaren integritatearen arriskua gehituz, are gogorrago egiten du lanbidea. Militarrak sartzeari dagokionez, lehen aipatu ditut arrazoiak.

9

G. Orain dala bi urtetik zara alkate. Hau al da tokatu zaizun kasu gaitzena? mari

E. Agian, kasu gaitzena ez, baina politika munduan kargurik hurbilena da alkatearena. Arrantzaleen familiekin dituzun harremanak nahiko hurbilak dira. Kasurik gaitzena beharbada ez da izan, baina bai gogorrena. Azken batean, herritarrak dira afektatuak eta herriko alkateak familiengandik hurbil egon behar du. Horretan ahaleginak egiten ditugu, eurekin egon, animoak eman... Bermeoko herria historikoki itsasoari begira bizi izan da eta egoera honekiko sentsibilitatea badago herrian, eta hori esparru guztietan igartzen da.

8

G. PNVk Jaurlaritzari (PSE) kontra egiteko aitzakia ona da Alakrana kasua? m.m.

E. Ez dakit ona edo txarra den. Argi daukadana da Eusko Jaurlaritza gai honetan ez dela egon behar lukeen neurrian. Jaurlaritza hemengo interesak defendatzeko egon behar da eta gai honetan uneoro Madrilgo erabakien atzetik egon da, babesa ematen Madrilgo erabakiei. Hori ezin da onartu inondik inora. Beste alde batetik, hemengo bost udalek duela aste biko elkarretaratzea deitu genuenean, Jaurlaritzaren papera nahiko eskasa izan zen. Izan ere, Jaurlaritzak ez du polemikarik sortu behar, baizik eta gobernatu eta hemengo interesak defendatu, eta hemengo arrantzaleen familiari bere babesa agertu.

7

G. Aupa Xabier! EAJk bere burua abertzaletzat duen heinean, ez dut ulertzen militar espainiarrak gure arrantzaleak defendatzeko eskatzea. Hau ez al da kontraesana? Ez duzu uste militar armatuen presentziak egoera larriagotu dezakeela? Eskerrik asko Ane

E. Ez dago dudarik ni neu eta neure alderdia abertzaleak garela, baina nik uste eskubide guztia daukadala militarren presentzia eskatzeko eta gure arrantzaleentzako babesa eskatzeko. Azken batean, militar horiek guk geuk ere kupoaren bitartez ordaintzen ditugu. Ez dut uste kontraesana denik. Militarrak horretarako egon behar dira eta ez Gorbeiako mendira igotzeko. Beste herrialde batzuek militarrak izaten badituzte euren ontzietan eta egiaztatu bada neurri hori eraginkorra dela, zergatik ez guk gure ontzietan? Alderdi abertzale legez ez badugu eskubiderik hori eskatzeko, Espainiako Estatuak kendu diezaigula balio duen zenbateko hori kupotik.

6

G. Espainiako Gobernuko kideren batekin edo haien laguntzaileekin hitz egin al dozu? Madridera joan al zara horretara? Aitor Lejartza

E. Madrilera joan nintzen irailean, Alakrana bahitu baino hamar egun arinago egindako bilkura horretara, sektore guztiarekin. Egia da bilkura horretara itxaropen handiekin joan ginela baina, egia esanda, eztabaida penagarria izan zen. Euskadiko arrantzaleen egoera aztertu zen eta hemengo gaia izanda alderdi sozialistatik Zamorako diputatu batek hartu zuen berba. Hor ikusten da alderdi sozialistaren interesa. Euskadiko arrantzaleen problematikari Zamorako batek heltzea, gutxienez harrigarria bada. Bilkura horretan ezetz bozkatu zuten eta handik nahiko arduratuta atera ginen. Hamar egunen buruan jazo dena gertatu zen.

5

G. ez duzu uste sakonezko eztabaida bat behar dela itsasontzientan armak sartu baino lehen?? iņigo

E. Agian bai, baina honi guztiari askoz lehenago heldu behar zitzaion. Sektoreak aspaldi jarri zuen mahai gainean arazoa eta behin eta berriro aurkeztu zaio Espainiako Gobernuari, eta honek beti begiratu du beste alde batera eta beti egon da neurri horren kontra. Alakrana bahitu baino hamar egun arinago gaia Madrilgo Kongresuan aztertu zuten eta bilkura horretan alderdi sozialistak ezetza eman zuen.

4

G. Zer dakizu Somaliarren bizi baldintzez eta gatazka honekin zer ikusirik duela uste duzu edo ez? Bermeotarra

E. Nik uste dut gauza batek bestearekin ez duela zerikusirik. Zoritxarrez, Somaliak egoera politiko larria bizi du. Ez dago gobernurik, ez dago demokraziarik, ez dago ezer. Baina horrek, nire ustez, ez du zerikusirik gure arrantzaleen egoerarekin. Esan bezala, badaude arau internazionalak eta akordio internazionalak egin eta betetzen direnak. Kontrola dago, azken batean.

3

G. Atun ontziak armatuz, arasoa arindu edo larriagotu egingo dela uste duzu? Bermeotarra

E. Azken batean, armak sartzea eta sektoreak babesa eskatzea logikoa da, nire ustez. Izan ere, beste herrialde batzuek hartuak dituzte neurri horiek. Gaur egun bertan dauden atunontzien artean Espainiako bandera daukatenak dira babes hori ez duten bakarrak. Ur horietan dagoen arazoarekin, Espainiako bandera duten atunontziak dira jo-puntuan daudenak.

2

G. Arrantzaleek gero eta urrunago joan behar dute gertuko kalak hutsik baitaude. Somaliakoa agortzen denean zer? Arrantza masibo honek etorkizunik al du? Iker Sagas

E. Bermeotik Indiako Ozeanora doazenak ez doaz kapritxoz. Gaur egun kaladeroak aurkitzea ez da gauza erraza eta arrantza egitea ur internazionaletan, zorionez, gaur egun araututa dago. Hemen akordio internazional batzuk eta arau internazional batzuk daude eta Indiako Ozeanora badoaz, arau horiek betetzen dituztelako da eta, bestetik arrantza gaur egun inguru horretan dagoelako.

1

G. Zein da Bermion dagon egoera Xabier? kezka nagusi ezta? Amaia

E. Kezka da nagusi, bai. Eta ardura nagusia da herrian. Azken batean, 34 egun daramatzate bahituta eta egunak gero eta luzeagoak dira. Beste alde batetik, frustrazio sentitzen dugu; izan ere, aspalditik sektoretik abisua ematen izan dira horrelakoak gertatuko zirela esanez.