Azken elkarrizketa

Iņaki Murua

Iņaki Murua

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria

2009-12-10 - irakurri elkarrizketa

Igande honetan -hilaren 13an- jokatuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Barakaldon -BECen-, eta horretaz, txapelketaz eta beste gaiez aritu da Iņaki Murua BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean. Argazkian, Andoaingo erredakzioan, gaur.

 Erantzundako galderak

19

G. Eskerrik asko, Iņaki, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Milesker aukeragatik, eta nahi duzuen arte.

18

G. Noiztik ezagutzen duk Egaņa, Iņaki? Nolako tipoa duk? xabin

E. Tipo fina, langilea, metodikoa ... juergista, golfoa ez baina kristoren iraupena duena parrandan... Eta ilea osorik zeukanetik ezagutzen dut; orain zuk atera urteen kontua.

17

G. Silveiraz komentariorik? Jonan

E. Bai. Asko eman du egin duen saio bakarrean kartzelara arte, baina gero hanka sartu zuen kartzelan eta pena eman zidan. Eskertzen diot gero izan duen jarrera, eta bidean lankide izatea nahiko nuke aurrera ere. Asko eman dezake.

16

G. "Hobe da markak jartzea baino arrastoa uztea kulturan" dio Egaņak Berriak egindako elkarrizketan.4 txapelen marka behintzat ezarri du zarauztarrak, baina arrastoa ere utzi du. Zein da zure ustez Egaņak bertsolaritzan edo kulturan utzi duen, uzten ari den eta etorkizunean utziko duen arrastoa? arrastaka

E. Oso konpartitzekoa izatea; hau da, berea denona dela sinistu eta praktikan jartzea. Gainera, bide irekitzaile aparta da: bertsoa uztartuz jazzarekin, marrazkilariekin, antzerkiarekin... Linguista, ahozkoaren jorratzaile...; arrasto asko eta marra bakarra.

15

G. Xebaxtian, Amuriza, Euzkitze, Sarasua, Peņa... Txapelketa hontan irtenez gero, finalera bai? Iban Goio

E. Ez. Denak ez, behintzat. Ezta beste gehiago ere. Hori gazte eta ilusiodunentzat da.

14

G. Txapelketa Nagusian dirua irabazten du elkarteak edo galdu? Nahi baduzu erantzun kuriosidade hau: BEC zenbat kostatzen da? Jone Martija

E. Begira, ez da ezer ezkutatzeagatik baina ez daukat arrastorik ere! Txapeldunak zenbat diru jasoko duen ere ez dakit, eta uste dut berak aurreko urteetatik dakiela, baina apustu beste finalistek ere ez dakitela. Elkarteak irabazi egingo du, eta lau urte dauzka bere proiektuak burutuz behar bezala erabiltzeko denona den diru hori.

13

G. Zer iruditu zaizkizu txapelketako gaiak? Eta epaileen lana? Badirudi bertsolariak gehiago mimatzen direla, akatsak edo irristadak barkatuz, baina gaijartzaile edo epaileen huts egiteak edo bete-betean ez asmatzeak, gogorrago hartzen dituztela bertsozaleek. ez nuke epaileen larruan egon nahi

E. Ezta nik ere. Horixe da ondo egin ezin eta txapelketan derrigor egin beharreko lan bakarra. Ni pozik nago egiten ari diren lanarekin, baina sailkapenetik kanpo geratu denaren mina ere ulertu behar da eta, agian, izan daiteke epaileen erantzukizuna baina nabarmenkeriarik ez dut somatu. Lan ona egin dutelakoan nago eta finalerako ere hori bera opa diet.

12

G. Maialen Lujanbio oso indartsu ikusi genuen Bergaran eta belodromoko saioan ere argi utzi zuen zer egiteko gai den. Txapelerako hautagai sendoena dela uste al duzu hernaniarra, Egaņa ataka estuenean jarriko duena? Duela lau urte zapore txarrarekin geratu zen eta hirugarren egin zuen. MAIALEN TXAPELDUN!!!

E. Denak ez dakit maila berean baina gehienak daude hor estuasuna emateko gai. Maialenek irabaztea jende askoren ametsa da, baina zaila dauka, baita besteek ere. Ni, saio bikaina izan eta edonork irabazten duela ere poztuko naiz.

11

G. Kaixo Iņaki, Egia al da hemendik lau urtera burutuko den txapelketa nagusian aurtengo txapelduna ez dela zuzenean finalera sailkatuko? anbroxio

E. Ba harrapatu nauzu, ez dakit hori jada erabakita dagoen. Agian, hala izango da baina ezin dizut ziurtatu. Dena den, ongi iruditzen zait, aurtengo txapeldunak berak eta beste partaideek onartzen badute.

10

G. Bertsozaleek ezinhobeto erantzun dute txapelketan. Maialenek aipatu bezala urtetan ondo egindako lanaren ondorio dela uste al duzu? Ala bada beste arrazoiren bat ere? bertsozale

E. Bat hori izan daiteke, eta bestea krisia ekonomikoa dela bakarrik uste dugu baina bada ideiena eta sormenarena eta originaltasunarea...ere. Ni ez nau harritu jendeak horrela erantzuteak. Euskaldunok behar dugu elkartzen gaituen proposamen gehiago.

9

G. Entzun izan dut Egaņak guztia kontrolatuta izaten duela. Hau da, bertsotan ederki egiteaz gain, egin beharreko keinuak, jazkera dena neurtua, pentsatua eta landua izaten duela. Bestalde, psikologikoki ere oso ondo prestatuta egoten omen da hainbeste orduko jardunerako. Txapela jazteko alderdi horiek denak ere landu behar al dira? AZERIA DUGU EGAŅA! maisua

E. Nik ez dut sekula txapel hori jantzi eta ez dakit hori dena beharko den, baina egia da besteek ez bezala kontrolatzen duela egoera Andonik. Zerbaitegatik dauzka lau txapel!

8

G. Kaixo Iņaki! Uste dezu bertsolaritzarako ona dela Egaņari aurten norbaitek txapela kentzea?? edo jakinik zein haundi egiten duen bertsolaritza Andonik, berak irabaztea da onena jarrai dezan?? mikel

E. Elkartea -Hezkuntzan aurrena, eta han gogoa azaltzen dutenak bertso eskoletan- jendea trebatzen ez da ari betikoak ari daitezen plazan. Naturala da aldaketa, eta guk hori bultzatu eta onartu egin behar dugu. Arrakasta hori litzateke.

7

G. Egaņa beti izango da txapelduna, baina bertsozale batzuk gustura ikusiko genuke Egaņa berak dakien mailan bertsotan aritu eta beste zazpietako batek, bertsotan hobeto eginda, txapela jazten. Egaņa oholtzan egon gabe ez al luke hurrengo txapeldunak, meritu ugari izanda ere, aitortza txikiagoa izango? zenbat buru hainbat aburu

E. Arrazoi osoa daukazu. Egaņak ondo kantatu eta irabazi behar dio besteak; bestela, ez luke berdin balioko. Gainera, horrexen bila dabilela uste dut Andoni bera ere.

6

G. Zu goierritarra izanda poztuko zinen Aitor Sarriegi beasaindarra finalera iritsi delako.Behin baino gehiagotan geratu da finalaren atarian eta merezi zuen txartela lortzea.Nola definituko zenuke Sarriegi bertsolari bezala? Zer eskaini liezaioke finalari eta kantukideei? AUPA AITOR!

E. Nik uste kantukideek eskainiko diotela berari aurten. Baina etorkizunean seguru aparteko bertsoak eskainiko dizkigula. Oso sakona eta direktoa baita, eta autokritika serio egin ohi duena.

5

G. Hitz batean edo bi hitzetan definituko zortzi finalistak? Eneko Gartzia

E. Egaņa: txapelduna. Lujanbio: aratza, maratza, oparoa. Arzallus: nahi bezala egiten duena. Colina: punta ateratzailea. Iturriaga: geniala. Mendiluze: perfekzioa osaketan. Maia: irudiaren eta doinuen errege. Sarriegi: etorkizuna, hausnarra.

4

G. Igandean Joxe Agirrek jantziko dio txapela irabazleari. Nola aukeratzen duzue zeinek txapela jarri? Zein irizpide erabiltzen dituzue? nik ere jantzi nahi diot txapela irabazleari

E. Gure irizpidea da pertsona esanguratsua izatea bertsolaritzan, eta horrek izan du pisu nabarmena Joxe hautatzeko.

3

G. Beste urte batzuetan baino aukera gehiago ikusten al dituzu txapela buruz alda dadin? TXAPELA BURUAN

E. Begira, subkonszienteak ere lana egiten du bai guregan, bai txapelduna berarengan eta baita epaileengan ere, baina Egaņa ez da oparitzera joango. Seguru!

2

G. Jende aunitz bilduko da BEC, baina bertze aunitz ere sarrerarik gabe geldittu dira. Datorren txapelketarako irtenbiderik bai?Anoetan akaso? itzi

E. Hilabeteak eduki ditugu sarrerak ohiko lekuetan baina jendea berandu ibili da. Durangorako ere ez zaigu geratu! Berandu nire adinekoak ibili dira, eta normala da haserre egotea, baina zer egingo dugu?

1

G. Kaixo, Iņaki. Motzean: nola doa txapelketa? Etxeberri

E. Ederki. Jendez bikain eta bertsoz ere bai. Sarrerak tope saldu dira leku guztietan, eta BEC lepo beteko dugu. Pozgarria!