Azken elkarrizketa

Xabier Andonegi

Xabier Andonegi

apaiza

2009-12-22 - irakurri elkarrizketa

Gipuzkoako elizbarrutiko 85 parrokok (%77k) Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain izendatu izana gaitzetsi dute, agiri baten bidez. Haietako bat da Xabier Andonegi Lasarte-Oriako parrokoa, eta horretaz eta beste gaiez aritu da BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean. Argazkian, Andoaingo erredakzioan, gaur.

 Erantzundako galderak

15

G. Eskerrik asko, Xabier, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei eta jarrai bidean. Gogoan ditut Egunkariaren arazoan harrapaturik daudenak ere.

14

G. Loiolakue naiz, Azpeitikue. San Inaziyo bigarrengoz Munilla etorriko al zaigu basilikara? Mari

E. Bai. Hori seguru. Zeren oso ofiziala baita eta agintariekin eta jauntxoekin ez da inoiz gaizki ibili. Gainera oso presentzia handikoa da. Hori dena asko gustatzen zaio.

13

G. XXI. mende honetan elizak garaietara moldatu behar lukeela ez al duzu pentsatzen? Ideiak modernizatzeko beharra ez duzu ikusten? Argiņe

E. Bai horixe. Orain zertan aldatu, nondik norako bidea egin, zeri garrantzia eman, hori dena da elizan eztabaidan dagoena eta hortxe daude iritzi eta jokabide ezberdinak.

12

G. Munilla hor dagoenez, hemendik aurrera lagunduko al du euskal eleizak euskal gatakaz konpontzeko saioetan? (gogoratu Uriarteren bitartekaritza 98-99an, Loiola 2006...) rafa

E. Ez dakit lagunduko duen baina bere ikuspuntua beste bat dela bai. Nahiz eta horrek ez duen zeharo kontrako gunean jarriko, hori ezin baitu eliztar inork egin.

11

G. Gerta al daiteke hausturarik euskal elizan? Miel Mari Arrieta

E. Bai. Gerta daiteke. Baina gotzaiaren lehen lana batasuna bideratzea da eta dauden ikuspuntu nahiz aukera ezberdin guztiekin kontatzea, gero denen artean gauzak erabakitzeko.

10

G. Donostiako gotzain berriak ideia kontserbadoreegiak eta espainolistak dituela diote. Donostiako gotzain izanda horrelako ideiak izateak ez al ditu fededunak "izutuko"? Seti

E. Fededun gehienak bai, baina kontuan hartu behar da ideiak ez direla inportanteak, horiek aldatu daitezke eta beti egokitzen joaten gara. Hemen kontutan hartu behar dena da zer egiten dugun eta zer egingo duen. Gure iritziz, elizak ez du inor izutu behar, zeren duen mezua askatzailea da eta guztien ona bilatzen du.

9

G. Uriartek urte asko egin ditu gotzain bezala. Orain Munilla izendatzearekin aldaketa iritsi da, baina aldaketak ez al dira batzuetan onak? Aintzane

E. Bai. Ongi diozu. Batzuetan onak dira baina arazoa zein bidetik doazen da eta zertara zuzenduak diren. Aldaketa besterik gabe, aldatzeagatik bakarrik ez da ona ezta txarra ere, tokatzen den zerbait da. Baina zer nahi dugun eta zertara goazen jakitea da zaila eta hori eztabaidagarria da. Baina ezin dena, gauzak elkarrizketa gabe egitea da.

8

G. Orokorrean eliza indarra galtzen ari da gizartean, geroz eta fededun gutxiago daude, gazteak batez ere. Horiek motibatzeko irtenbiderik ikusten al duzu? Urrutitik

E. Gazteak motibatzeko elizak duen gauzarik onena ezagutu behar dute eta hori Jesusen pertsona eta bere bide askatzailea dira. Gero horren arabera, eliztar askok egiten duten lana da, bereziki gizartegintzan (drogaren munduan, katzeletan, baztertuekin...), eta kultur munduan (aisi aldean, elijio zientziak irakasten, eskoletan...).

7

G. Nola ikusten duzu elizaren egoera gaur egun? Aldaketarenbat beharko litzatekeela iruditzen zaizu? Eņaut

E. Aldaketak beti dira beharrezko, egoerari atxiki behar gara eta egungo errealitatearekin bizi behar da. Horrek elizaren betiko ebanjelioa gaurko jendeari ulertzeko moduan eta gaurko jakintzaren arabera egindako aurkikuntza guztien bidetik eskaini behar da.

6

G. Munilla Donostiako gotzain izendatzea, elizarentzat diotena bezain kaltegarria izango dela uste duzu? Zein aldaketa aurreikusten dituzu? Beņat

E. Kaltegarria izan daiteke baina ez dakit noraino joango den. Guk aurreikusten ditugunak nahiko gogorrak dira, baina mugimendu guzti honekin, berak ere gauzak ez ditu hain erraz ikusiko eta lasaiago ibili beharko da. Orain arte egin duenaren arabera, zer nahi duen eta zertara ekarri duten badakigu, hemengo elizaren izaera eta lana aldatzera, garai bateko eliza tradizionalista baten eredua moldatuz.

5

G. Jaurlaritza berriak eliza ere politizatzeko asmoak dituela uste al duzu? Ni

E. Eliza bere aukera politikoen zerbitzura jarri nahi dute. Guk independentzia mantendu nahi izan dugu beti, nahiz eta elkarlanean izan, baina bakoitza bere bidetik eta horixe da barkatzen ez digutena, libreegiak izatea. Hau da, geure aukera eta jokabideak beste iritzien gainetik jartzea eta askotan, gobernuko estrategiekin ados ez etorri izana. Aldiz, guretzat horixe da daukagun meriturik nagusiena.

4

G. Zein arrazoi dituzu Munilla gotzain izendatu izana gaitzesteko? Mon

E. Berak apaiz bezala izan duen jarduera. Gotzain bezala baita hartu dituen hainbat erabaki. Pertsona bezala elizak esaten dituen gauzei buruz ematen dituen interpretazioak. Bere pertsonalitatean markaturik dituen jarrera gogorregiak. Gure herriko gehiengo nabarmenaren aurkatu duen postura eta gehiago.

3

G. Ez al duzu uste zuek sinatutako gaitzespen horrekin Elizaren batasuna makaldu egiten dela zerbait? Zure/ zuen gustuko gotzain bat ez izan arren, ez al duzue uste berari men eginez eta esaneko izanez Eliza osoa (zuek barne) garaile ateratzen dela? asier

E. Makaldu baino errealitateari lotzen da batasuna, ez gezurrari edo inozokeriari. Errealitatea anitza da elizan ere, nahiz eta oinarriko batasuna beti salbatua dagoen (ebanjelioa eta sakramentuak). Beste guztia gizakiok antolatzen ditugun gauzak dira eta historiari atxikituak daude. Gotzainari gotzain delako beti men egiten zaio, baina horrek ez du esan nahi edozein pertsona egokia denik gotzain izateko edo hemen naiz beste leku bateko gotzain izateko. Horiek denak norbaitek erabakitzen ditu eta interes ezberdin askoren arabera hartzen dira erabaki horiek. Gure ustez, oraingo honetan, erabakia okerrekoa izan da eta hori ezin da isildu, nahiz eta elkarlanean jarraituko dugun etorkizunean ere komunioa hautsi gabe.

2

G. Noiz utziko duzue erakunde erromatar hierarkizatu erraldoi hori? Kristorenganako fedeak baino lotuago zauzkate Erromako (eta Espainiako) aparatoak? NOn dago, benetan eta aitzakiarik gabe, uztarri erdeinagarri horien gakoa? Hain gara idi, otzan eta mantso euskaldunok? Alk

E. Erakundeak beharrezkoak dira, baita elizan ere, nahiz eta gauza askotan ados ez egon erakunde horretako hainbat gauzarekin. Fedea da erakunde denen gainetik dagoena, ebanjelioa eta horren gaurko bizipena eta egokitzea. Gakoa edo arazoa boterean dago. Agintea botere bezala ulertzean edo zerbitzu bezala bizitzean eta botere hori zerorren izaerari loturik dagoen ala kontrakoa den. Euskaldunok geutarrak gara eta baditugu hainbat berezitasun, eta gu hor gaude eta hortik abiatzen gara, fede bizitzan ere.

1

G. Zure ustez ba al dauka eleizak egitekorik euskal gatazka konpontzeko bidean??? kike

E. Bai, badauka eta ari da aspaldian gainera. Ez da politiko edo teknikoa, baizik humanitarioa. Hau da, bideak ireki, elkarrizketan lagundu, bitartekaritza bideratu, alde bakoitzarekin gertu egon... Gure artean ezkutuko lana zein publikoa izan daiteke, egoeraren arabera, kasuan kasuko.