Azken elkarrizketa

Jakes Bortairu

Jakes Bortairu

Batera plataformako kidea

2010-03-24 - irakurri elkarrizketa

Batera plataformak antolatuta Ipar Euskal Herrirako instituzio propio bati buruzko galdeketa egin dute 126 herritan. Hautesleen ia %18k parte hartu dute bozketan eta gehiengo handia ezagupen instituzionalaren alde agertu da.

 Erantzundako galderak

11

G. Eskerrik asko, Jakes, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartu eta argibideak emateagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Milesker zuei ! Beste aldi bat arte

10

G. Autonomiaren eskaera eta Baterarena kontraesanean daude? Nola ikusten duzu auzia? Ander

E. Autonomia kontzeptu politikoa da, Europan eta munduan zehar definizio eta aplikapen desberdinak dituena. Lurralde elkargoa da frantses legedian tokiko instituzioen definizio juridikoa. Beraz bi maila desberdin dira. Korsikako lurralde elkargoak autonomia maila bat baduela ezin uka. Alderantziz autonomia estatutu mota asko ez dira sartzen gaur egungo lurralde elkargoen definizio juridikoan. Hots, kontradikzioak bilatu eta atxeman nahi dituenak berezki maila ideologiko eta jurudikoan, atxemanen ditu. Herri dinamika, mobilizazioa eta indar metaketari lehentasuna eman nahi duenak berriz, arazorik gabe uztarketa naturala atxemanen du. Iparraldeko abertzale gehien gehienen hautua izan da kontsulta horren inguruan.

9

G. Batera ekimena ez al da eredugarria EAE eta Nafarroarako ere ? Jakinez indar metaketa eraginkor eta berritzaileak ez direla Independentzia helburutzat soilik izanez lortuko bainan bai erabakitze eskubidea eta herri kontsulta ariketak molde partehartzailean aktibatuz era ausartean eta bide demokratikoetatik. Gora Batera, eutsi !! Andoni S

E. Galde honi Hegoaldeko jendeak erantzun beharko dio. Iparraldeari dagokionez, erabakitzeko eskubidea aipatzea ongi da bainan nola egiten da jendeak (hots herritar sektore zabalenak eta ez soilik abertzaleak) uler eta barnera dezan ? Nola egiten da Iparraldeko herritarrek erabaki subjektoa osatzen ahal dutelako kontzientzia har dezaten ? Kontsultaren ariketa demokratikoak asko laguntzen du horretarako.

8

G. ┐euskararen egoera aldatzeko denbora geratzen al zaizkigu (lapurdi,nafarroa beherea eta xiberoan)? departamentu berri batean euskara ofiziala izateko posibilitaterik al dago(frantziar estatuaren egoeran jakibda)? jon

E. Noski denbora badugula, nahiz eta egoera larria izan. Eta euskararen egoeran aldaketa baikorrak ere gertatu dira azken hiru hamarkadetan, herri mugimenduei esker nagusiki. Departamendu baten eskuduntzak zein izanen diren erreforma eta gero, nehork ez daki gaur egun. Dena den legea egiteko gaitasunik ez du sekulan izan eta ez du izanen. Frantzian frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.

7

G. Lurralde elkargo batek zer ekarriko lioke Ipar Euskal Herriari? Aski da eskakizun hori? Hendaiatik

E. Lurralde Elkargoak bost dira : herriak, departamemduak, Eskualdeak, elkargo bereziak (korsika bezala) eta itsasoz haraindikoak. Baina gobernuak martxan eman duen erreformarekin aldaketak datoz. Ipar Euskal Herriarentzat lurralde elkargo bat sortzea onartuko balitz, orduan edukinez eta eskunduntzez bete beharko litzateke. Ea fase horretara iristen garen !

6

G. Zorionak egindako bideagatik. Gaurko BERRIAn diozue kontsultak izango duela segida. Horri buruzko zerbait aurrera dezakezu? Aitor Garmendia

E. Heldu den apirilaren 17an Biltzar nagusia izanen dute BATERAko jarraitzaileek eta ondoko erronkak, etapak eta mobilizazioak orduan finkatzen hasiko gara. Dena den interpelazio lan handia izanen da maila eta tendentzia guzietako agintari eta arduradun politikoei begira.

5

G. Irakurri dudanez, hautesleen ia %18k parte hartu du eta %78 elkargoa sortzearen alde da. Beraz, abertzaleen ohizko botoa gaindituko luke emaitza horrek. Ze sektore dira abertzaleez gain Bateraren alde direnak? Maialen

E. Aspaldidanik ezagupen instituzionala eztabaidagai dago familia politiko deberdinetan. Alde guzietan alde et kontrakoak ditugu, eskuin muturrekoak eta komunistak kenduta (horiek kontra dira). Lehenago egin ziren inkesta guzietan bi heren agertzen ziren beti euskal departamenduaren alde, beraz identifikazio politiko zehatzez askoz ere haratago.

4

G. Zuen galdeketaren emaitzek eragina izango dutela uste duzue? BATEN BAT

E. Dudarik gabe eragina izanen dute jendearen kontzientzian eta hautetsi askoren perzepzioan. Ezagupen instituzionalaren gaia lurperatu nahi zuten eta sekulan baino gehiago plazaren erdian egon da eta dago. Horrek ez du errran nahi frantses gobernuak iniziatiba politiko bat hartuko duenik. Seguraski bestelako etapak eta indar metaketak beharko dira Ipar Euskal Herriak behar duen existentzia instituzionala ukan dezan.

3

G. Galdeketaren emaitzak oso eskasak izan direla esan izan da. Egia da hauteskundeen parte hartzea ez dela oso handia izan orokorrean eta hori ziurrenik galdeketan ere eragina izan du baina galdeketak parte hartzeko piztu duen interesa txikia izanik, ze ondorio ateratzen duzue? Ez al dago uste zen bezain errotua planteatzen duzuten aldarrikapena? Jon3

E. Iparraldean nehork ez du pentsatzen emaitzak eskasak direla. Alderantziz, lortu den auzapezen sustenguak (%56), antolatu den herri kopuruak (%78) eta parte hartzeak harridura sortu dute, kontutan hartuz gai oso politikoa eta frango konplexua dela.

2

G. Barka ezjakintasuna, baina Hegoaldetik ari naiz. Zer da zehazki Baterak eskatzen duena? Zeren galdeketan egin duzuen galdera irakurrita ez zait oso argi geratu. Txomintxo

E. BATERA plataforma lau eskakizunen inguruan sortu zen 2002an : euskararen koofizialtasuna, berezko unibertsitatea, Laborantxa Ganbara eta euskal departamendua. Aldarrikapen bakoitxak bere garapen propioa izan du geroztik. 2006tik plataformaren lana Iparraldeko ezagupen instituzionalari buruz zuzendua izan da, herritarrak kontsultatuak izan behar zirela eskatuz. Galde hori erantzun politikorik jaso ez duenez eta bestalde frantses gobernuak Euskal Herria bazter utziko duen tokiko instituzioen erreforma handia abian jarri duenez, BATERAk kontsulta antolatzea deliberatu du. Lurralde Elkargoa da frantses legedian Estatuaz aparte, beste maila guzietako instituzioak izendatzeko termino juridikoa. BATERAk erabiltzen du Iparraldeko ezagupen instituzionala beharrezkoa dela aldarrikatzeko.

1

G. Oro har, nola baloratzen duzu Bateraren galdeketak izan duen erantzuna? Mila esker. Mikel

E. Biziki balorazio ona egiten dugu. Kontsultak balio juridikorik ez duela kontutan harturik, jasan ditugun mehatxu eta oztopoak ezagutuz eta azkenik egun horretan jende asko hautes- bulegoetara hurbildu ez denez, hauteslegoaren %17,9k ( bozkatu dutenen heren bat) parte hartzea lorpen txukuna da.