Azken elkarrizketa

Mattin Troitiño

Mattin Troitiño

Etxerat-eko kidea

2009-11-19 - irakurri elkarrizketa

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak IX. Batzar Nazionala egin zuen igandean Tolosan, eta "elkartasun uholdea" sortu behar dela aldarrikatu du. "Sakabanaketa, bizi osorako zigorra, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez askatzea, bakartzea, mehatxuak, kolpeak, irainak, jipoiak, komunikazioen bortxaketa etengabea eta lekualdatze erabat arbitrarioak eguneroko ogia dira euskal preso politikoentzat". Urtarrilaren 2rako nazio manifestazioa deitu du -Bilbon izango da-. Argazkian, Mattin Troitiño gaur, Andoainen, BERRIA.INFOren egoitzan.

 Erantzundako galderak

12

G. Eskerrik asko, Mattin, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker zuei aukera hau emateagatik. Aurrerantzean ikusiko dugu elkar.

11

G. apa! nire galdera sinplea da. zein izan behar da, senideok eta lagunok, izan beharreko jarrera kartzeletan ematen ari diren katxeo eta erasoen aurrean? zein puntutararte jasan behar dugu hori? maria

E. Gertakari hauen aurrean, senide eta lagunok kohesionaturik erantzutea ezinbestekoa iruditzen zait. Gure duintasuna eta integridade fisikoa kolpatu nahi dituzte espetxeetan. Eta hori onartezina da. Gogorrak dira espetxeetan bizitzen ari garen egoerak. Baina urteetan gure senideek kartzeletan egin dituzten borrokaldi askoren fruitu dira orain arte senide eta lagunok duintasunez burutzea bisitak. Urteetan borrokatutakoa ezin dugu egun batetik bestera zapuztu. Tinkotasunez jokatu behar dugu. Zergatik eta zertarako gauden argi izan behar dugu, eta horren arabera erantzun. Gure senideek osatzen duten kolektiboak iritzia eman du horren inguran, eta guztiz errespetagarria eta zilegia iruditzen zait.

10

G. Presoen artean bada zatiketarik gatazkagaz? gernikatik

E. Ez dut uste gure senideen artean zalantzarik dagoenik hemen gatazka bat dagoela eta eurak direla horren ondorio. Espainiako Gobernua etengabe ari da gure senideen iritzi ezberdinak direla-eta intoxikazio kanpainak egiten. Baina badakigu espetxean dauden gure senideek ez dutela zalantzarik gatazkaren zergatiaz eta ondorioez.

9

G. Askotan iruditzen zait oso mezu politikoa ematen dezuela eta ez humanoa. Zer diozu? J.J.

E. Geuk espetxe politika baten berri ematen dugu. Gure bizipenen berri eman eta politika kriminal horren irakurketa egitera ere behartuak gaude. Politika horren helburuak zeintzuk diren argi utzi behar dira. Azkenaldian gertakizun ugari gertatzen ari dira espetxeetan, baita kanpoan ere. Eta, akaso, horrek eramaten gaitu ere gure mezua gogortzera eta egoeraren benetako larritasuna erakustera. Baina argi dugu gure testigantza zuzena ezinbestekoa dela denok partaide sentiarazteko. Testigantza naturalak bultzatu behar ditugu, bai nazional mailan, bai Euskal Herriko txoko guztietan.

8

G. Etxerat debekatu nahi dutela ez da ezer berria, Gobernu Espainolak bere erokeria errepresiboan sarturik, Euskal Herrikoa den guztiarekin bukatu nahi du. Sinadura bilketa abiarazi du Etxeratek honen aurka. zer gehiago egingo da? Oier Azkarraga Grajales

E. Azkenaldian ekimen ugari sustatzen ari gara gure senideen eskubideen defentsan. Konpromiso bilketa handia egiten ari gara, eta gerora etorriko den konpromiso horien sendotzea izango da hori dena. Azaroaren 25 eta 26an Donostian, Miramar jauregian egingo ditugun jardunaldiak horren erakusle izango dira. Ekimen berri eta sendoak ekarriko ditu. Horretan berebiziko garrantzia du urtarrilaren 2rako Bilborako deitu dugun manifestazio nazionalak, denok badugulako zer esanik egoera honen aurrean.

7

G. Uste duzu oraingo Eusko Jaurlaritzak (aurrekoarekin alderatuz) mesprezuz tratatzen dituela preso politikoak? bizkaia euskaldun

E. Urteetan zehar lan etengabea egin dugu bizi dugun errealitatearen berri emateko, eta kasu honetan Jaurlaritzako karguei eskakizun asko egin izan dizkiegu, eurekin bilkurak egiteko eskatuz; ez dugu erantzunik jaso. Ekimen ezberdinetan haiekin hitz trukaketa egin dugunean, gure egoeraren berri badutela esaten digute, baina ez dute ezer egiten egoera aldatzeko, ez dute inongo borondaterik erakusten. Gaur egungo Jaurlaritza, denok dakigun alderdiak kudeatzen du. Azken batean, geure senideak kolektibo eta pertsona bezala suntsitzeko potitika kudeatzen duen alderdia da. 16 senide eta lagun errepideetan hil izanaren erruduna. 21 preso hil izanaren erruduna. Bakoitzaren ekinbideak, dagokin lekuan jartzen duela denok dakigu.

6

G. Aupa! Lehenik eta behin besarkada handi bat preso eta iheslarien senide guztiei. Askotan irudipena dut, lehen dinamika handiagoa zegoela preso politikoen gaia jorratzeko, agian eremu zabalagoetan lantzen zelako. Ezker abertzaleaz gain, ez ditut ikusten beste eragileak kausa honen gainean lanean. Oker ez banago, garai batean baskongadetako parlamentuak ere zerbait onartua izan zuen. Ez al dago erantzunik beste erangileengandik konpromisoak hartzeko? Iñigo

E. Ez dut uste preso eta iheslarien aldeko dinamika gutxitu egin denik. Errealitatearen informazioak hor jarraitzen du, baino kontu horretan berebiziko garrantzia dute kominikabideek. Eta azkenaldian komunikabide askok ez dute errealitate hau zabaltzeko inongo asmorik, azken batean euren helburu politikoak oinarrizko eskubideen gainetik jartzen dituztelako. Bestetik, Gasteizko Legebiltzarrean izan gara behin baino gehiagotan. Zehazki, Giza Eskubideen Batzordean. Garai batean konpromiso gehiago hartu zituzten. Gaur egun egoera politikoak eta interes partidistek eragin handiagoa dutela ikusten ari gara. Baino horrek ezin gaitu geldiarazi. Lanean jarraitu behar dugu. Legebiltzarrean, guk eta gure senideek bizi duten egeraren berri ematen jarraituko dugu. Azkenaldian burutzen ari garen interpelazio aldia eta konpromiso eskakizuna fruituak ematen ari dira. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalak egoera hau aldatzearen alde eta prest daude. Ikusi beharko dugu aurrerantzean zer konpromiso sendo hartzen dituzten.

5

G. Federik baduzue Estrasburgeko epaitegian? Akaso, bertan jaso daitezke bizi osoko kartzelaren eta gaixo larrien bahiketaren aurkako ebazpenak... aitor

E. Nazioarte mailan interpelazio eta harreman ezberdinak egin ditugu senideok. Eta egia esan, guk eta gure senideen errealitatearen berri eman dugunean, oso kezkatuak geratu dira. Badakigu presio handia egin ahal dugula nazioarte mailan bi estatuen aurka. Elkartean askotan hitz egin izan dugu gai horretaz. Egin beharreko eskakizunak egingo ditugu, baino ez dezagun alde batera utzi hemen egin dezakegun presioa. Bakoitza bere esparrutik asko egin dezakela sinistuak gaude.

4

G. ETXERAT elkarteak daukan potentziala izugarria da. Diskurtsoa dauka eta Euskal Herrian eragina. Bere erakundetzea askoz ere sendoagoa izan behar luke, Fundazioa akaso? bozeramaletza askoz ere indartsuagoa? esti

E. Euskal jendartean babes zabala du Etxerat elkarteak. Oinarrizko eskubideak bermatzeko egiten dugu lan. Eta senide eta lagunon zuzeneko testigantza oso garrantzitsua da egoeraren larritasuna transmititu nahi badugu. Etxeraten ekinbide nagusia ere konpromisoen eskakizuna eta artikulazioa da, urteetan burubelarri egin dugun lan garrantzitsua da, eta fruituak ikusten dira. Ekinbide horiek oinarri sendoak sortzen dituzte. Bozeramaietzari dagokionez, elkartea senide eta lagun asko eta asko biltzen ditu. Eta azken urteetan bozeramailetza zabala izan dugu. Denok bait dugu asko esateko eta exijitzeko.

3

G. ba al dakizu Ares hasi den Etxerat legez kanpo uzteko pausoak ematen? Jone Martija

E. Guk dakigunez, Gasteizko Legebiltzarrean emandako ilegalizazio eskaera, bertan esandakoan geratu da. Jaurlaritzako Barne Sailak txosten bat osatu eta Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman asmo du. Eta hori da alde horretatik geuk dakiguna. Bestetik, ez dezagun ahaztu, nahiz eta eskaera hori egon, azken asteetan senide eta lagunon aurka etengabe dabiltzala, aurrez aurreko bisitak direla-eta. Argi izan behar dugu senide eta lagunok erasotzeko modu asko daudela, eta benetan burubelarri dabiltzala horretan.

2

G. Presoak kalera noiz: gatazka konpontzean? aurretik? txori

E. Senide eta lagunok argi dugu gatazka politikoaren konpontzeak gure senide presoen eskubide guztien bermatzea ekarriko duela. Gure senideak preso egotea, konpondu gabeko gatazka politiko baten ondorioa da eta ez beste ezer. Azkenaldian denon artean sortzen ari garen "elkartasun uholdea", horretara doa azken batean. Egoera politikoa dena dela, horren gainetik dauden oinarrizko eskubideen errespetua bermatzea eta konpromiso eraginkorrak egituratzea da kontua. Hortaz, Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren konpontze aldera, gure senideek osatzen duten kolektiboaren estatus politikoa bermatu beharko da; konponbide horretan euren parte-hartzea funtsezkoa da. Lehenik, ekar ditzatela gure senideak Euskal Herrira, eta ondoren eman beharreko pausoak hartuko dira.

1

G. Presoen egoera latza, ez, Mattin? Mikel

E. Denok dakigu zein egora latzak bizi diren espetxeetan. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten senideak espetxeraturik mantentzen dituzte, ezarritako kondena luzeak beteak dituztenek ere gatibu jarraitzen dute. 180 preso politikok baino gehiagok -baldintzapeko askatasunean beharko lukete- hor jarraitzen dute. Eta zer esanik ez gure senideei ezartzen dieten espetxe politika krimilaren baitan ezarritako isolamendu politika, euren inguru sozial eta afektibotik gero eta bakartuagoak mantenduz. Denon esku dago egoera latz horiek amaitzea, eta benetako presio soziala egituratzea, politika hiltzaile hau duten Madril eta Parisko gobernuak baldintzatu ahal izateko.